Sílvia Pérez Cruz

martxoa 12, 2014 @


Silvia+Perez+Cruz+silviaperezcruz

Sílvia Pérez Cruz (Parafrugell, Girona, 1983) abeslari eta musikari katalana. Herri-musikaren eta jazzaren bueltako generoak lantzen ditu eta baten baino gehiagoren azala hunkitzen du bere ahots indartsuak eta abesteko modu apasionatuak. Solfeoa, pianoa, saxofoia eta kantua ikasten hasi zen haurtzaroan eta musika-ikasketak egin zituen Bartzelonako ESMUC eskolan. Hainbat taldetan eta kolaborazio-proiektutan aritutakoa da, eta duela bi urte plazaratu zuen lehen bakarkako diskoa: 11 de Novembre. Goya sari bat ere jaso zuen, “No te puedo encontrar” abestiari esker.

Gaurkoan ekarri dizuegun hau habanera bat da, Pérez Cruzen gurasoek sortutakoa. Musika aitak egindakoa da, Càstor Pérez musikariak, eta letra, berriz, amak idatzi zuen, Glòria Cruzek. Pérez 2010ean zendu zela-eta, omenaldi polita iruditu zaigu Silviak eta Càstorrek batera emandako kontzertu hauxe azpidaztea.

Belarrientzat paradisu txiki bat, dudarik ez.

Gau-jantziz

Habanera baten notak margotzen ditut

habanera urdin bat, antzinako itsaso bat irudi.

Aparraren zuriz, airea bezain gozo,

kaioen grisez, irudien urrekaraz,

gau-jantziz.

Paisaiari begira, hitzak bilatzen ditut,

lerroak osatzeko, ezinegonik gabe

Pinuek besarkatzen naute, isilik nabari ditut

haizeak osorik darama zeruertza.

Ezkata bilakatzerik banu

eta hondartzan ezkutatu,

iraganeko amets eta arratsak sentitzeko,

malenkonia-mundu honetakoak,

amodioa eta sosegua, ilargi, su eta ronaren lurrinaz.

Olaturik garaiena hartzerik banu,

eta oroitzapena palmondoekin apaindu,

itsasarte guztiei kanela bota

eta itsasmaskorrekin sehaska bat egin.

Zaharrak mintzo zaizkit, samur-samur,

emozioz bizitako orduez.

Oraindik ere gazte, indartsu eta ausart.

Sareen printzipe, ekaitzeko heroi,

eguraldi onaren adiskide.

Istorio berriak asmatzen dituzte begiek,

toki eguzkitsu batetik bueltan datozen untziak.

Maitemin-doinuak dakartzate.

Emakumeak eta Aberria, belak eta loreak.

Ezkata bilakatzerik banu

eta hondartzan ezkutatu,

iraganeko amets eta arratsak sentitzeko,

malenkonia-mundu honetakoak,

amodioa eta sosegua, ilargi, su eta ronaren lurrinaz.

Olaturik garaiena hartzerik banu,

eta oroitzapena palmondoekin apaindu

itsasarte guztiei kanela bota

eta itsasmaskorrekin sehaska bat egin.