Odola baino gehiago

apirila 13, 2014 @


jalena_from my point of view

(Margolana: From my point of view, Jalena).

Berriako Hirudia ataleko hogeita laugarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

 

Anaïs Ninen Venusen delta euskarara ekarri nuenean esan nuen: «Hainbeste emakume, hainbeste alu agertzen diren liburu batean, harrigarriena egin zait hilekoa ez dela behin ere agertzen». Hutsune hori oso ikusgarria egin zitzaidan, eta beharbada horregatik nabil ordutik irakurtzean adi, ez berariaz bila, baizik eta odol arrastoari oharkabean usnaka. Ez dira-eta hainbeste hilekoaz mintzo diren testuak, eta erreferentziaren bat agertzen denean aipamena baizik ez da izaten —sarri «gaixo nago»-rekin ordeztu eta berdin-berdin balio du—. Ez dut gaia mitifikatu nahi, ez naiz ilargiaz edo erritualez mintzatuko; alta, uste dut zer pentsatua ematen duela emakumeontzat, biztanleriaren erdiarentzat, behintzat, berrogei urtean hain ikusgarria den zerbaitek lerro artean zer presentzia gutxi duen.

Martxoko Literatura Eskolan Inma Erreak esan zuen pixoihal eta takoi hitzak bilatu zituela Egungo Testu Corpusean (2001-2011 bitartekoak), literatur testuetan, eta askoz gehiago zirela takoi agertzen ziren aldiak, nahiz eta pixoihalak erabiliagoak eta beharrezkoagoak izan. Bi ondorio atera zituen: batetik, literaturan pixoihalak ez direla takoiak bezain emankorrak, eta, bestetik, emakumeen erakargarritasuna takoiei lotzen zaiela. Errearen bideari jarraitu eta hileko nahiz hileroko hitzak bilatuz gero, horiek agertzen diren literatur testuak oso urriak direla ohartuko gara. Gehienetan, minaren edo gogo txarraren iturri da edo amatasunari lotuta agertzen zaigu; hitza sakonkiago eta maizen erabiltzen duen literatur testua, nola ez, Elizen arteko Biblia da.

Ikusezintasun horren arrazoia zein den ez dakit, baina izan dezake Erreak aipatutakotik zerbait; izan daiteke emakume garbiaren kanon horretan lekurik ez duen irudi bat, eta izan daiteke idazteko zukutu ezin daitekeen iturria. Kasu bietan salbuespen bera dugu: hilekoak ernalketa dakar (ez beti), eta ernalketak, emetasuna, eta alderantziz. Gorputza eta generoa. Euskal kulturan eta literaturan saiakeran, Amaia Alvarez Uriak eta Gema Lasarte Leonetek kate hori apurtzen duten olerkien adibideak ematen dituzte. Esaterako, Leire Bilbaoren Odoletan izeneko bi poemek emakume eraikuntzaren eta hilekoaren arteko korrelazio hori desegiten dute: «Odoletan nago baina ez naiz emeago sentitzen. (…) Eta ez dakit zergatik ukatu behar dudan naizena: emakume bat odoletan».

Ikusezina oso azalera ekarri zuen Jamaica Kincaidek, arrazakeria, klasismoa eta sexualitatea bezala hilekoa. Hauteskunde-kanpainan, Barack Obamaren aldeko botoa eskatzeko ekimen herritar batean parte hartu zuen, bere arrazoia emanez. Abortuaren aldarri bat da testu osoa, emakumeen erabakitzeko eskubidearen aldekoa, eta aipu labur batengatik ez balitz, ez genuke bozekin edo Obamarekin inolaz lotuko. Testuan hilekoaz ere mintzo da: «Emakumea naiz. 14 urterekin hasi eta 57 urte izan arte, hilekoa izaten nuen hogeita zortzi egunetik hogeita zortzi egunera gutxi gorabehera; hau da, odola turrustan ateratzen zitzaidan gorputzetik baginan zehar. Gertaera horrek laborria sorrarazi zidan hasieratik, lehenik oso ikaragarria zelako, eta ondoren sentiarazten zidalako gertatu aurretik eta haren odolezko presentzia bete-betean zegoenean ez nintzela ni neu, ez nintzela izan nahi nuen pertsona» (itzul. Alberto Martinez de la Cuadra).

Zikina. Usaintsua. Lotsatzekoa. Gorria, nahiz eta urdin argi saldu nahi. Zauri bat egitean ateratzen den odola ere gorria da, iturburua mingarria da batzuetan, eta guk eskatu gabe isurtzen dugu. Baina ez zaizkio ezaugarri berak lotzen —ez beza inork gaizki ulertu, ez naiz hilekoa zauri batekin alderatzen ari. Beraz, pentsatu behar dugu baginatik datorrelako lotzen zaizkiola ezaugarri negatiboak hilekoari. Bestetasuna eraikitzen duten horiek hilekoa halakotzat, besteen kontutzat hartzean, beren identitateak sendotzen dituzte beste subjektu horren kaltetan, kasu honetan, emakume hilekoduna. Eta inork ez du beretzat nahi. Inork ez baitu beste izan nahi. Ezabatu nahiak, ordea, agerikoago egiten du batzuetan; maindiretako orbanen arrastoak bezala. Izan ere, ez dakite hilekoak ez duela zikintzen, margotzen baizik.