Abangoardiak

apirila 14, 2014 @


liteskola_aranbarri

(Argazkia: Zilar Asteko Beñat)

Zilar Astearen azken egunean egin genuen Literatur Eskolaren apirileko saioa larunbatean Durangoko liburutegian. Iñigo Aranbarri izan genuen hizlari, eta Abangoardia euskal literaturan hizpide. Sarreran, kontzeptuaren definizioari edo lotzen zaizkion ezaugarriei heldu zien azkoitiarrak. Avant-garde frantsesezko termino militarretik dator: guardiaren aurretik doan horri egiten dio erreferentzia, txokeko indarra da. Aski onartua dago tradizioari aurka egin nahi dion mugimendua edo joera dela, tradiziozko horrekin apurtu eta beste joera batzuk ezartzeko, eta instituzioaren aurka egin nahi duela. Abangoardia artistikoak atzeko mamu horrekin bukatu nahi du, baina, kontzeptu militarrean tropa atzetik doan arren, Aranbarrik esan zuen artean atzetik datorrena etsaia dela, pasatakoa; atzetik doakionak irentsi nahi du. Bere buruaren etsai ere bada abangoardia, beraz. Ez du onartzen ez antzokirik ez operarik, baizik eta leku alternatiboak, kafetegiak, gaztetxeak nahi ditu. Definizioak definizio, ezin dira abangoardiaren joerak sistematizatu; salbuespen modura arkitektura jarri zuen, horretan zenbait abangoardistek eskola sortu baitzuten.

Ez da bera Sobietar Batasunaren aurretik eta ondoren izandako abangoardia. Hala nola, Freuden teoriak indarra hartzean, artean ere islatu ziren. Hots, gizarteko aldaketa eta mugimendu sozial eta intelektualek arte plastikoan eta sorkuntzan eragina izan dute. Poesian haustura handia egon zen neurritik kanpo poesia egin zitekeela ikusi zutenean. Errima baino, erritmoa nagusitu zen, verso libre deitutakoa, Baudelairek Les Fleures du mal-en edo Rimbaudek egiten zutena, eta beharbada Mallarmék azaldu zuen hobekien lerro askearen nondik norakoak. Marie Krysinskaren Rythmes pittoresques-ek ere garrantzi handia izan zuen musikaltasunetik kanpo ez zegoen askatasun horretan. «Gehiago zen jazza orkestra baino», Aranbarriren hitzetan.

Lorpen estetikoa ere bazen. Esaterako, Apollinairek kaligramak idatzi zituen, irudi baten arabera antolatzen diren olerkiak, alegia. 1914an ere baziren halakoak. Horretan kubismoak eragin handia izan zuen, formari ematen baitzitzaion indarra. Era berean, garai hartan propaganda sozialak indar handia zuen, eta afixen eta propagandaren eraginez ere zabaldu zen formaren garrantzia.

Abangoardiaren beste ezaugarri bat inkonformismoa da, gaztetasunaren errebeldia bazegoen, gaztetan idatzi eta gero kitto. Gai zaharrak ahaztu nahi izan zituzten, sinbolismoaren garrantzia nabaria zen, baita futurismoarena ere. Izan ere, makinek libreagoak eginen zituztela uste zuten (hori esan eta Tiempos modernos-ekin akordatzea bat). Otomandar inperioan sortutako eta Moskun ehortzitako Nâzım Hikmetek, esaterako, mekanizazioarekin loturiko poesia egin zuen; hala ere, itxuraz, makinak ez dira oso poetikoak. Zenbat ageri dira garaiko euskal literaturan? Aranbarrik esan zuenez, Lauaxetaren “Langille eraildu bati” poeman urrutizkina agertzen zaigu, baina bestela deus gutxi. Bertsolariek, ordea, askeago zerabilten makinaren gaia, ez zuten konplexurik halako elementu berritzaileak sartzeko.

Barne jarioa eta ahots multipleak

Geroz eta ugariagoak ziren horretarako joera zuten idazleak. Eta denbora kronologikoak baino garrantzi handiagoa hartu zuen barne denborak. Elipsiak, puntuazio eza, norbaiten pentsamenduan sartzea, zaila da irakurlearentzat ahots horri jarraitzea, mozkorraldi horretan murgildu beste biderik ez du. Virginia Woolfen ia obra guztian agertzen zaigu barne hizketa hori. Bide beretik jo zuen May Sinclair sufragista eta psikoanalisian adituak; teoriko nagusietakoa ere izan zen. Euskaraz Zergatik panpox dugu horren adierazle handiena. Alderdi intimoan ageri zaigu barne jarioa, eta hasieran, batez ere emakumeen ahotsean. Distantzia markatzen du horrek pertsonaia eta narratzailearen artean. Eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako obran ere ikus dezakegu horrelako hautua. Galdera bota zuen Aranbarrik orduan: emakumeentzat askatasun esparrua lortzeko modu bat izan da bide hori? Eztabaidarako utzi zuen, baina bukaeran ez genion galderari heldu.

«emakumeentzat askatasun esparrua lortzeko modu bat izan zen barne jarioaren bide berritzaile hori?»

Dadak benetako abangoardia ekarri zuen gero. Hugo Ballek Zurichen sortu zuen Cabaret Voltaire, antzoki bateko goiko solairuan. Immigranteak elkartzen ziren bereziki eta antiartea proposatzen zuten shockaren bitartez, esperimentaziorako espazioa zen, errealitatearekin oposizioan. Satirikoa eta ironikoa zen han egiten zutena, eta horrek gero segida izan zuen literaturan. Berlinen eta Parisen ere sortu ziren joera horren adarrak, baita AEBn ere, surrealismoarekin lotuago. Produktu artistikoa baino, buru-aldaketa bat zekarren horrek, dekonstrukzio bat; txatalak ziren, letrak sartzen zituzten koadroetan. «Lehenengo postmodernoak».

Euskal literaturan Ehun metron aurki dezakegu esperimentazio horren kutsua. Testua desfragmentatzen zaigu: gaztelaniazko pasarteak eta egunkariko zatiak, eskolako oroitzapenak, turismo leloak, afixak eta bestelako paisaia bisuala narrazioaren barruan, irratiko ahotsa… Lehen aldia izan zen halakorik egiten zena euskal literaturan. Esan izan da egoera diglosiko bat erakusteko egin zuela Saizarbitoriak hizkuntza hautuen erabilera hori, baina Aranbarriren ustez gehiago izan zen garai hartako zapalketa erakusteko modu bat, garaian erdalduna zen mundu bat euskaraz eman nahi izan baitzuen autoreak. Mundu ofizialarekin loturikoak ageri zaizkigu liburuan erdaraz; frantsesa ere ageri da, baina pasarte goxoagoetan.

Abangoardia eta esperimentalismoa gauza bera da? «Uste dut euskal literaturan badirela testu esperimentalak baina bangoardista ez direnak, Artzeren poesia adibidez. Hala ere, oso bangoardismo gutxi dago gurean, beraz, dauden urriak halakotzat hartu behar ditugu».

Joxean Artzek idatzitako “Txoriak txori” hartu zuen azkoitiarrak adibidetzat. Kausal esplikatiboak daude olerkian eta hori «oso elizkoia» da, Txomin Agirreren testuetan ageri da horretarako tendentzia. Garoa ere azalpenekin hasten da, deskribapen zehatzekin; «Hizkuntza aldetik mundiala da, eta zuhaitzei buruz jakiteko oso ondo dago, baina gaur egun ezin da halakorik onartu, irakurleari utzi behar zaio erabakitzen». Eta gauza bera Mikel Laboak musikatutako olerkiarekin. «Gaur egun ezin da horrela idatzi, ezin zaio irakurleari dena azalduta eman. Are gutxiago zinemak ikuspegi bisual hori eman digunean. Ez zen txoria izango… Utzi txoriari txori izaten». Nola idatz dezakegu gaur egun kutsu apaiztiar moralista hori gabe? Esplikatibo horienak egin zuen, Saizarbitoriak hori txikitu zuen.

Labur geratzeko beldur

Horren beldur zela eta, hamaika testu ekarri zizkigun Aranbarrik, baina lau orduko saioa izan zen labur geratu zena, eta, tamalez, ez genuen prestatutako guztia irakurtzeko denborarik izan. Hainbat testu ikusi genituen, ordea, horietako lehena Tapia Perurenaren “Gailurrarontz” (1926). Parisen idatzia da, eta igual han izan zuen orduko joera berritzaileen berri. Testuko lerro bakoitzean hitz bat edo bi ageri dira soilik, hemen ikusten duzuen bezala. Gaur egun, poesia horren modukoak ez dira abangoardistak, ezta esperimentalak ere. Amaia Lasak ere bazuen forma-itxurakoren bat. Erritmoa badu ere, formak du indar handiena. Geografikoki hurbil dauden beste hizkuntzatan ere ari ziren halakoak egiten; Manuel Antonio galegoak 1928an idatzi zuen Lauretatik lauretara, Koldo Izagirrek eta Aranbarrik berak itzulia. Olerkari horretako “S-O-S” poeman “stock” moduko neologismoak agertzen dira (izenburua ere aski grafikoa da); «autorea marinela zen, eta, beraz, askoz irekiagoa». Izagirrek katalanetik ekarritako Joan Salvat-Papasseiten 1925eko antologian, “Erromantika” olerki guztiz bisuala eta sonoroa dugu. Gu oraindik Lauaxeta moralistarekin geunden, eta, beraz, ezin da abangoardismoaz hitz egin. Lizardiren obran, berriz, pare bat poema jo genitzake, Aranbarriren esanetan, abangoardistatzat: “Parisko txolarrea” eta “Oia”. Lehenengoan kafetegi batean dago narratzailea, ez larrean, eta «astiaren jabe» da gainera. Ikuspegi modernoa egotzi diezaiokegu, txolarreak internazionalismo baldar bat irudikatzen baitu.

Aitzolek asmatutako sariketa Lauaxetak eta Lizardik irabazi zuten, inork ez zituen ulertzen eta Aitzolek hainbeste irrikatzen zuen liburu nazional hori ez zen iristen.

1934an kaleratu zuen Aitzolek “Por la literatura euskaldun”, ia osorik gaztelaniaz argitaratzen zen Euzkadin. Lauaxetak «inork ulertu ez zuen» liburu bat kalean zuen ordurako, eta Lizardi hila zegoen. Aitzol oso erromantikoa zen zentzu batean, alegia, sinetsita zegoen zapaldutako herriek bazutela volkgeist bat, herri gogoa, eta arima hori azaleratzeko idazle bat kontratatu behar zela uste zuen. Garaian hizkuntza elizaren mende zegoen, preso; alde horretatik Unamunok arrazoi zuen zioenean hizkuntza horrekin ez gindoazela inora. Iparraldean, ordea, ari ziren beste eredu bat lantzen. Hegoaldean aranismoa barru-barruraino sartua zegoen, eta noranahiko euskararik ez zegoen. Aitzolek asmatutako sariketa Lauaxetak eta Lizardik irabazi zuten, inork ez zituen ulertzen eta Aitzolek hainbeste irrikatzen zuen liburu nazional hori ez zen iristen; bere onetik kanpo zegoen, beraz. Aktibismo kulturala nahi zuen, eta berak buruan zuen horretarako Lizardiren eta Lauaxetaren hizkerak ez zuen balio. Sumindura horretan idatzi eta kaleratu zuen aipatu gaztelaniazko testua. Hala ere, gauza askotan Aitzol ez zen hain aurrerakoia: bi L-ek ahalegin handia egin zuten, euskaraz idazten zuten nahiz eta kostatu, eta Aitzolek, berriz, gaztelaniaz egiten zuen, bere mezua gehiago zabal zedin. Horretan ere asmo ezberdina zutela antzeman daiteke. Ondoren etorri ziren Aresti eta Mirande. Aresti ez zen abangoardista, diskurtso zuzena zerabilen, tolesdura gutxikoa.

Abangoardia dela esateko zeri erreparatu behar zaio gehiago, formari ala edukiari? Txillardegik kezka eta existentzialismoa ekarri zituen Euskal Herrira, eta esan daiteke hori ere abangoardista izan zela, erdibideko zerbait, apika. Estetikoki abangoardista izan ez arren, esperientziatik idatzi zuen, forman hainbeste geratu gabe. Nouveau roman-en eragina izan zuen, giro-nobeletatik pertsonaia-nobeletara pasatu zen. Hori abangoardista izan daiteke, alegia, pertsonaien barruan sartzea, 3. pertsonatik 1.ra igarotzea. Ingeniaria, filologoa eta musikazalea zen Txillardegi, kezka modernoagoak zituen, beraz. Aranbarrik gogorarazi zigun Jakin aldizkarian Txillardegik eta Bastarrikak eztabaida mamitsua izan zutela Leturiaren egunkari ezkutuaren harira. Liburuaz haragoko gaiak jorratzen dituzte eztabaidan, euskalduntasuna eta subjektu-objektu izaerak kasu. Bestetik, Peru Leartzakon ez dugu espaziorik, ez dakigu non gertatzen den, kezka unibertsalak lantzen ditu.

Saizarbitoriarena beste era bateko kezka izan zen, introspekziotik oso hurbilekoa; irakurleari askatasuna eman zion pertsonaiak nolakoak diren erabakitzeko. Harekin etorri zen abangoardia formala. Egunero hasten delakori egotzi izan zaio maiz lehen euskal nobela modernoaren etiketa. Halakotzat jo zuen Ibon Sarasolak. Aranbarriren ustez alferrikako galdera da lehena zein izan zen, «testu bakoitzak bere alea jarri zuen». Lehen aipatzen genuen barne ahots hori nabari da ere Saizarbitoriaren eleberri horretan, berritsuaren jardunean. Euskal literaturaren historian, Sarasolak dio: «Saizarbitoriaren nobela ez da obra hertsi bat, irakurlearen partizipazio aktiboa behar duen obra ireki bat baizik». Aranbarriren ustez, interesgarria litzateke (hona deia!) filologo batek ikerketa sintaktiko bat egitea eta elementu sintaktikoen erabilera ideologiarekin lotzea, euskal narratibak historikoki zer esaldi mota eta zer elementu erabili izan dituen jakiteko. Esaterako, «kazetariak dioenean “asko eskatzen dio X idazlek irakurleari”, zer da hori? Irakurlea ezin da tontotzat hartu. Ez dakit gaur egun ez ote gauden atzerako prozesu batean, orain oso erraz eta lineal ez ote diguten ematen guztia. Badu zentzurik kultura bisualera ohitu eta horretaz jabetu garenean mendeko perpausez osatutako prosak?».

«Txillardegi abangoardista izan daiteke sartreren existentzialismoa eta kezka ekarri zituelako Euskal Herrira, nahiz eta estetikoki abangoardista izan ez».

Ibon Sarasolak 1969an kaleratutako zenbait poema ere irakurri genituen, baina ez ditugu hemen azalduko, luzeegi joko genukeelako. Nahi dituenak, hemen ditu. Poemagintza izeneko liburuxka horri Joxe Azurmendik egin zion hitzaurrea. Aranbarrik esan zuenez, molde berriei buruzko teorizazio handia egiten zen, hitzaurreen bidez besteak beste. Azurmendik zioen, esaterako, Rimbauden antzera Sarasolak konparazio gutxi darabilela testuan; hain zuzen, Aranbarriren ustez, konparazioena ez da ez abangoardista ez modernoa, zaharkitua dago.

Aldizkariak abangoardisten euskarri

Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek egin zuten Ustela aldizkariaren lehen alearen aurkezpen testua, 1975ean. Literaturak ez duela mundua aldatzen aitortzen zuten hasiera-hasieran, eta parodia uzteko (sariketak) eta lanean hasteko deia egiten zieten idazleei. Halaber, Saizarbitoriak eta Izagirrek abiatu zuten Oh! Euzkadi hilabetekaria, 1979an. Oso abangoardista zen, zirikatzailea; garaian espazioa erabat betetzen zen lelo politikoekin edo propagandarekin, eta aldizkari horretan zuriune nabarmenak hutsik uzten zituzten. Plastikoki oso apurtzaileak izateaz gainera, hizkuntzaren erabilerarekin ere halakoak ziren. Barre egiten zioten hizkuntza arautuari, politikari eta beste konbentzioei, nahiz eta literaturan soilik, aldizkaritik kanpo beste jarrera bat baitzuten. Aranbarriren ustez, «zirikatze hori galdu egin da, freskotasuna galdu da, gaur egun oso puristak bihurtu gara».

Koldo Izagirreren “Zergatik bai” testua (1977) eta Jose Ignacio Garmendiaren “Hitzakia” ere gainetik aztertu genituen gero, baita Koro Navarrok azken horri buruz idatzitako testu ederra ere. Ustelaren ondotik, Pott banda iritsi zen ildo zirikatzaile beretik. Gaur egun nekez argitaratuko litzatekeen zerbaiti erreparatu genion ondoren, Patri Urkizuren “Zomorro eta Kazkazuri” (1969) esperimentalari, alegia; darabilen hizkuntza bortxatua da, ahozkoa, ausarta, boteprontokoa. Eztabaidari ekin aurreko azken testua Atxagaren Etiopia izan zen, eta galdera bat: «gure artean hain ezaguna izango ziren testu horiek Ruperrek kantatu izan ez balitu?». Izan ere, askotan, garaian baino gerora estimatzen ditugu gauzak. Etiopiaren lehen edizioak kartoizko azalak zituen, eta erdian Susperregiren argazki batzuk; garaian liburu berexitzat hartu zuten. Aranbarrik Artzeren bi liburu esperimental ekarri zituen dagoeneko egiten ez diren gozoki modura, biak autoedizioak: batetik, Bide bazterrean hi eta ni kantari (1979), eta, bestetik, Isturitzetik Tolosan barru (1969). Biak dira oso bisualak, eta biek eskatzen dute irakurlearen parte hartze handia.

Aldizkariak ziren halakoak kaleratzen zituztenak, eta, beraz, autoedizioaren bidetik ez bada, orain aukera gutxiago dago halako esperimentuak kaleratzeko (ez dugu ahantzi behar ITUko lagunak hor daudela!). Aranbarriren esanetan, lehen ezin zuen idazle batek 19 edizio izan, are gutxiago hori liburua estaltzeko banda batean idatzi, lotsagarria zen hori, idazle kaxkarraren adierazle zen. Lehen ez omen zitzaien salmentei begiratzen, eta horregatik ziren idazleak askeago. «Ez gara bangoardistak, jan egin gaitu atzetik geneukan horrek, edo agian kontserbadore bihurtu gara. Uste dut azkenaldian oso gauza ederrak egiten ari direla euskal literaturan, baina lehen ausartagoak eta askeagoak ziren. Bangoardiak irentsi egin ditu monolitoak». Irakurle fin batek aipatu zuen Joseba Peñaren Hodeien adoreako autistaren erregistroa eta Harkaitz Canoren Twisten kontatzen den Platonoven antzezlana abangoardistatzat joko lituzkeela. Aranbarrik ados zegoela esan zuen, eta Canok hori egitean tortura antzerki bat dela adierazteak duen indarra azpimarratu zuen.

«Ez gara bangoardistak, jan egin gaitu atzetik geneukan horrek, edo agian kontserbadore bihurtu gara. Uste dut azkenaldian oso gauza ederrak egiten ari direla euskal literaturan, baina lehen ausartagoak eta askeagoak ziren».

Azkoitiarrak aipatu zuen orain badela dioenik erdaldunak gurera ekartzeko literatura erraza egin behar dela; «ni ez nago horretarako prest, egin dezala beste batek». Generoaren gaia ere aipatu zuen norbaitek, hortik bide berri bat zabaltzen ari delakoan. Aranbarrik esan zuen behartuak gaudela hizkuntza bortxatzera eta esperimentaziotik jotzera, baina ez dugula geure burua arriskatu nahi. «Gure klabeak desordenan oinarriturik daude, eta fikzioan hori egin nahi dugu, beste errealitate bat eraiki».

Azkenik, eztabaida sortu zen abangoardistak alde batera utz dezakeen forma, eta pentsamenduan jarri berritasunerako ardatza, forma horren mendera utziz. Definizio klasikoaren arabera, abangoardismoak formaren aldatzea dakarrela gogorarazi zuten, baina baten batek adierazi zuen hori ez zitzaiola gaur-gaurkoz nahikoa euskal letretan, eta pentsamenduaren abangoardia behar zela.

Horrela bukatu zen saioa, eta entzuleok penaz, gehiago ikasteko gogoz. Larunbatean bukatu zen Zilar Astea, gaztetxean egin zuten erakusketa eta tailer batekin. Literatura Eskolako hurrengo (eta ikasturteko azken!) saioa Gasteizen izanen dela ez ahantzi, irakurle: Gerardo Markuletak euskarari ekarritako poesia izanen du hizpide maiatzaren 10ean, El Pilar gizarte-etxean. Han ikusiko dugu elkar.