Saltsero bat pelotoian

apirila 16, 2014 @


zabaleta

(Argazkia: Noticias de Gipuzkoa)

Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailak antolatuta, Josu Zabaleta izan genuen atzo Gasteizko Letren fakultatean. Bere ibilbideari buruz, eta, ondorioz, itzulpengintzaren ibilbideari buruz mintzatu zitzaigun itzultzaile eta idazle gipuzkoarra, “Euskarazko literatura itzulpena: lehena, oraina, geroa” izeneko hitzaldian. Koldo Biguri irakasleak egin zituen atarikoak eta aurkezpen-lanak; Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala iaz jaso zuela aipatu zuen, baina baita Euskadi saria bitan jasotakoa dela ere: 2001ean, Guy de Maupassanten Fantasiazko ipuinak-en itzulpenagatik, eta 2008an, Gesualdo Bufalinoren Gaueko gezurrak lanagatik. Sariez aparte, ibilbide luzekoa da Zabaleta, afizioz zein ofizioz itzultzailea, eta orain jubilatuta badago ere, ez dago guztiz erretiratuta, itzulpen-lanekin segitzen baitu. Nagusiki espainoletik, frantsesetik eta italieratik ekarri du euskarara, baina beste hizkuntza batzuekin ere ausartu da, errusiera kasu. 70eko urteetan Hordago argitaletxeko sortzaileetako bat izan zen, eta titulu aunitzen itzulpenak kaleratu zituen bertan. 1991-2000 bitartean Lur Hiztegi Entziklopedikoaren zuzendaria izan zen. Irakaskuntzan ere aritu izan da, Gipuzkoako Itzultzaile Eskolan lehenik (1980-1991), eta EHUko master batean gero. EIZIEren eta Senezen sortzaileetako bat da. Gonbidatuari hitza eman aurretik, Bigurik aipatu zuen ekitaldia solasaldia izatea nahi zutela, ez elkarrizketa soil, eta, horregatik, parte hartzeko gonbita egin zigun han bildutakoei.

Galdera askoren beharrik ez zuen izan, ordea, Zabaletak, erantzun mamitsuak eman baitzituen hasieratik. Ohar batzuekin hasi zen Zabaleta, alegia, esan zuen ez zetorrela deus erakustera, bere ibilbidea kontatzera baizik, eta bera, txirrindularitzan bezala, pelotoian dabiltzan horietako bat dela, «perejil de todas las salsas naiz ni», aurrera tiratzen duten bat gehiago. Nolabait hasteko, Bigurik galdetu zion zer-nolako bilakaera izan duen literatura itzulpenak hura horretan hasi zenetik. Zabaletaren esanetan, «interesgarria da zer egoeratan hasi ginen. Ni baserri batekoa naiz, baina hiru hizkuntzatan egiten genuen etxean: euskaraz gure artean, latinez Jainkoarekin eta gaztelaniaz madarikazioak esateko». Alta, hiru hizkuntza horien kontzientziarik ez zutela esan zuen, Arantzazura ikastera joan zen arte. Orduan hasi baitzen latina ikasten eta etxean erabilitakoekin loturak egiten. Zazpi urteko biloba bat duela kontatu zigun, eta hark oso argi omen du beste hizkuntza batzuk ere badaudela, eskolan ikusten baitu, errumanieraz, arabieraz eta beste hizkuntza batzuetan hitz egiten duten ikaskideak baititu. Zoora joan omen zen eta izurdeak zaintzaileari ulertzen ziola ikustean, izurdieraz mintzatzen zirela ere pentsatu zuen. Alde handia ikusten du, bada, haren eta bilobaren artean. Latina ikasteak itzulpengintzan lagundu zion, latinak hiperbaton handia baitu, eta, beraz, puzzle batekin gisan razionalizatzen eta egituraz hausnartzen ikasi baitzuen; «hori oso ongi etorri zitzaidan itzulpen mekanismoak neureganatzeko».

 

Itzulpen-ereduen bila

1970eko hamarkadan Hordago argitaletxea sortu zuen. Orduan Ikastolak zabaltzen ari ziren, eta umeentzako literatura sustatzeko beharra ikusi zuten, eta hala egin zuten Tximista sailarekin. Irakasle aritua zen, itzulpen txiki batzuk eginak zituen, eta orduan hasi ziren betiko galderari erantzunaren bila: zer itzulpen-ereduri jarraitu behar zaio? «Orixeren figura gutxietsita zegoen ordutantxe, les belles infidèles-en joerari jarraitzen baitzion», alegia, Orixek euskaldun gizartearentzako egokitzen zituen testuak, aldatzen, gehitzen, kentzen. «Baziren beste eredu batzuk: Plazido Mujika eta Olabide. Azken horrek Biblia osoa itzuli zuen, hitz bat bera ere ez zuen sortu, baina euskalkien mazedonia bat egin zuen». Hizkuntza ereduaren arazoa orduan zegoen, eta Zabaletaren ustez, egun ere badago: «purismoa dago oraindik eta horrek hizkuntzaren autonomia murrizten du. Aspalditik zetorren problema horrekin topo egin genuen guk; batetik purismoaren aldeko jarrera zegoen, eta bestetik kontrakoa. Ez zegoen erdibiderik». Ez da soilik gure arazoa, ordea, hizkuntza askotan gertatzen da, hain zuzen, hizkuntza errekuperatu nahi denean gertatzen dira halako egoerak, Zabaletaren ustez. Eta hala jarraituko omen dugu. Horren aurrean, dialektoen aldekoak eta euskara normalizatzearen aldekoak zeuden; bat egiten zuten, hori bai, zerbaitetan: «Mitxelenak zioenez, “Ez dezagun jarri orga idiaren aurretik”. Hau da, garaian ez zegoen espezialistarik, zertarako sortuko genuen, orduan terminologia hori? Azken batean, jendearen premiak ase behar ziren lehenik. Eginen lan egin nuen urtebetez, eta futbolaz hasi ginen han euskaraz; orain hori normalizatu egin da».

Tximista sailean hastean, liburu zaharrak fotokopiatzen hasi zen, bere hizkuntza ez omen zitzaiolako aski; «neuk ikasteko 300 liburu inguru fotokopiatu nituen». Eta noski, sermoietan espezializatu ziren, klasikoek horretaz idazten baitzuten gehienbat. Inguruko jendeari galdetu zioten zer behar zuten, behintzat, ikasleei liburuak eskura jartzeko. «Ereduei begiratu genien. Zer zuten haiek guk ez genuenik?». Gramatika? Irakurketa? Ezagutza? Ez, ez zen hori. Hasieran ez zela erraza izan aitortu zuen Zabaletak, «baina deskubrimendu handia izan zen ikustea haiek bazutela erretorika, eta, gainera, esateko modukoa zen idazten zutena, esaldi oso luzeak izan arren». Bazuten kadentzia bat, beraz, ahozkoarena. «Ia-ia neoeuskara bat egin behar zen orduko egoerari aurre egiteko». Ohitura zegoen esateko euskara hiztunak baserrietan zeudela, eta kalearen argira atera behar zela; baina Zabaletak esan zuen estatistikoki hori ez zela horrela, mitifikatuta zegoela, kalean zegoela euskara gehien. Ereduak behar zituzten, beraz. «Lur hiztegi entziklopedikoaren zuzendari lanetan ibili nintzenean, zuzentzaile zorrotzak genituen, (Ibon Sarasola, Peio Salaburu…) eta eskerrak horri. “Nork idatzi du hau? Esto es más español que un botijo” esaten ziguten. Klasikoak behar genituen».

 

Itzulpenaren irakaskuntzan ere esku hutsik

Egoera hartan sortu zuten Martuteneko itzultzaile eskola. Juan San Martinek sortu zuen Euskaltzaindiaren bitartez. Zabaletari deitu zioten irakasle aritzeko, klasikoak kaleratuak zituelako eta horretan ibilia zelako. Baina ez zen bide erraza izan. «Ez zegoen traduktologiarik orduan, guk bost liburu eta aldizkariren bat baizik ez genuen aurkitu». Senez aldizkaria ere bide horretan sortu zela esan zuen, eta oso mamitsua zela garaian ere; «Espainiako aldizkariei bost buelta ematen genizkien». Itzultzaileak prestatzeko gidalibururik ez zegoen, beraz, esperimentatu behar izan zuten. «Borroka japoniar horietako batean entrenatzen naiz eta entrenatzaile aritzen naiz, eta badakit entrenamenduak hainbat fase dituela. Gauza bera gertatzen da itzultzaileak entrenatzean». Garai hartan boligrafoa eta papera besterik ez zuten itzultzaileek, eta Plazido Mujikaren hiztegia. Itzultzaileek hiztegiak eskatzen zituzten, «baina ez dut uste hori zenik beharrezkoena (ezta gaur egun ere), baizik eta hizkuntza ereduak, diskurtsoa falta da». Literaturan ere eredu gutxi sortu omen dira; «okurritzen zait Saizarbitoria dela bakarrenetarikoa liburu bat baino gehiago dituena, ez bat eta horren hamaika kopia». Eta Saizarbitoriak ere, noski, ereduak bilatu zituen: «Pasoliniren eredua dago Egunero hasten delako-n».

Bigurik galdera egin zuen orduan: literatura itzulpena helburu extraliterarioengatik hasi zen 70eko urteetan, asmo pedagogikoak kasu, baina gaur egun hori gainditu dugu? Lortu dugu gaur egun itzulpenak literatur sisteman txertatzea? Zabaletak ezetz; «ez dugu lortu, baina ez gaude egoera berean». Batzuetan, oin-oharren bidez-eta pedagogia egiten jarraitzen dugula esan zuen, baina buelta ari zaiola ematen horri ere. «Adibidez, Literatura Unibertsala bildumarik ez legoke hartzailerik ez balego». Erresistentzia sumatzen du oraindik ere, ordea: «Literatura, euskal literatura eta itzulpena bereizten duenik bada». Eta adibide bat ere eman zuen, anekdota bat. Duela zenbait urte, Andu Lertxundi irratian entzun zuen hau esaten: «ahal bada jatorrizkoa irakurri, zertarako itzulpena?». Hurrengo egunean harekin bildu behar zen, eta orduan errusierazko hitz gutxi batzuk baino ez zekizkien, baina esaldi pare bat gehiago ikasi zituen egun hartan eta hurrengo goizean agurra errusieraz eman zion Lertxundiri. Horrek, zur eta lur begiratu zioenean zera esan zion Zabaletak euskaraz: «baina zuk ez zenuen Dostoievski jatorrizkoan irakurtzen?». Zabaletaren iritziz, problema da gaztelania hartzen dela beti jatorrizkotzat. Eta horren aurrean, sortzen eta itzultzen jarraitu besterik ez dugu, kopurua loditu, ereduei begiratu eta masa kritikoa bultzatu.

 

Bestelako betebehar eta gabeziak

Bada Zabaletaren ustez, ordea, beste arazo literario bat. «Mendebaldeko sistema literario gehiena lau agentziaren esku dago, eta haiek nahi dutena baizik ez zaigu iristen, hori baino ez dugu ezagutzen Mendebaldetik kanpo». Gu hori baino libreagoak izaten saiatu behar dugu, ordea, horra Zabaletaren mezua; «euskal literatura autonomoa izango da baldin eta leku askotan baditugu zorrak, eta hori itzultzaileon esku dago».

Literatur itzultzaileen baldintza ekonomikoei buruz galdetuta, Zabaletak Kaxianori etorkizunari buruz galdetu ziotenean bezala erantzun zuen: «oso beltz». Literatur hutsetik bizi den idazlerik ez dagoela esan zuen, eta, beraz, itzultzailerik ere ez. Zabaletak esan zuen baliabide teknologikoak erabiltzea, programatzen jakitea, esaterako, beharrezkoa dela itzultzaile batentzat. «Zenbat arotz ezagutzen dituzu iltze bat nola hartu ez dakitenak? Ba itzultzaileak asko. Ez dut esaten denek jakin behar dutenik, baina taldean batek bai, behintzat».

Zabaletaren ustez, itzultzailearen betebeharra ez da merituak egitea, itzulpen on bat egitea baizik, eta horretarako baliabideak erabiltzea. «Eta itzuli, itzuli, irakurri, irakurri». Bi gauza behar direla esan zuen: gaizki dagoen horrentzako erresistentzia (begirada edo belarri kritikoa) eta etorria (ez idatzi burura etortzen zaizun lehena). Biak entrenatu daitezke. Eta, azkenik, «kadentzia lortzeko metodologia garatu behar da, eta gero hori landu».