Antologoak mintzo: Aritz Galarraga

apirila 21, 2014 @


GŸnther Walraff, periodista alem‡n, Donostia, 21 de mayo 2011

(Irudia: Conny Beyreuther)

Aritz Galarraga (Hondarribia, 1980). Literaturaren teorian eta literatura konparatuan lizentziaduna, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan lan egiten du. Euskal Ikasketen alorreko irakaslea da, 2007tik. Sarri kolaboratzen du prentsan: 2005tik aurrera literatur kritikak idatzi izan ditu Mugalarin, Argian, Deian eta Erlean, eta telebistari buruzko zutabea du Berrian, 2011tik. Horrez gain, Kevin Herediaren laguna da eta Taperware kolektiboko kidea. 

Eleraraziko elkarrizketen atalera ekarri dugu duela gutxi Pasazaitek argitaratutako liburu baten harira, hain zuzen ere, Galarragak apailatu baitu Hobe kontatzen ez badidazu ipuin katalan garaikideen antologia. Unibertsitateko bulegoan hartu gintuen duela bi aste eskas eta hementxe duzue solasaldiaren emaitza.

Elearazi: Hitzaurrerako prestatutako ipuinean ematen dituzu zantzu batzuk baina: noiz/nola iritsi zinen literatura katalanera?

Aritz Galarraga: Azken batean literatura bat irakurtzen hasten zara modu sistematikoago eta erregularrago batean hizkuntza gaitasunak gutxi asko lortzen dituzunean eta nik konpetentzia horiek lortu nituen behin Kataluniara bizitzera etorri nintzenean. Egia da aurretik irakurria neukala euskarara itzulia izan den literatura katalana; are, liburu horietako batzuk oso inportanteak dira nire biografia sentimentalean, adibidez, Quim Monzóren Gauza guztien zergatia (Elkar, 1998), Luis Berrizbeitiaren itzulpenean. Asko estimatzen dudan itzultzailea eta poeta, bide batez, Berrizbeitia. Monzóren ipuin-liburu famatuena da, seguru asko, nire ustez ez da inondik inora onena, baina hori da kanoniko modura gelditu dena, eta hori itzuli zuten euskarara. Niretzat irakurketa iniziatiko horietako bat izan zen.

Gero, noski, Gerardo Markuletak itzuli zituen poetak daude. Antologia hori oso modu ona izan zen literatura katalanera sartzeko. Gero, bazeuden Mercé Rodoredaren liburu batzuk euskarara ekarriak, nik oroitzen dut etxean bazela liburu bat, Ipuin hautatuak. Horrez gain gogoratzen dut Jaume Fuster, katalanen artean ere ez da berez oso idazle laudatua, baina bazuen liburu bat erdi misteriozkoa euskarara itzuli ziotena, eta hori ere ezagutzen nuen. Baina, noski, deskubrimendua benetan izan zen hona etorri nintzenean bizitzera eta hemengo hizkuntza gutxi asko hartu nuenean.

E: Eta hizkuntzaren ezagutza lortu ostean segituan hasi zinen ipuinekin?

A. G.: Niri behintzat halaxe gertatu zitzaidan, ezagutzen hasi nintzenean inpresio gehien sortu zidatenak ipuinak izan ziren, beste generoen aldean. Hitzaurrean ere esaten dut baina garai batean, XX. mendean zehar, mende hasieratik 70. hamarkadara arte-edo, literatura katalana bereizten zen poesiagatik, eta orain, garai honetan, nobela den genero gailenaz aparte, nik deskubritu nuen ipuingintza katalana. Pentsatzen dut alde batetik izan zela ipuinen kalitateagatik, noski, eta bestetik, euskaraz irakurtzen nituen ipuin horien artean ez nituelako aurkitzen horrelako ipuinak, katalanak diferenteak zirelako-edo. Galdetuko didazu ea diferenteak zertan… Ez da erraza definitzen eta egia da, gerora, euskarazko autore batzuk ere pixka bat lotu daitezkeela ipuingintza katalan garaikidearen lerro horrekin, adibidez Iban Zaldua edo Karlos Linazasoro, baina bada literatura bat hunkitzen dituena bizitzaren alde ez hain transzendentalak, friboloagoak nahi bada, baina ez horregatik fribolokeriaz, inondik inora. Giza jendea benetan hunkitzen duten gaiak agertzen dira ipuin hauetan, baina dela umoreagatik, dela ikuspuntu ironiko-kritiko bat ematen dutelako, ez dira hain pisuak, ez dute irakurlea borroka moral baten aurrean jartzen etengabe. Hori izan zen hasiera batean ikusi nuena eta arreta eman zidana.

Bada literatura bat hunkitzen dituena bizitzaren alde ez hain transzendentalak, friboloagoak nahi bada, baina ez horregatik fribolokeriaz, inondik inora. Giza jendea benetan hunkitzen duten gaiak agertzen dira ipuin hauetan, baina dela umoreagatik, dela ikuspuntu ironiko-kritiko bat ematen dutelako, ez dira hain pisuak, ez dute irakurlea borroka moral baten aurrean jartzen etengabe.

E: Euskalkultura.com atarian 2011n egin zizuten elkarrizketa batean zenioen katalanek gutxi dakitela euskaldunei eta euskarari buruz, eta euskaldunek ere ez dakitela askoz gehiago katalanei buruz. Literaturaren arloari ere aplika diezaiokegu hori? Ipuin antologiarekin gabezia hori apur bat betetzeko asmoa zenuen?

A. G.: Nik uste dut ez-ezagutzaren kontua oso ebidentea dela, bi norabideetan: katalanek ez dute euskal kulturaz, edo oro har Euskal Herriaz gauza asko ezagutzen, axaleko kontu batzuez aparte, eta berdin euskaldunok katalanez. Ez behintzat elkarri erakusten diogun ustezko afektu horren tamainan, ezagutza askoz ere baxuagoa da ustezko afektu hori baino.

Liburu hau, zentzu horretan, oso ekarpen minimoa da, gehienera ere ate bat izan nahi du katalanez egiten den ipuingintzara. Azken batean guri ere ez dagokigu, ez Pasazaite bezalako argitaletxe bati, ez Gerardo Markuletari itzultzaile bezala, ez niri antologo bezala ez dagokigu bide hori ibiltzea modu sistematikoago batean.

Pena da, benetan gertu baikaude, ez dakit afektiboki baina bai geografikoki eta, are, konpartitzen baititugu hainbat gauza. Pena da, gertutasun hori egonda ere ez dugulako bide hori ibiltzen eta ondorioz galtzen ari garelako bestearen aldea ezagutzea eta hortik gauzak ikasi ahal izatea. Ez gara aukera hori baliatzen ari. Oraindik ere euskaldunen eta katalanen arteko harremana oso mediatizatuta dago Madrilen bitartez, Madriletik pasatzen dira literatura eta kultura kontuak ere. Autore euskaldun bakarra dago bere obra ia osoa itzulita duena katalanera, Bernardo Atxaga. Bera da bere obra ia osoa katalanez duen idazle bakarra, orain Kirmen Uriberena ere dago, baina ezin da konparatu bataren eta bestearen obra, Atxagarena askoz zabalagoa da. Eta autore bakar hori Atxaga izatea ez da kasualitatea, azken batean bera baita Espainiako literatur sistemak onartzen duen idazle euskaldun ia bakarra, orain artean bakarra.

EH-Katalunia harremanak Madriletik oso mediatizatuta daude eta ez dago ia komunikazio-lerro zuzenik. Ez dakit nori dagokion hori egitea, baldin eta norbaiti badagokio edo norbaitek gogoa badu hori egiteko. Literaturaren kasuaz zehatzago hitz eginda, euskaratik katalanera eta katalanetik euskarara zuzen itzultzeko modu fluidoagoak egon beharko lirateke.

E: Bueno, antologia hau bezalako gauzak badaude, urrats txikiak izan arren…

A. G.: Bai egin izan dira gauzak, nahiz eta tantaka izan edo oso noizbehinka izan, baina egin izan dira horrelako ekimen txikietatik abiatuta.

EH-Katalunia harremanak Madriletik oso mediatizatuta daude eta ez dago ia komunikazio-lerro zuzenik. Ez dakit nori dagokion hori egitea, baldin eta norbaiti badagokio edo norbaitek gogoa badu hori egiteko. Literaturaren kasuaz zehatzago hitz eginda, euskaratik katalanera eta katalanetik euskarara zuzen itzultzeko modu fluidoagoak egon beharko lirateke.

E: Orduan, atzera bueltatuz, asmoa ez zen hutsune bat betetzea. Ipuinekiko maitasunagatik-edo egindako zerbait izan da.

A. G.: Bai, azken batean bizipen pertsonal batean ondorioa da, ez hainbeste hautu kontziente bat. Nik hau egitean ez dut nahi izan ez hutsunerik bete, ez ale koxkorrik jarri ez ezer, baizik eta nik irakurle bezala bere garaian izan nuen lilura transmititu euskal irakurleei. Horrek gainera bigarren txanda batean baldin badakar atetxo bat irekitzea edo behintzat zeozer erakustea, eta norbaitek nahi badu gehiago irakurri edo zerbait itzuli ere, ba hainbat hobeto. Hala ere, hau egitea etorri da egoera jakin batetik, Alsazian edo Alentejon bizi banintz eta irakurle gisa horrelako liluraren bat sentitu izan banu, ziur antzeko zerbait egingo nukeela bertako literaturarekin. Ez da izan bi herrien arteko komunikazioa hobetzeko asmoz egindako zerbait, nahiz eta aukera galdu bat iruditzen zaidan, aipatu ditugun motiboengatik: gertu gaude, ustezko afektu bat sentitzen dugu elkarrekiko, elkarri aportatzeko gauzak ditugu kulturaren eta literaturan alorrean.

E: Hautaketa-irizpideen berri ere eman duzu bai hitzaurrean bai promozio-bideoan, baina oso bilduma mainstreama atera zaizula esango duenik ere egongo da.

A. G.: Nik neuk onartzen dut oso bilduma mainstreama dela. Pixka bat tranposoa da nire argumentua zeren ondo atera izan ez balitzait ez nuke erabiliko, baina kontua da kasu honetan iruditzen zaidala izaera kanoniko horrek, edo autoreen aukeraketa oso mainstream, oso segurola, oso zentral horrek eta kalitateak bat egiten dutela, zorionez. Dena den jar daitezke komatxo asko, zeren esatea Serés, adibidez, ez dela periferikoa, kontuan hartuta ez bakarrik geografia ezpada hizkuntza, estiloa, literatur sisteman duen lekua… Baina atzera bueltatuta, bi gauza horiek ez balute bat egingo badakit zer aldetara joko nukeen. Hain zuzen ere, hitzaurrean esaten dut kuoten kontu hori ez dudala jarraitu ondo atera zaidalako, esan nahi dut, ez balitz ondo atera egingo nuke kalitatearen errenuntzia bat eta joko nuke oreka lortzera. Demagun, bost autoreak izan balira Bartzelona hirikoak, errenuntzia txiki bat egingo nioke kalitateari, eta gauza bera belaunaldi kontuekin edo genero kontuekin.

Estiloaren aldetik pixka bat desberdina da, nahi nuen erakutsi ipuinak egiteko modu bat, estiloaren aldetik batasuna handiagoa da, hori nahi nuen eta hori bilatu nuen. Azken finean, hautaketa-irizpideen artean lehenengo premisa zen kalitatearena, seguru aski gainontzeko kontuetan huts egin izan balu, oreka berregiten saiatuko nintzatekeen, baina nahiko orekatua atera zaidanez erabakit dut bere horretan uztea. Horregatik egiten dut broma hitzaurrean eta esaten dut batzuetan akademiaren iritziak bat egiten duela literaturaren kalitatearekin.

E: Hitzaurreari jaramon egiten badiogu hautaketa-prozesua oso luzea izan da.

A. G.: Hor bi gauza daude. Batetik, aukeraketa nahiko luzea izan da, bai. Edonola ere, irakurle bezala hasitako proiektu bat da, zu ipuinak irakurtzen hasten zara eta modu inkontziente batean pentsatzen zoaz autore hau bai, hau ez… Ez da inola ere izan 7 urteko prozesu intentso bat, esprinta azken urtean izan da, aurretik oso lasaia izan da, irakurtzen hasi nintzenetik eta asmoa otu zitzaidanetik.

Bestetik, hitzaurrean tranpa bat dago. 2007ko urriaren 9ko data jarri diot, nahiz 2013ko urte hondarrean idatzia izan. Nahi baduzu plagio bat, nahi baduzu kopia bat, nahi baduzu omenaldi bat delako. Beste pista bat irekiera esaldia alemanez egoteak ematen dizu. Quim Monzók Frankfurteko azokan eman zuen hitzaldiaren bariazio bat da, Kataluniako literatura izan zenean literatura gonbidatua.

Nik neuk onartzen dut oso bilduma mainstreama dela. 

E: Hautaketaren ostean nolakoa izan da gainontzekoa: argitaletxea topatzea, itzultzailea aukeratzea, itzulpeneko bereko adostasunak/desadostasunak? Gertutik jarraitu duzu prozesu osoa?

A. G.: Esan bezala azkenengo esprinta iazko urtean izan zen: editorearekin lotu, aurrera aterako zela baieztatu, itzultzailea bilatu… Ez genuen asko bilatu behar izan, bagenekielako Gerardo nahi genuela eta hark ere segituan esan zuelako baietz. Orduan azkenengo zati hau izan da teknikoa, behin betiko aukeraketa pulitzea eta hori guztia.

Aukeraketa amaitzean zenbait pertsonari eman nien irakurtzeko, batzuetan hain bilduta zaudelako zure zera horretan ezen perspektiba galtzen duzun pixka bat. Kasu honetan bai editorea Xabi Queiruga, bai itzultzailea Gerardo Markuleta badira bi pertsona literarioki ere estimatzen ditudanak, alegia, badakit kriterio literarioa dutela. Horregatik haiei biei pasatu nien bilduma eta biek seinalatu zidaten ipuin bera, Quim Monzóren bat. “L’accident” (Istripua) du izena, eta pixka bat diferentea da bilduman agertzen direnengandik. Erabaki genuen hori kentzea, ez ipuin txarra zelako, baizik eta tonua hausten zuelako eta batez ere azken aukeraketan oso leku printzipala zeukalako.

Markuletaren itzulpenean ez nintzen asko sartu, ez naizelako sartzekoa eta konfiantza handia dudalako haren lanean, baina pare bat aldiz irakurri nuen, eta zuzenketa txiki batzuk egin. Bi norabideetan egon da elkarlana: itzultzaile/editoreak aukeraketan, eta antologoak ere bai, nolabait, itzulpen/edizio lanean. 

E: Liburuaren aurkezpena berezi-berezia izan zen. Pasazaitek ohiko duen elkarrizketa-bideoaz gain, aurrez aurrekoa ere egin zenuten. Azkenaldian bixi-bixi dabilen Zarautzeko Garoa liburu-dendan izan zen, hain zuzen ere, eta bertan izan zineten Gerardo Markuleta itzultzailea, Francesc Serés egileetako bat eta zu zeu.

A. G.: Pasazaiterekin harremanetan jartzearen motibo nagusia horixe izan zen. Batetik gustuko dudalako lerro editoriala, ideia hori: itzulpenak argitaratzea, literatura garaikidea, euren mugetatik kanpo ezagunegiak izan ez arren euren mugen barruan oso ezagunak diren autoreak… Gainera, kalitate literarioa bermatzen dute, estetikoki oso edizio polita, itzultzailearen lana baloratzearena ere kontuan hartzekoa da. Orduan, literatura egiteko daukan politika horregatik-edo, kontaktatu nuen Xabirekin eta berehala konektatu genuen zentzu horretan eta ados jarri ginen denean. Alde horretatik zorte handia da zuk lan egin nahi zenuen pertsonekin lan egitea, eta ez dakit emaitza hobea den, baina nik uste dut nabaritzen dela.

Argitaletxearen dinamika horretan sartzen da aurkezpenarena ere. Azken batean Pasazaite da liburua zaintzen duen etxe bat, ez bakarrik itzulpena eta itzultzailea baizik eta liburua ere mimoz aurkezten eta banatzen duela, eta orduan guk ekarri nahi genuen autore bat. Gainera antologia bat izanda aukera zabalagoa zen. Normalean ez dituzte aurkezpenak egiten idazleekin, urruti bizi direlako eta zailagoa delako, baina kasu honetan gertu gaudenez bazegoen aukera egiteko. Lehenengo Sergi Pàmies aukeratu genuen, sona gehiago duelako, euskaraz ere baduelako zerbait argitaratua, eta horrez gain, orain gutxi atera delako bere azken liburuaren gaztelaniazko itzulpena. Pentsatu genuen berari ere interesatuko zitzaiola, baina familia-kontuak zirela medio ezin zuen eta orduan Serésengan pentsatu genuen. Nik ezagutzen nuen, pertsonalki ez, baina ikusia eta entzuna nuen eta iruditu zitzaidan oso tipo konpetentea, banekien ondo defendatuko zuela liburua, banekien defentsa hori ere prestatuko zuela, dokumentatuko zela eta abar. Eta oso ondo konplitu zuen, bai hedabideen aurrean bai aurkezpenean bertan.

E: Lagina besterik ez da, baina iruditu zaigu Francesc Serésen ipuinak, batez ere lehenengo biak, bildumako gainontzekoen ildotik urruntzen direla, hein batean.

A. G.: Ipuin guztiak, 1997koa den bat izan ezik, 2000tik hona argitaratutakoak dira, autore helduenen kasuan ere, eta esango nuke, autore kontsagratuenen azkenaldiko ipuingintzak gehiago bat egiten duela Serésen azken liburuarekin. Ez dakit hala den, baina nolabait ematen du batzuk egin duten bidea, alegia, gin tonicaren transluzidotasuna deskribatzetik zahar etxe batean dagoen tipoaz aritzera egin duten bidea, non garapen bat egon den bai gaien aldetik, bai gaien tratamenduaren eta pisuaren aldetik, Serések ez ote duen bestaldera egin azken liburuan. Orduan puntu horretan egin dute bat denek.

Azken liburuan Serések aldatu egin dut pixka bat norabidea eta hurbildu da beste autore helduago hauen lanera. Ez dakit horrek zer esan nahi duen. Serések, adibidez, ez ditu autore horiek hartu guraso literario bezala, ez bada beste gauza diferente bat egiteko. Zuk aipatzen dituzun lehen bi ipuinak, La força de la gravetat (Grabitatearen indarra) bildumakoak dira, eta hain justu, bilduma horretan bere asmoa zen erakustea Katalunia bat ez hiriburukoa, ez urbanoa, baizik eta probintziakoa, askoz lotuagoa mundu ruralari, fabrika-munduari. Horrekin iskin egiten zion aurrekoek idatzitako literaturari, baina, noski, bere bizipenekin ere bazuen zerikusia. Despistatzen nauena da orain azken liburuarekin egin duen atzerako bide hori. Gauzak askoz ere modu arinagoan tratatzen ditu, umorearen errekurtsoa bera askoz gehiago erabiltzen du eta gerturatzen da besteen estilora. Besteek aldiz, nire ustez, eboluzio bat egin dute, jada ez da “goizeko 7ak dira eta zer ondo gauden hemen diskotekan”.

E: Ipuingintza omen da literatura katalaneko genero bizienetakoa. Galdetzekotan nintzen ea estimu aldetik ere horrela den ala eleberriari dagokion podioko maila altuena, baina, egia esan, batzuetan iruditzen zait ipuinekiko mespretxuarena ez dela hainbesterako, gehiago aditzen dudala mespretxu horri buruzko kexa mespretxua bera baino.

A. G.: Agian bai. Egia da gehiago entzuten direla ustezko mespretxu horren kontrako defentsak eta ondorioz ipuinaren aitorpenak, benetan mespretxuak baino. Agian gure inguruko literatura handien eragina da, edo kalko oker bat. Bai literatura katalanean, zer esanik ez, eta euskarazkoan ere, hor ipuingintza ez da inondik ere bigarren mailako genero bat, gaur egun. Agian Martin Ugalde-eta hasi zirenean, ba seguru aski bai, azken finean beraiek egin zuten ipuinaren errebindikapena genero moderno gisa, garaiko gauzez hitz egiteko. Ugaldek, Gabriel Arestik, Jean Etxeparek ipuinari eman zioten dimentsio bat askoz garaikideagoa. Ordura arte ipuinak ziren gauza bat haurrentzako. Baina, gaur egun, ipuinaren alorrean ez da bakarrik gauza onak produzitzen direla baizik eta genero aski aitortua dela. Dena dela, esan nahi nuena da Frantziarekin eta Espainiarekin egiten dela konparazioa agian, literatura horietan ipuinak bai baitira erabat bigarren mailako gauza bat.

Estimu aldetik bai, Pàmiesen liburuak behin eta berriro editatzen dira eta harrera kritiko oso ona dute. Jendeak asko irakurtzen ditu.

Bai literatura katalanean, zer esanik ez, eta euskarazkoan ere, ipuingintza ez da inondik ere bigarren mailako genero bat, gaur egun.

E: Erreleborik ba al dator?

A. G.: Idazle gazteagoei begira jarrita, nik, egia esan, ez ditut ikusi. Idazten jarraitzen dute gazteagoek ere, baina ez dut aurkitu hauen mailara iristen den ipuinik. Irakurri ditut autore dexente, ez dakit asko edo gutxi baina bai ideia bat hartzeko nahikoa, eta idazle gazteenen kasuan, adibidez, 30 urte ingurukoetan ez dut ezer topatu. Badaude ipuingileak, ia-ia esklusiboki ipuinak idazten dituztenak eta gai direnak Quaderns Crema batean argitaratzeko, adibidez, Pere Guixà bezalako idazle bat. Baina errelebo-falta somatzen dut gehiago. Eta ez dakit ez ote den orokorra, ez bakarrik ipuinaren generoan baizik eta besteetan ere. Nik orain literatura katalanean ikusten dudana da asko publikatzen dela, asko, gehigarri literarioetan ikus daiteke, astero ez dakit zenbat nobedade. Baina, ez dakit, agian maila jaitsi da, edo oraindik ez da lehertu edo… Nahiko flojo ikusten dut, eta alde horretatik askoz gauza interesgarriagoak topatzen ditut euskal literaturan.

E: Literaturaren teoria eta literatura konparatuko ikasketak egin dituzu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Ikerketarako jorratzen ari zaren gaia da katalanera itzulitako euskarazko literatura.

A. G.: ELI katalogoari begiratuta, katalana da euskara gehien itzultzen den bigarren helburu hizkuntza, espainola eta gero. 170 liburukoa da kopuru absolutua, baina oso tranpatia da; izan ere asko berredizioak dira edo, batez ere, haur eta gazte literaturako izenburuak, eta guk helduenarekin egin nahi dugu lan. Euskaratik katalanera itzuli den helduentzako liburuak 33 inguru dira, eta horietatik dozena bat-edo Atxagarenak dira. Orduan, hori kontuan hartuta ikusten duzu euskal literaturaren zer lagin daukaten katalanek, 20 bat izenburu guztira, hori da corpusa.

Joseba Sarrionandia hartu genuen paradigma gisara-edo, katalanera itzuli zen lehen liburuetakoa Narrazioak izan zen, eta gainera, hori zen itzulpen garaikide ia bakarra, alegia, euskaraz atera eta handik gutxira atera zen katalanez ere. Kontua da, gero, Sarrionandia desagertu egin dela, ez dela katalanez gehiago atera 2012an moroena itzuli zuten arte. Hor egon da ia 30 urteko hutsune bat eta ez da izan Sarrionandiak idazteari utzi diolako, kalitatez idazteari utzi diolako, ezpada literaturaz kanpoko beste motibo batzuengatik. Kasu honetan argi dago ingurune soziopolitikoak izan duela eraginik horretan. 86an atera zen Narrazioak katalanez, eta garaitsu hartan aldatu zen, nolabait, ETAren borrokari buruzko ikuspuntua, orduan hasi zen pasatzen nazio askapenerako borroka gisa ikusia izatetik, talde terrorista huts gisa ikusia izatera. Baldintza soziopolitiko horiek eragina izan zuten harrera kulturalean, eta 30 urte horietan Atxaga ez ziren gauzak oso tantaka ekarri dira.

E: Amaitzeko: nolakoa da katalanerako itzulpen orokorragoaren egoera?

A. G.: Katalanez irakurle organikoak daude, esan nahi dut, beste hizkuntza batean irakurtzen ez duten irakurleak daude, denetik eta normal irakurtzen dutenak. Horretarako, noski, izan behar duzu literatur sistema bat itzulpena gutxi asko egonkortua duena. Katalanaren kasuan, akatsak eta hutsuneak gorabehera, nik uste dut badutela hori. Berriro diot, irakurle organikoak daude, bere irakurle-bizitza guztia katalanez egiten dutenak eta horrek esan nahi du eskura dutela hori asetzeko behar duten guztia. Orain fenomeno interesgarri bat da argitaletxe txikiena, katalanez ere ugaritzen ari dira eta horietako batzuk itzulpenekin lan egiten dute soil-soilik. Gauza batzuetarako elkartu egiten dira, promoziorako eta abar, eta badute webgune bat, Llegir en català (katalanez irakurtzea).  

Hobe azala_book_big