Maiatzaren lehenak

maiatza 4, 2014 @


Das-Kapital

Berriako Hirudia ataleko hogeita bosgarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Aurreko batean adiskide batek esan zidan Marxen Kapitala irakurri eta taldean eztabaidatzeko asmoa zuela Gasteizen zenbaitek, elkarrekin komentatzeko eta edukiari buruz hausnartzeko. Deialdi zabala eginen zuten, baina kartelean bertan «sasijakintsurik ez» jartzekotan zeuden, ez baitzuten inor uxatuko zuen bakarrizketa ponpoxorik nahi, antza. Ez diot lagunari saioari buruz berriz galdetu, ez dakit eztabaida nolakoa izan zen ezta zenbat jende elkartu zen ere; hala ere, beti iruditu zait Kapitala-k iruzkingile eta jarraitzaile gehiago dituela irakurle baino. Nik neuk zatika irakurri dut, eta osoa ez.

Sistema kapitalistaz, lan-indarraz eta langile borrokaz aunitz teorizatu da gerora, eta fikzioan ere agertu zaigu, batez ere kasuan kasuko borroken kontaketaren bidez, batzuetan irakurleengana iristeko bide efikazagoa dena, ongi eginez gero, behintzat. Erraz datorkigu gogora, besteak beste, Emile Zola naturalistaren Germinal, non langileen bizimodua ez ezik, lana bera jarri baitzuen ardatz meatzarien grebaren bidez; baita, ez hain sakonki bada ere, autore beraren Parisen sabela ere, Karlos Zabalak ekarria. Eta New Yorkeko alkandora fabrika bateko langileek, emakumeak guztiak, 1909an egindako greba kontatzen duen Theresa S. Malkielen The diary of a shirtwaist striker. Geurean duela gutxi aurkeztu du Iñigo Aranbarrik Apirila. Irakurgaien zerrendan dut oraindik, baina prentsan leitutakoaren arabera, oraingo egoera ekonomiko eta soziala eta 1766ko Azkoitiko gosearen matxinada parekatu ditu. Bi plano horietan sistema ekonomikoaren aldaketa bat ageri zaigu eta borrokan diren langileak. Euskal Herriko beste langileen matxinatze sonatu batez mintzatu zen Gotzon Barandiaran Errotik nobelan, beharbada borrokaldi ezagunagoa geure belaunaldikoentzat. Euskaldunako langileei kantatu zien Hertzainakek ere: «aurrera egiteko hoa inoiz ez bezala / betikoen kontra baina inoiz ez bezala / buzo, kasko, musuzapiak aurpegian / sua ta kea Deustuko zubian / tuerkak gomazko piloten kontra / eutsi gogor / eutsi gogor / eutsi gogor Euskalduna». Ikus-entzunezkoan, Eguzki Bideoakek hainbat dokumental ditu nazioarteko lan-indarrari buruz.

Liburua aurkeztu berritan egindako elkarrizketetako batean, Barandiaranek hala dio: «Lehentasun legez egunero jatea duenak, hilabetea diru barik ez amaitzea ardura nagusi duenak, nekez hartuko du idazteko hautua, beste batzuk dira bere lehentasunak. Idazten dugun gehienok beste zer edo zer dugu ogibide, burgesak gara, egia esatera. Eta gure literaturan burgesen kezkak direla nagusi iruditzen zait». Arrazoi izanen du segur aski, baina erantzun modura sortuko zen Hertzainaken abestia, hainbat poema idatzi diren gisan. Dokumentazio lan handirik gabe, premiaren ondorio, ez gogoetarik gabe, noski. Gutunak idazten direneko beharrezkotasun berberaz. Harri bat jaurtitzearen indarraz eta bat-batekotasunaz. Andreas eta Gudrunen argitalpenak bezala, kasurako. Lauaxetak langile eraildu bati idatzi ziolako lehenengo poema sozialtzat hartzen da, baina Koldo Izagirrek goitik behera desmuntatu zuen hori LABen 25. urteurrenaren harira idatzitako testuan: «meatzariek irakurriko ez ziotela zekielako idatzi zuen poema bat meatzariari hika eginez, berak aipatzen zuen pikotxa metafora bat zen… Zenbat kalte egin diguten halako bufoiek idazleoi, irakurleoi, langileoi! Literaturak ezertarako balio ez duelako uste osoan dute sortzen». Eta hala gabiltza sortzaile burgestu, idazle martiri, ustezko proletario, borroken kronikagile zorrotz, lema bihurtzen diren poema eta lemaz beteriko abestien artean.

Gaur egun sindikatuek eta langileen borrokak ez dute lehengo prestigio eta babesik, eta gauza bera esan genezake panfletoez ere, zer esanik ez forman, edukian edo eragin nahian panfletariotik baduen literaturaz. Itxuraz azpiratu egiten baita literatura horrela (nondik, ez dakit). Ez dugu leloz jositako literatura nahi, noski, baina panfletoak eta hamarkadak geroago etorriko diren gaurkoari buruzko kontaketa landuak ez ezik, literatur testu erantzuleak behar ditugu, gaur, orain. Egungo egoera ekonomiko eta sozialak ikusgarriago egiten dituen adokinak, eskura, zorrotz, presaz nahiz patxadaz idatziak.