Berriako Hirudia ataleko hamaikagarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.
Azken asteotan iritzi truke bat egon da sarean, Ion Artanok BERRIAn idatzitako artikulu baten harira. Euskal Kulturaren Transmisioari buruzko graduondokoaren kronika horietako bat zen, Idurre Alonsok eskolan esandakoei buruzkoa. Artanoren zutabeari erantzun zion Gorka Bereziartuak bere blogean, eta horri erantzun zioten bai Alonsok berak, bai Artanok, baita anonimoarekin sinaturiko batek ere. Euskal literaturaren irakaskuntzan dihardutenen oztopoei, merkatuak inposaturiko erdigunetik ihes egin beharrari eta liburuak hautatzeko irizpide pedagogikoei buruz mintzatzen ziren, besteak beste.
Iritzi truke hori baino egun gutxi lehenago, lagun batekin aritu nintzen eskoletan literatura irakasteko egun garatzen ari diren metodologia didaktiko «berritzaileen» inguruan. Hizkuntza eta literatura ikasgai bakarrean irakatsi behar direnez, literatura hizkuntza irakasteko bitartekotzat erabiltzen zuten irakasleek lehen: egunerokoan lekurik ez duten adjektibo ponpoxoak lantzeko, galdegaiaren funtzioak identifikatzeko, koherentziaz eta kohesioaz jabetzeko. Orain, ordea, unitate didaktikoak osatzen dituzte gozamenaren abstrakzioaren inguruan. Irakurzaletasuna sustatzea da helburua, Curriculumak hala dio, eta horren erantzukizuna gozamenari egozten zaio. «Matematika irakasteko helburu bakarra ikasleek matematika ikastea ez al da, ba!?», nire lagunak suminez. Izan ere, eskoletan matematika irakasteko helburua gozamena izatea irrigarria ere gertatuko zaie irakasle zein ikasleei. Izatekotan, metodologiari dagokio ikasleek ikasgaia atseginez hartzeko ahalegina.
Zer testu aukeratu erabakitzerakoan Curriculumak dioenaz gainera irakasleen gustuak ere sartzen direnez jokoan (irakasleak irakurle diren kasuetan, behintzat), irakasleek beren prestakuntza akademikoan literaturaren arloan zer jaso duten ikustea interesgarria litzateke. Beren gustuak nola eraiki eta elikatzen dituzten aztertzea zailagoa delako, batez ere. Zer eskaintzen zaie ondoren literatura irakatsi behar duten horiei, gozatzen irakasten zaie edo baliabide komunikatibotzat aurkezten zaie, edo literaturaren historiari ematen zaio irakasle eskoletan garrantzia, edo kritikotasuna sustatzen da, edo… Horrek ere eragina izanen du ondoren irakasleak eskolan transmitituko eta lehenetsiko duen horretan.
Bi adibide baizik ez ditugu hemen emanen: Donostiako irakasle eskolarena eta Itzulpengintza eta interpretazioa lizentziarena. Lehenak ikasgai bakarra eskaintzen du, Hizkuntza eta Literatura eta beren didaktika izenekoa Atzerriko hezkuntza eta Hezkuntza berezia espezialitateetarako, Haur literatura izenekoa haur hezkuntzarako, eta Haur eta gazte literatura, berriz, lehen hezkuntzarako. Ikasgaiaren erdia Curriculumaren berri emateari eskaintzen zaio, eta beste erdia, berriz, literaturari berari, kasurik hoberenean. Bestetik, itzulpengintza eta interpretazioa lizentziatik ateratzen diren ikasleen erdiak baino gehiagok irakaskuntza du helburu, hizkuntzen irakaskuntza, bereziki. Orain arte, lizentzian ikasgai bakarra zegoen literaturarekin zerikusia zuena, Itzulpen espezializatua IV: itzulpen literarioa. 4,5 kredituko ikasgai horretan, jakina, itzuli egiten zen, eta balio literarioen ingurukorik ez genuen landu. Orain, graduaren kontuarekin, badirudi hutsune hori bete nahian sortu dutela «Literaturaren teoria» ikasgaia; sarean oraindik «ez dago atal honi buruzko informaziorik». Ezin jakin, beraz, hutsunea benetan betetzera datorren.
Azkenik, hasieran aipaturiko iritzi horietakoren batean berriz ere iruditu zait itzulpenekiko erreparoaren kutsua sumatzea; ez omen dira «geure». Ados, gazte batzuek eskolan baizik ez dute euskaraz sortutako literatura ezagutzeko eta eskuratzeko aukera izanen, eta argi dago eskaini behar zaiela. Alta, bai Curriculumak ezartzen dituen helburu gehienetarako bai helburu literarioaz eztabaidatzeko (batez ere horretarako) zergatik ez dira erabilgarriak euskarara ekarritako obrak? Iruditzen zait berriz ere «geurearen» salbazioa eta adorazioa jartzen ari garela beste ezeren gainetik, literaturaren irakaskuntzaren gainetik, kasu honetan. Hainbat jarrera eta pentsamendu desikasi beharko genituzke deus irakasten hasi aurretik.
maiatza 19, 2013 @ Garazi