Babestu aditzaren interpretazioak edo lehia askearen absurdoaz

maiatza 19, 2014 @


tarifak

Irakurle askok honezkero jakinen duzuenez, Lehiaren Euskal Kontseiluak zehapen-espedientea ebatzi du EIZIEren kontra, elkarteak webgunean zituen erreferentziazko tarifa batzuen ondorioz, eta, horiek kentzeko aginduarekin aski ez eta 8.000 euroko isuna ezarri dio Lehiaren Defentsaren arau-hauste batengatik. Tarifak inkesta baten ondorio ziren, eta ez zuten inor behartzen, baina argibide ziren itzultzaile-interpreteentzat nahiz zerbitzu hori kontratatu nahi zuen edonorentzat. Webguneko atalik bisitatuena zen. Zehapenak kalte ekonomiko handia egin dio Elkarteari, baina baita lan handia ekarri ere, bereziki bulegoan dauden langileei, ebazpenak agindutakoa betetzen zutela zehatz-mehatz justifikatu behar izan baitute. Ez gara auzia azaltzen saiatuko, ongi baino hobeki azaltzen baitu Elkarteko zuzendaritza taldeak gaur bertan argitaratutako adierazpenean. Elearaziko kideok bat egiten dugu adierazpenean esaten direnekin, eta horregatik jarri dugu osorik azpian. Ebazpena EIZIEren webgunean irakur dezake interesa duenak. Esan behar dugu bazkide guztiei bidaltzeko agintzen duela Lehiaren Euskal Kontseiluak, eta ebazpenean bertan agertzen direla zabaldu behar ez diren tarifak, 6. eta 7. orrialdeetan; beraz, oraindik ere ikusgai daude…

Esan dugu ez garela luzatuko, baina galdera ez ordenatu eta ez argudiatu batzuk eginen ditugu, malaletxea askatzeko bada ere: noren onurarako da itzultzaile-interpreteentzako soldata duina agertzen dituzten erreferentziazko tarifak kentzea? Ez zuten aski kentzeko agintzearekin? Ez zaie diru-iturri hoberik bururatu? Erreferentziarik gabe eta merkatua ezagututa, nola izanen da itzultzaile-interpretea ebazpenean aipatzen den “lehia askearen sisteman eragile beregain”? Noretzat da lehia “askea”? Zer edo nor babesten du Eusko Jaurlaritzari atxikitako Lehiaren Euskal Agintaritzak ebazpen horrekin? Itzultzaileen eta interpreteen lan-baldintzak ez, behintzat. 

TARIFEN AUZIA

EIZIEren adierazpena

Duela bi urte arte, itzulpen, zuzenketa eta interpretazio lanetarako batez besteko tarifa batzuk argitaratu zituen EIZIEk bere webgunean. Hori dela eta, 2012an, EIZIEren aurkako espedientea ireki zuen administrazioak. Urte biko tramitazioaren ondoren, Lehiaren Euskal Kontseiluak zehapen-espedientea ebatzi du eta, tarifa argitaratzea debekatzeaz gain, 8.000 euroko isuna ezarri dio Elkarteari Lehiaren Defentsari buruzko 16/1989 Legearen 1.1. artikuluaren arau-hauste bat egiteagatik, hau da, prezioak gomendatu eta adostu nahi izateagatik.

Horren guztiaren aurrean, EIZIEren Zuzendaritza Taldeak hurrengo hauek azaldu nahi ditu:

Luze eztabaida liteke zehapen honen oinarrian dagoen legeaz eta lege horretaz egiten den interpretazioaz, horren arabera bailirudike kontsumitzaile garen heinean omen ditugun eskubideak lehenetsi behar zaizkiela lanbidea baldintza duinetan garatzeko beharko genituzkeen eskubide eta bermeei, baina, horretan sartu gabe, Zuzendaritza Taldea ebazpenean esaten direnetara mugatuko da.

Ebazpenean aipatzen den jurisprudentzia eta Lehiaren Defentsarako Legeak dioena ikusirik, argi ageri da prezioen edozein aipamen jo daitekeela gomendiotzat, erreferentetzat hartuta lehia librea baldintzatu lezakeen heinean, eta, beraz, ez dagoela zer eginik arrazoibide horren kontra. Hala ere, esan beharra dago ildo horretatik joz gero, Europar Batasuna bera osatzen duten zenbait erakunde ere errudun liratekeela; esate baterako, EBko Itzulpenerako Zuzendaritza Nagusia, 2012an bertan argitaratu baitzuen The status of the translation profession in the European Union, non atal oso bat (5.1 atala) eskaintzen baitzaie prezioei eta prezioen arteko konparaketei.

Zuzendaritza Taldeak adierazi nahi du, halaber, ebazpenak ez duela aintzat hartzen EIZIEren tarifetan hitzez hitz esaten zena eta interpretazio errazena zuena: “batez besteko tarifa hauek ez dute inor behartzen, eta ez dute zeresanik itzultzaileek bezeroekin dituzten harreman komertzialetan“. Hain interpretazio argia ez dutenak, berriz, EIZIEren kontra interpretatzen dira salbuespenik gabe; besteak beste, sensu contrario deduzitzen dena lehenesten du, argi esandakoaren gainetik.

Esate baterako, ebazpenak frogatutzat ematen dituenen artean, 13. Puntuan esaten da “webean argitaratutako taulak agindu moduan emanda” daudela, baina taulak jatorrizkoan –hots, euskaraz– irakurriz gero, hain zuzen kontrakoa ikusten da, ez daudela agindu gisa emanak, deskribapen gisa baizik, inkesta baten ondorioei dagokien bezala. Gaztelaniazko bertsioa irakurriz gero, bai, interpreta daiteke agindu gisa, eta horixe egiten du hain zuzen ere Lehiaren Euskal Agintaritzak, hots, EIZIErentzat kaltegarrien dena interpretatzen du, beste formulazioa existitu ere egingo ez balitz bezala.

Tarifak argitaratzea bezero eta erabiltzaileen askatasunaren kontra jokatzea dela dio ebazpenak, baina, de facto, itzultzailearen bezero edo kontratatzaileak gehienetan Administrazioa, argitaletxeak, itzulpen-agentziak izanik, hark ez du aukerarik izaten bere prezioak proposatzeko ere; lana baldintza horietan onartu ala ez, gehienetan ez du beste aukerarik. Horrenbestez, ezinezkoa da itzultzailearentzat Lehiaren Defentsarako Legeak dioena betetzea: ezin du “lehia askearen sistema batean eragile beregain” gisa jokatu, eta ezin ditu “prezioei buruzko erabakiak era aske eta indibidualean hartu”.

Elkarteari leporatzen zaion arau-haustea dela eta, ebazpenak dio ezin izan dela frogatu EIZIEren argitalpen horrek merkatuan eragina izan duenik; izan ere, argitaletxeetan inork ez zituen kontuan hartu, eta ez da pertsona bat bera ere topatu tarifa horiek aplikatu zituela esaten duenik. Onartzen du, halaber, EIZIEk ez zuela legea hausteko borondaterik, “zabarkeriaz” edo jokatu zuela, eta ez zuela atera inolako diru-etekinik.

Aringarri horiek kontuan hartuta ere, Lehiaren Euskal Agintaritzak proportzionala deritzo 8.000€ko isunari. Gurea bezalako elkarte batentzat, ordea, eragin handia du halako zigor batek. Elkarteak jasotzen dituen diru-sarreretatik, bazkideen kuotak baino ezin ditu erabili isuna ordaintzeko, besteak proiektu jakin batzuk burutzearen truke jasotzen baititu. Hain zuzen ere, azken urteotako martxa dela-eta, zenbait murrizketa eta egokitzapen egin behar izan ditu bere jardunbidean.

Isuna gora-behera, Zuzendaritza Taldeak gogorarazi nahi du EIZIEren estatutuetan honako bi helburu hauek ageri direla:

-Euskal itzultzaileen, zuzentzaileen zein interpreteen babes juridikoa lortzea eta lan-baldintzak hobetzea.

-Euskal itzultzaileen, zuzentzaileen zein interpreteen interes ekonomiko eta sozialak babesteko lan egitea.

Erreferentziazko tarifak argitaratzeak, besteak beste, horri erantzun nahi zion, eta, beraz, EIZIEk, bere eginkizuna bete nahi badu, bilatu beharko du bideren bat itzultzaileen artean pedagogia-lana egin eta oinarrizko auzi honi erantzun bat bilatzen laguntzeko: nola kalkulatu prezio zentzuzko batzuk itzultzailea bere lanbidetik duin bizi dadin?

Zuzendaritza Taldeak adierazi nahi du ezen, ebazpenarekin ados ez badago ere, EIZIEk isuna ordaintzea eta ebazpenean agintzen zaizkionak betetzea erabaki duela, ikusirik errekurtsoaren bidetik jotzeak berak are gastu handiagoetan sartzea dakarrela eta ez dagoela batere ziurtatuta onuraren bat lortuko denik.

Amaitzeko, EIZIEk eskerrak eman nahi dizkie elkartasuna agertu dioten guztiei, elkarte zein norbanako, baita adierazi ere orain artean bezala lanean jarraituko duela, bere ahalen neurrian, euskal itzulpengintzaren eta hori posible egiten duten profesionalen defentsan.

 

Donostian, 2014ko maiatzaren 15ean

Tags:  ,