«Ez dut neure burua ezagutzen. Besteak ezagutzen ditut, ni ezagutzen nautenak» zioen Silvinak. Eta guk ere, nolabait, egin dugu inoiz Silvina ezagutzen zuten batzuen ezagutza, Victoria Ocamporen ahizpa zelako, Adolfo Bioy Casaresen emaztea, eta Italo Calvino, Jorge Luis Borges eta Julio Cortazarren adiskidea. Haien idatzietatik edan ditugu autore horiek guztiak, eta, beraz, nahigabe eta oharkabean jaso dugu besteen hitzetatik Silvinaren zerbait.
Buenos Airesen sortu zen Silvina Inocencia Ocampo Aguirre, 1903an, sei ahizpetatik txikiena. Parisen marrazketa ikasketak egin zituen, baina Victoria ahizpak Sur aldizkaria sortu zuelako edo, literaturara aldatu zen gaztetik. Imajinazio iturri agortezina eta hizkuntzaren erabilera landu bezain trebea aitortu zioten hasieratik. Viaje olvidado (1937) ipuin-liburua izan zen argitaratutako lehen obra, baina autoreak berak behin baino gehiagotan gaitzetsi izan zuen. Horregatik, beharbada, kaleratu zuen hurrengo liburua poesia-bilduma bat izan zen, Enumeración de la patria, bost urte geroago. Horien ondotik hamaika gehiago.
Adituek diotenez, hasierako idatzietan Lewis Carrol eta Katherine Mansfielden surrealismo eta zentzugabekeriaren kutsua suma daiteke. Umore beltza, ironia, fantasia eta umeen gaiztakeria inuzentea lotu zitzaien gerora haren lanei. Irakurlea ezustean harrapatzen duen zitalkeria egozten diete, ipuinei batez ere. Izan ere, poemek eta ipuinek egin zuten ezagun, baina nobelak ere idatzi zituen, baita antzezlan bat ere. Ingelesetik eta frantsesetik itzuli zuen, eta bere obrak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte. Film bat baino gehiago egin dute haren idatzietan oinarrituta, eta ikerketa-lan ugarik aztertu dute haren obra. 1993an hil zen sorterrian, gaixotasun luze baten ondoren.
Gaurkoan “Mimoso” ipuina dakarkizuegu. Jakin badakigu ez dela autorearen onena, baina haren mundu literarioari atea zabaltzeko modua bada. La furia y otros cuentos bilduman kaleratu zuen ipuina Sur etxeak, 1959an. Aurrez, ordea, Adolfo Bioy Casaresen eta Jorge Luis Borgesekin batera, Ocampok Antología de la literatura fantástica (1940) atondu zuen, generoaren giltzarri bihurtuko zena. Antologia horretan ere kaleratu zezakeen gaurko ipuin hau, kronologikoki ezinezkoa izan ez balitz. Urte berean aurkeztu zuten hiru autoreek Antología poética argentina. Hil eta urte gutxira bi liburutan kaleratu zituzten Silvina Ocampok bizitza osoan idatzitako ipuinak; zorionez, sarean dituzue biak (Cuentos completos I eta II). On egin!
Mimoso
Mimosok bost egun zeramatzan hilzorian. Koilaratxo batekin esnea ematen zion Mercedesek, zukua eta tea. Mercedesek baltsamatzailea deitu zuen, zakurraren neurriak eman zizkion eta prezioaz galdetu zuen. Baltsamatzea ia hilabeteko soldata kostatuko zitzaien. Telefonoa eskegi eta berehala eramatea erabaki zuen, gehiegi ez hondatzeko. Ispiluan bere burua begiratu, eta negarrak begiak nabarmen hanpatu zizkiola ikusi zuen, eta Mimoso hil arte zain egotea erabaki zuen. Kerosenozko berogailuaren ondoan, platertxo bat jarri eta koilaratxoaz esnea eman zion berriz zakurrari. Ez zuen ahoa zabaltzen, eta esnea lurrean zabaldu zen. Zortzietan senarra iritsi zen, elkarrekin egin zuten negar eta baltsamatzean pentsatzen arindu zuten bihotza. Zakurra gelaren sarreran irudikatu zuten, beirazko begiekin, etxea sinbolikoki zaintzen.
Hurrengo goizean Mercedesek poltsa baten barruan sartu zuen zakurra. Ez zegoen hilda, beharbada. Zaku-oihal eta egunkari paperarekin fardel bat egin zuen, autobusean inoren arreta ez deitzeko, eta baltsamatzailearen etxera eraman zuen. Dendaren erakusleihoan txori asko ikusi zituen, baltsamatutako tximinoak eta sugegorriak. Itxaron behar izan zuen. Gizona alkandora-mahukan agertu zen, zigarreta toskanar bat erretzen. Fardela hartu, eta hala esan zuen:
—Zakurra ekarri didazu. Nola nahi duzu? –bazirudien Mercedesek ez zuela ulertzen.
Gizonak marrazkiz beteriko album bat ekarri zuen.
—Zer nahi duzu, eserita, etzanda edo zutik? Egurrezko euskarri beltz baten gainean edo zuriz pintatuta? Nola nahi duzu?
Mercedesek begiratu zuen, deus ikusi gabe:
—Eserita, hankatxoak gurutzaturik.
—Hankatxoak gurutzaturik? –errepikatu zuen gizonak, gustatuko ez balitzaio bezala.
—Zuk nahi duzun moduan –esan zuen Mercedesek lotsatuta.
Beroa ari zuen, bero itogarria. Mercedesek jaka kendu zuen.
—Ea, ba, animalia –esan zuen gizonak, eta fardela zabaldu zuen. Mimoso atzeko hanketatik hartu, eta hizketan jarraitu zuen–. Ez dago jabea bezain gizentxo –eta barre algara bat egin zuen. Goitik behera begiratu zuen, eta emakumeak begirada makurtu zuen, eta bularrak ikusi zituen jertse estuegiaren azpian–. Prest ikusten duzunean jateko gogoa izanen duzu.
Bortizki, Mercedes berokiarekin estali zuen gorputza. Antxume-larruzko eskularru beltzak bihurritu eta hala esan zuen, gizonari zaplazteko bat emateko edo zakurra kentzeko gogo biziari eusteko ahaleginean:
—Hori bezalako egurrezko euskarria nahi dut –uso mezulari baten oinarrian zegoena erakutsi zion.
—Ikusten dut, bai, andreak gustu ona duela –esan zuen ahopeka gizonak–. Eta zerezkoak nahi dituzu begiak? Beirazkoak garestixeagoak izanen dira.
—Beirazkoak nahi ditut –erantzun zuen Mercedesek, eskularruei hozka egiten ziela.
—Berdeak, urdinak edo horiak?
—Horiak –esan zuen Mercedesek oldarrez–. Pinpilinpauxak bezalako begi horiak zituen.
—Pinpilinpauxei begiak ikusi dizkiezu, ala?
—Hegoak bezalakoak –kexatu zen Mercedes–, pinpilinpauxen hegoak bezalakoak.
—Esaten nuen ba nik! Aurrez ordaindu beharko duzu –esan zuen gizonak.
—Badakit –erantzun zuen Mercedesek–, telefonoz esan zenidan –diru-zorroa hartu, eta billeteak atera zituen; zenbatu, eta mahai gainean utzi zituen. Gizonak ordainagiria eman zion–. Noiz etor naiteke bila? –galdetu zuen, ordainagiria zorroan gordetzeaz batera.
—Ez da beharrezkoa. Neuk eramanen dizut datorren hileko hogeian.
—Senarrarekin etorriko naiz bila –erantzun zuen Mercedesek, eta lasterka atera zen handik.
Mercedesen lagunek zakurra hil zela entzun zutenean, gorpuarekin zer egin zuten jakin nahi izan zuten. Mercedesek erantzun zien baltsamatzera eraman zutela, eta inork ez zion sinetsi. Askok barre ere egin zuen. Erabaki zuen hobe zela hor nonbait bota zutela esatea. Ehunarekin eskuan, Penelope bezala, ehuntzen egoten zen zain, baltsamatutako zakurra noiz etorriko. Baina zakurra ez zen iristen. Mercedesek negar egiten zuen oraindik ere, eta zapi loredunarekin lehortzen zituen malkoak.
Adostutako egunean Mercedesek telefono dei bat jaso zuen: zakurra baltsamatuta zegoen, bila joan besterik ez zuten. Gizonak ezin zuen hain urrun joan. Mercedes eta senarra zakurraren bila joan ziren taximetro batean.
—A zer-nolako gastua izan den zakur hau –esan zuen Mercedesen senarrak, taximetroan, gora ari ziren zenbakiei begira.
—Ume bat ez zitekeen hainbesteko gastua izanen –esan zuen Mercedesek, eta poltsikotik zapia atera zuen, malkoak xukatzeko.
—Tira, aski da; nahikoa negar egin duzu.
Baltsamatzailearen etxean zain egon behar izan zuten. Mercedesek ez zuen hitz egiten, baina senarrak adi-adi begiratzen zion.
—Jendeak ez zaitu erotzat hartuko? –esan zuen senarrak irribarrez.
—Haientzat kalte –esan zuen Mercedesek sutsuki–. Ez dute bihotzik, eta bizitza arras tristea da bihotzik ez dutenentzako. Ez ditu inork maite.
—Emakumea, arrazoi duzu.
Baltsamatzaileak ia goizegi ekarri zuen zakurra. Ilun bernizatutako egur-oin baten gainean, erdi eserita, beirazko begiekin eta muturra bernizatuta Mimoso zegoen. Sekula baino sasoikoagoa zirudien; potolo zegoen, ongi orraztuta eta distiratsu; hizketan hastea besterik ez zitzaion falta. Mercedesek esku dardaratsuekin laztandu zuen; malkoek jauzi egin zuten haren begietatik, eta zakurraren buruan erori ziren.
—Ez busti –esan zuen baltsamatzaileak–. Eta garbitu eskua.
—Hizketan hastea bakarrik falta zaio –esan zuen Mercedesen senarrak–. Nola egiten dituzu halako mirariak?
—Pozoiekin, jauna. Lan osoa pozoiekin egiten dut, eskularruekin eta betaurrekoekin, bestela, intoxikatuko nintzake. Sistema pertsonala da. Etxean ez duzue umerik?
—Ez.
—Guretzat arriskutsua izan daiteke? –galdetu zuen Mercedesek.
—Jan ezkero, bakarrik –erantzun zuen gizonak.
—Bildu behar dugu –esan zuen Mercedesek, malkoak xukatu ondoren.
Baltsamatzaileak egunkari paperean bildu zuen animalia, eta Mercedesen senarrari eman zion fardela. Kontent atera ziren. Bidean, Mimoso non jarriko zuten mintzatu ziren. Etxeko sarrera aukeratu zuten, hor itxaroten baitzituen Mimosok, telefonoaren mahaitxoaren ondoan, haiek kalera ateratzen zirenean.
Baltsamatzailearen lana aztertu ondoren, etxean, hautatutako lekuan jarri zuten zakurra. Mercedes haren aurrean eseri zen, arretaz begiratzeko: zakur hil horrek zakur biziak berak bezala lagunduko zion, lapurrengandik eta bakardadetik babestuko zuen. Hatz puntez laztandu zion burua, eta senarrak begiratzen ez ziola uste izan zuenean, musu azkar bat eman zion.
—Zer esanen dute zure lagunek, hau ikusten dutenean? –galdetu zuen senarrak–. Zer esanen du Merluchi etxeko kontulariak?
—Afaltzera datozenean armairuan gordeko dut, edo bigarren solairuko andreak oparitu didala esanen diet.
—Andreari esan beharko diozu.
—Hala eginen dut –esan zuen Mercedesek.
Gau hartan ardo berezi bat edan zuten, eta ohi baino beranduago oheratu ziren.
Bigarren solairuko andreak irribarre egin zuen Mercedesen eskaria entzutean. Munduaren maltzurkeria ulertu zuen: jendeak zoratuta dagoela pentsatu gabe emakume batek zakurra ezin baltsamatzea ere.
Mercedes zoriontsuagoa zen zakurra baltsamatuta zegoela zakurra bizirik egonda baino; ez zion jaten ematen, ez zuen pixa egin zezan kalera atera behar, ez zuen bainatu behar, ez zuen etxea zikintzen ezta lanpasa hozkatzen ere. Baina zoriontasunak ez du asko irauten. Anonimo baten bidez iritsi zen madarikazioa etxe hartara. Marrazki lizun batek janzten zituen hitzak. Mercedesen senarra haserre bizian jarri zen: suak gutxiago erretzen zuen sukaldean haren bihotzean baino. Zakurra belaunen gainean hartu, adar lehor bat balitz bezala hainbat zatitan txikitu, eta zabalik zegoen labera bota zuen.
—Egia edo gezurra den, horrek ez du axola, esan esaten dutela baizik.
—Ez didazu galaraziko berarekin amets egitea! –oihukatu zuen Mercedesek, eta ohe gainean etzan zen–. Badakit nor den anonimoak egiten dituen gizon krudela. Kontulari ziztrin hori da. Ez da etxe honetan berriz sartuko.
—Sartuko da, bai. Afaltzera dator gaur gauean.
—Gaur gauean? –esan zuen Mercedesek. Ohetik jaiki zen eta sukaldera joan zen korrika, afaria egitera, ezpainetan irribarrea zuela. Zakurraren ondoan jarri zuen erretzeko haragia, labean.
Ohi baino lehenago prestatu zuen afaria.
—Larruarekin erretako haragia dugu –iragarri zuen Mercedesek.
Agurtu aurretik, ate ondoan, gonbidatuak eskuak igurtzi zituen labetik zetorren usaina aditzean. Ondoren, zerbitzatu bitartean, hala esan zuen:
—Animalia hauek baltsamatuta dirudite –miresmenez begiratu zien zakurraren begiei.
—Esan didate Txinan –esan zuen Mercedesek– zakurrak jan egiten dituztela; egia izanen da ala ziri hutsa?
—Ez dakit. Nolanahi ere, nik ez nuke halakorik eginen.
—Ez esan inoiz “zakur honetatik ez dut janen” –erantzun zuen Mercedesek, irribarre adeitsu batez.
—Ez esan inoiz inoiz ez –zuzendu zion senarrak.
Gonbidatuari harrigarria iruditu zitzaion zer etorriaz mintzo zen Mercedes zakurrei buruz.
—Ile-apaintzaileari deitu beharko diogu –esan zuen gonbidatuak, larrudun haragiak ile batzuk zituela ikustean, eta, algaraka, hala galdetu zuen barre kutsakor batez–: Larrudun haragia saltsarekin jaten da?
—Berrikuntza bat da –erantzun zuen Mercedesek.
Gonbidatuak azpiletik platerera zerbitzatu zuen, saltsan bustitako larru zati bat zupatu, hozka egin, eta zerraldo erori zen.
—Mimosok oraindik ere badaki bere burua defendatzen –esan zuen Mercedesek, platerak bildu eta malkoak xukatu bitartean, negar egiten baitzuen barrez.
Furyak
2014-06-11
Itzela! Autorearen gainerako ipuinak irakurtzeko gogoa sartu zait. Azken aldian zuen blogaren haria galdurik izan dut, baina berreskuratu behar dut ohitura hau, on egiten didala onartu behar.
Eskumuinak bioi!