(Irudia: Kein Mensch ist illegal grafitia Hamburgoko kaleetan, ez dago pertsona ilegalik)
Hilabete honetan ikus-entzunezko bat prestatu beharrean, poema bat aukeratu dut zuentzako. Poema gordina, erreala, kaleko poema. Ekainaren 14 gauean ezezagun batek Bremeneko kaleak Din A4 tamainako folio zuriekin bete zituen. Folio hartan ez zegoen irudirik, edo kontzertu baterako deialdirik, edota udaletxearen propagandarik. Word dokumentu xume eta motz bat zen, poema bat. Autoreak Oburoni izenaz sinatu zuen dokumentua, nik poeta famaturen baten hitzak zirela pentsatu nuen, baina etxera heldu eta hitzok ordenagailuan bilatu nituenean sorpresa hartu nuen. Oburonik atzerritar esan nahi du Ghanako Akan komunitatearen hizkuntzan. Hitzaren esanahia “zerumugatik harago dagoen pertsona” da literalki. Hitz polita eta “atzerritarra” den pertsona izendatzeko kontzeptu bitxia. Muga eta atzerritarra hitzen kontzeptuak zalantzan jartzen ditu nolabait, zein da atzerritarra? non gara atzerritar? non dago atzerritar izatearen muga? eta zeinek markatzen du muga hori? ez al gara finean denok apur bat atzerritar? Eztabaidarako gai polita da, eta beti bezala, pozik hartuko ditugu zuen iritzi edota iruzkinak!
Bitartean nik poemarekin utziko zaituztet. Poemaren amaieran jatorrizko testua topatuko duzue ere (alemanez). On egin!
zuretzat
Zu eta ni bizi garen mundu batean
Biak gara horren antzekoak eta horren ezberdinak
Mundu batean zu eta ni bizi gara
Biak horren antzekoak eta aldi berean konpara ezinak
Zure jatorrizko mundua,
Itxurek engainatua
Zure jatorrizko munduak
Txiki egiten ditu besteak
Gizakiaren baliorik ez, azala, izatea
-
Pentsa ezazu, gizon handia
zein handia zaren
eta zein txikia zaren beste nonbait
beste batzuen begien pean, itxurak gordetzen dituzte
Pentsa ezazu, gizon handia, biluzik denok gara berdinak
Gauero ohera zoazenean
zure azal zuriaren distira
Egunero komunera zoazenean
Zure kakak aberats usaia du
Pentsa ezazu, gizon zuria
Guztion kakak usai bera du
- Oburoni
Jatorrizko testua hementxe daukazue PDF formatuan: Oburoni – für dich
Gure etxeko sarrera poema itsatsi zuten egunean.
ekaina 23, 2014 @ Galder