(Irudia: hemen)
Sarrera eta itzulpena: Txerra Rodriguez
Xurxo Borrazas galiziarra Carballoko idazlea dugu, nik han ezagutu nuen, Vigon bizi den arren. Bere jaioterrian urtero antolatzen da Festa da Lingua izeneko jaialdia. 2011n bera izan zen pregoilari eta honako testu hau ondu zuen. Carballon abuztu akabuan egiten da liburu azoka, eta horren aitzakian liburutxo kolektibo bat atera berri du. Aurten azokan saldu dituzten liburuen ia %70 galizieraz izan da. Horrek nire buruan Xurxoren testuarekin egin zuen topo eta euskarara ekartzea erabaki nuen ti-ta. Borrazas Carballokoa izanik, aitzakia polita iruditu zitzaidan itzulpena egiteko.
Lehendabizikoz euskaraz, bada, Xurxo Borrazasen testu bat:
NAHIAGO DUDAN HIZKUNTZA
Ez dugu nahi hizkuntza gorenik, herrikoia nahiago. Ez dugu nahi hizkuntza ospatzea, hitz egitea baizik. Ez dugu nahi adeitsua, lotsagabea baizik. Ez dugu nahi hizkuntza ederrik, hizkuntza erabilgarria baizik…
…Ez dugu nahi idazleen hizkuntza, mekanikari, tabernari, dendari, mediku, epaile edo arrantzaleena nahiago, kazetari, musikari, igeltsero, trabesti, futbolari, taxilari edo laborarien hizkuntza. Ez dugu nahi irakasleen hizkuntza, ikasleena baizik. Ez dugu nahi fokupeko hizkuntzarik, gardena nahiago. Ez dugu nahi historia duen hizkuntza, geroa duena baizik. Ez dugu nahi hizkuntza errituala, ez birtuala ez ideala, erreala baizik. Ez dugu nahi hizkuntza gozo, azukreduna, dena ondo adituko duena, gatza eta piperra duena baizik. Ez dugu nahi letretako hizkuntza, nahiago zientziatakoa. Ez dugu nahi izpirituen hizkuntza, gorputzena baizik. Ez dugu nahi erotismoz beteriko hizkuntza, sexuz beterikoa baizik. Ez dugu nahi frantses lorategiko hizkuntza, nahiago basokoa. Ez dugu nahi folk hizkuntza, nahiago punk-a. Ez dugu nahi hizkuntza garbia, askoz nahiago zikina, potxingo guztietan plisti-plasta arituko dena. Ez dugu nahi hizkuntza domestikoa, kalean arituko dena nahiago. Atera hizkuntza hori kalera! Ez dugu nahi jesarrita dagoen hizkuntza, dantzan egiten duena baizik. Ez dugu nahi egurrezko hizkuntza, nahiago elektrikoa.
Ez dugu nahi erdi-hizkuntza, nahiago osoa. Ez dugu nahi gure hizkuntza, guztien hizkuntza baizik. Ez dugu nahi isilka-misilka arituko den hizkuntza, oihuka eta irrintziz betetakoa baizik.
Ez dugu nahi igandeetako hizkuntza, egunerokoa baizik. Ez dugu jaso nahi, eman nahi dugu. Ez dugu nahi zentzuduna eta bertutetsua, parrandatsua baizik. Ez dugu nahi liburuetan, nahiago kontratuetan. Ez dugu nahi naturako hizkuntza, nahiago fabriketakoa. Ez dugu nahi diplomarik, nahiago podiuma. Ez dugu nahi txakurrik, behiak baizik. Nahi dugu eskalatzailea, txirrindularia, surflaria, suziri-jaurtitzailea, alproja. Ez dugu nahi hizkuntza santurik, jatuna baizik.
Ez dugu nahi salbuespena, araua baizik. Edo, zer demontre, nahiago arau-haustea. Festakoa nahi dugu, ez ospakizunekoa, parrandazalea baizik. Ez dugu nahi handia, gurea baizik. Ez dugu nahi ama, laguna baizik. Edo, bestela, etsaia, baina beti parean, ihes egiteko pronto. Ingelesez eta berdean nahi dugu. Gure arerioen ahotan nahi dugu. Ahozikin nahi dugu, errusiar mendi. Google-n eta yahoo-n nahi dugu. Messi hizkuntza nahi dugu, Pelé hizkuntza. Ez dugu nahi hizkuntza geldirik, ez geldorik. Martxan nahi dugu, eskutik eskura eta ahotik belarrira, natural-natural. Hotelean gosaltzeko hizkuntza nahi dugu, buffet askea, erabateko lasaitasuna. Mila udaberri gehiago nahi ditugu, mila mahats-bilketa, mila elurte eta mila uda hondartzan eguzkipean.
Martxan nahi dugu, ezer ez dugu maite. Dena nahi dugu.
iraila 10, 2014 @ elearazleak