Atarikoa

iraila 29, 2014 @


Vivian-MAier-The-Nanny-Secret_Mill-81

Irudia: Vivian Maier

Artikulu hau Argia aldizkariko Zirtak sailean argitaratu nuen estreina, irailaren 14ko alean.

Atarikoa

Selfie dei niezaioke halaber estreinako zirtako honi, hitz horrek eraman ninduen-eta bestela gogoan solte eta konpromisorik gabe zebilzkidan zenbait ideia, erreferentzia eta burutazio teilatu kontzeptual beraren pean ohaidetzera. Azkenean, dena dela, erabaki nuen ezetz, ez bainuen neure burua katramilatu nahi, noizean behin kaiolatik kanpo aske uzten dudan piztia puretaren kezkekin (soilik zeharka aipatzea da niretzat ez katramilatzea): matrakari ekin beharko nioke euskarazko baliokide bat topatzeko? Bortxatuegia, akaso? Baina ez al da gehiena artifiziala? Bestetik, selfie fenomenoa ez ote doa harago; jendeak ez ote du selfiea horren grinatsu onartu ez ezik besarkatu errepresentatzen duelako Ellen DeGeneresek Oscarren sari-banaketan egin zuena, beste hagin zuridun horiekin denekin? Izan ere, ez al ziren protoselfieak ere komun domestikoetan mugikorra ikusgai egiten zituzten haiek, hainbeste deabrutu ditugun txoniek? Eta zergatik sortu dute ingeles hiztunek usfie bezalako munstro bat, eurengan nuen fede linguistikoari traizio eginez?

Selfieak nire bizitzan agertu zirentsuan topatu nuen Jo Spence argazkilari ingelesa, Sant Jordi garaitsuan izan zen eta salmenta (prezioetan herrikoi) bat egin zuten Macba museoko dendan. Iaz aholku baliagarriren bat eman zidaten hiruzpalau irakasleen arteko sinpatikoenak esana bueltaka nerabilen kaskoan: irakur genitzala gure bidera ateratako liburu estrainioenak. Horrela eraman nuen Spencei buruzkoa poltsan. Portadan artista bera azaltzen da, begirada deskribatzeko nahiko zail batekin, etsipenaren eta duintasunaren artean kokatuko nuke nik; ilea atzean lotuta, izara moduko batekin jantzita dutxa ostean toallak gorputzari atontzen dizkiogun gisan, bularren bueltan eta goialdea biluzik; ezker lepauztaiaren azpian X bat errotulagailu beltzez. 

Macban egin zuten erakusketa bateko katalogo nahiko osotua da, Jorge Ribalta kuradorearen hitzaurrexkarekin. 60-70-80 hamarkadetako argazkigintza postmodernoaren mugimenduan sartzen du Ribaltak Spence, errepresentazio zapaltzailearen gatazkaz eta ondorioz auto-errepresentazioaren aldeko hautuaz esaten dituenak interesatu zitzaizkidan gehien. Alegia, (motzean eta kimatuta) Spence deseroso sentiarazten zuela erretratugilearen (subjektu) eta erretratatuaren (objektu) arteko jauziak; langileei buruzko dokumentalen filmaketa moduek, kasu, ez ote zituzten, hain justu, salatu nahi zituzten desorekak erreproduzitzen? Spencek erabaki zuen kameraren aurrean eta atzean egotea, bere errepresentazioaren jabe izatea. 

Adibideak ez dira gutxi (sorkuntzarako nork bere burua erabiltzea da hemen lotura, azken buruan), argazkilarien artean Cindy Sherman, Claude Cahun,  baita Vivian Maier ere aipa litezke; filosofoei helduta nahiko zabaldua dago Sigmund Freuden zenbait ideiak Sigmund txikia bera esplikatzen dutela orobat; performance-egileekin oso ukigarriki ikus dezakegu Regina José Galindo hozkailuan edo Itziar Okariz publikoki txiza egiten. Eta, noski, artisten artean Frida Kahlo auto-erretratuen erreginetako batek esan omen zuen bere burua margotzen zuela etengabe horixe zelako hobetoen ezagutzen zuen gauza.

Ni-ismoa hartzen dugu ahotan ñabardura negatiboz tantaka, besteenganako interes faltaren adierazgarri bailitzan, baina norberarenetik kritikoki abiatzea ez ote da besteak modu eurentzat alienantean ez eraikitzeko (alegia, Bestea ez eraikitzeko) alternatiba egingarrietarik bat?

Tags: