Irudia: Aurtengo gonbidatuetako bat, John Malkovich, Marylin berdearena egiten
Hiria lepoko akreditazioek eta “la bolsa o la vida” oihalezko poltsek hartu zuten hartan, neuk ere ikusi nituen zenbait film eta aditu mintzaldiren bat, jarraian botako dut aipagarriena iruditu zaidana gehi aletuko ditut kasu batean izan ezik nahiko kasualitatez hautatutako filmen arteko parekotasunak. Bihoazkie, bide batez, hemendik eskerrak sarrerak lortu zizkidatenei eta mintzaldiaren antolatzaileei.
Zinema eta narrazioa: Almandoz, Fresneda eta Jimenez
UPV/EHUk antolatutako ziklo zabalagoaren barruan eta Antonio Casadok gidatuta hitz egin zuten hor goiko hiruek zinemaldi bezperatan, zinemaz eta narrazioaz. Aurkezpenarekin sobera luzatu gabe, zinemagile eta kazetaria dugu Koldo Almandoz; Lars von Trierri buruzko tesia egina, unibertsitateko irakaslea eta prentsan kolaboratzaile ohikoa Iratxe Fresneda; idazlea, kazetaria eta hainbat ikus-entzunezko saiotan jardundakoa Irati Jimenez.
Lehen zinemaldia
Motorrak berotzea apur bat kostatu arren amu polit batekin ekin zioten hiru hizlariek zinema eta narrazioarekikoak xehatzeari, ea zein zuten Zinemaldiko lehenbiziko oroitzapena, horixe izan zen Casadok botatako galdera. Jimenez aitarekin sarritan joan omen zen jaialdira txikia zenean, hala ere, behialako tarantinozaleei hortzak zorrozteko moduko akordu bat ezarri zuen mugarri gogoangarri gisa: Cannesen aurkeztu eta arrakastaren aparretan goxo ibili ostean Donostiara ekarri zuen zuzendari estatubatuarrak Pulp Fiction, eta Jimenez bertan izan zen, pantaila handian gozatu zuen derrigor barre eginarazten duten txisteez, oihaneko boogieaz, adrenalina-txertoez eta Tarantinoren beraren hitz-hartze ero eta neurotikoaz. Fresnedak, ostera, hazi zen herri txikian zinemarik ez zuela-eta, heldutan izan zuen zinemaldiarekin lehen kontaktua, eta ez nolanahikoa, akreditazio bedeinkatuarekin hamaika film ikusteko aukera izan baitzuen, gainera, hasiberriaren ajeak-edo, ez zuen ezer idatzi/iruzkindu akreditazioa eman zion hedabidean. Almandozek, bukatzeko, kutsu (nolabait esatearren) soziologikoagodun oroitzapen bat aipatu zuen: anaiak eta berak aitona-amonen etxean denbora erruz pasatzen zuten txikiak zirenean eta, garaian, jantziekin eta dotoreziarekin lotzen zuten zinemaldia; amonak esaten baitzuen bazetorrela jaialdiaren gainbehera, jendea jeansekin joaten hasia zenez estreinaldietara.
Baltsamoak
Ohi bezala, definiziotik bertatik hasten dira arazoak, zer ote den narrazioa. Casadok Gregory Currie filosofoaren hitzak hartu zituen abiapuntu gisa: “We may think of a narrative as a door-way into the world of its story”. Emozioetan eragiteko gaitasuna ere atera zen plazara. Jimenezek horixe berretsi zuen telesail bateko anekdotarekin. Northern Exposure-eko (Espainian “Doctor en Alaska” eta Frantzian “Bienvenue en Alaska” gisa aurkeztua) kapitulu batean, xaman indiarra hirira hurbildu eta ekiten dio gizon zuriaren narrazio sendagarriak bilatzeari, euren jakintzan gaitz bakoitzak baduelako sendatzen laguntzen dion kontakizun bat. Bila eta bila ez du gisakorik aurkitzen… zinema-areto batera iritsi arte. Bertan ondorioztatzen du filmak direla gizon zuriaren baltsamo narratiboak. Horregatik eskatzen dituzte umeek oraindik ere, lotarakoan, ipuinak.
Telesailak
Bistan denez, luze gabe agertu ziren azken urteotan ikus-entzunezkoen bandera ontzi dei genitzakeenak. Almandozek, moda-kontua den ala ez den epaitu bainoago, azpimarratu nahi izan zuen aisiadi-eredu baten ikur ere badirela telesailok eta kontserbadore iritzi zien, zuzeneko kontzertu edo antzerkiaren aldean, ikus-entzuleok ez baitugu ia esfortzurik egin behar, are, sarritan ia eremita bilakatzen gara True Detective-i ez bada, House of Cards-i katigatuta. Hari horri tiraka, produktu hilak, hilkutxak direla telesailak esan zuen Almandozek, eta kontuan izan beharko genukeela nola erabiltzen dituzten masa-komunikabideek.
Adikzio hitza aipatuta, Fresnedak zehaztu zuen, hain zuzen ere, hor nabaritzen dela istorioen beharrezkotasuna; telesailen kasuan, adibidez, pertsonaien ibilbidea jarraitu nahi dugu, zer gertatzen zaien jakin. Jimenezek gehitu zuen telesailetako gidoilarien lana bereziki zaila dela horrexegatik, gainesplotatu behar izaten dituzte narrazio-aukera guztiak, gainera, gehienetan ez dakitelarik telesail bakoitza zenbat luzatuko den, aktore berberek segituko duten eta abar. Ezinezkoa zaie, ondorioz, istorio egitura primitiboari eustea, istorio biribil-biribilak egitea. Alde horretatik, zinemak errazagoa ei du narrazio koherenteago, potenteago eta hunkigarriagoak sortzea.
Lengoaiak
Aspalditik dator galdera/kezka/gaia, literatura eta zinemaren arteko alde eta parekotasunena. Fresnedak lengoaiak diferenteak direla azpimarratzen du; ikasleei gidoigintza-eskoletan esaten dienez, ez dituzte irudiak idatzi behar, baizik eta iruditan pentsatu behar dutela. Literaturatik datorren egitura ez dela horrenbeste erabiltzen zineman.
Almandozen ustez, film batek, ona bada, mapa bat izan behar du, bizkarrezur moduko bat iradoki, baina ikus-entzuleari aukerak eman behar dizkio maparen hutsuneak hark osa ditzan. Laburmetrai asko egin dituen arren, Almandozen asmoa ez da gisa horretako filmei gorazarre egitea. Bere ustez, gaur egun, oso eremu mutantea eta denetariko gauzak egiten dira, nahiz eta badagoen joera laburrean esperimentazio gehiago egiteko (jauzia txikiagoa da, merkeagoak dira…).
Ostera, liburuen film-egokitzapenetara itzulita, Jimenezek uste du literaturatik abiatuta film onak egin daitezkeela betiere zinemaren baliabideek literaturarenak gainditzen badituzte, alegia, lengoaia bakoitzaren xehetasunak ezagutzen badira eta ondo erabiltzen badira. Jimenezen esanetan zinemak hasiera-hasieratik izan du lotura literaturarekin, eta ulergarria da, biak ere arte narratiboak diren heinean. Almandozek gehitu duenez, zinema sobietarrean izan ziren narrazio-moldeari buruzko ika-mikak, bestelako narratibak (poesiatik eta lirikotasunetik gertuagokoak) landu nahi zuen jendea. Dena dela, zinema industria modura ulertua izan da, eta horrexegatik garatu da garatu den moduan, narrazioaren aldetik ere.
Azken ohar desordenatuak: pantailak eta kostunbrismoa
Apunteak nahasten zaizkidala-eta, mintzaldiaren azken zatia grosso modo baino ezingo dut laburtu. Batetik, Fresnedak aipatu zuen pantailak ikaragarri ugaldu direla gure garaiotan, ikus-entzunezkoak mugikorrean, tabletean, hainbat neurritako ordenagailuetan ikusten ditugula. Ildo horri segika, iradoki zuen gure ikusteko modua fisikoki aldatzen den heinean narrazio moduak ere aldatuko direla. Jimenezek nabarmendu zuen zatikatze horretan arreta-gaitasuna galtzen ari omen garela, Fresnedak arrapostu, beste gaitasun batzuk bereganatzen ere joango garela.
Euskal zinemaren balizko makur kostunbristez galdetuta, Almandozek kontra egin zion, edo zehatzago adierazita, esan zuen baietz, badela kostunbrismorik euskal zinemagintzan baina ez beste planeta batean bizi garelako, baizik eta zinema industria bat den heinean diru-laguntzak dituelako bizibide, eta horiek lortzeko kostunbrismoa badelako lagungarria. Euskaldunok, dena dela, ez dugula horretarako joera berezirik, eta gurean badirela, zirkuitu ezagunetatik kanpo ibili arren, gauza oso garaikideak egiten dabiltzanak, kasu baterako, Laida Lertxundi. Jimenezek gaineratu zuenez, testuinguruak ere baldintzatzen du industriak zer motatako istorioak eskatzen dituen, AEBn, adibidez, superheroiak lirateke gure kostunbrismoaren ordaina.
Zinemaldian ikusi ditudan filmak: gurasoekin bueltaka
Ahn Ji Hie aktorea, In Her Place filmeko eszena batean
Zori hutsak hala nahi izan du eta ikusi ditudan film denetan gurasoekiko harremanek izugarrizko lekua zuten. Hasteko, izenburutik bertatik oso nabarmen Mommy begietaratu nuen lehenengo eguneko lehenengo saioan. Xavier Dolan kanadarrak zuzendua da eta Perlak sailean eman zuten. Ama-seme batzuen eta horien bizilagun apur bat misteriotsuaren arteko harremanak ditu hizpide. Aztoratzaileki Macaulay Culkin gogorarazten zidan semeak arreta- eta agresibitate-arazoak ditu. Gazteentzako atxiloketa-zentro batean dago, baina bota egiten dute kide baten aurpegia erre ostean (zuzenean ala zeharka, nola ez dakigu oso zehazki). Amak hartzen du etxean orduan, Kanadan onartu berri duten lege bat probesteari uko eginda. Lege horren arabera, gurasoek alaba edo semea estatuaren esku utz dezakete, hura hezten jarraitzeko kapaz ikusten ez badira, prozesu judizialik gabe. Steve semea etxera bueltatzen da beraz, eta arazoak ere badatoz trumilka, amak lana galtzen du eta tentsioa agerikoa da etxekoen artean. Bizilagun misteriotsua agertzen zaie bizitzan kasik aingeru guardakoa bailitzan, eta hark ere baditu bere sekretuak, totelka hitz egiten du eta iaioa da erantzun nahi ez dituen galderei itzuri egiten; eszena labur bati esker nahiko merke asma badaiteke ere sekretua nondik norakoa den: mutiko ilehoria, urte batzuk barru gure protagonistaren traza ikaragarria izan zezakeena hil zitzaien, hortik totelak eta ihesak eta Stevekiko afektuak. Barre gustura egiteko aukerak dezente izan arren dramoia areagotuz doa, gehiegi ere luzatuz, azken batean, kredituak azaldu baino 45 minutu lehenagotik askok bagenekielako gaizki ez, baizik eta oso gaizki amaituko zela kontua. Aretotik kanpo entzundako elkarrizketetan ikusle batek ama-semeen irudiaz zalantzak zituen: semeak gaitz hori du eta familiaren egoera nahiko muturrekoa da baina hala ere oso lirainak eta oso guay-ak dira. Besteren batek erantzungo lioke agian zuzendariaren asmoa izan litekeela gaitza ez aurkeztea erabateko tragedia bezala, batek jakin. Pikara aldizkariko artikuluan, besteak beste, heteroarauaren presentzia betierekoa aipatu zuen María Castejón Leorzak:
La película, que ofrece alegría, angustia e impotencia a partes iguales, nos plantea varias preguntas: ¿Por qué gran parte de las madres con hijos o hijas problemáticos en el cine son solteras o viudas, tienen un gran carácter y lucen un imponente físico del que son conscientes y explotan? ¿Por qué cuando una madre se imagina el futuro de su hijo el ideal es la pareja heterosexual, el matrimonio y la descendencia?
Gorputzaldi txarragoarekin baina filmarekin zoratzenago atera ginen In her place korearraren estreinalditik; Albert Shinek zuzendua da eta Zuzendari Berriak sailaren barruan eman zuten. Istorioa mantso doa, landara agertzen ikusten dugu hiriko bikote aberatsa, ama-alaben etxera. Badaude detaile arraro batzuk, kasu baterako zergatik ematen dion senarrak emazteari mugikor estatubatuarra Korean baldin badaude, zergatik kezkatzen den hainbeste emaztea alabaren elikadurarekin… eta abar. Filmak hogei bat minutu daramatzanean jabetzen gara gakoaz: alaba nerabea haurdun dagoela emazteak izan ezin duen moduko haur batekin, ama-alabentzat arazo bat dena bozkarioa dela senar-emazteentzat. Tentsioa gorantz doa, gailur dramatikoa lortzen du, eta eszena, berez, espero zitekeen bezain gorea ez izanagatik, neure eta ingurukoen aurpegia pixka bat desitxuratzea lortu zuen. Filmaren ostean etxera bideko komentarioetan, barrenak hankaz gora, obrak egiten duen kritika zorrotza azpimarratu genuen: diruak dena eros dezakeen, aberatsek pobreak erabiltzeko nolako boterea duten…
Amaitzeko beste dokumental aski gogor bati ekin genion, Zuzendari Berriak sailekoa hau ere, Marcell Gerö zinemagilearen Káin Giyermekei/Cain’s Children. Duela hogeita hamar urte filmatutako dokumental batean du abiapuntua beste honek. Espetxeei buruzko saio bat egin zuten Hungarian, hilketak egindako hiru gazte elkarrizketatzen zituzten, debekatua izan zen. Gerök hazi hori berreskuratu eta dokumental zaharreko protagonisten bila joan zen. Hiru gizon dira, artxiboko irudiekin alderatzean ikusgarriki nabaritzen zaizkie azalean bizitzak emandako kolpeak. “Gaizkile” nerabeen eboluzioaz ohiko ikuspegiaren kontrakoa, edo gutxienez zerbait bestelakoa iradokitzen du filmak, ez dira bihotzik gabeko piztiak bizitza osoa giltzapean eman beharko luketeenak. Filmaren planteamendua gertuago dabil Morrisseyren autobiografian irakurri berri dudan esalditik:
Prison is an accepted eventuality, and is certain to turn you into a criminal.
Bigarren eta hirugarren pertsonaien hausnarketa pausatuak ikaragarriak dira, hunkigarria unea, bigarrenak negar malkotan barrenak husten dituenean: ez nekien norbaiten bizitza egun batetik bestera horrela izorra zitekeenik. Lehenengoak aita zergatik eta nola hiltzen duen eta gero nola kudeatzen duten (ez duten kudeatzen egiatan) amak eta berak; hirugarrenak amarekin duen harremana, umiliazioaz eta demokraziaz dioena… Hungariera ikasteko gogoekin geratuko zen bat baino gehiago, tartean ni.
Antonio Casado da Rocha
2014-10-07
Eskerrik asko, Danele, horren ongi gure zinemara-joan-aurretik-zinemaosteko-solasalditxoa laburtzeagatik. Motorrak berotze luze horretan gauza batzuk gidoian utzi genituen; adibidez, Iratxek proposatu zuen Ballard-ek Crash-en frantsez ediziorako idatzitako hitzaurrea, eta han dagoen honako esaldi hau eztabaidatu nahi nuen: “la pornografía es la forma narrativa más interesante, pues muestra cómo nos manipulamos y explotamos los unos a los otros de la manera más compulsiva y despiadada”. Aipua lotu nahi nion Von Trier-en zinemari, edo Shame izeneko filmari, baina ez genuen betarik izan.
Danele
2014-10-07
Aupa, Antonio, eskerrak zuri ere iruzkinagatik. Gidoian geratutako hori mamitsua zen bada, teorialari feministak aspalditik dabiltza lanean pornografiaren diskurtsoekin. Dudarik gabe, bada kontuan hartzeko genero bat, gainera daukan arrakastarekin! Eta gero Von Trierren moduko kasuak daude, edo Shame bera, ofizialki pornografian sartu ez arren gertu-gertu dabilzkionak. Aspektu interesgarri asko dituzte, emakumeen errepresentazioaren aldetik zer esanik ez. Pena da, baina etorriko dira aukera gehiago gaiaz jarduteko.
Bestalde, honekin guztiarekin gutxi gorabehera lotuta, burura etorri zaizkit Barnezine atarian argitaratu zituzten bi artikulu, hona loturak: http://www.barnezine.com/2014/05/08/bortxaketa-mendekua/, eta http://www.barnezine.com/2014/05/22/bortxaketa-eta-mendekua-ii-the-last-house-on-the-left/.
Nahi arte!