Iraitz Urkulo elearazleari esker dakarkizuegu gaurkoa, Georges Perec idazle frantziarraren eleberri labur bati buruzko iruzkina.
Axolagabe
Gizon bat lotan / Georges Perec (Juan Luis Agirre) / Igela, 2014
Georges Perec XX. mendeko bigarren erdialdeko frantses literaturak erditu zuen idazle errealistarik nabarmenetakoa da. Korronte existentzialistan txertatzen den Gizon bat lotan izenburuko eleberri laburra, 1967an idatzia, autore honen lehen garaiari dagokio, surrealismora lerratu baino lehenagokoari, alegia.
Istorio honetako protagonista bizitzarekiko desengainua pairatzen duen hogeita bost urteko mutila da, bat-batean krisi existentzial moduko batean murgiltzen dena. Bizitzan bere burua kokatu ezinik, ordura arteko ohiturei uko egitea erabakitzen du. Era honetan, iraultza txiki bakartia burutzen du: gizarteak harentzat aldez aurretik markatuta duen bideari muzin egin, besteek harengandik espero dutenaren aurka joz. Jarrera berriak, horretarako asmorik gabe ziurrenik, bere burua beste modu batera deskubritzera edo, hobeto esanda, berraurkitzera eramango du. Hala, une horretatik aurrera eremu neutrala zapaltzeko ahalegina egingo du, hots, hautematen duen errealitatea balio orotik libratzekoa.
Esperimentu dei genezakeena estimuluak drastikoki murriztean datza; protagonistak gaur egun hain boladan dagoen “desikasi” kontzeptua aplikatzen du. Bakardadea, indiferentzia, pazientzia eta isiltasuna lagun, Parisko kaleetako giroa soilik entzumena eta ikusmenaren bidez antzemateraino, ekintzan parte hartu gabe, bertan inolako arrastorik utzi gabe. Egoera are muturrerago eramanez, alokatuta bizi den ganbara ilunean giltzapetzen da, bere existentzia landare batenarekin parekaturik. Jokaera honek irudimena suspertzen dio, esate baterako, denbora gelako horman formak osatuz, ametsean, egin dezakeenaren inguruko balizko aukera guztiak aztertuz, urruneko zaratak interpretatuz edo auzokoaren bizitza asmatuz igarotzen duenean. Lozorro betierekoan. Loa bizitzaren aurkari gisa darabil idazleak, bizitzaren deuseztapenaren irudi gisa, eta haren bidez protagonista ezerezaren bidean jartzen du, ezizatearenean.
Honek ezustekorik gabeko bizitza bilatzen du, berak ezer itxaron ez duen eta besteek harengandik ezer itxaroten ez duten bizimodua. Are gehiago, erabateko axolagabetasunaren bitartez, sekula sentitu gabeko barne-bakea eta zorion ia perfektua ekarriko dizkiolakoan, ikusezin bihurtzea da haren ametsa. Izan ere, lotan dagoen gizona inertziak eramana den automata baten antzera jokatzen du, lehentasunik edo ezertarako borondate eta gogorik gabe, aukeratzeko gaitasuna soilik haren biziraupena ziurtatzeko oinarrizko beharrak asetzera mugatuz. Subjektu honengan, jakina, laster nagitasun emozionalaren gaitza nagusitzen da, non apurka-apurka sentipenen intentsitatea apalduz doakion.
Perecen obra osoan zehar, nouveau roman mugimenduko kidea izanik, agerikoa da narrazio-modu berriak garatzeko kezka. Zentzu horretan uler daitezke istorio honetan gizabanakoaren kontzientzian barneratzea, eguneroko xehetasun arruntenetatik transzendentzia besarkatzea eta, ildo beretik, pertsonaia espazio fisikoan duen kokapena, espazio horrekiko erakusten duen harreman berezia (zeharo neurotikoa) azpimarratzea. Mutil protagonistak besteentzat agerikoa dena ikusteari uzten dio, gainerakoei oharkabean igarotzen zaizkien ñabardurei garrantzia emanez eta, hortaz, begirada horietan denbora luzez pausatuz. Testuaren irakurketak, bestalde, paradoxa bideratzen du, errealitatea xehetasun ñimiñoenetaraino jasotzeko obsesioak zein inguruko objektuen zerrendatze luzeek irrealtasun sentsazio nabarmena eragiten baitute, begirada gaixo eta distortsionatu baten ondorio balira bezala.
Kontaketan protagonistak bereganatu nahiko lukeen neutraltasun bereko tonua darabil. Ahotsa ere narrazioaren beste berezitasun nagusietako bat da, istorio honen egiazko narratzailea pertsonaiaren kontzientzia baita, hari une oro hitanoa baliatuz zuzentzen zaiona. Izan ere, narrazio-mailan protagonista erabatekoa bada ere, istorioan lekuko huts bihurtzen da. Bere ingurua aztertzetik aparte, eta autoanalisi eta digresiorako joera konpultsiboa albo batera utzita, ez du apenas jarrera aktiborik erakusten. Baliteke Gizon bat lotan epikotasunik gabeko eleberria izatea, halere, estimulu urritasun egoera muturreko bat irudikatu arren, testu zinez estimulagarria da.
Ezer gehiago nahi ez. Itxaron, ezer itxarotekorik ez izan arte. Herrestan bizi, lo egin. Jendetzak eramaten utzi, kaleek. Denbora galdu. Desirarik ez izan, ez amorrurik, ez asaldurarik: hire landare-bizitza, hire bizitza deuseztatua
azaroa 5, 2014 @ elearazleak