Postaria da eta Baionan bizi da. Maiz entzun dugu bere izaera/egoera hiru aldiz periferikoa dela, iparraldekoa, emaztea eta lesbiana delako. Beltza izatea bakarrik falta zaiola. Ezaguna bezain oparoa da Itxaro Bordaren literatur ibilbidea. Nobela anitz kaleratu ditu, poesia liburuak, saiakerak, artikuluak, pastoral bat ere aurten, narrazioak eta ezin konta ahala itzulpen. Maiatz aldizkarian kaleratu ditu euskaratutako testu gehienak, eta argitaletxe berarekin argitaratu du liburu bat edo beste. Horiek kenduta, egoitza Gipuzkoan duten argitaletxeetan agertu dira bere liburuak, Susan bereziki. Azken poesia-liburua, berriz, Elkarrek atera du. Armiarman duzue bibliografia guztia. Guk itzulpenari heldu diogu bereziki, bi jardunak oso paraleloan bizi baititu.
Zure hatzaren ez galtzeko duzu azken liburua, poesia. Hainbat hizkuntza agertzen dira (besteak beste, ingelesa, gaelikoa eta islandiera), heterolinguismoaz mintzo gaitezke. Zer dakarkizu euskara beste hizkuntzekin harremanean jartze horrek?
Alde batetik, hizkuntza bakarraren monopolioa aldarrikatzen zuen herriko eskoletan jatorriz ukatu zitzaidan kosmopolitanismorako sarrera bat eskaintzen dit mintzaira ezberdinen arteko dantza horrek. Bestetik iruditzen zait hitzak eta erreferentziak nahastuz, perpaus osoak euskarazko idatzietan urtuz, nahi diodala nire buruari frogatu euskara ez dela erraten den bezain umezurtz. Hizkuntzak erraz ikasten ditut, irakurtzeko bederen, zenbait bara-bara hitz egiteko ere baliatzen ditudala. Nortasun intimoaren neurrian eragiten dit ere egoera horrek: ez naiz berdina euskaraz ari naizenean, edo gazteleraz, edo frantsesez edo azkenik inglesez. Hizkuntzek ez dute zama berdina nire izaeraren eremuan!
Zure poesia «ideologia eta ele gabetua bezala doala» esan zenuen Elkarreko Postdata aldizkariko elkarrizketan. Posible al da halakorik, hots, ideologiarik gabeko poesia?
Badakit ez dela horrelakorik posible, hizkuntzak ideologiaren karga daramalako barnean, horregatik idatzi dut “bezala doala”, hau da axola eta ele sufriturik gabe. Betidanik gure galera kolektibo etengabe bezain pairatuaren azaltzeko erabiltzen dugu euskara, zapalkuntzaren errateko, nehoiz ez arin edo airos, zenbat aldiz ez dugu abestu maitasun hitzak nahi ditut esan baina gaur ezin dut Benito Lertxundirekin batera, ba, nik bilduma honetan, hori dut egiten orokorrean, maitasun hitz kasik debaldeak deblauki kantatzea hots.
Euskarari eman dizkiozun sorkuntza lan guztiez gainera, ezagun zaitugu gurera ekarritako idazle kopuru handiagatik. «Itzulpenak beti idaztera bultzatu nau», esan izan duzu, baita itzulpenaren bidez egin zenuela poesiatik narraziorako saltoa ere.
Txikitatik itzulpenaren mekanismoak bizirik eduki ditut garunean, buru muinetan, sei urtetik aitzina bereziki derrigor etxeko sukaldeko hizkuntzatik eskolakora iragaitea suertatu zitzaidalako. Idazten hasi nintzen lehenik frantsesez eta beranduago euskara aukeratu nuen berrikasten nuen arau, beraz hizkuntza bateko kultura eta erreferentziak baliatzen nituen euskaraz izkiriatzeko orduan, arras ez jakina nintzelako euskararen eremuan, ez ginen alfabetatuak batere, frantsesez aldiz jadanik poeta zenbait ezagutzen nituen eta haiek imitatzen saiatzen nintzela oroitzen naiz. Nire agerpenak piska bat eskizofrenikoa ematen du baina hizkuntzen arteko leze horretarik idatzi dut anitzetan, hizkuntza batean edo bestean irakurriak akuilatua, bultzatua, gidatua. Joan-etorri antzekoa da poesiaren eta narrazioaren artean, batak bestea hazten du, zurkaizten du, bermatzen du, iruditzen zaidalako idazteko unean baliabide linguistiko zein literario guztien premia larria dudala…
Maiatzen kaleratu dituzu itzulpen-lan gehienak. Autore senegaldar, katalan, txinatar, aleman eta abarrekin ausartu zara. Maria Merce Marçal ekarri zenuen udaberriko kaierean. Gurean huts dagoen estilo edo idazkera bat ekartzeko hautatzen dituzu edo beste zerbaitek bultzatzen zaitu haiengana?
Literatura aldizkaria izanez zuzen zen Maiatzen itzulpengintzari egokitu sail baten agertzea. Edozein kulturarentzat itzulpena beharrezkoa da, oinarrizkoa da, bideak irekitzen ditu, moldeak proposatzen eta norberaren altxorra emendatzen. Denboraren buruan nitaz gain Maiatzen beste kiderik ere ausartu da itzulpenaren zeregin horretan, egile eta mintzaira ezberdinekin. Idazle pare batengana fazinaturik jo dut, behin irakurri eta gero jazarri zitzaidan itzultzeko griña, idazlearekin hitzez eta haragiz komunikatzen jarraitzeko. Hori nabaritu nuen adibidez Maria Merce Marçalekin, nire izaera osoaren miraila edo bizki gisa eragiten zidalako, egun oroz hurbiltzen nintzaion eta urtea bukatu nuenean poema batean idatzi nuen urtea pasatu dut zurekilan hiltzen. Itzuli nuen publikatzeko ideiarik gabe eta ez nuen espero nehoiz argitaratzeko aukerarik edukiko nuenik merkatuaren osasuna nolakoa den ikusi eta…
Edozein kulturarentzat itzulpena beharrezkoa da, oinarrizkoa da, bideak irekitzen ditu, moldeak proposatzen eta norberaren altxorra emendatzen.
Euskadi Saria irabazi zenuen 2002an %100 Basque eleberriarekin. Zer eragin izan zuen horrek zure ibilbidean, halakorik izan bazuen?
Eragin bat ukan zuen 2002ko Euskadi Literatura Sari horrek, publikoaren zati batentzat merezi ez baldin banuen ere, urte hartan beste nobela ospetsuagorik bazegoelako lehian. Nire burua idazle senditzen lagundu ninduen, ordura arte errepikatzen nuelako beti, iparraldeko izkiriatzaile anitzen moduan ez nintzela idazlea, izen handios hori ez zitzaidala egokitzen, hamabi urteak geroztik egun oroz papera beltzatzen nuelarik! Diodanak inozoa edo erridikulua dirudien arren sortzaile segurtasun piska bat eman zidala aitor dut.
Zuk zeuk itzuli zenuen obra hori, eta gerora beste batzuk, frantsesera. Hizkuntza hegemonikoarekin berradiskidetzeko modua izan zela esan zenuen. Zer harrera dute Frantziako estatuan autore euskaldunen lanek?
Erdara batera ala bestera itzulia izatea idazle baten lanaren funtsezko kalitatearen seinale bat bezala aurkezten zitzaigun eta noski ildo horretan, nire idazlanak ez ziren kalitate handikoak zirikitu horretarik isurtzeko. Idazleari gustatzen zaio “nire nobela itzuli didate” erratea pasibo moduan, horrela baita lan baten balioa azpimarratzen. Itzultzailerik ez aurkitzeak idatziak interesik ez duela pentsatu dezake idazle batek, nire nobelak eta poesiak pobreegiak eta eskasegiak zirela sinestera heldua nintzen. 100 % Basque frantsesera pasatzen iragan bederatzi hilabeteetan testuaren zailtasunez konturatu nintzen, sintaxiaren eta bertako ideien –zozoen, fantasiaz beteen…– harilketaren sakonaz, edukiaren a-sozialkeriaz. Itzultzeari ekinez gainera, mende laurdenez idatzian erabili ez nuen frantses hizkuntza hegemonikoarekin berriz konektatzen nintzen, baketu nolabait.
Txikitan frantsesa, idatz hizkuntza gisa euskara hautatu nuen arte bederen, nire izkiriozko mintzaira bakarra zen, poematxoak frantsesez egiten nituen eskolan gogoz ikasten genituen olerkiak imitatuz, historiako master eta DEAko memoria frantsesez eginak nituen, baina euskal munduan sartzean frantsesa ez zen ongi ikusia nahiz eta militante frankok euskararik ez jakin. Frantsesik ez zekien euskaldun petzero baten itxura ematera iritsi nintzen, apalesten zena eta apalesten nintzena, euskal munduan ere frantsesa zelako sinbolikoki eta pratikoki hobesten. Keinka psikologiko larri horren gainditzeko eginkizun premiazkoa izan zen 100 % Basque frantseseratzen pasatu nuen denbora luzea. Ordutik hona ipuin laburrak eta poemak halaber gogotik itzultzen ditut frantsesera, batzutan zubi izateko soilik, irakurtzen ere ditut beharrean. Frantsesa, gaztelera eta ingelesa bezala, nire buruko leiho linguistiko bat gehiago da. Erratekoa dut gero, lan gutxi dela iparraldeko autoreon partetik frantsesera itzulirik, euskal idazlea dagoeneko ez baita frantses hiritartasunekoa, hegoaldeko baizik, Atxaga ala Uribe kasu. 100 % Basque alta asko irakurria izan zen, oroz bat Akitania mailan, Pariseko liburu ferian aurkeztu nuen eta Frantziako zein Europako beste zenbait hiriburutan.
Autoitzulpen jardunean Iparraldeko autorerik emankorrena zara. Jatorrizko lan gehienak Hegoaldeko argitaletxetan kaleratzen dituzu. Horri begiratuta motibazio lehena irakurle gehiago izatea dela pentsa daiteke.
Autoitzulpengintzari gustua hartu diot hondar hamarkada honetan. Ez ditut denak itzultzen astia falta dudalako baina plazer nuke adibidez Amaia Ezpeldoi saileko liburuen frantsesez ematea. Irakurle gehiago edukitzeko batetik, iparralde honetan bertan, eta bestetik, pretentsiorik gabe, Euskal Herriaren itxura ezberdin bat eskaintzeko gutaz interasatua den publikoari. Itzulpenari esker munduan zeharreko idazle eta jende arteko harreman mamitsuak irun ditut eta guztiek aldatu dute mundua euskaraz ulertzeko nire manera. Nerauk egiten dut itzultze lan astun hori, nehork ez baitit bere burua proposatzen itzulpegintzan nirekin aritzeko eta gehienetan lana ordaindu gabea denez, sailak erakargarritasun ekonomiko gutxi du. Gertatzen da zenbaitetan idazleon arteko elkartasunez itzulpenak trukatzen ditugula, nik frantsesez apaintzearen truke, batek inglesera iragaiten dit poema bat edo beste. Musu truk. Horrek ere balio handia du, dena ez baita dirutan neurtzen.
Euskarazkoa eta frantsesezko testuak biak nireak dira, eta nahieran moldatzen ditut; besteen lanekin eskurik ez dudala iruditzen zait.
Lizentziak hartu ohi ditu autoitzultzaileak, maiz bertsio modura saltzen dira erdarara itzulitako horiek. Uste dugu zeuk ere nahikoa egokitzen edo moldatzen dituzula zure lanak. Nola ikusten duzu zuk? Besteen lanak itzultzean bezala jarduten zara zureekin?
Ez noski, argi dago aldaketak badirela eta euskarazkoa edo frantsesezko testuak biak nireak direla eta nahieran moldatzen ditut, biak sorkuntzak bihurtzen zaizkidala hondarrean. Jatorrizko idatzia kanbiatzen dut noiztenka itzulpenaren ondorioz, beste hizkuntzak eragin didan ideia berri batez aberasteko adibidez. 100 % Basque nobelaren frantsesezko bertsioan kapitulu bat gehiago atzematen da, Bego Montoriok zizelkatu zuen gaztelerazkoan ez dagoena. Besteen lanekin zehatzagoa naiz, eskurik ez dudala iruditzen zait, baina ezaguna da itzultzaile batzuek adaptazioak eta ebaketak obratzen dituztela jatorrizko idatzietan lana errezebituko duen jendarteari, honen morala edukiari bereziki, egokitzeko.
Idazle handienetako bat zaitugula esan daiteke. Ikerketa bat baino gehiago egin dute zure lanari buruz: “Hacia una Queer Basque Nation desde la poesía de Itxaro Borda” (Ibai Atutxa), “Poética de resistencia en Itxaro Borda” (Tina Escaja), “Bakartasuna Itxaro Bordaren obran” (Katixa Dolhare), “Itxaro Borda: Melancholic Migrancy and the Writing of a National Lesbian Self” (Joseba Gabilondo)… Irakurtzen dituzu ikerlan horiek?
Bai irakurtzen ditut ikerketa horiek eta interesatzen nau ikusteak nire idatzietan modu kriptologikoan sartu identifikatze elementu intimoak susmatzen dituztela aztertzaile zenbaitzuk. Ukigarriak zaizkit askotan nihaurek beti onartu edo ahoskatu ez ditudan ezaugarriak plazaratzen dituztelako. Kritikak ere leitzen ditut, onak ala txarrak, bost axola zait, ez naute mintzen, eta gogorrak ukan ditut nire idazle bizitza osoan. Kritikariak bere ildoa urratzekoa du egilearen bidetik kanpo, libreki, bestela ez dago kritikarik hazten ahal. Idazle bat ez badago pozik bere gustukoa ez den kritika batekin, ba orduan, jokoa kamusten du eta ondoko liburuaren kritikatzera nehor ez da ausartuko, edo erreseina soila izanen da kritika.
Kritikariak bere ildoa urratzekoa du egilearen bidetik kanpo, libreki.
Wittig zalea zarela badakigu, haren “Ikuspuntu berezia ala unibertsala” euskaratu zenuen eta maiz aipatzen duzu. Oso presente daude zure obran emetasuna, queertasuna eta generoak, bai hausnarketa modura bai estereotipoak apurtzeko asmoz, naziotasun eta euskalduntasun kontzeptuekin gertatu bezala. Bide horri eutsi nahi diozu edo agortuta dagoela esanen zenuke?
Bide horrek badu oraino anitz emateko, bai sortzaileontzat eta bai ikerlari eta kritika egileentzat. Emetasuna zein queertasuna ardatz aztertzen ahal da euskal politika-kulturgintza bere osotasunean, ahuspatzen ditugun poeten idatziak, emazteonak, kirola eta Goenkale berdin. Monique Wittig egunerokotasunaeren alde teoriko eta pratiko guztiei interesatzen zitzaion, pentsamendu txinpartatsua zeukan eta eredu izan dakiguke. Miresten dut funtsean, idolatratu gabe alaina.
Itzuliko al da Amaia Ezpeldoi?
Bai bistan da, itzuliko da Amaia Ezpeldoi. Idazle iraunen dudano Ezpeldoi anderearen fikzioaren premia edo aitzakia edukiko dut EHz eta munduaz dudan hausnarketaren papereratzeko. Hasieran bere menturaldiak bost aletan hedatuko zirela itxuratzen nuen, gure lurraldea bazterrez bazter josiz, baina orain orekarako agian, bi gehiagoren beharra somatzen dut, erdiz erdiko xendrak zulatuz. Nobelen artean Europan zeharreko abentura laburragoak –eta elebidunak– badira, Amaia Ezpeldoi ardatz, Maiatz argitaletxean publikatuak Entre Les Loups cruels izenburuarekin.
azaroa 10, 2014 @ Garazi