Erribera, Erribera…

abendua 3, 2014 @


Nafarroa

Oihartzun handia izan duela eta, gaur, euskararen eguna ez ezik Nafarroaren eguna ere baden honetan, duela egun batzuk Joxe Mari Esparzak plazaratutako artikulu hau euskaratu dugu. Ea eztabaida gurera ere iristen den edo, behintzat, euskaldun guztiongana zabaltzen.

Ager Vasconum eta ezker abertzalea

 Joxe Mari Esparza Zabalegi

 

Gamazadak ekarri zuen eztanda euskaltzalearen ondotik, hiru aldiz ukitu du Nafarroako Erriberak, gure Ager Vasconum honek euskal-nafar batasuna. Eta hirurak izan ziren bultzada errepublikano-sozialistari esker, ez euskal nazionalismoaren kariaz.

Lehena Estatutua izan zen. 1931ko abuztuan, Iruñean bildutako 220 nafar udaletatik 200ek (%90ak) Euskal Estatutua babestu zuten, tartean Erriberako gehiengoak. Inork ez zuen euskarak emandako batasuna zalantzan jartzen, guztiek entzuna baitzuten antzina. Gakoa zetzan Estatutuak Erriberako arazoak nola jorratuko zituen asmatzean. Horregatik, errepublikano-sozialistez osatutako Diputazioko Kudeatzaileak mozio bat onartu zuen, erakundearen presidente García-Larrachek egindakoa; mozioak eskatzen zuen eskualdeak tratu berezia jaso zezan Estatutuan, zeren “ezaugarri bereziak ditu gainontzeko Nafarroaren eta Euskadi osoaren aldean”.

Hasierako porrotaren ondoren, Nafarroako Fronte Popularrak, zeinak batez ere Erriberan baitzituen erroak, Estatutua proposatu zuen berriro 1936an, Nafarroan jauntxokeriarekin bukatzeko eta demokrazia ezartzeko oinarri modura. Kolpe militarrak aukera berri hori zapuztu, eta gaia erbestearen mortura urrundu zuen.

Foru Parlamenturako lehenengo hauteskundeetan, 1979an, Herri Batasunak —Iruñean eta horren Merindadean soilik aurkeztu zena— eta Hautesle-elkarteek —hegoaldeko lau merindadeetan eta Erdialdean aurkeztutakoak— 16 parlamentari lortu zituzten, botoen %18a, PSOEk eta UPNk baino gehiago. Arrakasta itzela izan zen, abertzaletasuna bigarren indar bihurtu baitzen UCDren atzetik, baita etorkizuneko aukera ere (eta, ez dezagun ahantzi, ETA jardun betean ari zen orduan). Legealdia bukatu aurretik, ordea, HB, UPN, PSOE eta UCDren arteko adostasun ezohikoaren eta Amaiur taldeak ordezkatutako Elkarteen kontrako botoaren ondorioz, Nafarroa barruti bakar bihurtu zen, eta horrek Amaiur posizionatzera behartu zuen: edo Herri Batasunarekin lurralde osoan lehiatu beharko zuen edo desagertu. Duintasun handiz, Amaiurrek desagertzea erabaki zuen, eta ezker abertzaleak hautes-tresna boteretsu bat galdu zuen, Herri Batasunak hein batean baizik ordezkatu ezin izan zuena. Hurrengo hauteskundeetan boto abertzalea nabarmen jaitsi zen eskualde horietan. PSOEren traizioak joera hori larriagotu zuen. Hirugarren aukera galdua. Alta, ikasbide bat jaso genuen hortik, batzuek oraindik ikasi ez badute ere: euskaltzaletasuna, Nafarroako hegoaldeko erdian, edo ezkerrekoa eta autoktonoa (hau da, berezia) izanen da, edo ez da izanen.


Homogeneozaleak

Azken Europako hauteskundeetan, ezker abertzaleak panfleto bera lau probintzietan banatuz ekin zion kanpainari. Bigarren paragrafoa hartzen zuen edozein tuterarrek (lehena, noski, euskaraz zegoen) zera irakur zezakeen, helburua “estatu independente bat lortzea” zela, hots, Erriberaren kezka nagusia, guztiok ongi dakigunez. Norbaitek esan zuen panfleto horren xedea Herri osoa “homogeneizatzea” zela. Ergo, erriberarrak goierrizatzea. Honezkero PNVk ere ez du halakorik egiten. Beraz, hori bada homogeneizatzea, deshomogeneizatzearen aldeko ni.

Burura datorkit garai ez hain urrun hura, Nafarroari eragiten zioten erabakiak Mahai Nazionalean hartzen zirenekoa, nafarron kontrako botoarekin. Min ematen du zer-nolako arinkeriaz egiten dioten askok entzungor Tafalla eta Tutera artean Bizkaia osoa sartzen delako ebidentziari. Orobat “urrun dago” dioen lelo betierekoa, aulki vascongadotik ipurdia ez mugitzeko aitzakian esaten dena. Urtean zenbat bilera “nazional” egiten dituzte EAk, Bilduk, LABek, ELAk, Sortuk eta beste ehunka organismo abertzalek Erriberan? Mintzo al gaitezke ezagutzen ez dugun nazio bat eraikitzeaz? Ezker abertzaleak, aurretik PNVk egin bezala, moztu du honezkero Euskal Herriko mapa. Beste guztia erretorika hutsa da. Jelkide izan edo batasunoa izan, berdin.

Erdialdeko merindadeetako zenbat ordezkari daude Nafarroako erakunde abertzaleen zuzendaritzan? Zeresanik ez “nazionalei” buruz. Euskara bera ere, Nafarroa osoan —Erriberan barne— hainbeste atxikimendu jasotzen dituena, ez da modu egokian erabiltzen: Sartagudako lider abertzalerik onenak ere ezin izanen du gure taldeetako zuzendaritzako kide izan euskaraz ez badaki. Hori ulergarri gerta daiteke. Baina eremu euskaldunean sortzeko zortea izan zuten arduradun askori inork ez die idazten ikasteko eta sehaskan oparitu zieten hizkuntzan analfabetoak izateari uzteko baldintza jarri.

Bardeako tiro eremua Goierrin egonen balitz, igandero geundeke karrikadantza aldarrikatzailean. Baina Arguedas urrun samar geratzen zaigu. Ikurrina errepublikanoa bera ere, gure fusilatuen hil-oihala, erdialdeko abertzaleek berreskuratu genuena, lau etorri berriren esku uzten ari da, “espainola” omen delako eta gure menditarrek, zeinak San Andresen gurutzetik ikurrinera pasatu ziren orgasmo errepublikanoa sentitu gabe ere, ez dutelako ikur historiko xalo, trantsiziozkotzat hartzen, nahiz eta batasun euskal-nafarra ahalbidetu zuen eta gaur egun ere abertzale askok guraso eta aitona-amonak horrekin hilobiratzen ditugun.

Nafarroan sortzen diren borroka fronte bateratuak ere, Elizak bere izenean jarritako ondareen auzia kasurako —lurralde osoko 200 udaletxe elkartu eta Estatu mailan polemika handia sortu duena—, ez du batere oihartzunik sortu Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan, eurei ez balegokie bezala.


Aldaketa estrategiko bat

1931n, Manuel Irujok “euskal Ulster” izendatu zuen Erribera. Immigrazioa %15a baino handiagoa izanik, Ebro eta Aragoi ibaien artean euskara baino askoz arabiera gehiago entzun dugu hamarkadatan. Beste alde batera begiratzeak edo keinu paternalistak egiteak (hori PNVk egiten du hobeki) ez dute bereizten gaituen amildegia handitu besterik eginen. Eta Erriberak bat egiten ez badu, ez da aldaketarik egonen Nafarroan; eta Nafarroarik gabe, ez dago proiektu nazionalik. Edo bai? Berandu baino lehen entzunen ditugu “pragmatismoaren izenean” zenbait ahots, EAEn erabakitze-eskubidea bultzatzeko eta “geroago” nafarrak gehitzeko aukeraz mintzatuko direnak. Lehen ere gertatu zen, 1932an eta 1977an, zergatik ez orain?

Abertzaleok, eta ezkerrak bereziki, badugu erantzukizun bat lurralde horretan. Hasteko, horren nolakotasuna onartu, eta asmo dugun Euskal Herrian leku eroso bat egin diezaiokegu, horren errepublikanismo espainolista eta nafartasun banuqasitarra barne. Bere erromantze ahotsa gure foro politikoetan entzun behar da, eta inork ez ditu, ez Donostian ez Iruñean, haien hormatan jarri beharreko kontsignak diseinatu behar. Ez legoke gaizki, halaber, herri horietan euskaltasuna neurrian izanen duten plataforma politiko eta hautesle-talde zabaletara itzultzeko aukera apaltasunez hausnartzea, 1979an egin bezala.

Ager Vasconum errepublikano eta sozialista horrek bere modura kokatu behar du bere lurraldea Zazpiak Bat horretan, 1931n, 1936an, 1946an eta 1979an saiatu bezala. Baina horrek ez du esan nahi Euskal Herriko gainontzeko lurraldeek ezin diotenik bidea erraztu. Adostasun nazional estrategikoak behar dira (alderdi, erakunde, sindikatu eta fundazioekin) jasaten dituen eraso demokratikoak arintzeko, zeren Tele Aragón nagusi da lehen ETB ikusten zen lekuetan; Euskararen Legea jaun eta jabe da; ikastolak itotzen dituzte; ikurrak jazartzen; eta Erribera Vasconiaren parte izateaz harro agertzen zeneko garaia memoria kolektibotik ezabatu nahian ari dira.

Alegia, alimaleko giza inbertsioak eta inbertsio materialak egin behar dira, bertako produktuak kontsumitu (zorionak, Errigora), horren nolakotasuna ulertu eta, batez ere, Ebrok bustitzen duen gure herriaren zati delako maitatu (“euskal ibaia” deitu zuen Prudentziok IV. mendean), protesi arrotzat hartu ordez, zeinari bukolikoki kantatzen baitiogu “Erribera, Erribera” gure kontzientzia txarra garbitzeko.