Ni banoa

abendua 8, 2014 @


image_large

Irudia: Iazko Azokako kartela, Itziar Okariz artistak egina.

Artikulu hau Argia aldizkariko Zirtak sailean argitaratu nuen estreina,  abenduaren 7ko alean.

Ni banoa

Ez naiz saiatu ere egingo. Iskin egiten. Gaiari. GAIARI. Ebentoari. Munstroari. Eta, hortaz, nire pendulu-izaera onartu, eta kontua ez ebitatzetik harago, erdigunera ekarriko dut euskal kultura delako hori zentro bilakatzen den garaia. Albistegien ardatz, gaztelaniazkoena ere, @aranagoiri-ren bertxiokatze kanpaina masibo eta batzuetan beldurgarri (jendeak botatzen dituenak ikusita) horietako baten merezidun (#kilolitroetan egin zuenaren ildotik)… Durangoko Azokaz ari naiz, noski.

Beste lurralde batzuetan barrena ibiltzeko asmoz nenbilen, baina ordenagailuaren aurrean ipintzerako, edo, ordenagailuaren aurrean ematen ditudan ordu luzeetako puska bat honen idazketari eskaintzerako, beste norbaitek jada esanak zituen nik esan asmo nituenak; gainera, eta larriagoa dena, nik erabili asmo nituen erreferentzia berberez baliatu zen nik idatzi asmo nuena azkenean kaleratu zuena, eta horrekin bai akabo: zein naiz ni aipamenik gabe? Orduan, mirari baten antzera jazo zitzaidan, jaso nuen email hura: Azokaren atariko alean argitaratzekoa zen, hain justu ere, nire Zirta.

Aitzakia tematikoari heldu behar nion, bai ala bai. Dena dela, arrazoiren bat behar nuen hautu hain ez-originala zuritzeko, bazeudelako okasioa kudeatzeko bestelako moduak ere; adibidez, besterik gabe, kasu zipitzik ez egitea, edo, bestela, plaza ezezagunagoei buruz jardutea, esaterako BALA Bilboko Arte Liburuen Azokari buruz (abenduaren 11tik 14ra arte-liburuak, fanzineak, tailerrak eta kontzertuak), edo Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministez (Ondarroan, abenduaren 13an, mintzaldiak eta hausnarketak). Azkenean, hizpidea berez nahiko estandarra zenez, erabaki nuen, alderdi formala irauli ordez, edukia eta forma banaezinak izatearen kontu hori probestu eta artikulua erabat tradizional eta aurreikusgarriki planteatzea, alegia, hitzorduari hutsik ez egiteko arrazoiak ematea, honako galdera ezin tipikoagoa abiapuntu: zergatik demontre joan beharko luke idazle-gai batek Durangora, neskagazte bat izanda?

Bada, hasi eta buka, literatur jendea bene-benetan ezagutzeko aukera izango duelako. Eta ez beti aipatzen den topiko hori dela-eta, hots, standean liburuak sinatzen/saltzen egongo direnez eurekin aurrez aurre hizketalditxoa egiteko paradarengatik, ezpada Durango delako euskarazko literaturlari gehienak zinez garrantzitsuak izango balira bezala tratatuak izaten diren okasio bakarrenetakoa, gainontzean okindegira edo sendagilearengana joaten direnean, edo nortasun agiria erakutsi behar izaten diotenean bulego ofizialetako langileei, ez baitute sekula errekonozimenduzko bekain-altxaldi edo hitzik aditzen, eta hiruzpalau egunetako aitortza durangarrak, euren tribu-kideez inguratuta, zuzenean jotzen baitie ego minduan, sorbaldak zuzenarazten dizkie eta solasaren kontinentzia laxatzen, batez ere basoa eskutan dutela harrapatzen baditu gure balizko neskagazte idazlegaiak.

Bai, Azoka abagune aparta izango da neskagazte letretan hasiberriarentzat, badaezpada despistatuta bazebilen eta kontrakoa sinesten bazuen, egiaztatzeko literatoen elitea ere gizonez eta gizonki osatuta dagoela funtsean. Aukera itzela, halaber, trapu zaharren batzuk batzeko eta, ondoren, horiekin norbaiti xantaia egiteko, edo, bestela, egon ere badauden konplizeekin elkartuta, euskal literaturaren munduko konbentzioak, hipokresia eta makillatutako matxismoa lau haizetara salatzeko. Pikutara bidaltzeko.

Tags: