(Margolana: Roger Fry)
Oso oparoa eta ertz askotakoa izan zen Virginia Woolfen lana, eta hala ikusarazi ziguten Ana I. Moralesek eta Itziar Diez de Ultzurrunek larunbatean emandako eskolan. Txantreako Euskaldunon Biltokira hamar irakurle inguru hurbildu ginen Literatura Eskolako hirugarren saioan, hizlariek “Olatuak hitz, hitzak apar” izendatutakoan. Zazpi ataletan banatu zuten hitzaldia: sarrera biografikoa, Woolfen beraren grabazio bat, “Kew lorategiak” ipuina, Dalloway andrea eleberria, “Emakumeen lanbideak edo etxeko aingerua hiltzea” testua, Gela bat norberarena ezaguna eta Three Guineas (“Hiru Gineak”) saiakera ez hain ezaguna. Bukaeran, denboraz larri genbiltzanez eta aukeratu beharrez, Gela bat norberarena ez genuen jorratu, aski entzuna delakoan.
Aipatutako testuez gain, Virginia Woolfek egunerokoa idazten zuen, bost liburukitan kaleratu zutena, eta hamaika gutun ere idatzi zituen, sei liburukitan kaleratutakoak. Horietaz gainera, idatzitako ipuinak ere asko dira, eta hori gutxi balitz, ezin konta ahala ikerketa eta irakurketa egin dituzte haren obrari eta bizitzari buruz. Horregatik, zerrendatutako zazpi ataletara mugatu behar izan zuten hizlariek kontagaia.
Sarreran esandako datu biografikoei buruz lau gauza baizik ez ditugu aipatuko, autorearen bizitza aski ezaguna baita. Oso ingurune victoriarrean, burgesean sortu, eta giro intelektualean hazi zen, nahiz eta ez berak ez Vanessa ahizpak ez zuten hezkuntza formala jaso, eta etxean hezi zituzten. Idazteko gogoa gaztetxoa zela sortu zitzaion Virginiari. Aita hil eta gero anaia-arrebek erabaki zuten beste auzo batera aldatzea, burgeskeriatik aske bizitzeko. Lagunarteko bilera intelektualak egiten hasi ziren, non ironiaz eta kritikotasunez zalantzan jartzen baitzuten gurasoengandik jasotako mundua. Horrela sortu zuten Bloomsburyko taldea, idazleek eta artistek osatutakoa; tartean zegoen Virginiaren senar bihurtuko zena, Leonard Woolf idazle sozialista eta judua. Taldea gay eta lesbianen mugimenduaren, feminismoaren eta bakezaletasunaren aitzindaritzat har daiteke. Aristokraziaren seme-alabak ziren, baina laboristengana hurbildutakoak. 1917an Virginia eta Leonard Woolfek inprenta txiki bat erosi eta Hogarth Press sortu zuten. Horrek askatasun erabatekoa ematen zien idazteko, argitaletxeen mende egon behar ez zutelako. T.S. Eliot eta Katherine Mansfielden lanak ere argitaratu zituzten. Beti leporatu izan zaie Joyceren Ulysses jaso eta ez argitaratzea erabaki zutela; hizlarien ustez, bikotearen inprenta abangoardista zen estetikari dagokionez, baina ez ziren libre bereziki sexualitateari lotutako zentsuraren mamutik. 1941ean egin zuen Virginia Woolfek bere buruaz beste, senarrari gutun bat idatzi ondoren.
Virginia Woolfen lanari eta bizitzari buruz bi ikuspuntu muturreko azaltzen dira beti: eroa zela (gaur egun bipolar esaten diote) edo paregabeki bikaina zela; txikitan neba baten sexu-erasoa sufritu zuelako edo ingurukoen heriotzek eraginda sortu zitzaiola buruko gaitza; sistemaren barruko idazlea edo erabat apurtzailea zela; apolitikoa zela edo sozialista eta feminista… Azken batean, ertz askotako emakumea izan zen bizitza osoan.
Bigarren atalean, Virginia Woolfen ahotsa entzun genuen, youtubeko esteka honetan. Diez de Ultzurrunek testua euskaraz banatu zigun (gaur zintzilikatu du 31eskutik atarian), eta bideoa ingelesezko azpidatziekin ikus-entzun genuen. Hori da Woolfen ahotsaren grabazio bakarra; 1937ko apirilaren 29koa da, BBC irratian irakurri zuen hitzaldiaren zati bat. Hitzei buruzko testu horretan bi ideia dira nagusi: batetik, hitzek egia esateko eta edertasuna sortzeko balio dute; eta, bestetik, egia horrek ertz asko ditu.
Postinpresionismoa pintzelkadaka idazten
Ana I. Moralesek hartu zuen gero hitza, eta autorearen iturriez eta idazmoldeaz jardun zen fikziozko lanei heldu aurretik. Arte bisualek eta postinpresionismoak eragin handia izan zuten Woolfen estetikan, batez ere Roger Fry eta Clive Bell arte kritikarien teoriek eta Vanessa Bellen (Virginiaren ahizpa) pinturak. Postinpresionismoak errealitatea imitatu baino, sortu egin nahi zuen; beraz, libreagoa da bai koloreen aukeraketan, bai perspektiban. Pinturan, korronte horretan aritu ziren Manet, Van Gogh eta Matisse, besteak beste. Virginia Woolf asko identifikatu zen estetika horrekin, eta mesfidantza zion errealistatzat jotzen zen (literatura) horri. Woolfen literaturaren postulatua zen fikzioak gogoaren nahia adierazi behar duela, eta gogoaren nahi hori fragmentarioa dela. Irakurleei exijitu behar zaie, beraz, fragmentariotasun horrekin eta bukatu gabeko gauzekin bizitzen. Bi ahizpek oso modu bertsuan bizi zuten sormena; elkarrizketa batean, Woolfek esan zuen testura egitura baino garrantzitsuagoa dela, pintzelkadaka idazten zuela, argumentua ez zela inportanteena. Eta hala ikus dezakegu haren testuetan ere. Virginia Woolfen lanaren ezaugarriak, beraz, fragmentazioa, ikuspegi aldaketak, barne-isuria, deskribapen fisiko partzialak, denbora malgua eta ekintza urria lirateke. Hala ere, zatikatua izanik ere, interkonexioa bada pertsonaien eta naturaren artean. Halaber, Ana I. Moralesen ustez, haren estilo formala zeharkakotasuna da, ez baitu deus zuzenean esaten; «horrek kontaketa aberasten du, baina irakurleoi zailagoa jartzen digu».
Literatur lanak xeheki aztertzen hasi ziren jarraian. “Kew lorategiak” hartu zuen Moralesek hizpide lehenik, aurretik aipatutako ezaugarriak eta oro har Woolfen fikzioa, estetika eta ikuspuntua oso ongi adierazten duen ipuina baita. Kew izeneko lorategietan kokatzen da narrazioa: arratsaldea da, lau bikoteren ia ekintza gabeko gogoetak/hitz hartzeak ageri dira, eta barraskilo batek nola lortzen duen hosto gaineko bidea egitea. Maila berean jartzen ditu Woolfek gizakiak eta animaliak: barraskiloak giza ezaugarriak ditu, erabakitsua eta metodikoa da; esan daiteke, nolabait, kanon literarioa bera kolokan jartzen duela umorearen bidez, barraskiloa ere pertsonaia izan daitekeela aldarrikatuko balu bezala.
Pertsonaiak banan-banan aztertu ondoren, ipuineko gaiak aurkeztu zituzten, Woolfen konstanteetako batzuk: inkomunikazioa/pribatutasuna, gizakiak denboraz eginda gaudelako ideia, genero rolei buruzko gogoetak, gerraren horrorea eta desorientazioa, gaixotasun mentalak eta klase diferentziak. Inperioa eta kontrola ere ageri dira; izan ere, inperio osoko espezieak eraman baitzituzten lorategi horietara, eta lorategietan masak kontrolatzea errazagoa da taberna zuloan baino. Genero rolei buruzko gogoetak ez ditu esplizitu egiten, printzak dira, idazleak pistak ematen dizkigu; esaterako, emakumeen diskurtsoa etena, dudazkoa eta ez sendoa da ipuinean. Ezaugarri formalei dagokienez, pintura postinpresionalistaren deskribapen fisikoak ditu. «Kameren begia gogorarazten du», hasierako plano hipergertukotik (barraskiloa) amaierako plano orokorrera (parke osoa, inguruko hiria, zerua). Ahotsa ere in crescendo aurkezten digu, bukaeran guztiak nahasten direla. Teknika horrek badu teorizazioa Woolfengan, zinemari buruzko gogoeta bat ere idatzi baitzuen 1926an, “The Cinema”.
Clarissa bihozgabea, Clarissa dohakabea
Aurretik esandako guztiak balio omen du Dalloway andrea eleberrirako. Itziar Diez de Ultzurrunek eskatu zigun, beraz, gogoan ongi gordetzeko, baina aldi berean ahanzteko, beste bide batzuk urratu ahal izateko. Virginia Woolfek berak irakurketari buruz ere idatzi zuen; irakurtzeko modurik onena norbere irakurketa propioa egitea zela zioen, ez zaiola inori aholkurik ematen utzi behar. Hala irakatsi zion Virginiari aitak, nork bere irizpideen arabera irakurgaiak hautatzen.
Diez de Ultzurrunek berak euskaratutako eleberriak ez du gauza handirik kontatzen, baina gauza asko kontatzen ditu. Dalloway andrearen ekaineko egun bateko zenbait ordu jasotzen dira. Bi pertsonaia nagusiren eta bidean gurutzatutako beste hamaikaren buruan barneratzen gaitu. Bizitzaren edozein unetan murgilduz gero, bizitza osoa aurkitu dezakegula esanen baligu bezala, nahiz eta itxuraz deus gertatu ez. «Oso argi dago nobela honetan bizitza fragmentatua erakusteko gai den frogatzen ari dela Woolf», esan zuen itzultzaileak. Iraganera jotzen du behin eta berriz narrazioak, autoreak tunelak zulatzearen teknika deitzen zuenaren bidez. Pertsonaien bizitzan, iraganean tunela egiten du. Batzuetan, zulatu eta zulatu, pertsonaia baten eta beste baten tunelak elkartu eginen dira, iraganean zein orainaldian izan. Eleberrian jario asko iristen zaizkigu, baina ez da jario jarraitua, etena baizik, etengabe ari baitira jario horietatik ateratzen, orainak dakarzkigun gertaera edo pentsamenduak direla medio. Barrukoak kanpoarekin duen lotura erakusten digu, beraz. «Uste dut oso begirada antropologikoa dela, subjektibotasun pluralaren bidez egia aletxoak baizik ez ditugu lortzen»; horrela, oso irekiak dira Virginia Woolfen testuen interpretazioak.
Hiru urtez izan zen Dalloway andrea idazten, asko zuzentzen zituelako bere lanak. Liburu honetan ere denborari buruzko gogoeta dago (hasierako izenburua The Hours [Orduak] zen); eta berriz ideia bera: gure oraina iraganez betea dago. Emozioekiko harreman gorabeheratsua ere azaltzen zaigu; adibidez, Septimusen laguna gerran hil zen, baina Septimusek ez zuen penarik sentitu horregatik, eta hain zuzen sufrimendu eza horrek tormentatzen du, ezin baitu iragana atzean utzi. Era berean, emozioak azalerazi nahi eta ezina ere agertzen da liburuan, baita bizitzaren zentzua eta itolarria ere. Narratzaile orojakilearengandik jasotzen d(it)ugu istorioa(k), baina ez da batere sartzen iritzia ematera, salbu eta medikuren bati buruz ari denean, orduan iritzi edo pentsamendu hori ezin zaio kamerari ez den beste pertsonaiei atxiki, eta pentsa dezakegu, beraz, Woolf bera mintzo zaigula. Kasu horietan «ironiatik amorrura» pasatzen da. Gizarte egitura eta genero ikuspegia ere antzeman dezakegu eleberri honetan.
Clarissa, hots, Dalloway andrea, sistemari eta gizarte mailari ongi egokitzen zaion emakume eredutzat har daiteke; hala ere, ez da oso kontent azaltzen horrekin, beti arauek dioten moduan jardun badu ere, ez baitu horregatik inolako saririk jaso. Hutsaren hurrengo sentitzen da gainera, ez baitzaio aski besteei plazer ematearekin. Horrek barne arrangura bat uzten du agerian. Clarissa ez da berak antzezten duen bezain xalo eta sinplea. Hain zuzen, entzuleen artean eztabaida egon zen pertsonaia hori gaiztoa ala zintzoa ote den, poztu egiten baita Septimusek bere buruaz beste egiten duenean. Baina beharbada hain da dohakabea non berak ere egun osoan izan duen suizidioaren burutazioa bueltaka, hain sentitzen baita ezdeusa.
Kafea hartzera atera ginenean, Ezkaba plazan pasieran zegoen agure batek galdetu zigun ea lokal hori (Biltokia) komentu bat ote zen, hainbeste emakume atera baikinen handik. Eskola honek ezin zuen anekdota hoberik izan.
Guztiok berandu baino lehen egin beharrekoa
Ingalaterran, 1919. urtera arte lanpostu kualifikatuak izateko ateak itxita zituzten emakumeek. Urte hartan legea aldatu eta bidea ireki zuten, nahiz eta baldintza askorekin oraindik ere. Lanbideak hartu berri zituzten emakumeen aurrean hitzaldi bat eman zuen Virginia Woolfek, gerora argitaratu zuena, “Emakumeen lanbideak edo etxeko aingerua hiltzea” izenarekin. Gurean Dalloway andrearekin batera kaleratu zuen testua Edo! etxeak. Hitzaldian esan zuenez, Woolf pixka bat lotsatuta zegoen emakume haien aurrean, bere esperientzia ikusita, oztopo asko gainditu beharko zituztelako langile kualifikatu bihurtutako haiek, hau da, entzuleek. Oso hitzaldi arrakastatsua izan zen, eta garaiko prentsaren esanetan, barrez lehertzen bukatu zuten guztiek.
Idazle esperientziatik abiatuta, bi oztopo nabarmendu zituen Woolfek ofizioari ekitean. Batetik, etxeko aingeruaren mamua hil behar izan zuen. Ez zen nolanahiko lana, ez baitzen aingerua, mamua baizik, aro victoriarra igaroa baitzen, emakume eredua aldatzen ari baitzen, baina emakumeek mamua oso barruan zeramaten oraindik. Mamu hori sistema patriarkalaren isla edo ondorio baita, etengabe hil beharrekoa. Ana I. Moralesek lan bilera baten adibidea jarri zuen, non emakume askok ezezko esaldi batekin edo zalantza adierazten eta beren burua gutxiesten hasten baitituzte interbentzioak (“nik ez dakit asko honetaz, baina…” edo “nire iritzia da hau…” edo “agian ez dator harira, baina…”). Gure burua boikoteatzen dugu, etsaia barruan bizi da. Moralesek esan zuen denborarekin konturatu zela Dalloway andrea etxeko aingerua bera dela, klase sozialek agindutakoaren arabera jardun arren, horrek ez baitio inolako satisfakziorik ekartzen. Aingeruaren figura oso tragikoa da: sistemaren biktima da, baina aldi berean behar du eta elikatzen du. Aingerua akabatzea ez da erraza, eta gainera oso posizio txarrean uzten du emakumea, behin liberatuta ez baita gustagarria gizartearen begietara eta, besteak beste, desautorizazio morala baitakarkio. Zorionez, Virginia Woolfek bazuen errenta bat, askatasun ekonomikoa, eta ez zegoen soilik bere xarmaren mende.
Bigarren oztopoa tabu ziren gaiez kezkatu gabe ezin idaztea izan zen. Hori esatean, sexuaz ari zen, horretaz idazten zuenean pentsamendu bera baitzetorkion behin eta berriz burura: gizonak asaldatu eginen dira hau irakurtzean.
Deskubritzeko testu bat
Three Guineas saiakera izan zen Woolfek idatzi zuen azken liburuetako bat. Hiru kapitulutan banatuta dago, eta ohar piloa ditu bukaeran. Etxeko aingeruaren inguruko testua idaztean pentsatu zuen emakumeen lanbideei buruzko materiala bildu behar zuela, eta hala egin zuen. Autorearen esanetan, Saint Paul (Eliza) leherraraziko zuen bolbora bildu behar zuen, «emakumeen bizitza sexualari buruzko» liburua egiteko; “sexual” hitzarekin generoaz ari da, ez sexuaz. Azkenean bi liburu sortu zituen, berak bakartzat zituen arren: The Years [Urteak] nobela eta Three Guineas saiakera. Azken horri buruz jardun zuen xehe-xehe Moralesek.
Guinea hitza lanbide batzuetako ordainsariei deitzeko erabiltzen zen. Woolfek panikoa zion sermoi edo panfleto itxurako orori, eta oso ongi dokumentatzen du liburuan aipatutako guztia. Esan daiteke pusken bilduma bat dela: argazkiak, biografiak, memoriak, gutunak… Horiek guztiak jaso zituen, iturri heterodoxoak, beraz, jakitunen aipamen-bilduma gainditzen zuen saiakera bat idazteko. Woolfek gutun bati erantzunen balio bezala idatzi zuen liburua; gutun horretan gizon batek egindako galderari (“Nola lagun dezakete emakumeek gerra eragozten?”) eta hiru eskaerari erantzuten die. Woolfek maila ertaineko emakumearen posizioan idatzitako erantzunean beste bi gutun ere tartekatzen dira.
Errepikapena darabil testua egituratzeko: gertaerak, esaldiak, irudi literarioak… Ohar ugari eta argazkiak ere bildu zituen liburuan, nahiko modu komikoan baliatutako irudiak. Espainiako gerra zibila ere agertzen da, baina argazkirik ez: oso presente dago, hain zuzen, argazkirik ez dagoelako. Hiru ataletan banatzen da, beraz:
Lehenengoan, hezkuntzaren apologia egiten du. Emakumeek eragimenik ez dutela dio, hezkuntzarik jaso ez dutelako: «emakumeoi hezkuntza lapurtu digute». Emakumeentzat eta gizonentzat gerra zer den hausnartzen du, eta emakumeek egin dezaketen gauza bakarra gerra mespretxatu eta irrigarritzat jotzea dela dio. Jantzien balio sinbolikoa ere aztertzen du argazkien laguntzaz, eta emakumeengan edertasuna eta gizonengan boterea adierazten dutela salatzen du. Historiak erakusten du Oxbridgek gizonen biolentzia sustatzen duela; horregatik, emakumeek beste unibertsitate eredu bat behar dute. Baina ameskeriatan ezin galdu, eta kasuan kasuko unibertsitatean kontzientzia indibidualaz jokatu behar dela dio, kutsaduraz. Besteak beste, literatura ikasi behar da irakurriz, ez eskola magistralen bidez. Etxeko mendekotasunak gerra babestera daramatza emakumeak, modu kontzientean nahiz inkontzientean. Horregatik, eta ordurako jabetu zirelako lanbideetan jarduteak zituen onurez, fokua hezkuntzan jarri behar dela azpimarratzen du lehen atal honetan, horrek baitakartza lanbideak eta askatasuna.
Bigarren atala lanbideei eskaintzen die. Gerra garaian emakumeek lanbideetan jardun zuten, gizonak soldadu abiatu behar zirelako, baina behin gerra bukatuta, emakumeek etxera itzuli behar zutela esaten hasi ziren. Eskaera horretan diktadorearen enbrioia dakusa Woolfek. Lanbideetan sartzen eta horietan gora egiten lagundu behar dela aldarrikatu arren, autoreak arrisku bat ikusten dio horri: emakumeak hor sartuz gero, ez al dituzte gerrara daramaten kualitateak garatuko? Lanbideak bultzatu nahi horretan, bigarren guinea emakume profesionalen elkarteari ematen dio Woolfek, betiere lehia gaiztorik ez birsortzeko eta emakume gazteei bidea errazteko baldintzarekin, eta leialtasun faltsuei (inperioa eta eliza) men egin gabe. Askatasunaren esentzia iritzi propioa izateko ahalmena da Woolfen ustez.
Hirugarren atalean outsider-en elkarteaz mintzo da. Emakumeek euren kultura eta askatasuna defendatu behar dute, baina nola? Idazle posiziotik, adibidez, burmuina ez da saldu behar, eta irakurle posiziotik, besteak beste, ez genuke esklabotasun intelektuala sustatzen duenik erosi behar. Guinea bat emanen dio eskatzaileari (gutuna idatzi dion gizonari), borroka bera baitute, baina ez da haren elkarteko kide eginen, gizonak taldean daudenean egoismoa eta biolentzia maskulinoa azaleratzen eta emakumeen identitatea desagertzen baita. Horren ordez, emakumeek beren elkartea behar dute, outsiderren elkartea: ez egiturarik, ez bilerarik, ez kuotarik. Ez dute gerrarik deklaratuko ezta inongo gerratan kolaboratuko ere. Haien estrategia erabateko indiferentzia izanen da gerraren glorifikazioaren aurrean; «emakume naizen aldetik, ez dut aberririk, mundua da nire aberria» zioen Woolfek. Elkarterik ezean, outsider horiek egon badirela ere azaltzen eta dokumentatzen du azken atal honetan, besteak beste, gerraren alde galtzerdi gehiagorik josiko ez zuten emakumeak eta mezara joaten ez zirenak.
Bukatzeko, Ana I. Moralesek esan zuen Woolf antiinperialista eta bakezale erradikala izan zela azkenera arte; uste zuen patriarkatuaren aurka ezin zela arma berekin borrokatu, erantzun berriak eta kontzientzia indibiduala beharrezkoak zirela. Liburu bukaeran etsipen amiñi bat agertzen du, baliteke ilobaren heriotzak (gerran) eragindakoa. Gehiagoren gogoz geratu ginen entzuleok eta gauza asko esateke hizlariak, baina ezin gehiago luzatu 45 minutu berandu bukatu zen eskola, Biltokiko lagunek egonarriz errespetatu zutena; hurrengo baterako utzi genuen Woolfen tunelak zulatzeko ariketa.
abendua 22, 2014 @ Garazi