Marrazoak pertsona

abendua 29, 2014 @


2

Orain dela bi aste Leipzigeko IALT institutuak Etxeparerekin elkarlanean Arestiri buruzko jardunaldi tematikoak antolatu zituen. Bertan Arestiren obra aztertzeaz gain, hainbat kontu interesgarri landu ziren: idazle galegoekin zein katalanekin izan zuen harremana eta poesia soziala, besteak beste. 50 urte pasa dira Harri eta Herri argitaratu zenetik, eta horren harira, jardunaldi hauetaz gain, Berlinen ere Arestiren poemak irakurri zituzten Euskararen egunean. Abendu hasierako ekitaldi hartan Aresti eta Brechten poemak entzun genituen, tartekatuta eta alemanerara zein euskarara egindako itzulpenekin. Norbaitek oraindik ezagutzen ez badu, orain dela hiru urte EuskAlema elkarteak bi autore hauen Poema Hautatuak bilduma argitaratu zuen. Bertan, euskarara zein alemanera itzuli zituzten hainbat poema. Erabat gomendagarria. Eta hilabete honetan atzetik jarraika izan dudan gaia denez, urtea Brechten poema baten itzulpenarekin amaitzea okurritu zait. Zuekin “Wenn die Haifischen Menschen wären”:

Marrazoak pertsonak balira

Marrazoak pertsonak balira –galdetu zion K. jaunari bere ugazabaren alaba txikiak– atseginagoak ziratekeen arrain txikiagoekin?

– Noski –erantzun zion–. Marrazoak pertsonak balira, arraintxoentzako kutxa erraldoiak eraikiko zituzketen itsasoan, mota guztietako jakiekin, animalia nahiz landareekin. Kutxan beti ur freskoa egoteko ardura hartuko zuketen, eta beharrezkoak diren osasun neurri guztiak hartuko zituzketen. Esate baterako arraintxo batek hegalean min hartuko balu, berehala jarriko zioketeen lotura bat, horrela arraintxoa behar baino lehenago ez hiltzeko marrazoen eskuetan.

Arraintxoak triste ez egoteko, egundoko ur-festak antolatuko zituzketen, arrain zoriontsuek tristeek baino zapore hobea dute eta.

Kutxa handietan eskolak egongo ziratekeen, noski. Eskola horietan arraintxoek marrazoen ahutzetan igerian sartzen ikasiko zuketen. Geografia ikasi beharko zuketen, alferkerian hor nonbait egoten diren marrazo handienak bilatu ahal izateko. Garrantzitsuena arraintxoen heziketa morala zatekeen. Borondatez sakrifikatzea baino gauza handiagorik eta ederragorik ez dagoela irakatsiko zieketen, eta marrazoengan sinesten ikasi beharko zuketen, batez ere marrazoek arraintxoen etorkizuna zainduko zutela esatekotan. Etorkizun hori lortzeko obeditzen ikasi behar dela ulertuko zuketen arraintxoek. Joera tristeak, materialistak, egoistak edo marxistak urrun mantendu beharko zituzketen, eta arraintxoren batek halako jarrerarik azalduz gero, berehala jo beharko zuketen marrazoengana.
Marrazoak pertsonak balira, argi dago euren arteko gerrak egingo zituzketela, besteen arraintxoak eta kutxak bereganatu ahal izateko. Gerretan arraintxoak borrokatuko ziratekeen. Marrazo bakoitzak bere arraintxoei erakutsiko ziekeen euren eta beste arraintxoen artean sekulako ezberdintasuna dagoela. Arraintxoak, mutuak izan arren, hizkuntza ezberdinetan isiltzen dira, eta ez dira elkar ulertzen. Gerran arraintxo etsaiak hilko zituzkeen arraintxo bakoitzari algaz eginiko dominak eta heroi tituluak emango zizkioketeen.

Marrazoak pertsonak balira, artea izango zuketen ere, noski. Marrazoen hortzen margo ederrak egongo ziratekeen, kolore ikaragarriekin, eta marrazoen ahutzak jolaserako aproposak diren lorategien antzera margotuko zituzketen.
Itsaso hondoko antzokian marrazoen ahutzetan heroien gisan sartzen diren arraintxoak agertuko ziratekeen. Eta musika hain zatekeen ederra, arraintxoak euren pentsamendu goxoenetan murgildurik, ametsetan bezala, melodiarekin batera marrazoen ahutzetan sartuko ziratekeela bandaren atzetik.

Erlijio bat ere egongo zatekeen marrazoak pertsonak balira. Erlijio horren arabera, benetako bizitza marrazoen sabelean hasten dela ikasiko zuketen arraintxoek.

Gainera, nahiz eta orain guztiak berdinak izan, arraintxoen arteko ezberdintasunak hasiko ziratekeen. Batzuei goi-karguak emango zizkieketen, eta beraz, gainerako arraintxoen gainetik kokatuko zituzketen. Pixka bat handiagoak diren arrainak besteak irensteko baimena izango zuketen. Marrazoek atseginez onartuko zuketen pribilegio hau, maiz mokadu handiagoak jateko aukera izango zuketelako. Arrain handienak –goi-karguak hartuko zituzketenak– ziratekeen arraintxoen arteko ordena ezartzeko arduradunak. Irakasle, ofizial edo kutxa-ingeniari lanpostuak hartuko zituzketen.

Laburbilduz, azkenik itsasoan kultura bat sortuko zatekeen marrazoak pertsonak balira.

Bertolt Brecht