“Musikarik gabe, bizitza akats bat litzateke”
Friedrich Nietzsche
Nietzschek estimu handitan zuen “Bizitzari ereserkia” izenez birbataiatu zuen hori. Franz Overbeck adiskideari 1887an idatzitako gutun batean hala zioen: «Noizbait, etorkizunean, ereserki hori kantatuko da nire omenez: demagun, hemendik ehun urtera, ni nor izan naizen ongi ulertu denean». Ecce homo famatuan ere, Honela mintzatu zen Zaratustra-ri buruzko atalean, ereserkia aipatzen du eta, gaizki-ulertu zabaldu bat zuzendu nahian, kontuak argitzeko beharra ikusten du: testua ez da berea, «garaian lagun nuen errusiar gazte baten inspirazio txundigarria da, Lou von Salome andereñoarena». Nietzscheren esanetan, «poemaren azken hitzei zentzua erauzten dakien horrek igarriko dio nire nahitasunaren eta miresmenaren arrazoiari: hitz horiek handitasuna dute». Beharbada, Nietzsche txunditu eta letra musikatzera eraman zuen hori minaren trataera da; testuan mina ez baita bizitzaren kontrako oztopotzat hartzen, eta sufrimenduaren gainetik adierazten da bizi nahia.
San Petersburgon sortu zen Lou Salome, 1861ean. Hogei urte ere ez zituenean aita hil zitzaion eta, amarekin batera, Errusiatik alde egin zuen, gazteak biriketan gaitzen bat zuela-eta sendatzeko leku aproposago baten bila. Medikuek zioten ez zela luze biziko eta, denbora kontra zuelako edo, buru-belarri ekin zion filosofia, erlijioa eta kulturaren historia ikasteari. Ezaguna da Paul Rée eta Nietzscherekin izandako hiruki intelektuala; bi gizonak maitemindu zituen, baina ezezkoa eman zien ezkon eskakizunei. Carl Friedrich Andreas hizkuntzalariarekin ezkondu zen geroago Berlinen, nahiz eta ezkontzaz kanpoko harreman afektibo-sexualak ez zituen eten. Rainer Maria Rilkerekin harreman bereziki estua izan zuen; Salomek errusieraz irakatsi zion, eta arte eta letren munduko hainbat pertsona esanguratsu aurkeztu zizkion. Rilkek, beste askok bezala, musatzat zuen. Sigmund Freuderekin ere izan zuen harremana, hark artatu eta maisu izan baitzuen. Harreman horien distiraren bestaldean —itzalpean, beharbada—, Lou Salomeren lan handia dugu. Idazle oparo eta laudatua izan zen, eta lehenengo emakume psikoanalistetako bat. Emakumeen sexualitatea ikuspegi psikoanalitikotik aztertu zuen, eta horri buruzko liburu bat baino gehiago idatzi zituen. Salomeren idatziek sona handia izan zuten Gottingenen, azken urteetan bizitoki izandako hirian; hainbeste non hil eta berehala, Gestapok haren liburutegia erre baitzuen. 1937an zendu zen Lou Salome, bizitza osoan jazarri zuen gaitzak jota.
1881ean idatzi zuen Zurichen “Gebet an das Leben” [“Bizitzari otoitza”] poema. Nietzschek melodia jarri nahi izan zion, baina musikarako zuen talentua agortzen hasia zitzaion ordurako. Bederatzi urte lehenago idatzia zuen, ordea, partitura heroiko eta alai bat, eta apur bat moldatu besterik ez zuen behar izan poemaren silaba-kopuruak melodiarekin bat egin zezan. Poema osoaren bi ahapaldi baino ez zituen hartu horretarako. Konposizioa Peter Gast adiskide eta maisuari bidali zion, txukun zezan, jendaurrean jotzeko eta kanturako ere prest utzi nahi baitzuen, «gizakiak nire filosofiara erakartzeko», antza. Azpian duzue emaitza; Lou Salome eta Friedrich Nietzsche betiko elkartu zituen abestia. Salomeren jatorrizkoa dakarkizuegu lehenik, eta Nietzschek moldatu eta musikatutakoa bideoan, azpidatziekin. Bideoa denik ere ezin esan daiteke, biniloaren azala baizik ez baitu erakusten; ezin izan dugu deus hoberik aurkitu. Honenbestez, on egin!
Nietzsche eta Salomé, Grau Santos artista brasildarrarena.
Bizitzari otoitza
Argi denez, lagun batek beste bat maite duen moduan,
hala maite zaitut nik, bizitza ezin asmatuzkoa!
Berdin gozamenez oihukarazi badidazu edo negar eginarazi,
berdin sufrimendua edo zoriona eman badidazu.
Maite zaitut zure saminarekin:
eta ni suntsitu behar banauzu,
zure besoetatik erauziko naiz,
laguna lagunaren bularretik erauzten den moduan.
Nire indar handienaz besarkatzen zaitut!
Utzi zure sugarrak piztu nazan
eta, borrokaren beroan,
erantzuna bila diezaiodan zure izatearen asmakizunari.
Milurtetan izatea! pentsatzea!
Bildu osoki zure babesean:
emateko zoriontasunik geratzen ez bazaizu,
ongi! – Artean baduzu zure sufrimendua.
urtarrila 21, 2015 @ Garazi