Itzultzaileak mintzo: Mirentxu Larrañaga Sueskun

urtarrila 30, 2015 @


OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Urtarrilaren azken hondarrean ekarri dugu gure urteko lehen itzultzaile hizlaria: Mirentxu Larrañaga Sueskun. Dorothy Parkerren Hona hemen gu biok  (Elkar/Alberdania, 2005) bilduma euskaratu zuelako ezagutzen genuen guk, eta etxeko lanak egin ostean jakin genuen beste bi literatur lan oso ezagun ere bazituela itzuliak (Pijama marradunaz jantzitako mutikoa –Alberdania, 2006 eta Peaceful soldaduaAlberdania, 2006), ikus-entzunezkoen itzulpenean jarduna zela, eta BERRIA egunkarian itzultzailea eta zuzentzailea zebilela gaur egun. Abenduko egun euritsu batez izandako solalsaldiari esker deskubritu genituen beste mila kontu. Hortxe doazkizue, on egin!

Nola sartu zinen itzulpengintzaren munduan?

Txikitatik sartu nintzen itzulpengintzan. Neure kasa itzuli nuen Marco marrazki bizidunen hasierako abestia, Zeruko Argiara bidali, eta argitaratu egin zidaten. Gero, bitxia da, ikus-entzunezkoak itzultzen ibilitakoa naiz, eta Marco itzultzen-egokitzen aritua. Halako batean, konturatu nintzen nire bertsioa ez zutela kontuan izan telebistarako [txantxatan]. Beti esaten da itzultzaileek kontuan izan behar dituztela aurretiko aldaerak, eta ea itzulita dagoen; ordu hartan, beste itzulpen bat erabili zuten, askoz ere hobea, dena aitortzera. Hala ere, grazia egin zidan. K2000 enpresarentzat jardun nuen azken urteetan izan zen, BERRIAn sartu baino lehen, eta azkenetako marrazki bizidunak Marcorenak izan ziren. Ez ziren nire kuttunenak, nik nahiago nituen Heidirenak, baina grazia egin zidan.

Bada, horrela hasi nintzen. Euskararen mundu honetan, Ikastolatik bertatik hasi ginen sartzen. Ondo irakurtzen omen genuen, eta orduan lotsarik ez neukanez… Neba eta beste baten batzuk aukeratu gintuzten euskaraz ikasteko kasete batzuk grabatzeko, katalanentzat. Antzerki-moduko batzuk grabatu genituen. Ez dakit orduan sartu ote zitzaidan euskararekiko kontzientzia, euskararen alde zerbait egin beharraren kontzientzia. Harrigarria iruditzen zait, oraindik ere, irakurtzen dudanean Zeruko Argia hilabetekarira bidali nuen gutun hura —ez dakit, 11 urterekin-edo—, umeentzako kantuek euskaraz egon behar zutela-eta neukan tema hura.

Artean Ikastolan nenbilela eskaini ziguten Bostak bildumarakoak itzultzeko aukera. Biren artean hasi ginen, eta pare bat itzuli genituen. Gero, Azkoitian norbaitek eskatzen bazidan zerbait itzultzeko, bada, itzuli egiten nuen; Euskal Herrian, asko gara itzultzaileak, batzuk ofizialak eta besteak ez. Ondoren, Euskal Filologia ikasi nuen, eta Itzulpengintzako masterra sortu zen, eta hartan izena eman nuen. Hura bukatu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundian jardun nuen uda batez —hiru hilabetean— administrazio-testuak itzultzen, eta, gero Bergarako arau subsidiarioak itzultzeko lehiaketa batean parte hartu nuen, eta, egiteko hura niri eman zidatenez, hartan ere jardun nuen. Hura amaitutakoan, K2000rekin eta ETBrekin lan egiteko ikastaro bat egin nuen, eta etxetik aritu nintzen etxetik itzulpenak egiten: marrazki bizidunak, dokumentalak, telesailak, filmak… Oso ondo pasatzen nuen. Donostiako Prentsa Bulegoarentzako itzulpenak ere egiten nituen aldi hartan. Eta, osterantzean, beti ibili izan naiz gai jakin batzuen inguruan: literatura, artea…

Azkenik, lana gutxituz joan zen, eta orduantxe fortunatu zitzaidan BERRIAn itzultzaile-zuzentzaile aritzeko aukera, eta harrezkero hantxe nabil lanean.

Tartean, literatur itzulpenak ere egin dituzu.

Nik uste dut erreskadan etorri izan zaidala, bata bestearen atzetik. Eta gero, orain, halako batean…

Zenbat denbora daramazu BERRIAn?

Otsailean, bost beteko ditut; 2007an sartu nintzen. Sasoitsu hartan bukatu zen literatur itzulpenen saltsa hori dena. Hain zuzen, lan egiteko modua oso diferentea da bietan ere. Aurreko lanak iraupen luzeagokoak ziren, nolabait esateko; egunkarian berehalakoa da ia dena. Itzulpenak garaiz bidaltzen badizkigute, astiroago ibiltzen gara; batzuetan, atzorakoak ez ezik hurrengo asterakoak ere izaten ditugu. Baina egunean bertan egin beharrekoak ere tokatzen dira. Orain, esan liteke langintza honen bi aldeetan nabilela aldi berean; berezkoak zaizkion horietan, nolabait. Nik esaten dut beti izan naizela oso pribilegiatua, maistra eta maisu oso onak eduki ditudalako. Hori erakutsi zidaten, norberaren jardunean ona den jendeaz inguratu beharra dagoela, horrela ikasten dela —txarra denak ere erakusten dizu, ordea, zer ez gaizki egin—.

Literatura Unibertsala sailaren barruan Dorothy Parkerren ipuin-bilduma bat euskaratu zenuen. Itzuli aurretik ezagutzen al zenuen egilea?

Nik Dorothy Parker ezagutzen nuen Koldo Mitxelenean zegoen ale oso fin bati esker, Una dama neoyorquina izenekoa. Gero, itzulpen-lehiaketarako deialdia egin zuten, eta pentsatu nuen jatorrizkoak hartzea, ikusteko ea zelan moldatzen nintzen. Neure buruari erronka jarri nion. Bi ipuinen laginak aurkeztu behar ziren, eta, ondo zetorkidanez —bolada hartan ez neukan-eta lan gehiegi—, gustura eta ilusio handiarekin aurkeztu nituen. Gerora jakin nuen benetan zein zen Dorothy Parker, eta bi hilabetean-edo egon nintzen shock-egoeran.

Bilduma emanda zetorren dagoeneko?

Bai, horrela zetorren dagoeneko. Berez, gehiago dira, baina dirua horretarako bakarrik zegoen, eta horiek itzuli behar ziren.

Dorothy Parkerrek ematen zidan errespetuaz gain, nire metodoa ere Stanislavski haren nahiko modukoa da. Halakoxea naiz, muturreraino sartzen naiz. Peaceful soldaduarenarekin ere hala ibili nintzen… Nolanahi ere, itzulpen diferenteak izan ziren, desberdina da ipuinak itzultzea edo eleberriak itzultzea; egia esateko, ipuin bakoitzean berriro hutsetik hasi behar duzu, eta berriz abantada hartzea kostatu egiten zitzaidan. Ipuinak somatizatu-edo egiten nituen, eta ez dakit hori oso ona den; ez dakit bete-betean asmatu nuen.

Kritika onak jaso zituen, ordea.

Orain dela gutxi jakin nuen Uxue Alberdik aipatua zuela Ordiziako hizkera-edo erabili nuela. Izan, ni, azkoitiarra naiz, eta, neskame hark ez zuenez ondo-ondo hitz egiten, ez zituenez hitzak oso-osorik esaten —alderantziz, dena janda bezala hitz egiten zuenez—, saiatu nintzen guk azkoitiarrok egiten dugun moduan egiten, geuk ere hitz egiten baitugu pixka bat horrela. Beltz bat Azkoitiko hizkeran!, ez dakit oso ondo asmatua dagoen, baina zerbait egin beharra neukan. Erregistroen kontua hain da bihurria, ñibirri-ñabarra.

Koro Navarrori Senez aldizkarian irakurri berri diot berak egiten duen ariketa bat dela lehengo itzulpenak begiratzea, ikasteko. Eta deitu zenidatenetik bueltaka izan dut buruan, baina erreparoa ematen dit, orain dakidanarekin eta lehen ez nekienarekin liburuak berriro begiratzea. Hala ere, konturatu naiz uste baino gehiagotan ireki ditudala liburuak eta zuzenketak eginak dizkiedala. Kontraesan eta guzti, asko gustatzen zait, esate baterako, orain Urrezko Bibliotekarekin egiten ari direna; Lorategiko Festa eta Harrotasuna eta aurrejuzkuak liburuen ale zaharra eta berria dauzkat, eta gustatzen zait begiratzea nola moldatu dituzten; azkenean, berez, ez dituzte askorik aldatu, oro har ongi iraun dutelako urteen joanean —erabaki batzuk gorabehera—. Ariketa oso interesgarria da, aspaldi egindako itzulpenak begiratzea; beti topatzen duzu lehen ikusi ez zenuen zerbait.

Zenbat denbora eman zenuen Parkerrena itzultzen?

Irailean esleitu zidaten itzulgaia, eta ekainerako entregatu behar nuen. Orrialde-kopuruaren araberakoa izaten da epea, eta, beraz, tarte laburra zen, urtebete eskas. Zorionez, Eskarne Mujika izan nuen zuzentzaile. Hura itzuli nuenean oso ausart (eta aske) aritu nintzen. Noski, lehiaketarako bi ipuinak hobeto zeuden, denbora gehiago izan bainuen, baina gero Eskarne Mujikak lan handia hartu zuen nirekin. Ordura arte nik inori ikasi gabekoak edo inork niri irakatsi gabekoak erakutsi zizkidan. Berez, itzultzaileek eta zuzentzaileek elkarlanean aritu behar dute. Zuzentzaileek, askotan, begiak irekiarazten dizkigute. Ez dago bakarlanik; ezinbestekoak dira elkarrekiko, batak berekin dakar bestea. Kazetariekin, askotan hori gertatzen da. Nik sumatzen dut batzuk ez direla konturatzen zer-nolako luxua den zuzentzailea esku-eskura edukitzea —are gehiago, Irene Arrarats izatea Euskara Zerbitzuko buru—; badakit zer diodan, urteak eman ditut-eta etxe zuloko bakardadean galduta. Asko eskertzen da; niretzat, oso garrantzitsua da zuzentzaileen lana, izugarri ikasten da. Lehenago esan dudan bezala, oso jende ona izan dut inguruan, oso ondo jantzia eta erakustaile bikaina. Ikus-entzunezkoetan ere bagenuen zuzentzailea, Beatriz Zabalondo, eta harengandik ere asko ikasi nuen.

Zerbait zuzentzen dizutenean, lehenengo, amorrua ematen dizu, hain zuzen, lehenago ez ikusi izanak hor zegoen kontu bat. Baina ikusten duzunean, jabetzen zarenean, orduan ikaragarri nabarmena iruditzen zaizu, eta izugarrizko lasaitua ematen dizu jakiteak aurrerantzean zentzatzeko aukera izango duzula. Gero, badugu joera akats berberak aldian-adian errepikatzekoa, baina tira.

Iratxe Retolazak eta Inma Erreak aipatzen dute euskarazko itzulpenak Parkerren freskotasuna gordetzen duela. Horri eustea izan zen zailenetakoa?

Haren hizkuntza-ekonomiara errenditzea izan zen konturik zailena. Askotan esana zuen hizkuntza dela dosi txikietan erabili beharreko tresna bat, edo, hobeto esanda, dosi egoki eta doietan baliatzekoa. Egileak adierazi nahi duen hori berori adieraztea, horixe da zailena, eta, gero, estiloari eusten badiozu, hori areena da, gailurraren gailurra.

Erregistroaren kontuan zerbait aldatuko zenuke gaur egun?

Elkarrizketa honetara etorri aurretik, horixe begiratzen aritu naiz, eta uste dut motz geratu nintzela. Ausartu nintzen pixka bat janda ipintzen pertsonaia beltz haren berbaldia, baina, orain, agian, naturalago-edo ipiniko nuke. Konturatu naiz janda bezala adierazi nahi izan dudana ez dudala oso-osorik horrela egin, alegia, ez dudala azken muturreraino eraman, jan nituela gauzak baina erdibidean geratu nintzela. Naturalago diodanean, esan nahi dut areago ekarriko nukeela Azkoitiko hizkerara. Gaur egun, ez dakit modan dagoen, baina esango nuke onartuago dagoela horrelakoak sartzea.

Gogoan dut frantsesezko eta gaztelaniazko aldaerak eskura izan nituela, arazorik handieneko pasarteak begiratzeko eta, oro har, guztiak elkarrekin alderatzeko. Sarritan ikusi izan dut gaztelaniazko itzulpenetan badutela ohitura —ausardia— arazoren bat ageri duten pasarteak kentzekoa. Eta konturatu nintzen hartan ere bazirela horrelako kasu batzuk.

 Itzulpen-prozesuari buruz zerbait gehiago esango zenuke?

Bada, itzultzen hasi aurretik, lehenengo, gustatzen zait hartu eta lasai irakurtzea, bi edo hiru aldiz irakurtzea, eta, behin istorioan sartzen naizenean —buruz-edo badakidanean—, orduan hastea itzultzen. Egileari buruzkoak, biografiak eta abarrak ere irakurtzen ditut; badakizu, ahalik eta neureena egitearren. Itzuli beharreko horiek grabatuta baldin badaude, gustatzen zait horiek entzutea, aparte zein irakurri ahala; ikus-entzunezkoekin horretara ohituta nengoelako-edo. Eta zortea izan dut, itzulgai izan ditudanetan bazeudelako; oso ondo dator erritmoa kontrolatzeko. Dorothy Parkerrenak, hala ere, gerora topatu nituen; oraindik ez dut eten egile horrekiko zilbor-hestea.

Peaceful soldadua itzuli zenuen hurrengo.

Bai. Eskaini zidatenean, lehenengo, irakurri egin nuen —aktoreek gidoiarekin egiten duten moduan—, ezer erantzuterako, eta baiezkoa eman nien. Ez zegoen gaztelaniara ekarria. Batzuetan, gaztelania denez gertuen daukazuna, uste duzu ona dela hor eskura edukitzea, horretara jo ahal izateko, baina ez du zertan. Kasu horretan, ez zegoen gaztelaniaratua, eta italierazkoa eta frantsesezkoa erabili nituen.

Kartzelan heriotzara kondenatua dagoen bati buruzkoa zen; erail aurreko azken ordu horiek kontatzen ditu Michael Morpurgo idazleak, atzerako kontu baten modura gogora ekartzen ditu pertsonaia nagusiak anaiarekin pasatutako garaiak. Gerrako kontakizunen kasuan, ez nintzen Parkerrekin bezala ibili, eta oraindik ez naiz joan eleberriak kokatuta zeuden tokietara. Hala ere, itzulpen horrekin ere lubakian oso sartuta ibili nintzen, hondo-hondoraino. Hizkuntzaren aldetik, zailena izan zen txilin-dei moduko errepikak zeudela eleberri osoan. Eta baliagarri izango zirenak aurkitzeak eman zizkidan buruhauste handienak.

Pijama marradunaren istorioa ere gerra-kontuez ari da.

Bai, hura ondoren etorri zen, eta, azkenean, pixka bat ahitu ere egin nintzen biekin.

 Urte asko daramazu literatur lanik itzuli gabe.

Jendaurreko euskarrietan argitaratu gabe, bai; euskaratuak ditut, ordea, Raquel Díaz de Regueraren ipuin bat (Gosalaurreko muxua), Olga Guiraoren kontakizun bat (Emakume zahar biluzi bat bezain) eta Miren Alberdiren beste bat (Postal de Navidad). Kontua da itzuli beharrak dakarren adrenalina-puntu hori egunkariko berehalakotasun horrek ematen didala; lehen ere esan dudan bezala, oso diferentea da hango lan egiteko modua. Ohituxe naiz motzean aritzera eta luzean aritzeak bertigo pixka bat ere ematen dit; baina, ez dut etsi, eta, bide luzeko antxintxikalaria naizenez, handik gutxira gaur

Itzuli zenituenak, ordea, denak oso segidan itzuli zenituen. Garai hartan horretan bakarrik ari zinen?

Batetik, ikus-entzunezkoekin ari nintzen. Bestetik, tartean sartu zen Parkerrena, eta, gero, Diario Vasco-k garai hartan ateratzen zuen gehigarri bat, Zabalik, eta hura ere zuzentzen ibili nintzen, lau hilabetean; arratsaldez aritzen nintzen han. Hurrengo, EHUko Euskara Zerbitzuan jardun nuen, irakasleen testuak-eta orrazten, besteak beste, Juan Garzia Garmendiaren eta Juan Kruz Igerabideren gerizpean. Badirudi urrats guztiek zuzentzaile-lanetara bideratuko nindutela. Haien ondoren harrapatu ninduen soldaduarenak; ingelesezkoa irakurri, eta onartu egin nuen. Bai, hainbat gauzatan nenbilen aldi berean.

 Ikus-entzunezkoetan ere ibilia zara.

Hala da; hamar bat urtean ibili nintzen horretan, bikoiztaileentzako testuak itzultzen eta egokitzen, eta, tarteka, bestelako itzulpen batzuk ere egiten nituen. K2000rentzat, gehienbat, marrazki bizidunak eta dokumentalak itzultzen eta egokitzen aritu nintzen. Bai eta pare bat film ere: Anaconda eta Oxígeno; horietako bat ziztu bizian itzuli behar izan nuen. Batzuetan, ondo dator entregatzeko epea urrutiegi ez egotea; egiatan, sekula ez da urrutiegi egoten, beti iristen delako azkar, baina batzuetan ez dator gaizki zeure buruari presio pixka bat egitea.

Bideokaseteak bidaltzen zizkiguten, bai eta haiei zegozkien gidoiak ere, eta guztia itzulita eta egokituta bidali behar izaten genien. Berez, hiru lan ziren: take-tan banatzea —alegia, bikoiztaileak esateko moduko sekuentzietan—, itzultzea eta egokitzea. Marrazki bizidunetan, adibidez, abesti asko moldatu behar izan nituen; eta, ni, poz-pozik.

Bikoizketaren aferaz zer uste duzu?

Ni horretan bat nator Koro Navarrorekin. Uste dut denetarik egon behar duela: bikoiztuak, jatorrizko bertsioan emanak eta azpidatzitakoak. Batzuei ez zaie gustatzen filmak eta dena delakoak bikoiztuta entzutea; beste batzuek, berriz, nahiago dute jatorrizkoan entzutea. Jende askok ikusten ditu futbol-partidak telebistari bolumena kenduta eta irratia ozen ipinita, edota hotsik batere gabe. Niri ondo iruditzen zait, baterako zein besterako aukera izatea. Lastima da, baina ni neu ez naiz sekula aritu azpidatziak jartzen. Bikoizketak baditu bere berezitasunak: hizketaldiak laburtu beharra, ezpainen mugimenduari egokitu beharra… Marrazki bizidunetan, ordea, ezpainena ez da hainbesteko arazoa. Gogoan dut nola behin bideo bateko pertsonaiak alemanez mintzo ziren, azpidatziak frantsesez zetozen eta gidoiak ingelesez bidali zizkiguten; ariketa ezinago aberasgarria izan zen —telebista-kate frantsesetan ere bat noiznahi treba daiteke frantsesez diotena eta ingelesez azpidatzia datorrena euskarara ekartzen—.

Ez duzu literatura itzultzeko minik? Zer itzuliko zenuke gustura?

Barruko harra baretzeko, egile kuttunak emeki itzultzen hastea onena: Dorothy Parkerren lan gehiago; baita gero eta ezagunagoak egiten ari zaizkigun egileenak ere: Virginia Woolf, Sylvia Plath, Djuna Barnes, Lydia Davis, Grace Paley, Siri Hustvedt, Miranda July… Hainbeste dago itzultzeko, eta hain denbora gutxi ezertarako.