Samanta Schweblinek ahoa bete txori

otsaila 2, 2015 @


ece9f7b9ce

The Birds [Txoriak] filmeko eszena bat

Otsaileren lehen astearekin datorkigu Samanta Schweblinen sortako bigarren alea, autore argentinarraren bilduma sonatuenari izenburua ematen diona, hain justu ere. Berbaratza blogekoek amua eskaini ziguten, eta orain oso-osorik daukagu irakurgai, Xabi Aizpurua Ugartek itzulia. On egin, ahoa bete txori.

Ahoa bete txori

Itzultzailea: Xabi Aizpurua Ugarte

Silviaren autoa etxe aurrean zegoen aparkatuta, lau keinukariak piztuta zituela. Gelditu egin nintzen, txirrinari kasurik ez egiteko benetako aukerarik ba ote zegoen pentsatzen nuen bitartean, baina partida etxe guztian entzuten zen; beraz, telebista itzali eta irekitzera joan nintzen.

            ̶ Silvia ̶esan nion.

            ̶ Kaixo   ̶ esan zuen berak, eta nik ezer esan aurretik sartu egin zen ̶ . Hitz egin beharra daukagu, Martin. ̶ Neure besaulkia seinalatu zuen eta nik obeditu egin nion. Izan ere, batzuetan, iraganak atea jotzen duenean eta duela lau urte bezala tratatzen nauenean, inozo hutsa izaten jarraitzen dut. Bera ere eseri egin zen.

            ̶ Ez zaizu gustatuko. Zera… Gogorra da. ̶ Ordulariari begiratu zion ̶ . Sarari buruz da.

            ̶ Beti izaten da Sarari buruz ̶ esan nuen.

            ̶ Zure alabak arazo larriak ditu. Esango duzu dena puztu egiten dudala, erotuta nagoela, kontu horiek guztiak, baina ez dago horretarako denborarik. Nirekin etorriko zara etxera oraintxe bertan eta zeure begiekin ikusiko duzu. Joango zarela esan diot. Sara zure zain dago.

            ̶ Zer gertatzen da ba?

            ̶ Ez dizkizu hogei minutu ere kenduko. Gero ez dizut entzun nahi berak ez zaituela bere bizimoduan integratzen eta kaka zahar hori guztia.

            Isilik gelditu ginen une batez. Hurrengo pausoa zein izango zen pentsatu nuen, berak kopeta okertu, jaiki eta ateraino joan zen arte. Nik nire berokia hartu eta bere atzetik irten nintzen.

Kanpotik etxea beti bezala ikusten zen, belarra moztu berria eta Silviaren azaleak senar-emazteen balkoitik zintzilik. Bakoitza bere autotik jaitsi eta hitzik egin gabe sartu ginen. Sara besaulkian eserita zegoen. Aurtengo eskolak amaitu arren, lizeoko jertsea zeraman jantzita; aldizkarietako eskolaume pottorbero horiei bezalaxe gelditzen zitzaion. Zurrun zegoen, zangoak elkartuta eta eskuak belaunen gainean zituela, leihoko edo lorategiko punturen batean kontzentratuta, amaren yogako ariketa horietako bat egiten ariko balitz bezala. Nahiz eta beti zurbil samarra eta argala izan, orain osasun betean zegoela konturatu nintzen. Haren zango eta besoek indartsuagoak ematen zuten, hilabete batzuetan kirola egiten jardun duenaren gisan. Ileak distira egiten zion eta masailetan kolore arrosa argia zeukan, margotua bezala baina benetakoa. Sartzen ikusi ninduenean, irribarre egin eta esan zuen:

            ̶ Kaixo aita.

            Nire neskatoa zeharo maitagarria zen, baina bi hitz nahikoa ziren neska harengan zerbait gaizki zebilela ulertzeko, seguru asko amarekin zerikusia zuen zerbait. Batzuetan pentsatzen dut agian neurekin eraman behar nuela… baina gehienetan pentsatzen dut ezetz. Telebistatik metro batzuetara, leiho ondoan, kaiola bat zegoen. Txorientzako kaiola zen ̶ hirurogei, laurogei zentimetrokoa ̶ eta sabaitik zintzilik zegoen, hutsik.

            ̶ Zer da hori?

            ̶ Kaiola bat ̶ esan zuen Sarak, eta irribarre egin zuen.

            Silviak keinu bat egin zidan sukaldera jarrai niezaion. Leihateraino joan ginen eta bera itzuli egin zen Sarak ez gintuela entzuten egiaztatzeko. Besaulkian zurrun zegoen, kalera begira, inoiz iritsi ez bagina bezala. Silviak ahopeka hitz egin zidan.

            ̶ Martin. Hara, hau patxadaz hartu beharko duzu.

            ̶ Nahikoa da, Silvia, ez nazazu gehiago izorra. Zer da?

            ̶ Atzotik baraurik daukat.

            ̶ Adarra jotzen, ala?

            ̶ Zeure begiekin ikus dezazun.

            ̶ Aja… erotuta zaude?

            Keinu bat egin zidan egongelara itzul gintezen eta besaulkia seinalatu zidan. Sararen aurrean eseri nintzen. Silvia etxetik irten zen eta leihatea zeharkatzen eta garajera sartzen ikusi genuen.

            ̶ Zer gertatzen zaio zure amari?

            Sarak sorbaldak altxatu zituen, ez zekiela ulertaraziz. Ile beltz kizkurgabea zeukan, motots batean bilduta, eta ia-ia begietaraino iristen zitzaion kopeta-ilea, ondo zaindua.

            Silvia zapata-kaxa batekin itzuli zen. Artez zekarren, bi eskuekin, zerbait hauskorra bailitzan. Kaiolaraino joan, ireki, eta kaxatik txolarre txiki-txiki bat atera zuen, golfeko pilota baten tamainakoa; kaiola barruan sartu eta itxi egin zuen. Kaxa lurrera bota eta ostiko batez baztertu zuen, idazmahaiaren azpian metatzen ari ziren beste bederatzi edo hamar kaxen ondora. Sara jaiki egin zen orduan, eta, mototsak garondoaren alde batera eta bestera distiratzen ziola, kaiolaraino joan zen brinko bat eginda, bera baino bost urte gutxiago dituzten neskatilek egiten duten moduan. Guri bizkarra emanda, hanka puntetan, kaiola ireki eta txoria atera zuen. Ezin izan nuen ikusi zer egin zuen. Txoriak oihu egin zuen eta berak indarka jardun zuen une batez, agian txoria ihes egiten saiatu zelako. Silviak ahoa estali zuen eskuarekin. Sara gugana biratu zenerako ez zegoen txoririk. Ahoa, sudurra, kokotsa eta bi eskuak odolez beteta zituen. Lotsatuta egin zuen irribarre, haren aho erraldoia okertu eta ireki egin zen, eta haren hortz gorriek salto batean jaikitzera behartu ninduten. Komuneraino korrika joan, itxi eta goitika egin nuen komun-zuloan. Pentsatu nuen Silvia nire atzetik etorriko zela eta errua botatzen eta aginduak ematen hasiko zitzaidala atearen beste aldetik, baina ez zuen halakorik egin. Ahoa eta aurpegia garbitu nituen, eta ispilu aurrean gelditu nintzen entzuten. Goiko solairutik zerbait astuna jaitsi zuten. Sarrerako atea ireki eta itxi zuten hainbat aldiz. Sarak galdetu zuen ea apaleko argazkia eraman zezakeen berekin. Silviak baietz esan zuenerako urrun zegoen haren ahotsa. Atea ireki nuen ahalik eta zarata gutxien ateraz, eta korridorera burua atera nuen. Ate nagusia parez pare irekita zegoen eta Silvia nire autoaren atzeko eserlekuan sartzen ari zen kaiola. Pauso batzuk eman nituen etxetik irten eta haiei kontu batzuk oihukatzeko asmoz, baina Sara sukaldetik kalerantz abiatu zen eta bat-batean gelditu nintzen berak ikus ez nintzan. Besarkada bat eman zioten elkarri. Silviak musu eman zion eta gidariaren alboko eserlekuan sartu zuen. Zain egon nintzaion etxera itzuli eta atea itxi arte.

            ̶ Zer arraio?

            ̶ Zeurekin eramango duzu. ̶ Idazmahairaino joan eta kaxa hutsak zapaldu eta tolesteari ekin zion.

            ̶ Jainkoarren, Silvia, zure alabak txoriak jaten ditu!

            ̶ Ezin dut gehiago.

            ̶ Txoriak jaten ditu! Ikusi al du medikuren batek? Zer demontre egiten du hezurrekin?

            Silvia begira gelditu zitzaidan, harrituta.

            ̶ Horiek ere tragatu egingo dituela pentsatzen dut. Ez dakit txoriek … ̶ esan eta pentsakor gelditu zen.

            ̶ Ezin dut nirekin eraman.

            ̶ Berarekin egun bat gehiago, eta neure burua hilko dut. Lehenengo bera, eta gero neure burua.

            ̶ Txoriak jaten ditu!

            Komuneraino joan eta krisketaz itxi zuen atea. Kanpora begiratu nuen leihatetik. Sarak alaiki agurtu ninduen autotik. Lasaitzen saiatu nintzen. Aterantz pauso baldar batzuk ematen lagunduko zidaten gauzetan pentsatu nuen, errezatuz denbora hura nahikoa izan zedin berriro gizon arrunt eta korriente bat izatera itzultzeko, mutil txukun eta antolatua, supermerkatuan hamar minutuz zutik egoteko gai dena, lataz betetako apalategi baten aurrean, hartu dituen ilarrak egokienak direla ziurtatu nahian. Besteak beste, bururatu zitzaidan, pertsonak jaten dituzten pertsonak baldin badaude, orduan txoriak bizirik jatea ez zegoela hain gaizki. Ikuspegi naturista batetik droga baino osasungarriagoa dela ere bai, eta, ikuspegi sozialetik, ezkutatzeko errazagoa hamahirurekin haurdun gelditzea baino. Baina uste dut autoko maratilara iritsi arte jarraitu nuela neure buruari esaten txoriak jaten ditu, txoriak jaten ditu, txoriak jaten ditu, eta horrela.

            Sara etxera eraman nuen. Bidean ez zuen ezer esan, eta, iritsi ginenean, bakarrik jaitsi zituen bere gauzak. Bere kaiola, bere maleta –maletategian gorde zutena–, eta Silviak garajetik ekarri zuen zapata-kaxa bezalako lau. Ezin izan nion ezerekin lagundu. Atea ireki nuen eta han egon nintzen zain bera autora joan eta gauza guztiekin etorri arte. Sartu ginenean, goiko logela erakutsi nion. Gauzak utzi zituenean, jaitsarazi eta nire aurrean eserarazi nuen, jangelako mahaian. Bi kafe prestatu nituen, baina Sarak bere kikara baztertu eta esan zuen ez zuela infusiorik hartzen.

            ̶ Txoriak jaten dituzu, Sara –esan nuen.

            ̶ Bai, aita.

            Ezpainei hozka egin zien, lotsatuta, eta esan zuen:

            ̶ Zeuk ere bai.

            ̶ Txoriak bizirik jaten dituzu, Sara.

            ̶ Bai, aita.

            Pentsatu nuen zer sentitzen ote den mugitzen ari den zerbait beroa irenstean, lumaz eta hankaz betetako zerbait ahoan izatean, eta eskuarekin itxi nuen ahoa, Silviak egiten zuen gisa berean.

Hiru egun pasatu ziren. Sara eserita egoten zen denbora guztian, besaulkian zurrun, zangoak elkarren kontra eta eskuak belaunburuetan zituela. Ni goizean goiz irteten nintzen lanera, eta Interneten kontsultak egiten pasatzen nuen eguna, konbinazio infinituak eginez “txori”, “gordin”, “sendabide”, “adopzio” hitzekin, jakinik bera eserita zegoela han, ordu luzez lorategira begira. Etxera sartzen nintzenean, zazpiak aldean, eta egun guztian zehar irudikatu nuen bezalaxe ikusten nuenean, ilea lazten zitzaidan garondoan eta gogoa izaten nuen etxetik irten eta bera barruan giltzapetuta uzteko, hermetikoki giltzapetuta, umetan harrapatzen diren xomorro horiek bezala, beirazko ontzietan gordeta airea amaitu arte. Egin al nezakeen? Txikitan, zirkuan, arratoiak ahoratzen zituen emakume bat ikusi nuen. Horrela edukitzen zituen zintzilik tarte batean, ezpain itxien artean isatsa mugituz, ikusleen aurrean oinez zebilen bitartean, begiak arranpalo irekita. Orain ia gauero pentsatzen nuen emakume harengan, ohean batera eta bestera lo hartu ezinik, Sara zentro psikiatriko batean sartzeko aukera aztertuz. Agian astean behin edo birritan bisita nezakeen. Silviarekin txandak egin nitzakeen. Pentsatu nuen kasu batzuetan gaixoa nolabait bakartzea aholkatzen dutela medikuek, hilabete batzuetan familiatik aldentzea. Agian aukera ona izango zen guztiontzat, baina ez nengoen seguru Sara gai izango ote zen horrelako toki batean bizirauteko. Edo bai. Edozein kasutan, haren amak ez luke onartuko. Edo bai. Ezin nuen erabaki.

            Laugarren egunean Silvia gu ikustera etorri zen. Bost zapata-kaxa ekarri zituen eta sarrerako atearen ondoan laga zituen, barrualdean. Biotako inork ez zuen ezer esan hari buruz. Saraz galdetu zuen eta goiko gela seinalatu nion. Jaitsi zenean kafea eskaini nion. Egongelan hartu genuen, isilik. Zurbil zegoen, eta eskuek hainbesteko dardara egiten zioten, baxera tintinka hasten baitzen kikara platertxo gainean jartzen zuen bakoitzean. Biok genekien zer pentsatzen zuen besteak. Nik esan nezakeen “hau zure errua da, hauxe da lortu duzuna”, eta berak esan zezakeen “inoiz arretarik jarri ez diozulako gertatzen da hau”, edo antzeko kontu absurdoren bat. Baina, egia esan, ordurako oso nekatuta geunden.

            ̶ Ni arduratuko naiz honetaz ̶ esan zuen Silviak irten aurretik, zapata-kaxak seinalatuz. Ez nuen ezer esan, baina barru-barrutik eskertu nion.

Supermerkatuan, jendeak zerealez, gozokiz, barazkiz eta esnekiz betetzen zituen bere orgatxoak. Ni nire latetara mugatzen nintzen eta ilaran egoten, isilik. Astean bizpahiru aldiz joaten nintzen supermerkatura. Batzuetan, nahiz eta ezer erosi beharrik ez izan, bertatik pasatzen nintzen etxeratu aurretik. Gurditxo bat hartu eta apalategien artean ibiltzen nintzen neure kolkorako pentsatuz zer ahaztu ote zitzaidan. Gauean elkarrekin ikusten genuen telebista. Sara zurrun, sofaren bere izkinan eserita, ni beste muturrean, aldian behin bera zelatatuz ea programa jarraitzen zuen edo berriz ere begiak lorategian iltzatuta zituen. Nik bi lagunentzat prestatzen nuen janaria eta bi azpiletan eramaten nuen egongelara. Sarari aurrean uzten nion berea, eta hantxe gelditzen zen. Bera ni hasi zain egoten zen eta orduan esaten zuen:

            ̶ Barkatu, aita.

            Jaiki, bere gelara igo eta leuntasunez ixten zuen atea. Lehenbiziko aldian telebistaren bolumena jaitsi nuen eta isilik egon nintzen zain. Intziri zorrotz eta motz bat entzun zen. Segundo batzuk geroago, bainugelako iturria eta ur txorrota. Batzuetan minutu batzuen buruan jaisten zen, ezin hobeki orraztuta eta baretuta. Bestetan dutxatu egiten zen eta zuzenean pijama jantzita jaisten zen.

            Sarak ez zuen atera nahi. Haren jokabidea aztertuta, pentsatu nuen agian agorafobiaren zantzuak pairatuko zituela. Batzuetan aulki bat ateratzen nuen lorategira eta tarte batez irten zedin konbentzitzen saiatzen nintzen. Baina alferrikakoa zen. Hala eta guztiz ere, azala energiaz dirdirka mantentzen zuen eta gero eta ederragoa zegoen, eguna eguzkipean ariketak eginez pasatuko balu bezala. Aldian behin, nire kontuetan nenbilela, luma bat topatzen nuen. Ate ondoan lurrean, kafe lataren atzean, mahai-tresnen artean edo sukaldeko harraskan oraindik bustita. Sarak ez ikusteko moduan jasotzen nuen, eta komun-zulora botatzen nuen. Batzuetan han gelditzen nintzen, urak nola zeraman begira. Batzuetan, komuna berriz betetzen zen, ura baretu, berriz ere ispilu bat bezala, eta nik oraindik han jarraitzen nuen begira, pentsatuz supermerkatura itzultzea beharrezkoa ote zen, benetan justifikatuta ote zegoen gurditxoak hainbeste zaborrez betetzea, Sararengan pentsatuz, zer ote zegoen lorategian.

Arratsalde batez, Silviak deitu zuen: ohean omen zegoen gripe ikaragarri batekin. Esan zuen ezin zigula bisitarik egin. Ezin zigula bisitarik egin esateak esan nahi zuen ezin zuela kaxa gehiago ekarri. Bera gabe konponduko ote nintzen galdetu zidan. Nik ea sukarrik bazeukan galdetu nion, ea ondo jaten ari zen, ea medikuarenera joan zen, eta galderei erantzun beharrarekin aski zeregin jarri nionean moztu beharra nuela esan eta moztu egin nuen. Telefonoak berriro jo zuen baina ez nuen hartu.

            Telebista ikusi genuen. Nire janaria ekarri nuenean Sara ez zen jaiki bere logelara joateko. Lorategira begira egon zen nik jaten amaitu arte; ondoren, telebista ikusten hasi zen berriz.

            Hurrengo egunean, etxera itzuli aurretik supermerkatutik pasatu nintzen. Gurditxoan hainbat gauza jarri nuen, betikoa. Apalategien artean paseatu nuen supermerkatua lehenbizikoz ezagutzen ariko banintz bezala. Etxeko animalien atalean gelditu nintzen; txakurrentzako, katuentzako, untxientzako, txorientzako eta arrainentzako janaria zegoen. Janari batzuk altxatu nituen zer ziren ikusteko. Zerez eginak zeuden irakurri nuen, zenbat kaloria ematen zituzten eta zer kopuru gomendatzen zen arraza, pisu eta adin bakoitzarentzat. Ondoren, lorezaintzako sailera joan nintzen, non landare loredunak edo lorerik gabeak, loreontziak eta lurra besterik ez zegoen. Beraz, atzera etxeko animalien sailera itzuli eta bertan gelditu nintzen, jarraian zer egingo ote nuen pentsatuz. Jendeak bere gurditxoak betetzen zituen eta niri iskin eginez mugitzen zen. Amaren eguna zela-eta esnekietako eskaintza iragarri zuten bozgorailuetatik, eta mutil bati buruzko abesti melodiko bat jarri zuten, emakumez inguratuta egon arren bere lehen maitasunaren miraz zegoen bati buruzkoa. Azkenean, gurditxoari bultzatu eta laten sailera itzuli nintzen.

            Gau hartan, Sara berandu lokartu zen. Nire logela harenaren azpian zegoen, eta sabaian entzun nuen urrats urduriz ibiltzen, etzaten, berriz jaikitzen. Logela zer egoeratan ote zegoen galdetu nion neure buruari; ez nintzen igo bera iritsi zenetik eta agian tokia hondamendi hutsa izango zen, krakaz eta lumaz betetako txoritokia.

            Silviak deitu eta hiru gauera, etxera itzuli aurretik, albaitaritza-denda bateko toldoetatik zintzilik zeuden txori-kaiola batzuk begiratzeko gelditu nintzen. Haietako batek ere ez zeukan Silviaren etxean ikusi nuen txolarrearen antzik. Koloretakoak ziren eta oro har apur bat handiagoak. Han egon nintzen tarte batez, saltzaile bat ea txoriren bat nahi nuen galdetzera etorri zitzaidan arte. Ezetz esan nion, inolaz ere ez, begiratzen soilik ari nintzela. Inguruan gelditu zen, kaxak mugitzen, kalera begira, gero ulertu zuen benetan ez nuela ezer erosiko eta salmahaira itzuli zen.

            Etxean, Sara besaulkian zegoen zain, yoga ariketak egiten, zurrun. Elkar agurtu genuen.

            ̶ Kaixo, Sara.

            ̶ Kaixo, aita.

            Bere masailetako gorritasuna joaten ari zitzaion eta jada ez zeukan aurreko egunetako itxura onik.

            ̶ Aitatxo… ̶ esan zuen Sarak.

            Ahoan nerabilena irentsi eta telebistaren bolumena jaitsi nuen, benetan niri hitz egin ote zidan zalantza eginda, baina han zegoen, zangoak elkartuta eta eskuak belaunburuetan, niri begira.

            ̶ Zer? ̶ esan nion.

            ̶ Maite nauzu?

            Eskuarekin keinu bat egin nuen eta ondoren baiezkoa buruaz. Hark guztiak bere osotasunean esan nahi zuen baietz, horixe baietz. Nire alaba zen, ezta? Eta, hala ere, zalantzengatik, batez ere nire emazte ohiak “zuzentzat” joko zukeena gogoratuta, esan nuen:

            ̶ Bai, maitea. Noski.

            Eta orduan Sarak irribarre egin zuen, beste behin, eta lorategira begira geratu zen telebistako saioak iraun zuen bitartean.

            Berriz ere gaizki egin genuen lo, bera gelan alderik alde (ibili zen,) eta ni ohean jira eta bira lo hartu nuen arte. Hurrengo egunean Silviari deitu nion. Larunbata zen, baina ez zuen telefonorik hartzen. Geroxeago deitu nuen, eta eguerdi aldean ere bai. Mezua utzi nion, baina ez zidan erantzun. Sara besaulkian eserita egon zen goiz guztian, lorategira begira. Ilea apur bat narrastuta zeukan eta jada ez zen hain zurrun esertzen; oso nekatua zirudien. Ea ondo zegoen galdetu nion eta esan zuen:

            ̶ Bai, aita.

            ̶ Zergatik ez zara irteten lorategira pixka batean?

            ̶ Ez aita.

            Aurreko eguneko elkarrizketa gogoratuta, maite ote ninduen galdetzea otu zitzaidan, baina berehala txorakeria hutsa iritzi nion. Silviari deitu nion berriz ere. Beste mezu bat utzi nion. Ahopeka, Sarak entzun ez nintzan, honela esan nion erantzungailuari:

            ̶ Larria da, mesedez.

Bakoitzak bere besaulkian eserita itxaron genuen, telebista piztuta. Ordu batzuk geroago, Sarak esan zuen:

            ̶ Barkatu, aita,.

            Bere logelan itxi zen. Telebista itzali nuen eta telefonoraino joan nintzen. Aparailua beste behin altxatu, tonua entzun eta moztu egin nuen. Autoarekin albaitaritza-dendara joan nintzen, saltzailea topatu eta esan nion txori txiki bat behar nuela, zeukan txikiena. Saltzaileak argazki katalogo bat ireki zuen eta esan zidan espezie batetik bestera prezioa eta elikadura aldatu egiten zirela. Salmahaian kolpe bat jo nuen eskua zabalduta. Gauza batzuek jauzi egin zuten erakusmahaian eta saltzailea isilik gelditu zen, niri begira. Txori txiki bat seinalatu nuen, iluna, kaiolan alderik alde urduri mugitzen zena. Ehun eta hogei peso kobratu zizkidaten, eta kartoizko kaxa berde karratu batean eman zidaten, inguruan zulo txikiekin, eta tapan, haztegiko esku-orri bat txoriaren argazkia zuela; eta onartu ez nuen doako alpiste poltsa bat ere bai.

            Itzuli nintzenean, Sarak itxita jarraitzen zuen. Bera etxean zegoenetik lehen aldiz, igo eta logelara sartu nintzen. Ohean eserita zegoen, zabaldutako leihoaren aurrean. Begiratu egin zidan, baina biotako inork ez zuen ezer esan. Hain zegoen zurbil, gaixo baitzirudien. Logela garbi eta txukun zegoen, komuneko atea erdi irekita. Idazmahaiaren gainean hogeita hamar bat zapata-kaxa egongo ziren, baina tolestuta   ̶ hainbeste toki behar ez izateko ̶ eta bata bestearen gainean arreta handiz pilatuta. Kaiola leihotik zintzilik zegoen, hutsik. Argi-mahaitxoaren gainean, argimutilaren ondoan, amaren etxetik hartutako argazkia. Txoria mugitu egin zen eta haren hankak entzun ziren kartoiaren gainean, baina Sarak geldi jarraitu zuen. Kaxa idazmahaiaren gainean utzi nuen, logelatik irten eta atea itxi nuen. Orduan konturatu nintzen ez nengoela ondo. Hormaren kontra jarri nintzen apur batean atseden hartzeko. Txori-haztegiko esku-orriari begiratu nion, oraindik eskuan baineraman. Atzealdean txoriaren zaintzari eta haren ugalketa zikloei buruzko informazioa zegoen. Espezie hark sasoi epeletan bikotean egoteko beharra zuela azpimarratzen zuen, eta zer egin zitekeen gatibualdiko urteak ahalik eta eramangarrienak izan zitezen. Txilio labur bat entzun nuen, eta gero bainugelako harraskako ur txorrota. Ura jariatzen hasi zenean hobeto sentitu nintzen eta banekien, nola edo hala, asmatuko nuela eskailerak jaisten.

31146__samanta-schweblin-5Irudia: Francisco Cañedo