(Argazkia: Fundación Iberoamericana)
«Poetek ez dute biografiarik»
Nicanor Parra
Iaz bete zituen 100 urte poeta txiletar handi honek. Artista sendi bateko nagusiena da (Violeta arrebaren poema bat ere ekarri genuen), matematikaria eta fisikaria, eta antipoesiaren sortzailetzat dute askok. Liburu anitz argitaratu ditu, besteak beste, Cancionero sin nombre (1937), Poemas y antipoemas (1954), Sermones y prédicas del Cristo de Elqui (1977) eta Discursos de sobremesa (2006). Idatzizko lanez gainera, artefaktuak ere sortu eta munduko hainbat galeriatan erakutsi ditu. Urteurrenaren harira Josu Landak poema onenetako batzuk euskaratu zituen arren, guk ere poeta izugarri honi omenaldia egin eta aletxo bat ekarri nahi izan dizuegu, ea pitinka handitzen den haren obra gurean. Hainbat liburutatik hartu ditugu olerkiak, hemen zerrenda. Autorearen baieztapenari kontra eginez, beraz, Parraren biografiarik onena dakarkizuegu: bere obra. On egin!
Nicanor Parraren artefaktuetako bat, Los expresidentes de Chile ahorcados.
HIRU POESIA
1
Esateko ez dut dagoeneko deus
Esateko neukan guztia
Hamaika aldiz esan izan dute.
2
Hamaika aldiz galdetu izan dut
Baina inork ez die nire galderei erantzuten.
Behar-beharrezkoa da
Amildegiak behingoz erantzun dezan
Honezkero denbora gutxi geratzen baita.
3
Gauza bakarra dago garbi:
Haragia zizarez betetzen da.
VII.
(in SERMONES & PRÉDICAS)
Senarrek gutun-bidezko ikastaro bat
egin beharko lukete
ez badira zuzenean egitera ausartzen
emakumeen sexu-organoei buruz
horren inguruko ezjakintasun handia dago
nork esan diezadake adibidez
zer alde dagoen bulbaren eta baginaren artean
hala ere uste dute eskubidea dutela
ezkontzeko
gaian aditu balira bezala
emaitza: bikote arazoak
adulterioa kalumniak banantzea
eta nola geratzen dira seme-alaba gizajo horiek?
IZENA ALDATZEA
Letra ederrak maite dituzten horiei
Nire guraririk onenak helarazten dizkiet
Izena aldatuko diot zenbait gauzari.
Nire abiapuntua hau da:
Poetak ez du hitza betetzen
Ez baditu gauzen izenak aldatzen.
Zer dela eta eguzkiak
Jarraitu behar du eguzki deitzen?
Dei dezagun Micifuz
Berrogei legoatako botak zituen hura!
Nire zapatek hilkutxak al dirudite?
Jakizue gaurtik aurrera
Zapatak hilkutxa deituko direla.
Esan, idatzi eta argitaratu
Zapatek izenez aldatu dutela:
Hemendik aurrera hilkutxak deitzen dira.
Tira, gaua luzea da
Bere burua maite duen poeta orok
Bere hiztegia izan behar du
Eta ahantzi aurretik
Jainkoari berari izena aldatu behar zaio
Nork nahieran dei dezala:
Hori norberaren arazoa da.
KRONOS
Txileko Santiagon
Egunak
oro
dira
amaigabeki
luzeak:
Hainbat eternitate egun batean.
Luma-bizkarrean ibiltzen gara
Cochayuyo saltzaileen gisan:
Aharrausi egiten da. Berriz egiten da aharrausi.
Eta hala ere asteak laburrak dira
Hilabeteak ziztuan doaz
Etaurteekhegandirudite.
EZ DUT BIDE BAKETSUAN SINESTEN
ez dut bide biolentoan sinesten
nahiko nuke sinetsi
zerbaitetan –baina ez dut sinesten
sinestea da Jainkoan sinestea
nik egiten dudan bakarra
sorbaldak altxatzea da
barka iezadazue zintzotasuna
ez dut sinesten Esne Bidean ere.
PIANO SOLO BAT
Gizakiaren bizitza distantzian egiten den ekintza baizik ez denez,
Edalontzi baten barruan dir-dir egiten duen apar pittin bat;
Zuhaitzak astintzen diren altzariak baizik ez direnez:
Ez dira aulkiak eta mahaiak betiko mugimenduan besterik;
Gu geu izakiak besterik ez garenez
(jainkoa bera jainko baino ez den gisan)
Entzun gaitzaten hitz egiten ez dugunez
Baizik eta besteak mintzo daitezen
Eta oihartzuna berau sortzen duten ahotsak baino lehenagokoa da;
Kaos baten pozbidea ere ez dugunez
Aharrausi egiten duen eta airez betetzen den lorategian,
Hil baino lehen ebatzi beharreko buru-hausgarri bat
Gero lasai asko berpiztu ahal izateko
Emakumea gehiegi erabili denean;
Infernuan ere zeru bat badenez,
Utzidazue niri ere gauza batzuk egiten:
Nik egin nahi dut zarata bat oinekin
Eta nahi dut nire arimak aurki dezan gorputza.
BIDAIA-OHARRAK
Nire postutik urrun ibili nintzen urtetan
Bidaiatzen eman nuen denbora, solaskideekin iritzi-trukean
Lotan eman nuen denbora;
Baina lehengo garaietan bizitako eszenak oroimenera zetozkidan.
Dantzaldia bitartean kontu absurdoetan pentsatzen nuen:
Bezperan, sukalde aurretik pasatzean, ikusitako
letxuga batzuetan pentsatzen nuen,
nire familiarekin lotutako makina bat gauza fantastikotan pentsatzen nuen;
Bitartean ontzia ibaian sartua zen
marmoka-saldo batean zehar egiten zuen aurrera.
Eszena fotografiko haiek nire espirituari eragiten zioten,
Kabinan ixtera ninderamaten;
Behartuta jaten nuen, neure buruaren aurka matxinatzen,
Etengabeko arriskua nintzen ontzirako
zeren edozein unetan bota bainezakeen zentzugabekeriaren bat.
GALDERAK TEAREN ORDUAN
Gizon margul honek
argizari museo bateko eskultura dirudi;
Begiratu errezel apurtuetatik:
Zerk balio du gehiago, urreak edo edertasunak?,
Mugitzen den errekak
edo ur-bazterrean atxikitako askimotzak?
Urrunean kanpai-hotsa entzuten da
zauria gehiago zabaltzen duena, edo ixten:
Benetakoagoa da iturriko ura
edo bertan begiratzen den neskatxa?
Ezin jakin, jendeak denbora ematen du
hareazko gazteluak eraikitzen.
Hobea al da edalontzi gardena
hori sortzen duen gizakiaren eskua baino?
Giro akitu bat arnasten da
Errauts-, ke-, tristura-giroa:
Behin ikusitakoa ez da berriz berdin
ikusten, diote hosto lehorrek.
Te ordua, ogi xigortua, margarina.
Laino moduko batean bilduta dena.
MADRIGAL
Aberats bihurtuko naiz gau batez
Trikimailu bati esker: irudiak izoztu ahalko ditut
ispilu ahur batean. Edo ganbilean.
Uste dut arrakasta erabatekoa izanen dela
Hondo bikoitzeko hilkutxa bat sortzea lortzen dudanean
gorpuak beste munduari ku-ku egin ahal izateko.
Nahikoa erre ditut honezkero betileak
zaldi-lasterketa zentzugabe honetan
non zaldizkoak zelaberetik behera botatzen dituzten
eta ikus-entzuleen artean erortzen diren.
Hain zuzen, orduan, saiatu nintzen sortzen
eroso bizitzen uzten didan zerbait
edo behintzat hiltzen uzten didana.
Seguru dakit hankek dar-dar egiten didatela,
Hortzak erortzen zaizkidala egiten dut amets
eta berandu iristen naizela hileta batzuetara.
ORBANAK PARETAN
Gaua guztiz iritsi aurretik
paretako orbanak aztertuko ditugu:
Batzuek landare-itxura dute
Bestetzuek animalia mitologikoen antza.
Hipogrifoak,
…………… herensugeak,
………….. ………….. arrabioak.
Baina guztietan misteriotsuenak dira
leherketa atomikoak diruditenak.
Paretako zinematografoan
Arimak ikusten du gorputzak ikusten ez duena:
Gizonak belauniko
Amak besoetan umeak dituztela
Zaldizkoen monumentuak
Hostia jasotzen duten apaizak:
Elkartzen diren sexu-organoak.
Baina guztietan apartenak
dira
….. zalantza izpirik gabe
leherketa atomikoak diruditenak.
PENTSAMENDUAK
Zer da gizakia
…………… dio berekiko Pascalek:
Berretzailea zero duen berreketa bat.
Ezereza
……… osoarekin alderatzen bada
Osoa
……… ezerezarekin alderatzen bada:
Jaiotza gehi heriotza:
Hotsa bider isiltasuna:
Batez besteko aritmetikoa osoaren eta ezerezaren artean.
Iñigo Astiz
2015-03-02
Kaixo, interes baduzue, hemen doa urteurrenaren harira Berria-rako idatzitako testua, eta bertan azkar batean (azkarregi batean) itzulitako poema txatal batzuk gehiago. http://www.berria.eus/paperekoa/1950/031/001/2014-09-03/poesiari_aurka_egin_zion_poeta.htm
Garazi
2015-03-04
Mila esker, Iñigo, ongi ekarria!