Autoreak plazara: Eva Forest

otsaila 12, 2015 @


96

Aurkezpen gutxi behar du honezkero Eva Forestek gurean; Bartzelonan 1928an jaiotako ekintzaile, idazle eta pentsalaria, lotura estua izan zuen Euskal Herriarekin, eta hain zuzen ere, Hondarribian (Gipuzkoa) bizi izan zen hainbat urtez. Bertan zendu zen, 2007an. Ezin aipatu gabe utzi Alfonso Sastre senarrarekin batera sortu zuen argitaletxea: Hiru. 1991n jarri zuten martxan, eta bertako zein kanpoko autoreen lanak eman zituzten argitara.

Medikuntza ikasia, psikiatria interesatu zitzaion bereziki, gizartea aldatzeko grina izan zuen betidanik. Karrera amaitu ostean ekin zion idazteari eta editatzeari, eta munduan zehar ibili zen: Kuban, orduko Sobietar Batasunean…

1970 inguruan izan zuen lehen harremana Euskal Herriarekin. ETArekin kolaboratzea egotzita, hiru urte eman zituen espetxean. Kartzelaldi garaiko gutunak eta egunerokoa argitaratu zituen 1975ean: Diario y cartas desde la cárcel. Hiru etxeak 2005ean berrargitaratu zuen. Bildumari Forestek idatzitako hitzaurrea ekarri dizuegu, aise irakurtzen baita gaur egunekotik ere, herrien arteko elkartasunaz eta kafkiarrak diruditen auzietaz baitihardu.

Omenaldi txiki bat: gugan bego, Eva.

HITZAURREA

“Ez naiz isilduko, nahiz eta zuk, atzamarrarekin,

ahoa ukituz edo bekokia,

isiltasuna eskatu ala beldurra mehatxatu…”

Quevedo

Duela zenbait egun, liburu honen argitalpenaz mintzatu zitzaizkidanean, lehen-lehenik, ezetz esateko bulkada sentitu nuen. Izan ere, liburu hau ez baita norberak barruan daraman liburu borrokalaria, hain zuzen orain idatzi nahi nukeena, eta ez horregatik bakarrik, baita ere, gutun-truke hau oso intimoa delako: gutunok ez ziren idatzi, inondik ere, jende gehiagok irakurriko zituela pentsatuta; gutunok baldintza oso larrietan sortu ziren, egun horietatik ez dut asko oroitzen, soilik sekulako ahalegina egin behar izaten nuela adorea bildu eta aurrera jarraitzeko. Ororen gainetik aurrera jarraitu, egunen batean kontatu ahal izateko, “une” sinestezin honen testigantza eman ahal izateko, horren distirak oraindik ere itsutzen bainau eta erabat nahigabetzen. Hainbat hilabetez, gutun hauek salbamendu-ohol baten modukoak izan dira, biltzen gaituen eta bertan parte hartzera behartzen gaituzten eldarnioaren erdian; eskutitz hauek bide bat izan dira errealitate zehatz eta bihotzeko bati eusteko: huts egin ez nezakeen hitzordua, nolabait ere, betebehar gozo bat, egunik uzkurrenetan zutik iraunarazi nauen konpromiso bat. Zalantzarik gabe, gauza sakona zen, argitaletxe bati besterik gabe eskaintzeko sakonegia. Horrexegatik, lehen batean, ezetz esan nahi izan nuen. Ondoren, hobeto pentsatu nuen, patxada handiagoarekin, egoera kontuan hartuta… Ez da egoera berria, inondik ere, are, gehiegitan errepikatu da, duela hainbat urtetatik elkartasunaz arduratzen garenontzat… Eta ez zidan itzuri egin zer-nolako garrantzia izan dezakeen idazki batek, testigantza batek, gutun huts batek zerbait egitera deliberatzeko orduan, alerta-oihua indartuko baitu eta hobeto ulertzen lagunduko. Eta, ikuspuntu horretatik, erresistentziei gailendu nintzaien. Liburua editatuko dutenek uste baldin badute beharrezko tresna dela eta balioko duela buru-belarri dabiltzan borroka horri, modu batera edo bestera, laguntza emateko, orduan, pozarren onartzen du proposamena. Hortxe daukazue: egokien deritzozuen moduan eman dezakezue. Ez dut aurrez irakurtzeko beharrik, ezta nolabait gainbegiratzeko beharrik ere. Jakin badakit nire seme-alabek, azken batean beraienak baitira gutunak, bat egingo dutela erabakiarekin; izan ere, intimitatea dagoeneko urratua baitago, intimitatea urratu zen gutunok zentsuraren harresi bikoitza –militarra eta kartzelakoa– gurutzatu behar izan zutenean argitara ateratzeko.

Hortaz, liburu zirkunstantzial bat dugu hau. Aitzakia liburu bat, talde-arazo bati arreta emateko: elkartasunezko liburu bat, azken batean. Horrela bakarrik har dezake bere benetako balioa, eta soilik ikuspegi horretatik irakurri behar da; liburu honekin beste zerbait egitea horren zentzua desitxuratzea litzateke. Ezaugarri horiek betetzen dituen liburu bat den heinean baino ez nago ados liburuarekin, hein horretan sustatzen dut, eta baita eskertu ere, mugarik gabe, “politika eta psikoanalisi”ko kideen keinua, horiexek hasieratik agertu baitute gu defendatzeko elkartasun aktibo eta suharra. Zer-nolako emozioarekin irakurri nuen, lokutorioko beira lausotuen artean (ez dakit malkoen ondorioz ala hatsaren lurrunaren poderioz), “Le Monde” kazetan argitaratu zuten deialdi hura[1], kanpotik iritsi zitzaigun lehen baikortasun-txertoetako bat berau.

Segurtasuneko zuzendari nagusiak estreinako Prentsa Konferentzia eman zuen egunetik, estatuko hedabide guztiek xehetasun handiz zabaldua, gure inguruan abian jarri da kontrako iruzkin, gezur eta kalumnien kate bat, eta, era berean, arrisku larriak etortzen zaizkigu gainera tirada handiko zenbait argitalpen kaleratzen diren aldiro, legearen babespean kaleratu ere, esate baterako, “Meridiano 2000” aldizkari edo “Puerta del Sol 2.3” liburua, zeintzuetan, printzipio etiko oinarrizkoenak bazter utzita, ontzat ematen diren jatorri oso iluneko informazioak. Niri buruz esan dute botere hipnotiko arraroak ditudala, urrutitik gauzak zuzentzeko gaitasuna daukadala eta eragin gaiztoa dudala nire ingurukoengan… Hainbeste barrabaskeria esan dituzte ezen dagoeneko pauso handi eta ezinago garrantzitsua izango da liburu honen bitartez argi geratzen bada “munstroak” ez dauzkala bi buru eta ez duela ahotik sua botatzen; alderantziz, bere barruan bihozño bat dagoela, taupa-taupa egiten gainontzeko gizakien barruan bezala.

Edonola ere, benetako arazoa horren azpitik doa, eta ez da berria. Duela hainbat urtetatik dator eta bada zerbait askoz sakonagoa eta inolaz ere ez? hain isekagarria: tragedia bat, zinez. Noizbait hobeto ulertuko da bizitzea egokitu zaigun egoeraren konplexutasuna eta gaur gurekiko errukirik agertzen ez duen mendeku moduko honen esanahia. Ulertuko da, halaber, zer-nolako miseria intelektualetara baztertu gaituzten, bertatik abiatuta ezin izan dugula sekula gure gauzetan publikoki esku hartu, eta horrek izugarri markatu gaituela. Nire kidearengan pentsatzen dut orain, Alfonso Sastre, bost urtetik gora daramatza-eta kartzelan, gutun baten bitartez protesta egiteagatik, eta min ikaragarria sentitzen dut beste protesta-eskutitz batekin alderatzen dudanean, gaur egun historikoa dena, hain zuzen, Sartrek Auzitegi Militarrera igorritakoa Aljeriako askapen-gerraren garaian,. Gutako askori ere gustatuko litzaiguke, hala sentitzen baitugu, orduko hartan bezala esan ahal izatea prest gaudela kidearen maleta eramateko, bidezko kausa baten alde borrokatzen denean. Baina beste leku batzuetan gutxieneko duintasun-oihu bat dena, delitu larri bilakatzen da hemen, tankera kafkiarreko prozesu batean sartzen bazaituzte. Ezin diot atsekabeari ihes egin, jabetzen naizenean beti izan garela ezkutuko pertsonak, modu batera edo bestera, eta hemen aitortu nahi dizuet, intelektual gisa, protesta egiten dudala. Eta, akaso, horregatik erabaki dut gaur nire sinadura paratzea hitzaurre konprometitu bilakatzen ari zaidan honetan.

Eva Forest Yeseríaseko espetxean

Eva Forest Yeseríaseko espetxean

Era berean, eskatu zidaten hitzaurre honetan niri buruz hitz egiteko apur bat…

Zer esango dizuet ba, une honetan nire bizitzako puska oso garrantzitsu bat nire herriaren historiari lotuta dagoela, eta batzuetan gertakari miragarrien lekuko izan ez ezik, horien parte ere izan garela…? Goiz batean, adibidez, jo egin gintuztela lore gorriak Patino kidearen ehorzketara eramateagatik, eraikuntzako langilea bera, tiroka eraila zapaldutako eskubideak defendatzeagatik, edo jo egin gintuztela, nahiz eta beste modu batean egin, meatzari asturiarren eskubideak defendatu genituenean, edo txakurrak baikinan jazarri zitzaizkigula Baezako kaleetan zehar, herriko poeta Machadori omenaldia egin nahi izan genionean, edo mehatxu ikaragarriak jaso genituela Unibertsitatean hainbat zapalkuntzaren berri eman genuenean, denoi eragiten digutenak? Betidanik, modu batera edo bestera, zapaltzen gaituztela, eta agian horregatik hasten zaigula odoletan bihotza, langile bat tiroka erailtzen duten bakoitzean, dagokiona eskatzeagatik, San Adrián del Besósen, edo Vigon, edo Granadan, edo Bilbon? Sakonki maite dudala Espainiako estatuaren pean dauden herriek osatzen duten giza jarioa, aukeraz bete-betea, orain arte isilaraziak izan diren arren, eta ez dudala ezkutatzen –orain, arrisku larri bilakatu delarik– lagun euskaldunak ditudala, beraien arazoak konpontzearekin amesten dutenak; eta, azken batean, hain dela gauza larria, Puig Antichek kontzientzian min ematen didala, laguntza eskasegia eman genion anai batek bezala, gauez kendu zigutena guk hala baimenduta?

Beti sentitu izan dudala elkartasuna Lurreko zigortu eta esplotatuekiko, nahiz eta ondorio guztiekin beraien alde paratzeko deliberoa une zehatz batean hartu nuen, Bolibiako gerrillari hura hil ondoren? Vietnam eta Palestinako herrien borroka gertutik jarraitzen ditugula, eta, oro har, askapen-borroka oro babesten dudala? Malko mikatzak bota nituela irailaren 11 batez Txilen, nahiz eta poz handiak ere bizi izan ditudan, Angela Davis salbatu genuen egun hartan bezala, herria osorik batuta, hain gure sentitzen genuen Angela Davis hura, ala Portugaleko kartzelak ireki ziren egun hartako poza, hainbeste lagun baikenituen han preso?

Erraldoi izugarri baten antzera hazten zaidala haserrea bidegabekeriak ikusten ditudanean, eta akaso hori haurra nintzen garaitik datorkidala, oroitzapen batetik non hegazkin beltzek umeak metrailatzen zituzten Bartzelona gorriko arrantzale-auzo batean? Nire aita, seguru asko, bihotz zabaleko anarkista bat izan zela, eta ama, bere adorea dela medio, izan zitekeela Vietnamgo ANFko amona bat, estimu handienarekin esanda?

Kezkatzen nauten arazoen zerrendan Iraultza dela lehenetarikoa? Emakumearen askapena babesten dudala, horren forma guztietan, eta pentsatzen dudala iraultza hain beharrezko hau posible izango dela soilik emakumeek botere politikora jauzi egiten dutenean?

Arazo horiek guztiek kezka sortzen didate, gustatuko litzaidake horietaz guztiez mintzatzea noizbait, lasaiago, eta, modu batean edo bestean, ordenarik gabeko oharretan bilduak ditut, ohar horiek Epaitegi Militarren bateko mahai baten gainean pilatzen diren arren, are, ohar horiek erabiliak izan daitezkeen arren salaketa lazgarriren bat frogatzeko…

Baina kontu horiek guztiak kontu txikiak dira, eta horien garrantzia bakarra da guztion bizitzaren parte direla, gure herriaren historia… Inportanteena da hemen gaudela, esna. Munduko beste toki batzuetan gertatzen dena jakin-min biziz jarraitzen dugula eta mundu zabaleko hainbat txokotatik berotasun handia iristen zaigula, eta ikasten dugula, berriro ere, gauza handia dela elkartasuna, Peter Weiss ez dela soilik Stockholmen bizi den idazle bat, Gisèle Halimi ez dela soilik auzietan lan egiten duen abokatu bat, ezta Fernando Arrabal ere, antzokietan estreinaldian egiten dituen abangoardiazko ikertzaile bat… Horiek guztiak, eta baita Italian eta Portugalen dabiltzan adiskide onak, eta Japonian, Eskandinavian, AEBetan, Kuban, Aljerian edo bost kontinenteetako edozein muturretan dabiltzan guztiak, denok batzen gaituela amets handi batek, mundu hobe bat irudikatzekoa non gizakia benetan izango den gizaki… Berriro ere diot, elkartasuna gauza handia da, indarra ematen du, indar bat zeinak baimentzen digun, gaur, erdi irla erdi lubaki den txoko txiki honetan, Yeseríasen, baikor itxarotea amaierari, eta denei bidaltzea besarkada bat eta baita kideak egun batean “kartzelatik kartzelara” helarazi zigun poema ere:

“baina, prozesu guztiak gorabehera,

gaua etsaia da, eguna gurea:

gu aske gara eta beraiek preso daude”

Eva Forest

Yeseríaseko espetxea, 1975eko martxoa

1 Informazio- eta elkartasun-idazki hori, Prentsak zentsuratu baitzuen, Le Monde kazetako publizitate-atal batean argitaratu behar izan zen, idazkia sinatu zuten lehen emakumeek erositako atal batean, 1974ko urriaren 23an. Hainbat herrialdetako milaka emakumek sinatu zuten. Horren ondoren etorri zen “Quotidien des femmes”en ale berezi bat (1974-11-23), non informazio xehea ematen zen Espainiako borroka iraultzaileei buruz. Emakume espainiarrek eta “politique et psychanalyse” taldeko emakumeek idatzi zuten.

Eva Forest espetxetik irten zen egunean, senar eta alabarekin

Eva Forest espetxetik irten zen egunean, senar eta alabarekin