Irudia: hamartia.com
Hitzeman bezala, hemen dakarkizuegu Samanta Schweblinen hirugarren ipuina, Xabi Aizpurua Ugarte elearazleak itzulia hau ere. Gogoan izan, Schweblinen narrazio gehiago dituzuela irakurgai euskaraz. On egin!
Nire anaia Walter
Nire anaia Walter deprimituta dago. Emazteak eta biok bisita egiten diogu gauero, lanetik itzultzen garenean. Jateko zerbait erosten dugu ̶ asko gustatzen zaizkio patata frijituak oilaskoarekin ̶ eta txirrina jotzen diogu bederatziak aldean. Berehala erantzun eta galdetzen du Nor da? Eta nire emazteak esaten du Gu! Eta berak esaten du a… eta sartzen uzten digu.
Hamar pertsonak deitzen diote egunero nola dagoen jakiteko. Berak ahalegin handiz altxatzen du telefonoa, tona bat pisatuko balu bezala, eta esaten du:
̶ Bai?
Eta nire anaia txorakeriekin elikatuko bailitzan hitz egiten du jendeak. Nor den galdetzen badiot, edo zer nahi duten; bera ez da gauza erantzuteko. Bost axola berari. Hain dago deprimituta, gu hor egotea ere berdin zaio, inor ez egotearen antzekoa delako.
Larunbat batzuetan, nire amak eta izeba Clarisek aretoan egiten dituzten helduentzako festetara eramaten dute, eta Walter eserita egoten da berrogeitaka urte bete berri dituzten andreen, ezkontza aurreko agurren eta ezkonberrien artean. Izeba Clarisek esaten du Walter zenbat eta deprimituago egon orduan eta zoriontsuago sentitzen dela bere inguruko jendea. Onartu beharrekoa da, egia baita, Walter deprimituta dagoenetik familiako kontuek hobera egin dutela. Nire arreba azkenean Galdosekin ezkondu da, eta festan, nire anaiaren mahaian xanpaina edaten eta barrez lehertzen ari zen lagun talde batean, nire amak Kito jauna ezagutu du, eta orain harekin egiten du lo gauero. Kito jaunak minbizia dauka baina indar askoko gizona da. Gainera, zereal konpainia handi baten jabea da, eta izeba Clarisen txikitako laguna. Galdosek eta nire arrebak etxalde bat erosi dute hiritik urrun, eta asteburuak han pasatzeko ohitura hartu dugu. Nire emaztea eta biok Walterren bila joaten gara larunbatean lehen orduan eta eguerdirako etxaldean egoten gara guztiok, haragi errearen zain ardo kopa batekin eta aire zabalean igarotzen diren egun eguzkitsuek ematen duten zoriontasun ikaragarri horrekin. Asteburu bakar batean egin dugu huts, Walter gripearekin dagoelako eta ez duelako autora igo nahi. Bera ez dela joango esanez besteei abisua emateko beharra sentitu dut, eta, hala, mugikorretan deiak gurutzatzen hasi dira, eta Galdos haragi errea zerbitzatzen hasi denerako guztiek uko egin diote irteerari.
Orain, izeba Claris etxaldeko langileburuarekin irteten da eta familian denok dugu bikotea, Walterrek izan ezik, jakina. Parrilatik gertu aulki bat dago, eraman genuen lehen egunean aukeratu zuena; ez da bertatik jaikitzen. Beti inguruan egoten saiatzen gara, animatzeko edo konpainia egiteko. Barre asko egiten dugu, eta zorionak ematen dizkiogu Kitori bere minbizia ia sendatuta dagoelako, Galdosi etxaldearen errentagarritasunagatik, eta nire amari, besterik gabe, biziki maite dugulako. Nire arreba eta nire emaztea zoragarri konpontzen dira, eta irribarretsu entzuten ditugu; izan ere, aktualitateari buruz esaten dituzten kontuek algaraka jartzen gaituzte, malkoak irteteraino.
Baina Walterrek deprimituta jarraitzen du. Oso itxura kaskarra du, gero eta tristeagoa. Galdosek ezaguna duen baserri-mediku bat ekarri du etxaldera eta Walterren kasuak berehala piztu dio jakin-mina. Tipo jatorra da, eta astebururo etortzen hasi da. Ez digu ezer kobratzen; bere emaztea ere etortzen da nire emaztearekin eta nire arrebarekin berriketan egiteko. Orduan, hara non baserri-medikua, Kito eta Galdos berriketa atseginean ari diren Walterren inguruan ̶ erretzen eta tentelkeriak esaten pixka bat animatu dadin ̶ , negozioei buruzko solasaldi luzea izan dute, eta elkarrekin zereal marka berri bati ekin diote Kitoren izenpean, baina Galdosen etxaldean, eta medikuak proposatutako errezeta osasungarriago batekin. Ni egitasmora gehitu naiz eta ia egunero etxaldean egon beharra daukat; beraz, nire emaztea haurdun gelditu denean, gu ere etxaldera joan gara bizitzera, eta Walter geurekin ekarri dugu, nahiz eta halako aldaketei buruz ez duen ia-ia iritzirik ematen. Lasaitu egiten gaitu hemen gurekin edukitzeak, bere aulkian eserita ikusteak, gertu dagoela jakiteak.
Zereal berriak oso ondo saltzen dira eta etxaldea langilez eta handizkako eroslez bete da. Jendea atsegina da. Proiektuan konfiantza itsua dutela dirudi; halako energia baikor bat nabari da, asteburuetan goia jotzen duena, Galdosen haragi errea ̶ geroz eta jende gehiago erakartzen duena ̶ parrilan gorritzen hasten denean eta guztiok irrikaz zain egoten garenean, kopak eskuetan hartuta. Eta dagoeneko hainbeste gara, Walter ez baita segundo bakar batean ere bakarrik gelditzen; beti izaten da norbait lehian haren alboan egoteko, hari alai-alai hitz egiteko, albiste onak kontatzeko, zeinen zoriontsua izan daitekeen erakusteko.
Enpresa hazi egin da. Kitoren minbizia desagertu egin da eta nire semeak bi urte bete ditu. Walterren besoetan uzten dudanean, nire semeak irribarre egin eta txalo jotzen du, eta zoriontsua naiz, oso zoriontsua naiz esaten du. Izeba Claris Europa guztian zehar ibili da bidaian langileburuarekin; itzultzean, kasinora joan dira nire arrebarekin eta Galdosekin; irabazitako diruarekin elkarte bat egin eta konpetentziaren zereal markak erosi dituzte. Urteberriko festara etxaldea inguratzen duen ia herri guztia gonbidatu du enpresak ̶kasik guztiek bertan egiten baitute lan ̶, baita handizkako erosleak, lagunak eta auzokoak ere. Haragia gauez erre dute. Zuzeneko banda batek hogeita hamarreko hamarkadako jazza jotzen du, beltzak bezala dantzarazten zaituen musika hori. Haurrak jolasean dabiltza aulki eta mahai artean girlandak korapilatzen.
Noizean behin anaia jendeagandik apartatzeko joera daukat, edo biok lasai egoteko une bat bilatzen dut, eta zer gertatzen zaion galdetzen diot. Bera isilik egoten da, baina automatikoki uzten dio niri begietara begiratzeari / automatikoki apartatzen/aldentzen du begirada nire begietatik. Zaila da orain galdetzea, dagoeneko hamabiak puntuan direlako eta topa egitearekin batera su artifizialak jaurtitzen ditugulako, zerua osorik argitzen duten horietakoak, eta jendeak eztanda bakoitzeko oihu eta txalo egiten du. Orduan zerbait sentitzen dut: denak leunagoa eta grisagoa dirudi, eta ezin dut burutik kendu zer ote den gertatzen zaiona, hain ikaragarria dirudien hori.
martxoa 4, 2015 @ elearazleak