Oso harro gaude, Kobane! (eta II)

martxoa 5, 2015 @


1ac546f9-6e61-4d77-928b-c2375c889e92-2060x1236

Urtarrilaren azken astean indar kurduek Kobaneren gaineko kontrol osoa hartu zuten. Horren harira, The Guardian egunkariak hiria askatze bidean bizitza eman zuten lau emakumeri buruzko artikulu bat argitaratu zuen, We are so proud! izenekoa. Mona Mahmood kazetariak bizitza galdu zuten emakume hauen familiako kideekin hitz egin zuen, eta artikulu batean bildu zituen entzundakoak. Lehena otsailean jarri genuen, eta gaurkoan bigarrena dakarkizuegu, Hameera Muhammed.

Hameera Muhammed

Hameera MuhammedMuhammed Khashman, Turkian errefuxiatua den negozio gizona, 45 urte, arrebak adoptatu zuen alabari buruz.

Hameera 1982an jaio zen, bere aita auto istripuan hil eta hiru hilabetera. Amak zailtasunak zituen lau seme-alabek sortzen zituzten gastuei bere kabuz aurre egiteko. Nire arreba Hameeraren amaren laguna zen, eta haurra adoptatu eta Kobanen bere zortzi seme-alabekin batera hezitzeko eskaini zuen bere burua. Hameera umore oneko pertsona alaia zen, eta 18 urte bete zituenean Kobaneko taxi-gidari batekin ezkondu zen.

Orain dela bi urte Hameerak seme gazteena erditzen zuen bitartean, frankotiratzaile batek bere senarra hil zuen Alepora bidaiatzen ari zen bitartean. Siriako armadak errebeldeen kontra Alepon izan zuen gatazka latzaren ondorioz, Hameerak hiru egun behar izan zituen bere senarraren gorpua berreskuratu ahal izateko. Hameerak zailtasunak izan zituen bere bost seme-alaben gastuei aurre egiteko. Egunero bere senarrak zuen behi baten esnekiak saltzen zituen, eta horretaz gain, gurasoek ematen zizkioten diru-laguntzak baino ez zituen. Aitaginarrebak bere etxeko gela bat eskaini zien baina Hameerak ez zuen bere etxea utzi nahi izan. Hainbat liskarren ostean, aitaginarrebak bere bost seme-alabak etxera eraman zituen eta Hameerak bere gurasoen etxera joan behar izan zuen bizitzera.

Seme-alabak galtzea mingarria izan zen Hameerarentzat. Semerik gazteena ikusi nahi zuen bularra eman ahal izateko baina aitaginarrebak ez zion uzten. Hameeraren ama liskarra konpontzen ahalegindu zen, baina ez zuen lortu. Seme-alabekin batzeko zuen desiraren ondorioz Hameerak depresioa pairatu zuen. Iragan irailean ISIS eta Kobaneko borrokalarien arteko gatazka areagotu zenean, Hameeraren familiak Turkiarako muga zeharkatu zuen, beste milaka familiek bezala. Izua eta beldurraren ondorioz, Hameeraren amak ez zuen aukerarik izan bere bederatzi seme-alabek berarekin alde egin ote zuten egiaztatzeko. ISISeko soldaduei aurre egiteko Hameera Kobanen gelditu zela esan zion alaba zaharrenak amari Turkiako kanpamentura heldu zirenean. Hameerak erresistentziara lotzeko erabakia hartu zuen.

Astebete beranduago barkamen eske deitu zion amari. Bere ustez, Kobaneko erresistentziarekin bat egin eta ISISen aurka borrokatuz gero, aitaginarrebak iritziz aldatu eta seme-alabak ikusten utziko zion. ISISen kontrako borroka batean sorbaldan eta eskuan zauritu zutela esan zion amari. Amak Turkiara joateko erregutu zion, ondo prestatuta ez egoteaz gain, gerra ez zela jokoa, eta gainera gizonen kontua zela, ez emakumeena.

Turkian Eid al-Adha (sakrifizioaren festa) ospatzen ari zirenez, nire arreba eta familia bisitatzera joan nintzen kanpamentura. Telefono bidez Hameerarekin hitz egiten ari ziren, eta hobeto egon arren haurrak zein familia faltan botatzen zituela esan zion amari. Amak Turkiara bueltatzeko eskatu zion berriz, borrokak geroz eta latzagoak ziren eta kezkatuta zegoen. Ezingo zuela telefonoz gehiago hitz egin erantzun zion Hameerak.

Hamar egun beranduago, Hameeraren ahizpak dei bat jaso zuen. Hizlariaren arabera, Hameera eraikin batean beste bost borrokalarirekin batera ezkutatzen ari zela mortero batek eraikina lehertu zuen. Leherketak sei kideak hil zituen. Eraikina ISISen eskuetan zegoen eta borrokalari guztien gorpuak bertan zeuden.

Hameeraren amak hiletak ospatu nahi izan zituen kanpamentuan eta bertan martiri gisa omendu zuten. Egunen batean gorpua berreskuratzeko esperantza du amak, Kobanen ehortzi eta seme-alabek bere amaren hilobia bisitatzeko aukera izan dezaten.

Tags:  , ,