Assata Shakur: eskutitz publiko bat komunikabideei

martxoa 7, 2015 @


Assata_Shakur

(Jatorrizkoa hemen: Misee Harris)

Berotzen hasteko…

GORA BORROKA FEMINISTA!

 

 

Eskutitz publiko bat komunikabideei

2014ko abenduaren 23an

Nire izena Assata Shakur da, eta XX. mendeko esklabo iheslari bat naiz. Gobernuaren jazarpena dela eta, koloreko pertsonekiko AEBko gobernu politiketan gailentzen diren errepresio, arrazakeria eta biolentzia politikotik ihes egitea beste aukerarik ez nuen izan. Preso politiko ohia naiz, eta Kuban bizi naiz erbestean 1984tik.

Ekintzaile politikoa izan naiz ia bizitza osoan, eta AEBko gobernuak ni kriminalizatzeko ahal izan duen guztia egin badu ere, ez naiz gaizkile bat, eta ez naiz sekula izan. 1960ko hamarkadan, hainbat borrokatan parte hartu nuen: beltzen askatasunerako mugimenduan, ikasleen eskubideen aldeko mugimenduan eta Vietnamgo gerra bukatzeko mugimenduan. Pantera Beltzen Alderdian hasi nintzen. 1969an jada FBIren COINTELPRO programak Alderdia zuen lehen jomuga. Pantera Beltzen Alderdiak pertsona beltzen askatasun osoa eskatzen zuenez, J. Edgar Hooverrek esan zuen «herrialdearen barne-segurtasunaren kontrako mehatxurik handiena» zela, eta promes egin zuen alderdia bera eta horren ekintzaile nahiz buruak suntsituko zituela.

Nire kasua, besteak beste, Nazio Batuen Erakundean eztabaidatu zuten 1978an Abokatu Beltzen Nazio Batzordeak, Errepresio Arrazista eta Politikoaren kontrako Nazio Aliantzak eta Arraza Justiziarako Jainkoaren Eliza Batzordeak hala eskatuta; Estatu Batuetan preso politikoak bazirela, jazarpen politikoa egiten zitzaiela eta AEBko espetxeetan tratu bihozgabe eta krudela ematen zitzaiela jakinarazten zuen txostenak. Honela zioen:

«FBIk eta New Yorkeko Poliziak (NYPD) bereziki, Assata Shakur akusatu zuten poliziaren kontrako erasoetan parte hartzeagatik, eta lau haizetara zabaldu zituzten akusazio eta kargu horiek polizia sail eta unitateetan. FBIk eta NYPDk Beltzen Askapenerako Armadaren burua izatea ere egotzi zioten, zeina poliziak tirokatzen dituen erakundea baita gobernuaren eta horren batzordeen arabera. Beltzen Askapenerako Armadaren deskribapen hori eta horrekiko Assata Shakurrek izan lezakeen harremanaren akusazioa lau haizetara zabaldu zuten gobernuko batzordeek polizia sail eta unitateetan. Gobernuaren jarrera horren ondorioz, Shakur anderea harrapakin bihurtu zen: polizia-etxe eta banketxeetan jarritako afixek ekintza kriminal larrietan parte hartu zuela zioten; FBIk bilatutakoen zerrendan lehenetarikoen artean zegoen; eta askotariko poliziarentzat hiltzeko-tiro-egin moduko jomuga bihurtu zen».

Beren artean loturarik ez zuten sei “krimen” egotzi zizkidaten, bidegabeki, eta sei kasuetan absolbitu edo kargugabetu egin ninduten azkenean. Horrek, absolbitzeak eta karguak kentzeak ez du esan nahi epaitegiek justizia egin zutela, ez baitzen horrela izan. Nire aurkako “frogak” hain ziren ahulak eta faltsuak, nire errugabetasuna agerian geratu baitzen. Poliziaren jazarpen hori aurkari politikoak ezabatzeko gobernuaren politikaren parte besterik ez zen, politika horrek bitartekotzat baitarabil aurkariak akusatzea eta atxilotzea karguen oinarri egiazkoari kasurik egin gabe.

1973ko maiatzaren 2an, Zayd Malik Shakur eta Sundiata Acolirekin batera, New Jerseyko bidesarian geratu ninduten, ustez “atzeko argi hondatu” batengatik. Sundiata Acoli autotik atera zen geldialdiaren arrazoia begiratzera joateko. Zayd eta biok autoan geratu ginen. Harper polizia autora hurbildu, atea ireki eta galdekatzen hasi zen. Beltzak ginelako, eta Vermonteko matrikuladun auto bat gidatzen genuelako, “susmoa piztu” zitzaion. Orduan arma atera, guri zuzendu, eta besoak altxatzeko eskatu zigun, eskuak aurrean jartzeko, ikus zitzakeen tokian. Hala egin nuen, eta segundo batetik bestera, auto kanpotik zarata bat entzun zen, bat-batean mugimendu bizi bat gertatu zen eta tiro egin zidaten besoak oraindik jasota nituela, eta gero berriz egin zidaten tiro bizkarretik. Gero Zayd Malik Shakur hil egin zuten, Werner Foerster polizia hil zuten; nahiz eta Harper poliziak onartu egin zuen berak tiro egin eta hil zuela Zayd Malik Shakur, nire lagun min eta burkidea, neuri egotzi zizkidaten bai haren heriotza bai Foerster poliziarena ere, New Jerseyko hilketen delitu legearen pean. Sekula ez dut halako saminik sentitu. Zaydek promes egin zuen babestuko ninduela, eta leku seguru batera alde egiten lagunduko zidala, eta argi dago bere bizia galdu zuela Sundiata eta biok babestu nahian. Armarik ez zuen arren, eta Foerster polizia hil zuen arma Zayden hankapean aurkitu zuten arren, Sundiata Acoliri ere ―geroago atxilotu zuten― bi heriotzak leporatu zizkioten. Ez berak ez nik ez dugu epaiketa duin bat izan. Komunikabideek erruduntzat jo gintuzten epaiketak hasi baino askoz lehenago. Albistegiek ez zuten baimenik izan guri elkarrizketa bat egiteko, nahiz eta New Jerseyko poliziak eta FBIk egunero elikatzen zituzten komunikabideak istorioez. 1977an, epaimahai guztiz zuri batek epaitu eta bizitza osorako gehi 33 urterako kartzela-zigorra ezarri zidaten. 1979an, espetxean hilko ninduten beldurrez eta justiziarik jasoko ez nuela jakinda, kartzelatik atera ninduten, hurbileko zenbait batzordek lagunduta, zeinek nire kasuko injustizia sakonak ulertzen baitzituzten eta nire bizitza arriskuan zegoela baitzekiten.

Estatu Batuetako Senatuaren Eliza Batzordearen 1976ko txostenak, AEB barruko inteligentzia-eragiketei buruzkoak, honela zioen: «FBI ezkutuan saiatu da pertsonei eta taldeei buruzko iritzi publikoa baldintzatzen; horretarako, komunikabideetan mespretxuzko informazioa zabaldu du, bai anonimoki bai kontaktu berri “lagunkoi” bidez». Politika hori agerikoa da gaur egun ere.

1997ko abenduaren 24an, New Jerseyko estatuak prentsaurreko batera deitu zituen komunikabideak; bertan esan zuenez, New Jersey Estatuko Poliziak gutun bat idatzi zion Joan Paulo II.a Aita Santuari, poliziaren izenean jarduteko eta New Jerseyko espetxetara estradita nintzaten laguntzeko eskatzen. New Jersey Estatuko Poliziak uko egin zion gutuna publiko egiteari. Banekien gertatutakoa erabat desitxuratuko zutela eta saiatuko zirela Aita Santuak erlijioaren izenean deabruaren lana egin zezan; horregatik, Aita Santuari idaztea erabaki nuen, New Jerseyko estatuan eta Estatu Batuetan benetan jende beltzari zer-nolako “justizia” dagokion jakinarazteko.

1998ko urtarrilean, Aita Santua Kuban bisitan zela, Ralph Penza NBCko kazetariarekin elkarrizketa egitea onartu nuen, Aita Santuari idatzitako gutunari, New Jerseyko epaitegi sisteman izandako esperientziei eta azken hogeita bost urteetan Estatu Batuetan ikusitako aldaketei eta hango jende beltzaren tratuari buruzkoa. Elkarrizketa hura egitea onartu nuen Aita Santuari bidalitako gutun ezkutua New Jerseyko Estatu Poliziaren azpijoko biziotsu, oies eta propagandistikoa iruditu zitzaidalako, eta Joan Paulo II.a Aita Santua manipulatzeko saiakera zinikotzat hartu nuelako. Kuban bizi nintzen aspaldi zela, eta erabat galdua nuen sistemaren komunikabideen izaera sentsazionalista eta zikina. Okerragoa zen orduan 30 urte lehenago baino. “Sistemaren” komunikabideen erasoak urtetan jasan eta gero, inozoki pentsatu nuen azkenean “historiaren nire bertsioa” kontatzeko aukera izanen nuela. Nirekin elkarrizketa bat izatetik urrun, “emanaldi taularatu” bat egin zuten, hiru zatitan, distortsioz, zehaztasun faltaz eta gezur lotsagabez betea. NBCk nahita desitxuratu zituen gertatutakoak. “Elkarrizketa bilduma bakan” hori NBCn iragartzeko milaka dolar xahutzeaz gainera, dirutza ikaragarria gastatu zuen “elkarrizketa bakana” irrati beltzetan eta tokiko egunkaritan iragartzeko.

Estatu Batuetako jende txiro eta zapaldu gehienak bezala, nik ez dut ahotsik. AEBko beltzek, txiroek ez dute benetako hizketa-askatasunik, ez egiazko adierazpen-askatasunik, eta komunikabidetarako askatasun oso mugatua. Prentsa beltzak eta komunikabide progresistak justizia sozialerako borrokan rol garrantzitsua jokatu dute historian. Tradizio horri jarraitu behar gatzaizkio eta zabaldu egin behar dugu. Bitartekoak sortu behar ditugu gure herria eta umeak hezten lagunduko digutenak, haien pentsamendua suntsitu beharrean. Emakume bat baizik ez naiz. Ez naiz inolako telebista kateren jabe, ez irrati ez egunkariren jabe. Baina uste dut jendeak hezkuntza behar duela gertatzen ari denaz jabetzeko, eta Amerikan komunikabideek eta errepresio-bideek duten lotura ulertzeko. Dudan bakarra nire ahotsa da, nire kemena eta egia kontatzeko borondatea. Baina zintzotasunez eskatzen dizuet, komunikabide beltzetan zaudeten horiek, komunikabide progresistetan zaudetenok, egiazko askatasunean sinesten duzuenok, adierazpen hau argitaratzeko, jendeak jakin dezan zer ari den gertatzen. Ez dugu ahotsik, beraz, izan zaitezte ahots gabeon ahotsa.

Askatasuna Preso Politiko guztientzat; Maitasuna eta Agur Iraultzaileak bidaltzen dizkizuet Kubatik, Planeta honetan inoiz izan den Palenque (Esklaboen Gordelekua) Handienetako, Erresistenteenetako eta Ausartenetako batetik.

Assata Shakur Havana, Kuba

Tags: