ASKI DA!

azaroa 25, 2012 @


feminism

Zenbat emakume erail, bortxatu, zapaldu zituen indarkeria matxistak atzo, herenegun, iaz? Eta zenbat erailko, bortxatuko, zapalduko ditu gaur? Ehunka, milaka, milioika. Gehiegi. Emakume bakarra gehiegi.

Jakitun gara, indarkeria matxista egunero, maila guztietan eta alor guztietatik borrokatu beharreko erasoa dela, aldaketa apurka gauzatzen joango dela eta guk tinko eutsi behar diogula egunez egun jendarte ereduak inposatutako oldarraldiak eta matxisten indarkeria salatzeari, gure eskubideak tai gabe aldarrikatzeari eta orain arte nagusi izan diren eta hein handi batean hala dirauten genero-eskemak deseraikitzeari, pertsona oro izan gaitezen askeago eta burujabeago.

Esan bezala egunero egin beharreko lana da, eta gaur azaroak 25 ez da beste egun bat baino, haatik  egun bat zeina egutegi globaletan esalditxo more batez lagunduta baitator, haatik egun bat zeinean prentsaren fokoek argi borobil bat eskainiko baitiote mugimendu feministari, giza eskubideen aldeko mugimenduari, eszenatokiaren erdi-erdian.

Probestu dezagun, beraz, arreta hori, bat egin dezagun mundu mailan deituriko manifestazioekin, ozen dezagun abestu, oihukatu, salatu: ASKI DA! Eta bihar altxatzen garenean, egutegiak hala markatzen ez badu ere, beste pausu indartsu eta more bat emango dugu askatasunerako bidean.

Elearazitik ekarpena egin nahi izan diogu gaurko efemerideari Equiláteras ekimenekoen manifestua euskaratuz. Egurra!

MANIFESTUA “AZAROAREN 25 FEMINISTA BATEN ALDE”

Badator azaroaren 25a eta horrekin batera salaketa, hainbat frontetatik, hain zuzen, ikusarazteko mundu zabalean emakumeen kontra burutzen den Generoan Oinarritutako Indarkeria[1] (hemendik aurrera GOI).

EQUILÁTERASetik aipatu salaketei gure ekarpena egin nahi diegu, hausnarketa komun eta bateratu batera deituz eta zerbait gehituz egunotan dataren inguruan modu agerikoan batuko diren ikuspuntu guztiei.

Hausnarketa honetan ezinbestekotzat jotzen dugu feminismoaren rola aldarrikatzea mugimendu sozial gisa zeinak hasiera eman baitzion emakumeen kontra sistematikoki (zeharka eta konstanteki) gauzatzen diren indarkerien edo GOIaren aurkako borrokari. Iruditzen zaigu sentimendu feminista hau ozenki entzunarazi behar dela, egoera hau ezabatzeko helburuarekin abiatzen diren apostu diskurtsibo eta proposamen ugarietan.

Hori aldarrikatzen dugu ezinbestean ikusten dugulako nola A25a instituziotzen joan den urteak pasatu ahala eta nola emakumeen aurka gauzatzen diren indarkeria anitzetatik “lehentasuna eman” zaion harreman afektiboen edo bikotearen baitan gauzatzen denari.

Azken horri garrantziarik kendu gabe, iruditzen zaigu beharrezkoa dela halaber salatzea emakumeen kontra gauzatzen diren indarkeria ekintzen aniztasuna, izan ere, horietako asko itzalpean gelditzen direlako edo ez direlako indarkeriatzat hartzen ere.

Ohikoa den sumisio eta pasibotasun kontzeptutik urrun, beharrezkoa da GOIa zentzu bikoitzean ulertzea. Alde batetik, sistema hetero-patriarkalak zilegitu duen indarkeria gisa, genero femeninoaren gutxiagotasuna argudiatuz. Bestetik, gizarte-kontrolerako erabiltzen den indarkeria gisa, zeina preseski gauzatzen baita emakumeak “normatik irteten direnean” debekatu zaizkion espazioetan sartuz eta sistemak berarentzat aurreikusi ez dituen eskubide politiko eta bizitzarenak beretuz.

Ezin dugu ahaztu, azken argudiatze horri tiraka, GOIa hain zuzen sortzen dela emakumeen aldetik diskriminazioarekiko erresistentzia dagoenean eta emakumeak lotzen zaizkionean beraien eskubideak defendatzeari eta berdintasun errekonozimendua bilatzeari. Bestetik, gure erakundeari ezin zaio oharkabean pasatu feministek etengabe jasan izan dituzten eta jasaten dituzten erasoak jazarpenaren aurrean altxatzen diren emakumeen aurkako GOI mota garbia direla, zeintzuek helburu baitute aipatu emakumeen borrokak etetea.

Hain zuzen, arrazoi horiengatik begitantzen zaigu mugimendu feminista nazismoarekin parekatzen duten diskurtso ezagunak (hain errepikakorrak munduko alde batean zein bestean) emakumeen borrokei izen ona kentzeko saio sozial berri bat besterik ez direla.

Mugimendu feministek (beraien arteko ezberdintasunak onartuta) bakegintzatik ekin dute eta ez dira sekula bizitza kentzera makurtu, baizik eta, kontrara, pertsonen bizi-askatasunak zabaldu dituztela. Alderaketa horiek, dudarik gabe, emakumeek jasaten dituzten indarkerien adibide gero eta ohikoagoa dira. Oraingoan, ahotsa altxatu eta entzunak izateko nahi hutsagatik.

Gogoan daukagu Malala Yousafi gazteak pairatutako atentatua bere herrialdean berdintasunezko hezkuntza defendatzeagatik. Gogoan daukagu, baita ere, gure Latinoamerikako kideek eta buruzagiek egunero jasaten dituzten eraso ugariak, izan ere, etengabe arriskuan daude emakumeen eskubideak defendatzeagatik. Halaber, gogoan ditugu gure kideek jaso dituzten eraso zuzenak, genero sistema normatiboak zilegitutako indarkerien kontrako salaketa agerikoaren alde apustu egiteagatik.

Aurrez arrazoitutako guztiagatik EQUILÁTERASek egun hau ospatu nahi du honako kontu hauek ikusaraziz:

1. Berdintasun soziala helburu duten taldeetako kideen kontra eta feministen kontra gauzatzen diren eraso etengabekoak emakumeek jasaten duten GOIaren beste adibide bat direla. 

2. Mugimendu feminista eta mugimendu nazia parekatzen tematzen diren diskurtsoak beste ahalegin bat gehiago direla emakumeen borrokari izen ona eta balioa kentzeko eta irrigarri uzteko.

3. Emakumeak, hala nola, bizitza generoaren aginterik gabe bizi nahi dugun pertsonak ez garela diskurtso horien ezta indarkeria horien beldur, eta urtetan zabaldu dugun mezua askatasun mezu bat izan dela.

4. Horregatik A25ak diskurtso feminista ikusarazi eta erreskatatu dezakeela eta behar duela, GOIaren kontra borroka egin nahi duen lehendabiziko toki gisa.

5. Data honek errekonozitu behar duela mugimendu feminista izan zela egunaren aitzindaria, izan ere, egun honen hautatzea lehenengo aldiz onartu eta definitu zen 1981ean Bogotan (Kolonbia) egindako Latinoamerika eta Karibeko 1. Topaketa Feministan. Egun horretan Dominikar Errepublikako diktadore Trujilloren polizia sekretuak Mirabal ahizpak (ekintzaile politikoak) bortizki erail zituen.

6. Egun honetan jasotzen den babes instituzionala funtsezkoa bada ere indarkeria hauen kontrako borrokan kohesio sendoa lortzeko, pertsonok banakako gisa garrasi egin behar dugu eta kaleak hartu behar ditugu gure sentimendu feministatik abiatuta, aldi berean ikusarazi behar dugu GOI deiturikoaren baitan gauzatzen den indarkeria oro.

Hori guztiagatik proposatzen dugu mundu mailan aurreikusten diren manifestazioetan kontuan hartu behar dugula horien izaera feminista, bete ditzagun kaleak gure borroken ikusgarritasunetik eta beldurrik gabe, hartu ditzagun diskurtso feministak eta mugimenduaren ikusaraztea beste borroka modu bat bezala, hain zuzen aurre egiten diona sistemak gugandik espero duena ez izateagatik emakumeen kontra gauzatzen diren indarkeriei.

EQUILÁTERASek, gure hausnarketarekin bat egin nahi duten pertsona guztiekin batera, apustu egiten du

AZAROAREN 25 FEMINISTA baten alde


[1] [Pertsona] baten kontra gauzatzen den potentzia edo indar ekintza oro, zeina oinarritzen baita sexu bakoitzetik egiten den eraikuntza sozial eta kulturalean. Modu ezberdinetan azaleratzen da botere dinamiken arabera eta emakume eta gizonen arteko subordinazio harremanen arabera, zeinak femeninoaren eta maskulinoaren inguruko irudikapen sozial eta kulturaletan sostengaturik bilakatzen baitira min fisiko, sexuala edo psikologikoa sortu dezaketen edo sortzen duten ekintzak, pertsona batekiko bere sexuagatik. Generoan Oinarritutako Indarkeria nozioa bat da zeinak helburu baitu esplizitu egitea generoen arteko harremanetan dagoen botere desorekak diskriminazioa, indarkeria eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urratzea sortzen duela, eta hori egitean azaltzen du zergatik izaten diren indarkeria horren biktimak kasu gehien-gehienetan emakumean eta neskak”. (Genero Indarkerien aurkako Programa Integrala. Dokumentu argitaragabea. Kolonbia, 2001)