Geografia eta gorputzak (I)

azaroa 28, 2012 @


tunick

(Irudia Spencer Tunick argazkilariarena da)

Pasa den hilabetean, irailaren 30ean, eman zitzaion hasiera Donostiako Emakumeen Etxeak aurtengo ikasturterako antolatu duen Irakurle Eskola Feministari, pentsamendu feminista aztertzea helburu duen guneari, zeina Iratxe Retolazaren (besteak beste: literatura kritikari eta ikerlaria, feminismo literarioez diharduen Sareinak blogaren sortzaileetakoa, EDO! argitaletxe berriki eratuaren eragileetakoa) gidaritzapean aurrera eramaten baita. Saioak bi ordukoak dira eta hilabeteko azken asteartean egiten dira 19tatik hasita, Donostiako Kaxilda liburu-dendan.

Elearazin irakurle taldeen/eskolen zale nahiko amorratuak gara, izan ere, intrintsekoki iraultzaileak iruditzen zaizkigu, literatura kontsumo hutsa bultzatu beharrean, literaturaren aspektu eragilea azpimarratzen baitute, hain zuzen, askotariko pertsonen batzea dute helburu, kasuan kasuko obrak piztutako pentsamenduak, gogoetak eta ideiak elkartrukatu ditzaten. Hileroko irakurle eskola hau, gainera, gai feministez mintzo da, euskaraz, dohainik. Iraultzaileagorik gaitz. Beraz, ez dugu aukera galdu nahi izan eta lehenengo saiora gerturatzea ezinezkoa izan zitzaigun arren, hemendik aurrera hilero argitaratuko dugu taldearen nondik-norako hausnartzaileen kronika bat.

Eta aitortzeei amaieran doazenean protagonismoa kentzen zaienez, hartzaileak orokorrean galdua duenez jada interesa, hasiera-hasieran jarriko ditugu gure eskerrik beroenak, Woody Allenek bere filmetako kredituak nola: mila esker Donostiako Emakumeen Etxeari, Kaxilda liburu-dendari eta Iratxe Retolazari berari honelako ekimen interesgarri, aberasgarri eta beharrezkoa hezurmamitzeagatik. Segi tinko!

Geografia eta gorputzak: lehen hurbilketa

Atzoko eskolarako Monique Wittig, Belén Martín Lucas eta Beatriz Preciadoren artikulu bana landu genuen eta Retolazak esan zigunaren arabera saioaren aurretik egin genion elkarrizketan (hurrengo alearekin eskegiko dugu galdera-erantzun sorta osorik), aipatu irakurgaiak hautatu zituen aproposak direlako gorputzen posizio eta espazio sozialaren, hala nola, gorputzaren eta herritartasunaren arteko loturaren gaira hurbiltzeko. Jarraian autoreen inguruko zertzelada zenbait eta testuen mamiak laburbilduta. Interesa duenak eskolaren webgunean topatu ditzake hiru  testuetarako estekak.

Monique Wittig (Haut-Rhin, Frantzia 1935 – Tucson, AEB 2003): idazle eta teorialari probokatzaile eta bikaina, pentsamendu feminista eta lesbikoan alimaleko eragina izan duten eta izaten darraiten hainbat lanen autorea. Sorbonan ikasi zuen eta 1964an  L’Opoponax eleberria idatzi zuen, zeinak Médicis sari entzutetsua irabazteaz gain, kritikaren gorespena jaso baitzuen. Bereak dira halaber Les Guérillères (Minuit, 1969) eta Le Corps Lesbien (Minuit, 1973) nobelak eta The Straight Mind (Beacon Press, 1992) saiakera-bilduma, non, besteak beste, bere esaldi-granada ezagunenetako bat jaurti baitzuen, hain zuzen, “lesbianak ez dira emakumeak”. 1979an AEBetara aldatu zen eta bertan irakasle jardun zuen hainbat tokitan, hala nola, Tucsoneko Women’s Studies programan hamabi urtez. 2003ko urtarrilean zendu zen 67 urte zituela.

Desira desordenatuak (Utriusque Vasconiae, 2010) bildumak (euskal) literaturaz eginiko hainbat queer irakurketa batzen ditu, tartean Wittigen “Ikuspuntu berezia ala unibertsala” Itxaro Bordaren euskarapenean. Testua Djuna Barnes-en Spillway and Other Stories (Faber, 1962) ipuin-liburuaren frantsesezko itzulpenerako osatutako hitzaurrea da eta ingelesez argitaratu zen jada aipatutako The Straight Mind liburuan. Izenburuak aurreratzen duen bezala artikuluak dikotomiak ditu hizpide, kontrakotzat jotzen diren kontzeptu-bikoteak, Mendebaldeko pentsamendu bitarraren (zuria/beltza, zintzoa/gaiztoa, gizona/emakumea) tradizioaren ildotik. Artikuluan pentsamendu hori zalantzan jartzen da, arreta berezia emanez literatura alorrean bereziaren/partikularraren eta unibertsalaren/orokorraren artean sortzen den hartu-emanari. Idazketara ekarriz, Wittigek dio alde batetik, emakumeek idatzitako obrei, batzuek literatura femeninoa deitu izan duten lan-multzoari, automatikoki emetasunarekiko eta ondorioz naturarekiko lotura egotzi izan zaiola hain zuzen aipatu adjektiboa katigatzean; Wittigek kritika egiten dio ildo horri, emakumeek idatzitakoari izaera kulturala errefusatzen diolako. Azkenik, diskurtsoek berezitik unibertsalera jauzi egin beharra aldarrikatzen du. Demagun, idazle feminista batek (feminista darabilt kasutik gertuen dagoena dagoelako, baina jarri liteke gay, indigena, ezkertiar edo berezitzat jotzen den beste edozein izenondo) nahi duela literaturaren kanonean edo esparruan eragin, orduan beharrezkoa du lehenik delako esparruaren kodeak ezagutzea eta ondoren horien arabera jokatzea. Erdietsi nahi duen helbururako ez da batere komenigarria izango berezitzat hartua izatea, alegia, hau-soilik-feministei-interesatzen-zaie ikuspuntutik hartua izatea. Izan ere, hori gertatzekotan literaturaren eremutik (unibertsala) erauziko dute eta feminismoarenean (berezia) txertatuko eta aldaketa horren ostean idazleak literaturaren esparrua eraldatzeko zuen balizko aukera zein eraginkontarsun oro galduko du. Berezitik unibertsalerako jauzia argiago adierazteko Marcel Proust-en obra kanonikoa erabiltzen du Wittigek adibide gisa, hain zuzen kanonikotzat hartzen delako homosexualitateaz mintzo den arren.

Belén Martín Lucas: literatura irakaslea eta ikerlaria. 1993tik Vigoko Unibertsitatean dihardu lanean, egun literatura postkolonialaren eta feministaren inguruko eskolak ematen ditu, ingeles filologiako gradu eta graduondoko ikasketa programen baitan. Erruz landu ditu naziotasunarekin, abertzaletasunarekin eta erresistentziarekin lotutako gaiak, arreta berezia jarriz lurralde postkolonialetako idazle feministen lanei eta Kanadako literaturari. Liburu andana idatzi eta editatu ditu, eta beste hainbeste artikuluren autorea da.

Martín Lucasek berak apailatutako Violencias (in)visibles. Intervenciones feministas frente a la violencia patriarcal (Icaria, 2010) bildumako hirugarren atala irakurri genuen, hain zuzen, “La madre patria: de las metáforas nacionalistas a la violación como crimen de guerra”, zeinak ardatz baitu nazionalismoetan eta herritartasunarekin harremanean nola zedarritzen den emakumearen rola edo irudia eta ondoren nola baliatzen den irudi hori mugimendu nazionalistaren helburuetarako nahiz gerrarako tresna gisa. Tradizionalki emakumea (amaren figuratik banaezina) aberriarekin eta lurraldearekin modu nahiko zuzenean erlazionatu izan da, dozenakakoak dira adibideak. Aipatu eragiketak, emakumea sinbolo huts, finean objektu bilakatzeak, objektu horrekin nahi adina eta desio den oro egitea ahalbidetzen du. Nazionalismoetan, emakumearen funtzioak hiru dira. Lehenik, ama biologikoaren papera jokatzen du, ugalkorrarena, zeina arrazaren jarraipenerako ezinbestekoa baita (Sabino Aranaren abertzaletasun ereduan gakoa, kasu) eta halaber soldadu mordoa eta osasuntsuak emango baitizkio gudu-zelaira doan armadari (taldeko partaideetako batek aipatu zuenez Lehen Mundu Gerrako garaian Alemania eta Frantziak panfleto piloa zabaldu zituzten ugalketa sutsuki sustatuz). Amatasuna ez da jada izango libreki aukeratzen den zerbait, baizik eta emakumearen ardura edo betebeharra aberriarekiko. Bigarrenik, ama kulturala genduke, ama da baloreak, ohiturak eta hizkuntza transmititzen dituena, tradizio nazionalaren gordailua. Berriz ere euskal abertzaletasunaren testuingurura ekarriz, garbi ikusten da, etxeko transmisioa (amarena, ama hizkuntza) funtsezkoa dela euskararen biziraupenerako. Azkenik, ama sinbolikoa dator, jada esan den bezala, ama lurraldearen sinboloa da. Gerra edo borroka testuinguruetan emakumeen bortxaketa lurraldearen bortxaketa da, konkistatu nahi den lurraldearen menderatzea. Garaipena, funtsean. Gainera, oso eraginkorra da etsaiaren adorea birrintzeko baliabide gisa eta horregatik erruz erabili izan da mundu zabaleko hainbat gudatan. Balkanetako gerraren ostean eman zitzaion bortxaketari lehendabizikioz gerra krimen eta gizadiaren kontrako krimen estatusa.

Martín Lucasek bere argudiaketarako adibide gisa gehienbat nazionalismo eta gatazka egoera periferikoak eta geografikoki hemendik ez oso gertukoak erabili ditu eta alde horretatik kezka azaldu da taldean, ikuspegi murriztailea gertatu daitekeelako eta agian autoreak bazuelako gehiegi mugitu gabe adibide esagunguratsuak topatzerik (bi mundu gerretan, Espainiako gerra zibilean eta Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako askapen mugimenduetan).

Beatriz Preciado (Burgos, 1970): pentsalari aparta, queer teorian eta generoaren filosofian izen nabarmena. Alor akademikoari dagokionez, filosofian lizentziatua, Arkitekturaren Teorian doktorea eta Filosofia Garaikidean eta Generoaren Teorian masterduna. Jacques Derrida eta Agnes Heller izenkoteen ikasle izandakoa. Parisko VIII Unibertsitatean irakasle dihardu gaur egun, halaber, graduondoko programa bat zuzentzen du Madrilgo Reina Sofía Museoan. Hiru liburu argitaratu ditu: Manifiest contra-sexuel (Balland, 2000), Testo-yonqui (Espasa Calpe, 2008), Pornotopía. Arquitectura y sexualidad en Playboy durante la guerra fría (Anagrama, 2010). Azken horri esker finalista izan zen 2010ean Anagrama Saiakera Sarirako.

Irakurle taldeko bigarren saio honetarako “Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa/femeninoa” artikulua irakurri diogu Preciadori, Ainara Sarasketaren euskarapenean. Testuak komun publikoen arkitektura eta antolaketa aztertzen ditu genero rol tradizionalen kontrolerako eta ikuskatzerako erabiltzen diren hiriko espazio eraginkor gisa. Preciadoren hitzetan komun publikoak ez dira pixa edo kaka egiteko erabiltzen, edo ez behintzat horretarako soilik, izan ere, komun publikora joaten garen bakoitzean behartuta gaude generoaren femenino-maskulino dikotomia zurruna berrindartzen duten hamaika ekintza burutzera: hasteko, panpin gonadunarekin ala prakadunarekin identifikatzen garen erabakitzera; ondoren, barruan daudenen azterketa gainditzera, aukeratu dugunarekin bat egiten ez badugu epaia botako baitigute, alegia, “tronpatu zara, hau gizonen/emakumeen komuna da”; amaitzeko, hankartean dugunari jarraiki genero normen araberako jarrera jakin batzuk hartzera. Azken puntu horretan sakonduz: emakumeek behar fisiologiko oro gauzatzen dute eserita (makurtuta) eta ezkutuan, dagokien espazioa erreproduzituz, alegia, espazio pribatua, etxekoa. Gizonek, aldiz, pixa zutik egiten dute eta espazio publikoan, kide artean. Beraien gizontasunaren adierazgarria eta harro egoteko arrazoia baita zakila. Kaka, aldiz eserita eta ezkutatuta egiten dute, uzkia ez delako erakusten eta zulo hori agerian uzteak imajinario tradizionalean nolabaiteko zalantzagarritasun sexuala dakarrelako eta baita mehatxua ere.

Oharra: Bigarren alean Iratxe Retolazari elkarrizketa eta Itziar Zigaren Sexual Herria (Txalaparta, 2011) mintzagai.