Berriako Hirudia ataleko hirugarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.
Editore baten ahotik aurkezten ari den liburua «oso politikoa» dela entzuten dudan bakoitzean alarma pizten zait. Adjektiboak egiten dit kirrinka lehenik, baina baita graduatzaileak ere. Politikoa dela aipatzeko beharrak esan nahi du, antza, badirela liburu ez-politikoak, eta oso dela politikoa nabarmendu beharrak, berriz, badela gutxi-politikoa denik. Batetik, bazterren azaleratzea, salaketa soziala, boterea, generoa eta abar politikoak eta, bestetik, sexua edo familia, kasu, ez-politikoak balira bezala, eta horiei gradua ezarri ahalko balitzaie bezala. Ideologia batzuk neutralak eta ez-politikoak, eta beste batzuk partzialak eta politikoak, hain zuzen.
Gizartean naturala eta unibertsala dena politikotik kanpokotzat hartzen da; aldiz, «politikoa» dena identitarioa, partikularra da. Literaturan ere, gizartearen kanon eta diskurtso nagusi eta arau bihurturiko hori islatzen da, bereizketa hori. Diskurtsoak berak ez du adierazi zehatzik, baina horrek ez du esan nahi suposiziorik barnebiltzen ez duenik; adierazleen sare bat da, esanahi eta ekintza eremu oso bat hartzeko gai. Zenbait obra diskurtso horrekin beste batzuk baino gehiago bat egiten dutela-eta sortzen da literatur kanona. Baina nago alderantziz ere gertatzen dela, hots, diskurtsoari mesede egiten dioten lanak hartzen direla interesak bultzaturiko kanon hori definitzeko.
Esaterako, Ibai Atutxak diosku (Kanonaren gaineko nazioaz, Utriusque Vasconiae, 2012) Atxagaren Ziutateaz lanak «euskal subjektu subordinatua» desartikulatzen duen gisa berean eraikitzen duela Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eleberriak. Besteak beste, azken horretan deskribatzen den botere-harremanik gabeko mundu tradizional eta anitzentzat arrotz horrek lagundu du kanon espainolak gogoz eraiki duen binomioa: idazle unibertsalak, batetik (Unamuno, Baroja), eta idazle partikularrak (Mirande, Txillardegi), bestetik.
Horri tiraka, beste autore batzuei buruz ere esan dezakegun arren, esanguratsua da Markos Zapiainek Saizarbitoriaren lanaren inguruan dioena: «(…) harrigarria da Saizarbitoria eredugarritzat duten zenbait literatura-kritikarik erakusten duten grina, obraren bati ezker abertzaleko kutsua sumatu orduko politikaren zama gehiegizkoa eta moralismoa leporatzeko, ezker abertzalekoak ez direnak l’art pour l’arten sabel birjinatik arras aratz eta makula-izpirik gabe helduko balitzaizkigu legez, nazismoa aldezten duen obra ederrik ez balego bezala» (hAUSnART 0. alea, Lapiko Kritikoa, 2011). Izan ere, politikoa esaten denean «ideologia/joera jakin batekoa» inplizitua ulertu behar dugu, normaltzat jotzen den eta arautik ateratzen denaren arteko bereizketa markatu horren baitan.
Euskal gatazka deitzen den horren inguruan ere maiz idatzi da, eta maizago idatziko da aurrerantzean (dagoeneko hasi da goranzko joera). Artikulu hau kaleratzen den egunean bertan bukatuko da Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azoka, non Mikel Ayerbek Our Wars. Short Fiction on Basque Conflicts (University of Reno, Center for Basque Studies) ipuin-antologia aurkeztu baitu, Etxepare Institutuaren eskutik. Gaurkoaz gain, 36ko gerra ere biltzen dute hautatutako ipuinek, orain egun batzuk azaltzen zutenez: «ETAren indarkeria armatuak eta bestelako auzi politikoek markaturiko egungo euskal gatazkaren bilakaera gerra osteko errepresio bortitzaren ondorioa ere badela ulertzen dugulako». ETAren indarkeria armatuak eta bestelako auzi politikoak. Norbanakoak botere eta gizarte harremanei ezin muzin egin diezaiokeela onartzen badugu, nola ez begiratu erreparoz «Euskal Herria mundutarragoa» helburu duen instituzioak sustaturiko liburuaren ustezko aniztasun neutralari?
abendua 2, 2012 @ Garazi