Haurren masturbazioa, erregeen opari

urtarrila 4, 2013 @


masturbacion

Olentzerok Sexual Herria liburuaren kronika feminista ekarri zigun bezala, bi errege bizardun jatorrek eta multikulti egiten dituen beltzak ere badute zerbait elearaziko irakurleentzat. Hain zuzen, izenik aipatuko ez dugun lagun batek eman zuen facebooken artikulu hezigarri eta gurasoentzat (ar eta emez osaturikoak, noski) zein hezitzaileentzat funtsezko honen berri. Haurren masturbazioaren inguruan mintzo da ABC kazeta marabilloso bezain zientifikoa (“narritadura” hitza agertzen da, gero!). Hainbat gomendio ematen ditu, besteak beste, eta duen garrantziagatik nabarmentzekoa iruditu zaiguna, nola ekidin hain zital eta kaltegarri izan daitekeen plazera.

Iazko abenduaren 28an ere jar genezakeen post hau, baina ez gintuzuen serio hartuko.

Masturbatzen dira neska-mutilak nerabezaroa baino lehenago ?

Adingabe batek sexu-organoak estimulatzen dituenean “masturbazioaz” hitz egiten bada ere, aintzat hartu behar dugu ez duela nerabeen edo helduen masturbazioaren esanahi bera, plazer motaren bat sorrarazten badio ere.

Adingabe batek sexu-organoak modu errepikatuan estimulatzeak ondorio hauek izan ditzake:

1. Narritadura edo zauri txikiak sexuan; horrek hazka eginarazten die, eta, era berean, sexu-organoak ukitzea “atsegina” dela deskubritzea ahalbidetzen du. Higiene egokia ez izateak ere eragin dezake erredura mota hori.

  • Narritadura arinak kamamila-urarekin desagertu daitezke, baina larriagoak badira edo infekzioa sortzen badute, hobe da medikuarengana joatea, tratamendu egokia jasotzeko.
  • Oro har, komenigarria da azpiko arropa kotoizkoa izatea, hobeki transpiratzen baitu, eta oso estua ez izatea ere.

2. Ezustean konturatzea sexu-organoak estimulatzean plazera sor dezaketela.

  • Horri aurrea hartzeko, komeni da haurrak biluzik ez jolastea, bainua eta gero jantzi gabe luzaroan ez geratzea eta komunean eserita denbora gehiegi ez egotea.
  • Aipatzen ahal zaie beren sexu-organoak oso garrantzitsuak direla, eta hobe dela hainbeste ez ukitzea, min har lezaketelako.
  • Beharrezkoa da umeen aurrean jokaera horri garrantzi handirik ez ematea, eta hobe da beren arreta beste gauza batzuetara bideratzea (helduok sintoma horiek arretaz eta gertutik zaindu behar ditugu, baina beharrezkoa da haurrek ez nabaritzea gaiak kezkatzen gaituela).
  • Batzuetan, adingabeak zakila ukitzen du erekzioak dituelako eta ez duelako ulertzen tamaina aldaketa horien zergatia. Beste asmorik gabe, esandako aldaketak “geldiarazten” saiatzen da, hots, zakilean jartzen du eskua zutitzea saihesteko asmoz. Kasu horretan, komeni da azaltzea zakila, gorputzeko beste atalen gisan, hazteko “prestatzen” ari dela, eta ez duela zertan kezkatu.

3. Imitazioa; neba/anai, arreba/ahizpa edo helduekin batera nahiz bakarrik telebistan, ordenagailuan edo aldizkarietan ikusitako eszena edo irudiena.

  • Irudi horiek saihestu behar dituzte, eta garrantzitsua da ikusi dituzten jakitea, berriro halakorik ez gertatzeko.
  • Egoeraren arabera, eta irudiok nola eragin dien jakin eta gero, haiekin batera eztabaidatu beharko ditugu, giza sexualitatea dagokion testuinguruan kokatzeko, eta ez irudi horiek islatzen duten testuinguruan. Horrela, esperientziaren ondorio kaltegarriak murrizten ahal ditugu: sortutako kaltea handitu baizik ez du egiten isiltasunak.

4. Asperraldia.

  • Haurrek duten energia fisiko handia dela eta, garrantzitsua da saihestea denbora luzean geldi egotea; esaterako, telebista aurreko eserialdia. Oso komenigarria da hainbat jarduera egitea, jolas edo jarduera fisiko bat egin gabe luzaroan egon beharrean edo aspertuak egon ordez.

5. Antsietatea.

Antsietatea hainbat arrazoiengatik ager daiteke, hala nola, familia-arazoengatik, beldurrengatik, gauza ezegokiak ikusi edo entzun dituztelako eta norbaitek ikaratu edo haietaz abusatu duelako.

  • Antsietate-egoerak espezialista baten laguntzarekin aztertu behar dira.

Aipatu kausa oro aldi berean gerta daitezke edo bata bestearen kausa izan daiteke. Garrantzitsuena horiek identifikatzea da, berriz gerta ez daitezen.

Tags: