Itzultzen, Axun Aierbe gogoan

urtarrila 10, 2013 @


axun

Argazkia: EHU

(Elizabete Manterola irakasle eta lagunak bidali digu kronika hau. Bihotz-bihotzez eskerrak gure amuei tira egitearren eta gainera hain modu dotorean!)

Axun Aierberen omenezko hirugarren itzulpen tailerra

Durangoko azoka igaro berritan eta Gabonetako oporrak hartu aurretik, itzulpenaren inguruko hitzordu interesgarria izan genuen EHUren Letren fakultatean. Axun Aierberen omenezko itzulpen tailerra antolatu zuen aipatu fakultateko dekanotzak hirugarrenez. Harkaitz Cano gidari genuela hamabost bat lagun bildu ginen hiru arratsaldez.

Idazle, itzultzaile, autoitzultzaile, gidoigile. Letren inguruan aritzen da lanean Cano. Itzulpengintzari buruzko hausnarrean aritu zen gurekin, literatur itzulpenaren jiran batez ere. Jon Alonsoren Katebegi galdua (1995) liburuko pasarte bat irakurriz ekin genion tailerrari. Lehenengo eginkizuna itxuraz sinplea zirudien esaldi bat itzultzea izan genuen, Augusto Monterrosok idatziriko honako ipuin labur hau euskaratzea, hain zuzen: Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí. Esaldi bakarreko ipuina, hamaika modutara itzulia. Arbela betetzeko adina aukera atera ziren, hitz-ordena eta hiztegi hautu ezberdinez. Hara hor, edozein itzulpen-eskolatan ikasten den lehenengo lezioa: itzultzaile bakoitzak bere modura itzuliko du testua eta ez dago aukera bakarra, emaitza posible ugari baizik.

Izenburuen itzulpena

Liburu zein filmen izenburuez jardun ginen segidan. Zerk egiten du izenburu bat on? Hizkuntza batean pentsaturiko esaldiak, hitzak, hitz-jokoak izaten dira izenburuak, irakurri hutsez edo entzute hutsari esker produktua saltzeko balio behar dutenak. Hizkuntza jakin batean sortuak izaten dira, eta buruhauste bat baino gehiago eragiten diote itzultzaileari, lortu nahi duen efektua lortuko badu. Hara hor, bigarren lezioa: itzultzaileak idazle ere izan behar du. Sormena landu behar du, alegia, jatorrizkoaren efektua zein zen jakin, eta efektu hori bere hizkuntzan eskaintzen saiatu. Ezinezkoa badu hitzez hitzezko itzulpena eginez, beste bideren bat bilatu beharko du. Izenburuak itzultzeko bide posible ugari ikusi genuen tailerrean, batzuk besteak baino egokiagoak. Itzultzailearen ausardia nabarmentzen dute zenbaitek, esaterako María Teresa Gallego Urrutia itzultzaileak La señora Bovary modura itzuli zuen Madame Bovary gogoangarria, gaztelaniaz beharko lukeen itzulpena hori zelako bere hitzetan, nahiz eta bigarren hori izan gaztelaniaz ere ezagutzen zen izenburua. Itzulpenaren itzulezintasunaren mugan dabiltza beste izenburu batzuk, eta ez da lan erraza horiek itzultzea. Horren adibide, egunkari ingeles batean agertutako titularra Espainiako futbol selekzioa kanporatu berritan: You’re done, Juan!. Bestalde, itzulpen batzuek ez dute jatorrizkoaren efektu bera lortzen. Esaterako, Eugène Ionescoren La cantatrice chauve antzezlanaren euskarazko lehen bertsioa Abeslari burusoila (2001) izan zen. Gizona zein emakumea izan daiteke hortaz euskarazkoan ageri den burusoila, eta buruko ilea galtzea ohikoagoa denez gizonezkoetan, irakurleak nekez irudikatuko du emakumea euskarazko izenburua irakurrita. Urrezko Bibliotekan agerturiko bigarren edizioan, hala ere, izenburua egokitu egin da eta Emakume abeslari burusoila (2011) bihurtu da.

Ikus-entzunezkoetako itzulpena

Tailerraren bigarren egunean film baten eszena bat itzultzen aritu ginen taldetxotan jarrita. Steve McQueen zuzendariaren Hunger (2008) filmaren ingelesezko gidoia eskuan harturik euskaratzen saiatu ginen. Aztertzen aritu ginen pasartea oso berezia zen: apaiza eta preso dagoen gaztea aurrez aurre, bi pertsonaiak parez pare mahai baten jiran eserita, plano bakarrean grabaturiko eszena, elkarrizketa indartsua. Pertsonaiek kaleko hizkera darabilte, erronka handia hori euskaraz jartzea. Literatura idatziarekin alderaturik, filmetako elkarrizketek beste hainbat ezaugarri dituztela ikusi genuen, ahozkotasuna, bizitasuna, ahotsaren tonua eta irudia kasu. Gidoia itzultzea eta azpidatziak sortzea ere ez da gauza bera. Horiek guztiak gogoan izan beharko ditu itzultzaileak ikus-entzunezkoak itzultzerakoan.

Literatur itzulpena

Euskal literatur eremuan dugun ohiko jarduera bati buruz ere mintzatu ginen itzulpen-tailerrean. Horretarako, Bernardo Atxagaren hainbat liburutako pasarteak aztertu genituen, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak parez pare jarrita: zer aldaketa mota zeuden ikusi, aldaketa horien zergatiez hausnarrean. Bi testuen girotzea berdin sentitzen ote genuen mintzatu ginen, efektu bera lortzen ote zuten batek zein besteak.

Itzultzaile-tailerra izaki, autoitzultzailea eta itzultzaile arruntaren arteko aldea ere nabarmendu zuen bateren batek. Ezin idazle-itzultzailearen askatasuna izan itzultzaileak. Hortaz, zer da itzultzea? Autoitzulpena itzulpentzat jo daiteke?

Hizkuntza bakoitzak duen malgutasuna ere izan genuen mintzagai. Euskara ala gaztelania, zein iruditzen zaigu hizkuntza malguagoa? Gaztelania zurrunagoa iritzi genion. Agian, tradizio luzea duelako izango da. Euskararen tradizio laburrak ate asko irekitzen dizkio idazle-itzultzaileari; beste zenbaitetan, ordea, faltan izango dugu esan nahi dugunari indarra emateko, edo zenbait ohiko espresio ez izateak guk nahi dugun efektu hori lortzea oztopatuko digu. Tailerrean behin eta berriz aipatu zuen Canok “se arrellanó en el sofá” horren moduko esaldiak falta ditugula euskaraz: gaztelaniaz idazle guztiek erabiliko lukete esaldi horixe; euskaraz, ordea, sofan erdi-etzan zen, erosoago eseri zen, sofan areago etzan zen… hamaika modutara topatuko dugu, bakoitzak bere bidea bilatu beharko baitu hori esateko.

Literatur itzulpenaren inguruan aritu ginen lanean tailerraren azken saioan. Katalanetik euskaratutako testua xehe-xehe aztertuz, batetik. Egokitzapenaren muga arriskutsuez mintzatuz, bestetik. Poesia itzultzen saiatuz, segidan: gaztelaniatik euskarara itzuli beharreko poema bat eta euskaratik gaztelaniara itzuli beharreko beste poema bat. Bietako zein da zailagoa itzultzailearentzat? Norberaren hizkuntzaren ezagutza maila izan behar da kontuan, zenbateraino dugun kultur hizkuntza euskara eta zenbateraino gaztelania, zein hizkuntzatan irakurtzen dugun gehiago. Horri loturik, honako gogoeta hau aipatu zigun Harkaitzek: euskaratik gaztelaniarako itzulpena ez da gaztelaniatik euskararakoa bezainbat garatu. Niri ere halaxe iruditzen zait. Euskararako itzulpenean lan handia egin da orain arte, alderantzizko norabidean ez horrenbeste. Horrek izango du, noski, zerikusirik.

Landuriko bi poemak Rikardo Arregirenak ziren, biak ala biak euskaraz sortuak. Ariketa polita izan zen Arregik euskaraz sorturiko poesiaren gaztelaniazko bertsioa berriz ere euskarara ekartzea. Jatorrizkoaren oso bestelako emaitzak sortu genituen. Aurrez esan bezala, itzultzaile bakoitzak bere modura interpretatuko du testua, beretik egingo du itzulpena.

Plazer hutsa izan zen hiru egunez berriz ere ikasle larruan jarri eta testuak xehe-xehe aztertzea, literatur itzulpenaren zein ikus-entzunezkoetako itzulpenaren jiran hausnarrean aritzea, itzultzaileen eta idazleen (zein idazle-itzultzaileen) arteko aldeez eta antzekotasunez mintzatzea, itzultzailearen sortzaile rolaz, zubi-lanaz. Itzultzailearen eguneroko jardunaz, azken batean.