Gure literatura erdaretan

urtarrila 21, 2013 @


Literatura-Eskola

Zer da euskal literatura? Zer sartzen da “euskal” etiketaren pean? Hizkuntzak baldintzatzen al du zaku horretan sartzen dena? Ala geografiak? Zer esan nahi da edo zenbat interpretazio dauzka espainolezko “vasca” adjektiboak? Ez zion, ez, edonola ekin Elizabete Manterolak Gure literatura erdaretan eskolari, alegia, Literatur Eskolako laugarren saioari, larunbatean, Zarauzko Sanz Enea liburutegian.

Galdera sorta eta askotariko erantzun zabal horiekin literatur sistemaren beraren konplexutasuna utzi nahi izan zuen agerian ikertzaileak, doktoretza tesia egiteko abiapuntua bera zein zalantzazkoa izan zitekeen erakusteko. Even-Zohar israeldarraren Polisistemen Teoriaz mintzatu zen jarraian, kultur sisteman orokorrean dauden faktoreak eta horien harremanak aipatuz. Literaturan, obraz eta autoreaz gainera, beste hainbat eragilek baldintzatzen du sistema: irakurlea, errepertorioa, produktua, merkatua eta instituzioa. Euskarazko eskaintzak, bai jatorrizkoak bai itzulpenak, erdarazko bertsioarekin lehiatu behar izaten du, eta zenbait liburu-dendatan, gainera, “euskal literatura” izendaturiko hori beste azpisail baten gisan sailkatzen dute, nobela beltzaren apalategiaren ondoan, kasu. Faktore harreman guzti horiek aztertzean, Manterolak esan zuen euskal literaturak baduela bere eremu propioa, baina badela mendekotasun puntu bat erdarazko sistemekiko, ez dela guztiz beregaina. Literaturen arteko botere harremanak asimetrikoak direla ere esan zuen.

Itzulpenari dagokionez, lan handia egin da beste hizkuntzetatik euskarara literatur lanak ekartzeko jardunean, baina kontrako noranzkoan eskasagoa da oraindik ere, eta ez dago hainbeste itzultzaile prestatu. Orain arteko zeregin garrantzitsuena zen euskarazko produkzioa egonkortzea, euskaraz sorturikoen sistema sendotzea, beraz, kanpora ateratzeko beharra aski berria da. Babes instituzionala ezinbestekotzat jo zuen horretarako ikertzaileak. Entzule batek galdera bota zuen orduan: “Zeintzuk dira gure xede-merkatuak? Merkatu gutxituetara itzuli beharko genuke soilik?” Erantzuna ere berak bota zuen, esanez espainola gisako merkatu handiek ez dutela gutaz deus jakin nahi, ez bada interes jakinen bat dutelako atzetik.

Izan ere, zergatik behar da kanporako itzulpen hori? Manterolak zenbait aipu aurkeztu zizkigun. Mari Jose Olaziregik (2000) hizkuntzaren biziraupena aipatzen zuen kanporatzeko arrazoitzat; Luna Alonsok (2006), berriz, bi noranzkoetako hartu-emanak garrantzitsuak direla zioen, norberarena indartzeko; Aierbek (2008) beste literaturekiko homologazioa lortzeko bidetzat ikusten du, maila berdintzeko; Dasilva ikertzaile galegoaren arabera (2010), beste merkatuak bilatzen dira profesionaltasuna bultzatzeko. Berriz ere entzuleen artetik ahots bat: “Bermatzen al du kanpora ateratzeak irakurle gehiago izatea?”. Izan ere, badirudi Euskal Herrian kanpo salmentetatik ez dela idazlerik bizi. “Beraz, ez al da hobeto tokiko irakurzaletasuna sustatzea?”.

Datuak eta ebidentziak

Gideon Toury ikertzailearen ekarpenetatik abiatuta, metodo deskribatzailea erabili du Manterolak berea egiteko. Euskal Herrian itzulpengintzaren inguruko hausnarketa aski murritza izan da orain arte, doktoretza tesi batzuk salbu, eta, beraz, Manterolaren ekarpena handia izan da, argi geratu zitzaigunez. Euskal literatura eta itzulpengintza batera jorratu behar zituela konturatu zen hasi eta berehala, bata bestea gabe ezinezkoa baitzen. ELI katalogoa osatu zuen lehenik datu orokorrekin, eta ondoren Atxagaren lanen azterketa zehatzagoa egin zuen, corpus bat osatuz eta Lambert eta van Gorpen eskema baliatuz. Horretaz gainera, hasierako asmoa ere bazen autoitzulpen, kolaborazio eta zeharkako itzulpenaren arteko aldeak begiratzea; hasierako asmoa, diogu, ondoren zaila egin zitzaiolako halakorik egitea, Atxagaren itzulpenetan beti baitago autorea presente, eta, beraz, ezin dira zehaztasunez alderatu itzulpen motak.

Labur-labur azalduko ditugu hemen datu-basean bildutakoak, aurretik ere aipatzen baitzituen Manterolak berak egin genion elkarrizketan eta Senez aldizkarian. Katalogoa osatzeko hainbat arazo izan dituela aipatu zuen, bai bilaketa sistematikoak egiteko izandako zailtasun eta oztopoak medio, bai bilaturiko datu-baseetan agertzen zen informazio kontrajarri eta zehaztasun ezagatik. Hori dela eta, esan zuenez, eskertuko luke akatsen bat aurkituz gero jakinaraztea. Azterketa autore, izenburu, itzultzaile, genero, hizkuntza eta itzulpen motaka (autoitzulpena, alografoa, kolaborazioa, zalantzazkoa) egin zuen. Liburuak bakarrik hartu ditu kontuan, beraz, sarean jartzeko edo aldizkarietan kaleratzeko egindako itzulpenak aztertuz gero, agian datuak aldatuko liratekeela aurreikusi zuen. Xede-hizkuntzak estatu espainolekoak izan dira nagusiki, eta itzulpen motak askotarikoak, nahiz eta zeharkakoek pisu nabarmena duten.

Atxaga, urrezko izartxoak eta naziak

Datuak ikusita, Atxaga aukeratu zuen itzulpenen gaineko azterketa zehatzago bat egiteko. 35 jatorrizko lan eta 31 hizkuntzetara itzuli dizkiote asteasuarrari; horietatik, 23 dira haur eta gazteentzako liburuak, baina gehien itzuli direnak narratiba lanak dira. 1980ko hamarkadan itzulpen kopurua oso mugatua zen, baina Obabakoak itzultzean ekin zioten sistematikoki bai aurreko bai ondorengo lanak erdaratzeari. Aurretik egindako bilaketaren gorabeherak ikusita, Manterolak erabaki zuen paratestuen araberako bilaketa egitea, ikusteko zer datu ematen diren itzulpenari buruz. Hiru ikergai nagusi zituen: (i) Itzulpena aitortzen al da? Gehienetan aitortzen da, 16 kasutan izan ezik, horietatik gehienak gaztelaniazkoak, eta baten bat katalana. (ii) Zein jartzen du jatorrizkotzat? Lau kasu bereizten dira: euskarazkoa, izenbururik ematen ez dutenak (HGL bereziki), gaztelaniazkoa eta biak (guztiak helduen narratiban). (iii) Gaztelaniazkoa aurkezten denean, nola egiten da? Batzuetan jatorrizkoa balitz bezala, bitarteko gisa bestetan eta zalantzazko kasuak ere badira. Manterolak aipatu zuenez, kanpoko irakurleek askotan ez dakite Atxagak euskaraz idazten duenik ere.

Azterketa zehatzagoa egiteko, corpusa mugatu egin zuen: zazpi hizkuntza eta hamabi liburu; gehien itzuli direnak, hizkuntza gehiagotan eman direnak eta genero anitzekoak aukeratu zituen. Horrela, azterketa peritestuala, izenburuen azterketa eta azterketa makrotestualaren bidez hainbat datu atera zituen, besteak beste, itzulpen prozesuan egindako moldaketak ikusteko. Atxagak behin baino gehiagotan liburuak euskaraz zein gaztelaniaz aldi berean kaleratu dituenez, idazte-itzultze prozesua joan-etorriko lan bat dela esan daiteke, euskaraz idatzi, gaztelaniaz eman eta itzulpenean atera diren zalantza edo ezadostasunekin euskarazkoa atzera orrazten baita.

Azkenik, azterketa mikrotestuala ere egin zuen Manterolak, espezifikoagoa, alegia. Atxagaren testuetan izen bereziak eta koloreak nola itzuli diren ikertu zuen, eta horren bidez zeharkako itzulpenak zenbateko presentzia duten ikusi ahal izan du, gaztelania zubi-hizkuntzatzat hartuta. Izen berezien kasuan, esaterako, erreferentziak galdu egin dira askotan; Behi euskaldun baten memoriak lanean, “Orhiko txoriak Orhira nahi” agertzen zaigu, baina gaztelaniazkoan Estambul bihurtzen da mendia. Alemanezko bertsioak, aldiz, bere horretan uzten du erreferentzia euskalduna. Era berean, eta are eta deigarriago, euskaraz Don Gregorio dena Don Otto bihurtzen dute gaztelaniaz eta Herr Otto, berriz, italierazko bertsioan. Mailakako alemanizazioa antzeman dezakegu, bada, pertsonaia horretan, hautu ideologikoek bultzatuta, nolabait.

Koloreetan, erabilienak eta antzinakoenak aukeratu ditu aztergai: urdina, beltza, berdea, gorria eta zuria. Berdin eman diren ala egokitu edo aldatu dituzten begiratu du aipatu corpusean; adibide gisa, Bi anai liburuko “gorri-gorri” adierazpena “rojo, con estrellitas doradas” harrigarria bihurtu zen gaztelaniazkoan, eta beste hizkuntzetan ere antzeko zerbait ikusten dugu. Beraz, esan daiteke gaztelaniazko bertsioa oso kontuan hartu zutela gainontzekoetara itzultzerakoan. Sinbologia handikoak diren koloreak itzultzen zailak direla eta itzulpen gehienak zeharkakoak izan direla ondorioztatu zuen Manterolak atal honetan; salbuespen bitxia da galegoko testua, zuzenean itzuli omen dena, nahiz eta paratestuetan jatorrizkoaren daturik apenas eman.

Ondorioz, Manterolak nabarmendu zuen zer itzuli nahi dugun hausnartu behar dugula, aniztasuna erakusteko eta zuzeneko itzulpenaren joera bultzatzeko, batez ere. Zer itzuli den ikusteaz gainera, garrantzitsua iruditzen zaio zer ez den itzuli ikustea eta horren arrazoiak bilatzea, hutsune horrek ere bere zergatia duelakoan. Arestian aipaturiko Touryk zioen itzulpenek xede kulturan eragina dutela, eta Manterolak gehitu nahi izan zuen itzulpenak jatorrizko kulturaren parte ere badirela, batez ere kultura elebiduna denean eta itzulpen hori etxean ere geratzen denean. Izan ere, batzuetan, kanpora itzultzea barrukoa promozionatzeko modua da.

Maitasuna da bidea!

Bukatzeko, zenbait galdera ireki proposatu zituen Manterolak: “Zein behar du galderak:  euskal literatura mundura edo Euskal Herrira? Euskalduntasun bat badago saldu beharrekoa? Kontziente gara zer efektu duen itzulpenak euskarazkoan?” Entzuleak zirikatzeko, gogoa pizteko eta haiei hitza emateko egin zuen, akaso, baina entzuleek ez zuten amu zorrotzik behar, parte hartzea handia izan baitzen; pena tarte gutxi izana tertuliarako. Hausnarketa eta eztabaida zenbat eta goriago, bukatzeko ordua are eta hurbilago baikenuen. Hemen azpian jarriko ditugunak esandakoetako batzuk baino ez dira; ez dugu parte hartzaileen izenik aipatuko, han egon ginenok badakizkigulako, eta egon ez zinetenongan hurrengo eskolara joateko gogoa piztu nahi dugulako.

―Argitaletxe batzuek, Alberdania-k eta Erein-ek, adibidez, liburu bera denbora gutxian kaleratzen dute euskaraz eta gaztelaniaz, Euskal Herriko merkatuari begira, ez kanpokoari. Beste zenbaitek, berriz, ez du batere pentsatzen bere obra itzuliko denik.

―Salmentari begira bakarrik ez, baizik eta sistematikoki itzultzen dira liburuak gaztelaniara itzulpena sustatzeko diru-laguntzak jasotzeko, horrela elikatzen da ekosistema hori. Nork hartzen du, onura, beraz, literatura munduratzeko politika horretaz?

―Euskarazko idazleak lexiko pobreagoa edo murritzagoa duela iruditu, eta autoitzultzean, ponpoxoago jarri edo beste gabe luzatu egiten du testua. Eta zer esanik ez egiturarekin, konplexuagoa bihurtzen da gaztelaniazkoan. Itzulpen horiek nola saltzen diren eta nola jasotzen dituzten ikertu beharko litzateke.

―Nork erabakitzen du zer ateratzen den kanpora? Zergatik ez egin argitaratutako guzti-guztiaren katalogo bat, liburu bakoitzaren nondik norakoekin, zazpi-hamar autoreren obrak aukeratu beharrean?

―Madrilen sartzeko agente literarioa behar da, ez balio literarioa. Finlandian eta Islandian, agente publikoek ordaintzen dituzte argitalpen, promozio eta itzulpenak.

―Ez bada faktore afektiborik –eta hala itzuli dituzte errusierara eta alemanera hainbat obra, idazlea edo herria maite zuten atzerritarrek– ezin da kanpora ezer atera.

―Etxepare sustatzeko jartzen den dirua eta Euskal Herrian bertan irakurzaletasuna bultzatzeko inbertitzen den dirua bera al da? Ez. Hortik hasi behar dugu.

―Baina zer eskatzen ari gara gu, zer espektatiba ditugu kanpora atera nahian, gero gurera izen handiko idazle bat itzuli eta inork irakurtzen ez badu?

Horiek guztiek eta botatako beste hainbat gogoetek zer pentsatua eman ziguten han izan ginenoi, urduritu egin ginen, barruko harra dantzan jarri zitzaigun, kezkatzeko eta amorratzeko arrazoiak badirela ikusi genuen, eta baita ikertzen eta ziztatzen jarraitzeko ere. Jakin-mina piztu edo bizitu zigun Elizabetek larunbateko saioan, eta horrekin bakarrik jakin genuen merezi izan zuela goizak: plazer handia izan zen (lehorrekoontzat itsaso harroa ikusteak ere aunitz lagundu zuen). Otsaileko eskolak gugan beste ate batzuk zabalduko dituelakoan, Gasteizen ikusiko dugu elkar.