EZ

otsaila 26, 2013 @


images

(Ilustrazioa: Roland Topor)

EZ da astea EZkor hasiarazi nahi dizuegulako, eguneroko eginbeharrentzat deserosoa gertatzeaz gain askori umorea zeharo desinflatu dien azken asteotako elur eta euri jasekin bat eginez. EZ da horregatik, baina hala ere egin nahi dugu EZaren aldarrikapen txiki bat. EZ behin eta berriz errepikatuz korrontearen kontra ekiten jardun duenak edo korrontearen korrontetasun zalantzagarria EZbaian jartzen atergabe aritu denak ondo daki zein nekeza den erresistentziakoa izatea, nekeza eta gainera marketinaren ikuspuntutik erabat porrotera kondenatua. Beti EZ esaten iraun duenak nahi du noizbait positibotzat har dezaten, nahi du behingoagatik amargatu nekoso bat EZ izan, eta horregatik bilatu ditu alternatibak eta horregatik daramatza zenbait urte protestatzeko modu positibo eta jai-girokoak antolatzen, nik neuk hainbeste maite ditudanak. Baina bi gauzok EZ dira kontrajarriak. EZ esatea funtsezkoa da, EZ esatea duintasuna da, burujabetza da, aukera da. EZ esateak zabaldu zion bidea Txileko Pinocheten diktaduraren akaberari, berriki film batek akordarazi digun bezala.

Carlos Gilek atzoko GARAn kulturaren aldeko aldarria osatu zuen esaldi negatiboak harilkatuz.

CARLOS GIL KULTURA ANALISTA

Ez eta ez

Ez da erraza esaldi bat hitz silababakar horrekin hastea eta mezu baikor bat helaraziz bukatzea. Ez da egungoa egoera egokiena balio estrukturala izango duten kultura-proiektuetarako garapen-ildoak ezartzeko. Ez dago aukera gehiegi indar politikoak konbentzitzeko beldurrik gabe apustu egin dezaten kulturaren hedapenaren alde, etorkizunerako inbestimendu hoberen gisa. Ez dute ulertu nahi kultura ekonomia bezain garrantzitsua dela. Ez da posible konparatzea erabileraren balioa aldaketaren balioarekin. Ez dago kultura baino barne-hartzaileagoa den ezer, kulturak talde ikuspuntu batetik elikatzen dituelako norbanakoak, eta ikuspuntu horrek  guztiak bildu gaitzakeen mundu ideala irudikatzen du.

Ez da posible askoz gehiago idazten jarraitzea beti ez batekin hasita. Ez zaila delako, ezpada ezkorra suertatzen zaiolako egongela-matxinada bat saiatzen diharduen arima oinazetuari. Ez dut esan nahi bi ezeztapenek baieztapen bat egiten dutenik, ezpada hiru ezeztapen manifestu bat direla. Ez dut ulertzen zergatik nagoen ez-ean katramilatuta, baldin eta nahi dudana irain baikor bat oihukatzea bada. Ez iezadazu berriz ordua galdetu. Ez dakit zer egun den gaur. Ez dut hura ikusi nahi. Ez dut nire kontzientziaren boza entzuten ahoskabe dagoelako. Ez deitu musei egunsentian.

Ez zaio egundo utzi behar begien bistakoa dena aldarrikatzeari. Ez da zalantzarik izan behar kultura-programa guzti-guztiak abiaraztearen premiari buruz, txikienetik hasita handieneraino, baina beti neurriz eta orekaz. Ez da etsi behar herritarrekiko konplizitate aktiboa lortzearen ahaleginean, kulturala denentzat irisgarria izan dadin eta denek eskatu dezaten etorkizunaren eta ongizatearen zantzu argi eta garbi modura. Ez. Eta ez.

Tags: