Astea ongi bukatzeko eta astebururako prestatzeko, Old Crow Medicine Show talde amerikanuaren Wagon Wheel edo Gurdi-gurpila euskaratu dugu. Taldekideak New Yorkeko karriketan hasi ziren jotzen, eta handik Kanadara jo zuten, nekaezin beti. Bide horretan, taldea ezagutarazteaz gainera, arrakasta hasi ziren lortzen, baina oso ttanttaka. Atzera Ipar Karolinan zeudela, farmazia baten parean jotzen, handik pasatzen zen Doc Watson folk musikari handiaren arreta berenganatu zuten, eta jaialdi batean jotzera gonbidatu zituen. Horrek eman zien musikaren munduan sartzeko behar zuten bultzada.
Zazpi album kaleratu dituzte, guztiak folk, country eta bluegrass estiloan (hori jartzen du, behintzat, haien webgunean). Gaurko ekarri dugun abestia taldearen ezagunenetarikoa eta laudatuenetakoa da, eta Bob Dylanekin elkarlanean sortua da. Dylanek Rock me mama izenarekin aurkeztu zuen gehienetan, ordea. Oso tokiko kantua denez, mapa bat apailatu dugu agertzen diren hiri-izen guztiekin, AEBko geografian gal ez zaitezten. Gainera, ez moskeatzeko, aipatu behar dugu badela aitortutako akats geografiko bat: “mendebaldera jo nahi du Cumberland haitzartetik/Johnson City-ra, Tennessee-n” dio letrak, baina mendebaldera baino, ekialdera egin behar luke Tennessera iristeko. Ketch Secor kantuaren idazleak adierazi zuen nola edo hala “mendebaldea” hitza sartu nahi zuela kantuan, eta horregatik traizioa.
Honezkero gehiegi luzatu gara. Gozatu, beraz, eta ez ahantzi: egin dantza!
[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=GH2RRYnTeJE]
Hegoaldera bidean pinuen lurretara
Eta ni auto-stop egiten Ipar Carolinara
Begiak errepidean iltzaturik
Jainkoari eskerrak, argiei jarraikiz.
Kostaldean behera hamazazpi ordu
Eta zuhandor lore-sorta bat bildu
Raleigh-era [1] heltzeko nago irrikaz
Gauean ikusi ahalko baitut nire laztana.
Beraz mugi nazan, neska, gurdi-gurpilak bezala
Mugi nazan, neska, nahi dunan gisara
Ei, neska, mugi!
Mugi nazan, neska, haizea eta euria lez
Mugi nazan, neska, hegoalderako trena lez
Ei, neska, mugi!
New England-eko [2] hotzetik ihes
Sortu nintzen biolina jotzeko hari-talde baten
Laztanak gitarra jotzen du
Nik banjoa aukeratu dut
O, iparreko negu hotzek harrapatuta naukate
Dirua galdu dut pokerrean, alde egin behar, beraz
Baina ez naiz atzera egitekoa
Ez lehengo bizitza berriz bizitzeko.
Beraz mugi nazan, neska, gurdi-gurpilak bezala
Mugi nazan, neska, nahi dunan gisara
Ei, neska, mugi!
Mugi nazan, neska, haizea eta euria lez
Mugi nazan, neska, hegoalderako trena lez
Ei, neska, mugi!
Hegoaldera oinez Roanoke-tik kanpo [3]
Kamioilari batek hartu nau Philly inguruan [4]
Porro luze bat erre dugu
Baina mendebaldera jo nahi du Cumberland haitzartetik [5]
Johnson City-ra, Tennessee-n [6].
Eguzkiaren aurretik egin behar dut aurrera
Laztana entzun dut niri deika
Ze badakit bera dela nire kuttun bakarra
Eta Raleigh-en hiltzen banaiz
Behintzat aske hilko naiz.
Beraz mugi nazan, neska, gurdi-gurpilak bezala
Mugi nazan, neska, nahi dunan gisara
Ei, neska, mugi!
Mugi nazan, neska, haizea eta euria lez
Mugi nazan, neska, hegoalderako trena lez
Ei, neska, mugi!
martxoa 15, 2013 @ Garazi