Nola idatzi Afrikari buruz

maiatza 6, 2013 @


97168326_Binyavanga_224870c

(Argazkia: Tugela Ridley, The Times egunkaritik)

Igandetan GARA berripaperaren 7ka gehigarria irakurtzen duzuenei ezaguna egingo zaizue gaurkoan dakarguna, Binyavanga Wainaina (Nakuru, Kenia, 1971) idazlearen artikulu sonatuena. Izan ere, guk geuk astekariko aholku literarioari esker izan genuen autore keniarraren nondik-norakoen berri. Gure interesa piztu zuten berehala.

Autoreaz zenbait wikipedia-datu: Kenian jaio arren, Hegoafrikako Cape Townen egin zituen ikasketak, eta, bertan idazle eta kazetari autonomo gisa jardun zuen hainbat urtez. Garai horretan bidaia eta sukaldaritza-liburuak idatzi zituen batez ere, 2002an Caine saria irabazi zuen arte “Discovering Home” narrazioagatik. Hainbat ate ireki zizkion horrek. 2007tik aurrera AEBetako hiruzpalau unibertsitatetan aritu da irakasle gisa lanean, eta, gaur egun, New York City-ko Bard College-n dabil, Afrikar Literatura eta Hizkuntzen Chinua Achebe Zentroko zuzendari. Horrez gain, hainbat hedabiderekin kolaboratzen du eta memoria-liburu bat du argitaratua: One Day I Will Write About This Place: A Memoir (Graywolf Press, 2011).

Azpimarragaria da Afrikako literatura eta idazleak sustatzeko egin duen lana. 2003an Nairobiko beste zenbait autorerekin batera Kwani fundazioa sortu zuen, izen bereko literatura aldizkariaren iturburua izango zena. Proiektua zinez da interesgarria. Kwaniren asmoa ez da soilik tokiko idazle hasiberriei lehen lanak plazaratzeko aukera ematea, baizik eta sakonago eragin nahi du, harago joan. Antolatzaileek beraien webgunean dioten bezala: “Kwani fundazioa Kenian errotutako literatura sare bat da eta gure helburua da kalitatezko idazkuntza sortzailea garatzea eta sormen-industriaren hazkuntza sustatzea, horretarako idazle afrikar garaikideak argitaratuz eta ezagutzera emanez, ikasketa aukerak eskainiz, literatura ekitaldiak antolatuz eta mundu mailako literatura sareak elikatuz”.

Hori guztia esanda, itzul gaitezen harira. Wainainak, Afrikari buruz idaztean mendebaldetarrek erabiltzen dituzten estereotipo eta klixeez nazka-nazka eginda, artikulu aparta bidali zuen Granta literatur aldizkari britainiarrera. Bertan, Afrika hizpide duten testuak idazteko aholkuak ematen ditu, ironia gupidagabez blai. 2005eko neguko alean plazaratu zuten, eta oihartzun itzela izan du nazioartean. Gaurkoan gurean, euskaraz.

Nola idatzi Afrikari buruz

Izenburuan erabili beti “Afrika” edo “iluntasuna” edo “safari” hitzak. Azpitituluan, aldiz, “Zanzibar”, “masai”, “Zanbezi”, “Kongo”, “Nilo”, “handi”, “zeru”, “itzal”, “danbor”, “eguzki” edo “antzinako” sar ditzakezu. Halaber, erabilgarriak dira “gerrilla”, “denboragabe”, “jatorrizko” eta “tribal” gisako hitzak. Kontuan hartu “jende”-k beltzak ez diren afrikarrak esan nahi duela, eta “jendea”-k, ordea, beltzak diren afrikarrak.

Ez ipini sekula afrikar orekatu baten argazkia liburuaren azalean ezta liburuaren barnean ere, baldin eta afrikar horrek ez badu Nobel saria irabazi. AK-47 bat, sahiets nabarmenak, bular biluziak: horrelakoak erabili. Derrigorrez afrikar bat sartu behar baduzu, orduan eraman dezala soinean jantzi masai edo zulu edo dogon bat.

Testuan hitz egin ezazu Afrikaz herrialde bakarra balitz bezala. Beroa da eta hautsez betea, eta zelai kulunkariak ditu, animalia talde erraldoiekin; eta baita pertsona luze eta meheak ere, gose direnak. Edo bestela, toki beroa eta hezea da eta primateak jaten dituen oso jende txikia dago bertan. Ez zaitez trabatu deskribapen zehatzak eginez, Afrika handia da: berrogeita hamalau herrialde, eta 900 milioi pertsona, zure liburua irakurtzeko lanpetuegi daudenak gosea izaten eta hiltzen eta guda egiten eta emigratzen.

Ez ahaztu bai ala bai azaldu behar duzula afrikarrek beraien arimaren barrunbeetan musika eta erritmoa dutela, eta beste ezein gizakik jaten ez dituen gauzak jaten dituztela. Ez aipatu arroza, behi-okela eta garia, izan ere, tximino-burmuina afrikar sukaldaritzako gutizietako bat da, ahuntz, suge, zizare, beldar eta askotariko ehiza-okelekin batera. Argi utzi gai zarela gisako janaria ikaratu gabe hartzeko, eta azaldu nola ikasi zenuen jaki horietaz gozatzen. Axola zaizulako.

Tabu gaiak: egoera domestiko arruntak, afrikarren arteko maitasuna (heriotzarik gertatzen ez bada), idazle edo pentsalari afrikarrei erreferentziak, eskolara doazen umeak eta ez dutenak jasaten ez pian gaixotasunik, ez ebola sukarrik, ez emakumeen sexu-organoen mutilatzerik.

Liburuan hitz egin ahapeka bezala, irakurlearekiko konplizitatea eraikiz eta hainbeste-espero-nuen adierazten duen tonu tristearekin. Garbi utzi hasieratik tolerante akatsgabea zarela eta liburuaren hasierako orrialdeetan aipatu zenbat maite duzun Afrika, nola maitemindu zinen tokiarekin eta nola ezin zaren bera gabe bizi. Afrika da maitatu dezakezun kontinente bakarra, atera probetxua horri. Gizona baldin bazara barneratu zaitez Afrikako baso birjin beroetan. Emakumea baldin bazara tratatu Afrika safari-jaka bat daraman eta egusentirantz desagertzen den gizon bat balitz bezala. Gupida izan, gurtu edo menderatu beharreko zerbait da Afrika. Hartzen duzun ikuspuntua hartzen duzula, irakurleei sinestarazi behar diezu Afrika galduta legokeela zure esku-hartzea eta idatzi duzun liburu garrantzitsua gabe.

Zure liburuko pertsonaia afrikarrak izan daitezke: gudari biluziak, zerbitzari leialak, igarleak eta aztiak, ermitautasun bikainean bizi diren antzinako gizon jakintsuak; edo: politikari ustelak, bidaia-gidari ezgai poligamoak eta zurekin oheratu diren prostitutak. Zerbitzari Leialak beti jarduten du gogor egin diezaiotela behar duen zazpi urteko ume batek bezala, sugeei beldur die, haurrekin ona da eta beti endredatzen zaitu bere drama domestiko konplexuetan. Antzinako Gizon Jakintsua beti dator tribu noble batetik (eta ez Gikuyu, Igbo, edo Shona gisako tribu diruzale batetik). Begi lausotuak ditu eta harreman estua du Lurrarekin. Afrikar modernoa gizon lodi bat da, lapurretan aritzen dena eta bisa-bulegoan lan egiten duena. Bertan lan-baimena ukatzen die Afrika zinez axola zaien mendebaldetar kualifikatei. Garapenaren etsaia da, beti baliatzen du bere gobernuko lanpostua GKEak edo legezko Kontserbazio Eremuak antolatu nahi dituzten emigratzaile bihotz oneko eta pragmatikoei trabak jartzeko. Edo, bestela, afrikar modernoa Oxforden ikasitako intelektual bat da, orain saileko hiltzaile bilakatu dena eta, Savile Row-ren janzkiak soinean, politikariak erailtzen dituena. Cristal markako xanpaina atsegin duen gizajalea da, eta bere ama, aldiz, sorgin-sendagile aberatsa, egiatan herrialdea gobernatzen duena.

Pertsonaien artean beti sartu behar duzu Afrikar Gosetua, iheslarientzako eremuan zehar alderrai ibiltzen dena ia larrugorritan, eta mendebaldearen onberatasunaren zain dagoena. Bere bularrak lauak dira eta hutsik daude, eta bere seme-alabek euliak dituzte betileetan eta zilborrean. Erabat babesgabea dela eman behar du. Ezin du ez iraganik, ez historiarik izan, gisa horretako dibertimenduek une dramatikoa hondatzen dute-eta. Auhenak onak dira. Elkarrizketan ez du bere buruaz ezertxo ere esan behar, ez bada bere (ezin esanezko) sufrimenduaz zerbait esateko. Baita ere, zalantzarik gabe sartu emakume amultsu eta amatiar bat, barre biribilkaria duena eta zure ongizateaz kezkatzen dena. Deitu ezazu Ama, besterik gabe. Bere haur guztiak gaizkileak dira. Pertsonaia horiek zure heroi nagusiaren inguruan bueltaka ibili behar dute, heroiak pertsona onaren itxura eman dezan. Zure heroiak gauzak irakatsi diezazkieke, bainatu ditzake, eta jaten eman diezaieke; zure heroiak ume mordoa daramatza inguruan eta Heriotza gertutik ikusi du. Heroia zu zara (erreportaje bat bada), edo bestela nazioarteko izar/aristokrata tragiko eta eder bat, orain animaliengatik kezkatzen dena (fikziozko lan bat bada).

Mendebaldeko pertsonaia zitalak horrelakoak izan daitezke: ministro tory baten seme-alabak, afrikanerrak, Munduko Bankuko langileak. Atzerritar esplotatzaileez hitz egitean aipatu merkatari txinatarrak eta indiarrak. Egotzi Afrikaren egoeraren errua mendebaldeari, baina ez zaitez zehatzegia izan.

Liburuan zehar pintzelada zabalak sartzea ona da. Pertsonaia afrikarrak ez daitezela agertu barre egiten, edo seme-alabak hezten saiatzen, edo besterik gabe baldintza mundutarretan aurrera egiten. Azaldu dezatela Afrikan Europari edo Amerikari buruzko zerbait. Pertsonaia afrikarrek koloretsuak, exotikoak eta bizitza baino handiagoak izan behar dute, baina barrutik hutsik egon: elkarrizketarik gabe, bere istorioetan gatazkarik edo konponbiderik gabe, kausa nahastu dezakeen sakontasunik edo xehetasunik gabe.

Deskribatu, zehatz-mehatz, bular biluziak (gazteak, zaharrak, kontserbadoreak, berriki bortxatuak, handiak, txikiak) edo sexu-organo mutilatuak, edo sexu-organo hanpatuak. Edo edozein motatako sexu-organoak. Eta gorpuak. Edo are hobe dena, gorpu biluziak. Eta, bereziki, usteltzen ari diren gorpu biluziak. Gogoratu, jendea zikin eta dohakabe agertzen den edozein lan, “benetako Afrika”tzat joko dute, eta izendapen hori behar duzu zure liburuaren kontra-azalean. Ez zaitez horregatik gaizki sentitu: haiek laguntzen saiatzen ari zara, mendebaldetik sorospena jaso dezaten. Afrikari buruz idaztean dagoen taburik handiena da sufritzen ari diren edo hil egin diren pertsona zuriak deskribatzea.

Animaliak, bestalde, pertsonaia konplexu eta osoak bezala aurkeztu behar dituzu. Hitz egiten dute (edo, bestela, marmarikatu adatsa dotoreki astindu bitartean) eta izenak, anbizioak eta nahiak dituzte. Halaber, familia-baloreak dituzte: ikusten nola hezten dituen lehoiak bere umeak? Elefanteak amultsuak dira, eta feminista prestuak edo patriarka duinak. Halakoak dira, baita ere, gorilak. Ez esan sekula, inolaz ere, elefante edo gorila bati buruzko gauza txarrik. Elefanteek jendearen jabetzari eraso egin diezaioketen arren, uzta suntsitu, eta baita erail ere, jarri beti elefantearen alde. Katu handiek eskola pribatuko azentua dute. Hienak irrirako bazka dira, eta ekialde hurbileko azentu lausoa dute. Oihanean edo basamortuan bizi den afrikar txiki oro umore onez potretatu dezakezu (ez badago elefante edo txinpantze edo gorilaren batekin liskartuta, kasu horretan zital hutsa izango baita).

Aktibista ospetsuen eta sorospen-langileen atzetik, kontserbazionistak dira Afrikako pertsonarik garrantzitsuenak. Ez itzazu iraindu. Beraien 30.000 akreko ehiza-etxalde edo “kontserbazio-eremu”ra gonbidatu zaitzaten lortu behar duzu, soilik modu horretan izango baituzu aktibista ospetsua elkarrizketatzeko aukera. Sarritan, liburua saltzeko orduan izugarri lagungarria gertatzen da azalean heroi-itxurako kontserbazionista baten argazkia ipintzea. Noizbait etxalde bat edo maskota gisa antilope bat izan zuen kakiz jantzitako eta eguzkiak jotako edozein pertsona zuri kontserbazionista bat da, Afrikako ondare aberatsa zaintzen ari den horietako bat. Elkarrizketatzen duzunean ez galdetu sekula ea zenbateko finantzaketa duen, ez galdetu ea zenbat diru irabazten duen ehizakiei esker. Ez galdetu sekula ea zenbat ordaintzen dien langileei.

Irakurleak huts egin diozula sentituko du ez baduzu Afrikako argia aipatzen. Eta egunsentiak: Afrikako egunsentia derrigorrezko zerbait da. Beti da handia eta gorria. Beti dago zeru erraldoia. Espazio huts zabalak eta ehiza funtsezkoak dira: Afrika, izan ere, Espazio Huts Zabalen Lurraldea da. Floraren eta faunaren egoera larriaz hitz egitean, ez ahaztu Afrika gainpopulatua dagoela esateaz. Zure pertsonaia nagusia basamortuan edo oihanean bizi bada indigenekin (txikia den edozeinekin), esan dezakezu Afrika jendegabetu egin dela HIESA eta Guda direla-eta (erabili letra larria).

Gainera, Tropicana izeneko diskoteka bat beharko duzu, non mertzenarioak, aberaskume berri afrikar zitalak eta prostitutak eta gerrillak eta emigranteak elkartzen diren.

Liburu amaitzeko sartu beti Nelson Mandelaren aipu bat, ortzadarrei eta birjaiotzeei buruz. Axola zaizulako.