Bideak urratzen

maiatza 16, 2013 @


967276_641728955841880_1776734279_o

(Irudia: UEUko 2013ko udako ikastaroen kartelaren zatia)

Lau hamarkada daramatza UEUk euskal unibertsitatearen alde lanean, bideak urratzen. Halaber, aurten 41. urtea du erakundeari herritarren artean sona gehien eman dion egitasmoak: Udako Ikastaroak. Argitalpen-zerbitzua, urte osoko ikastaroak eta graduondoak ere eskaintzen dituzten arren, batik bat ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran forma hartzen duen lan nekaezinaren bitartez ezagutu/tzen dugu askok. Iaz izandako esperientzia ederraren ostean (I eta II) gu ere zerbait prestatzeko harrarekin gelditu ginen, eta gehienetan esaneko pertsonak garenez “Itzulpenaren teoria eta jarduna: bideak urratzen” 12 orduko ikastaroa antolatu dugu Garazi Arrula, Danele Sarriugarte eta Garazi Ugalde elearazleon artean.

Gure helburua? Edo oro har ikastaroarena, itzulpengintzako ikasketen eremuan sumatzen ditugun hutsune batzuk asetzea da. Alde batetik, itzulpenaren teoriaren baitan azken urteotan jorratu diren ikerketa ildoen berri ematea, etorkizuneko ikertzaileei abiapuntu bat eskaintze aldera. Bestetik, itzultze jardunari dagokionez, ezohikoak/periferikoak diren generoen itzulpena aztertzea eta praktikan jartzea, ikasketetan lantzen ez diren esparruak, edo lantzekotan oso modu axalekoan lantzen diren esparruak jorratuz. Post honetan informazio ugari topa dezakezu ikastaroaren data, matrikula-epe, egitarau eta gisako kontuei buruz.

Eta noski, izena emateko edo bestelako zalantzak argitzeko, ikastaroaren UEUko webgunera jotzea besterik ez duzu. Animatu, eta nahi adina zabaldu!

Itzulpenaren teoria eta jarduna: bideak urratzen

Hasiera-data: 2013(e)ko uztailaren 10a
Amaiera-data: 2013(e)ko uztailaren 11a
Tokia: Baiona – Baionako Unibertsitatea IUT
Nola heldu: http://www.tagzania.com/pt/baionako-unibertsitatea-iut/
Ordutegia: Astean zehar. 9:00-12:30/14:30-17:00

Izaera: Presentziala
Ordu kopurua: 12.00 ordu
Matrikula-epearen hasiera: 2013(e)ko maiatzaren 13a
Matrikula-epearen bukaera: 2013(e)ko uztailaren 1a

Helburuak

Itzulpenaren teoriaren baitako ikerketa ildo posibleak ezagutaraztea.
Ezohikoak/periferikoak diren generoen itzulpena aztertzea eta praktikan jartzea.
Itzulpenaren inguruko hausnarketa bultzatzea.

Edukiak

Teoria feministak itzulpengintzan.
Itzulpenaren teoria euskal itzulpengintzara aplikatua.
Diskurtso postmodernoak eta teoria postkolonialak itzulpenean.
(Auto)zuzenketa.
Poesia itzulpena.
Testu dramatizatuen itzulpena.
Itzulpenaren kanona eta kritika.
Kultura (guretzat) arrotzen itzulpena eta taldean itzultzea.

Egitaraua

2013-07-10

09:00-09:30      Sarrera eta aurkezpena.

09:30-11:00       Itzulpengintza eta feminismoa. (Bakartxo Arrizabalaga)

11:30-12:30       Itzulpengintzaren teoria euskal itzulpengintzara aplikatua. (Ibon Uribarri Zenekorta)

14:30-15:45       Finlandia itzultzen: kultura (guretzat) arrotzetako literaturak euskaratzearen erronkak. (Joseba Ossa)

15:45-17:00       Testu dramatizatuen itzulpena. (Jose Luis “Txiliku” Aranguren)

2013-07-11

09:00-11:00       Itzulpenaren boterea eta erresistentzia-ahalmena: teoria postkolonialen ekarpena. (Aiora Jaka)

11:30-12:30       Zuzentzaile baten barne-ahotsa. Saio praktikoa. (Fernando Rey Escalera)

14:30-15:45      Itzuli eta ibili munduan: poesia itzultzeaz. (Itxaro Borda)

15:45-17:00      Mahai ingurua: Literatur (itzulpenaren) kritika eta kanona. (Mikel Garmendia Ugarte, Itxaro Borda, Hedoi Etxarte)

Metodologia

Alderdi batzuk teorikoagoak izanik (goizekoak bereziki), hizlariek hartuko dute gaia aurkezteko ardura. Tailerretan, aldiz, praktika izango da helburua. Hizlariak generoa /gaia aurkeztu eta taldeka lan egitea da asmoa, praktikaren bidez genero/gai bakoitzaren berezitasunak gertutik ezagutu ahal izateko.

Nori zuzendua

Itzulpengintzako ikasleei, irakasleei, itzultzaileei, literatur-kritikariei edota arlo horietan interesa duen orori zuzendua.