KING KONG

ekaina 2, 2013 @


Virginie-Despentes_pics_390

(Irudian Virginie Despentes, Renaudot saria jasotzeko atarian)

Sexu-langileen eskubideen alde

Itsusitasunetik idazten dut, eta itsusientzat, zaharrentzat, marigizonentzat, frigidoentzat, larrua gaizki jo dietenentzat, larru jo ezin zaienentzat, histerikoentzat, eroentzat, neska onaren merkatutik kanpo utzitako guztientzat. Eta hemendik hasten naiz gauzak garbi gelditu daitezen: ez dut ezergatik barkamenik eskatzen eta ez naiz kexu. Ez nuke nire tokia beste ezein tokirengatik aldatuko; izan ere, Virginie Despentes izatea beste edozein kontu baino interesgarriagoa iruditzen zait.

Zuzen-zuzen eta ahobilorik gabe, horrela abiatzen du Virginie Despentesek (Nancy, 1969) bere saiakera ezagunena: King Kong Théorie (Grasset, 2006)[1]. Hain zuzen ere, maiatzeko irakurle eskola feministarako irakurri dugun liburua. Baztertuenen kolektibora lerratzen da frantziarra, gizarteak toleratzen duen (zentzurik paternalista-zapaltzaileenean) emakume on eta otzanetik urruti, hortxe kokatu izan duelako beti bere burua. Oier Guillanen “Arra. Arraroa” antzerkilanean jada agertzen zen zerbait aldarrikatzen du, halaber: itsusitasuna posizio politiko gisa. Itsusitasuna zer den garbiago zedarritzeko pista batzuk ere ematen ditu, eta jada aipatutako emakume ikuspegi-normatibotik-frakasatuez gain, itsusien kolektiboaren barnean biltzen ditu gizonak ere:

(…) borrokatzen ez dakitenak, aise negar egiten dutenak, ez direnak ez anbiziotsuak ez lehiakorrak, zakil handia ez daukatenak, oldarkorrak ez direnak, beldur direnak, lotsatiak, zaurgarriak, nahiago dutenak etxeaz arduratu lanera joan baino, delikatuak direnak, burusoilak, pobreegiak inoren gustuko izateko, uzkitik eman dizaietela desio dutenak (…)

Erreparatu diezaiogun autorearen ibilbideari. Nerabezarotik oso lotura estua izan zuen punk-rockaren mugimenduarekin, eta itxura fisikoaren zein ohituren aldetik feminitate normatiboa erabat baztertu zuen: kolore biziz zeraman ilea tindatuta, tatxetez lepo arropak, garagardoa edaten zuen litroka kontzertuetan ozen oihukatu eta gogor dantzatu bitartean. 15 urterekin gurasoek klinika psikiatriko batean sartu zuten eta bi urte beranduago jaioterria utzi zuen, Lyonen bizitzeko. Ikasketa ofizialik gabe, denetariko ogibideetan jardun zuen: disko-saltzaile, sexu-langile, pornografia filmen iruzkingile… Parisera aldatu zen hurrengo, eta bertan ere peep-showetan eta musika-dendetan aritu zen lanean, idazketari lotu eta berak dioen bezala “Virginie Despentes bilakatu aurretik”. Ordudanik 7 eleberri eta saiakera bat argitaratu ditu, eta ikus-entzunezkoen alorrean bi luzemetrai eta dokumental bat zuzendu ditu.

Hain zuzen ere, bere lehenengo eleberriaren zinemarako egokitzapenak hautsak izugarri harrotu zituen estatu frantziarrean, eta horren eskutik ere handiagotu zen Despentesen sona. Izan ere, 2000. urtean Coralie Trinh Thi porno-izar eta idazlearekin batera zuzendutako Baise-moi filma harrabots eta espantu-keinu handiz zentsuratu zuten (gauzak ondo egiten ari ziren seinale, bestalde). Egiatan, filmak nahiko ohikoa den argumentua zerabilen, bortizkeria fisiko handiko eraso baten ondoren mendekua hartzea erabakitzen duten bi erasotu dira protagonistak. Kontua da bortizkeria fisiko handiko eraso zehatza bortxaketa bat dela eta, gainera eta batez ere, mendekua hartzen dutenak bortxatutako emakumeak direla eta ez beren aita-neba-senar-estatuak. Arrazakeria kontuak ere aipatzekoak dira, filmeko protagonistetako bat jatorri arabiarrekoa da, eta baliteke horrek hazkura are deserosoagoa sortu izana (intuizio bat da).

Heldu diezaiogun liburuari. Hitzaurrearen ostean bost atal nagusitan banatzen da obra, eta gainditze-prozesu eta botere-hartze baten kontaketa da, funtsean.  Lehendabiziko atalean Despentesek analizatzen ditu batetik, 70. hamarkadako iraultza feministak egindako aurrerapausoak eta, bestetik, emakumeon askapen mugimenduaren ikuspegitik oraindik bizirik dirauten arazoak, kasu, kritikatzen du zaintza eta enplegu domestikoa ez direla sistemikoki berrantolatu, eta berdin-berdin jarraitzen dutela emakumeari dagokion zerbait izaten. Amatasunaren glorifikazio berritua eta gizon askok emakumearen askapenarekiko adierazitako kontrako erreakzioa ere hartzen ditu hizpide. Emakumeok ahulak eta pasiboak izan gaitezen gugan erabili diren mekanismoak identifikatzearen, eta horiei buelta ematearen garrantzia azpimarratzen du. Generoen iraultza da bide bakarra.

Bigarren kapituluan dator bonba (lehenengo zatia), edo bai behintzat ni gehien inpaktatu (positiboki)  ninduena. Trust punk talde frantziarraren kantu batek ematen dio izenburua: Impossible de violer cette femme pleine de vices (Ezinezkoa da hain emakume lizuna bortxatzea). Esanguratsua da, oso. Despentesek esanezina ateratzen du argitara, alegia, 17 urte zituela hiru mutilek lagun bat eta biak bortxatu zituztela. Bonba, dena dela, ez da hori; bortxaketa ez baita gauza berria, eta zoritxarrez urruti baitago aspaldiko kontu bat izatetik. Bonba da, ordea, Despentes bizirik dagoela eta bere bizipenak plazaratu dituela, are, bonba da Despentesek nola kontatzen digun bortxaketa gainditu daitekeela (beste trauma batzuk gainditzea posible den bezala), nola disekzionatzen duen gizarteak bortxatuaren erruduntasuna eta bortxatzailearen zilegitasuna eraikitzeko dituen moduak, nola uzten duen agerian “bortizkeria txarra da” diskurtsoaren ustela (autodefentsa feministari esker berreskuratzen ari garen arren, hainbat urtez elbarri utzi duena gure defentsarako gaitasuna), bonba da nola destapatzen duen gure gizartean nagusi den bortxaketaren logika bikoitz zanpatzailea: bortxaketa den krimenetatik doilorrenetarikoa da, gertatzen bazaizu bizi osorako kondena da, lehenik eta behin gertatzen ari zaizun bitartean ezin duzulako hori saihesteko ezer egin (neska zarelako eta ezin zarelako defenditu, akordatzen?) eta, bigarrenik, gertatzen zaizun unetik aurrera amaitu delako zure bizitza, ez duzulako jada alternatibarik: hil arte bizi, eta isilik. Ezin duzu kanporatu, eta horixe da, hain zuzen ere, logikaren bigarren partea, bortxaketa zure kontra egindako krimena da, beste batena da erantzukizuna, baina zu zara lotsatu behar duzuna, autonomoa izateari uko egin behar diona, beldurra izan behar duena uneoro lagun.

Liburua lehenengo bider irakurri nuenean zaplastekoa eman zidan eta berriro ere lortu du berrirakurketa honekin: barrenak astintzea. Batetik oso ausarta iruditzen zait begien bistakoak diren arrazoiengatik, eta, bestetik, emakumeon askapenaren alde egiten dugunon ikuspuntutik, bortxaketaren diskurtso hiltzaile hori baino askoz interesgarriagoa delako Despentesek planteatzen duena, determinismoa baztertuz, argi izpi bat erakusten duelako. Noski, formula magikorik ez da egongo, ez orain ez inoiz, eta pertsona bakoitzak aurkitu beharko du bere bidea, baina paradigma aldaketa bera aurrerapauso ikaragarria dela uste dut.

Jarraian prostituzioaren gaia jorratzen du, izan ere, jada aipatu dugunez Despentesek bi urtez puta gisa lan egin zuen, eta, gainera, jardun hori lagungarria izan zitzaion bortxaketaren trauma gainditzeko orduan. Edonola den ere, bere bizipen pertsonalez gain jendartean prostituzioa nola ikusten, baloratzen eta egituratzen den ere aztertzen du, eta ikuspuntu orokorraren hipokresia salatzen du. AEBetako pro-sex feministek hasitako ildotik, lotura garbia egiten du ezkontza heterosexualaren eta prostituzioaren artean, biak direlako sexuaren salerosketa barnean hartzen duten instituzioak. Prostituzioaren kasuan esplizituagoa da elkartrukea, baina horrek ez du esan nahi ezkontzan ez dagoenik. Autorea sutan jartzen dute prostituzioaren aurka altxatzen diren klase ertain edo altuko emakume ezkonduen gurasokeria-diskurtsoak; izan ere, prostituta guztiak sartzen dituzte “biktima” zaku berean, eta ez diete ahotsik onartzen. Despentesek ez du ukatzen prostituzioan diharduten emakume asko borondatez kontra lanean ari direnik, eta ez du ukatzen mafien presentzia, baina aldarrikatzen du badirela hain muturreko egoeretatik urruti, beren kasa eta diru erraza delako, lan horretan ari direnak ere (berak ezagututako unibertsitate-ikasle edo etxekoandreak aipatzen ditu). Gainera, gizartearen kezka nagusia baldin bada derrigortuta eta maiz esklabotza-egoeran prostituzioan diharduten emakumeei laguntza ematea, iruditzen zaio askoz efikazagoa litzatekeela jarduna legalizatzea eta arautzea, horrela langileek errazago izango luketelako aukeratzea non lan egin eta zein baldintzetan, eta hori gutxi balitz, beraien eskubideen-urraketarik balego, nora jo izango luketelako.

Bezeroen inguruko klixeak ere hausten ditu, talde-imajinarioan sexuagatik ordaintzen duen gizona beti delako basa, oldarkorra, bere pultsioak kontrolatu ezin dituena eta puta jipoitzen duena. Despentesek dio, aldiz, sexuaren merkatuan lan egin zuen garaian izan zirela gizonak berarekin samurren. Berak aurkitutako bezeroaren profila gizon arrakastatsuaren iruditik urruti baitzegoen, gizon bakartiak, baztertuak, zaharrak topatu zituen, batik bat. Horrez gain, azpimarragarria iruditzen zait gizon horien jarreraz esaten duena, gehienak errudun sentitzen baitziren sexuagatik ordaindu behar izateagatik eta grin sexualari uko egiteko gai ez izateagatik. Tradizio judeo-kristauak irenstarazi digun erruduntasunaren aztarnak dira dudarik gabe: larrua jotzea lohia da eta ezin da eragiketa erraz bat izan, sufritu egin behar da lortzeko eta lortu ostean ere nork bere burua zigorkatu behar du.

Hurrengo atalean, pornoari buruz aritzean post-porno mugimenduaren ikusmoldeak bere egiten ditu, pornoa ez dela berez, zinema-genero huts gisa, zapaltzailea aldarrikatuz, eta izatekotan, filmak janzteko edukiak, eta pornoaren inguruan sortu den industriak izanarazi duela pornoa matxista. Horri aurre egiteko moduak badaude, eta aipatu post-porno korrontea lan handia egiten ari da porno feminista sortzeko.

Honezkero galdetuko diozu zure buruari zein den King Kong teoria famatua, liburuari izenburua ematen diona. King Kong piztiaren istorioari egiten dio erreferentzia, noski, eta Despentesek berrirakurketa feminista bat egiten du 2005ean Peter Jacksonek egindako filmaz. Horren arabera, King Kong generorik gabeko izakia da, bizi den irla bezala, nolabaiteko askatasun eremu bat da filmeko emakume protagonistarentzat. King Kong eta emakumea ez dira maitemintzen, kontrara, lagunak direla, aliatuak. Emakumea beranduegi konturatzen da askeago izango litzatekeela King Kongekin rol zurrunik eta zapalkuntzarik gabeko irlan geratu balitz, gizon protagonistak eskaintzen dion “segurtasun” eremura joan ordez. Hain zuzen ere liburuaren azalean emakume ilehoria eta King Kong eskuz esku agertzen dira, hiria suntsitzen. King Kongen genero ezak zalantzak sortu ditu taldean, izan ere, gehienek arra zela interpretatu zuten filma ikustean. Dena dela, berrirakurketa bat den aldetik, baliagarria iruditu zaigu.

Azken boladako feminismoei dagokionean, sexualitatean larregi zentratzea eta (batik bat) garrantzia eta pisu handia duten beste gai batzuk bazter uztea izan da liburuari (eta orokorrean Despentesen diskurtsoari) egindako kritika nagusia. Kasu, zaintzaren arazoa gutxitan aipatzen du (bere bizipenengatik sexualitatea traumatikoagoa eta zentralagoa izan da berarentzat, eta jorratu beharrekoa da, horretaz ez da dudarik).

Ez nuke amaitu nahi mundu-literaturako azken zaldun erromantikoari lerro batzuk eskaini gabe, bai, Grey jaunaz ari naiz. Emakume moderno askatuak baldin bagara ezinbestean irakurri behar dugun liburua, bestela erreprimitu hutsak izango gara omen, kateei eta larruari higuinduta begiratzeagatik. Greyren alde ilunak, baina, ez dira bere grina sexualak; izan ere, bi helduren artean jardun jakin batzuk egiteko erabakia baldin badago, eta akordio baten bitartez batek menderatzailearen rola eta besteak menderatuarena hartzen badu, betiere jolas-testuinguru batean, nik ez dut hor arazorik ikusiko. Greyren benetako alde iluna da menderatzea borondatez erabakitako eremutik bizitzako gainontzeko alorretara transferitzen dela, horrela, besterik gabe, eta liburuko emakumeak menderatu rola betetzen duela lanean, etxean etab. Hasieran sinatutako akordioak arautu gabeko tokietan, alegia. Gainera, emakumea maiteminduta dago, su-fri-tu egiten du, eta kontua ez da sufritzea, gozatzea baizik. Trilogiaren azkenengo liburuan Grey emakumearekin maitemintzen da eta akabo haren miseriak. Mezua: eutsi, sufritu, sakrifikatu… azkenean iritsiko da-eta maitasuna. Ustel-usaina hartu diogu denok, eta gure ondorioa da: sexu-eszena esplizituengatik irakurtzen baduzue, benetan, badago sobera material, eduki ideologiko deitoragarririk gabekoa. Eta bestela irakurtzen baduzue, eman buelta batzuk kontuari eta jarri gauzak zalantzan.

Hasitako moduan amaitzeko, Despentesen liburuko azken hitzekin itxiko dut kronika:

Feminismoa iraultza bat da, eta ez marketineko kontsignen berrantolaketa bat, ezta felazioa edo bikote-trukaketa sustatzeko korronte bat, eta ez da bigarren soldata handitzearen kontu bat ere. Feminismoa talde-abentura bat da, emakumeontzat baina baita gizonentzat eta gainontzeko guztientzat ere. Jada abian dagoen iraultza bat. Munduaren ikuskera bat, aukera bat. Kontua ez da emakumeon abantaila txikiak kontrajartzea gizonek lortutako eskubide txikiei, ezpada den-dena dinamitatzea.

Eta hori esanda, zorte on neskak, eta bidaia are hobea…


[1] Beatriz Preciadok egindako gaztelerazko itzulpena erabili dut nik, Teoria King Kong (Melusina, 2007).