(Irudia: Erkuden Aldasoro Errea)
Inma Errea (Iruñea, 1960) elkarrizketatu dugu mintzo-diren-itzultzaileen ekaineko atalerako. Iruñeko Udaleko itzultzaileak gogoeta sakonak eta jakingarriak dagizki prestutasunez bidali dizkigun erantzunetan. Ez gara, hortaz, sarreran luzatuko. Eskerrik beroenak Inmari eta zuei, aldiz: on egin!
Elearazi: Kazetaria zara ikasketaz, eta hala izan zara lanbidez ere hainbat urtetan. 90. hamarkadako amaiera aldera, baina, itzulpengintzara pasa zinen; lehenik Legebiltzarrera eta ondoren Iruñeko udalera. Nolatan aldaketa? Nolakoa jauzia?
Inma Errea: Kazetaritza ikastea erabaki nuen idaztea gustatzen zitzaidalako, idaztea eta, oro har, hizkuntzei lotutako kontuak. Momentu hartan, 1977an, 16 urte nituen, eta kazetaritzak gustukoen nituen gauzetara hurbiltzen ninduela iruditu zitzaidan. Gero, telebistan lortu nuen lanpostua, erredaktore-editore gisara, eta hitzekin ez ezik irudiekin lan egin izan nuen, eta albisteak editatzea, hau da, irudiak, soinua eta testuak uztartzea, oso gustukoa nuen. Baina deseroso sentitzen hasi nintzen. Alde batetik, gazte-gaztetatik gustatzen zitzaidana, idaztea, baztertuta nuen ia erabat, telebistako kazetari-lanak denbora eta indar gehienak eramaten zizkidalako, eta, bestetik, ohartzen hasi nintzen komunikabideetan gailentzen ari zen kazetaritza-klasea –non, adibidez, kazetariak berak, edo bere presentziak, esan behar zuenak baino garrantzi handiagoa hartzen baitzuen batzuetan– ez zitzaidala gehiegi gustatzen. Ez nengoen ados egiten ari nintzenarekin. Jakina, askotan egin behar ditugu erabat gustukoak ez ditugun gauzak, eta hori berez ez da txarra. Baina nik lanean egin behar dudanarekin nolabaiteko atxikimendua behar dut izan, eta jabetu nintzen lotura hori, pentsatzen eta sentitzen nuenaren eta egiten ari nintzenaren arteko lotura, galtzen hasia nintzela, eta ohartu nintzen lan-motaz aldatu behar nuela.
Zertan aritu pentsatzen hasi eta itzulpengintzarekin egin nuen topo. Itzulpengintzari buruzko lehen ikastaroa Euskal Telebistan kazetari-lanetan hasi berria nintzela egina nuen. Orduan ez nuen asmorik kazetaritza uzteko, are, kazetari bokazionaltzat jotzen nuen nire burua. Ikastaro hura, ordea, Martuteneko Itzulpen Eskolako irakasleekin egindakoa, hazia izan zen gerorako. Ikastaroa Iruñean egin genuen, Eusko Ikaskuntzaren egoitzan, hainbat hilabetez, asteburuetan. Durangon bizi nintzen orduan, eta ostiraletan korrika ateratzen nintzen lanetik Iruñera etortzeko, eskolak ostiraletan arratsez eta larunbatetan goizez egiten zirelako. Orain ahalegin handia iruditzen zait, baina oso gustura aritu nintzen. Irakasle haiekin, Josu Zabaleta, Koro Navarro, Aintzane Ibarzabal eta Xabier Mendiguren Bereziarturekin, asko ikasi nuen, eta ez bakarrik itzulpengintzaz. Telebistako albisteak erredaktatzeko baliatzen nuen ikasitakoa. Izan ere, telebistan albisteak bi hizkuntzetan idatzi eta editatu behar izaten genituen, euskaraz eta gaztelaniaz, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan itzulpengintza telebistako lanari heltzeko.
Erabaki nuenean kazetaritzan lan egiteari utzi behar niola, berreskuratu egin nituen itzulpengintzarekiko gustua eta jakin-mina. Berrirakurtzen hasi nintzen ikastaroko apunteak eta liburuak. Eta itzulpengintzari buruzko beste liburu batzuk ere hasi nintzen irakurtzen, Valentin Garcia-Yebra, George Mounin eta Mario Wandruszkarenak kasu. Nire bildu nuen informazioa liburutegietan eta liburu-dendetan (Internet gabe!), eta topo egin nuen itzulpengintzari buruzko teorizazio klasikoekin: Nida eta Taber, Peter Newmark, Danica Seleskovich, Hatin, Mason, George Steiner… Oso ongi etorri zitzaizkidan irakurketa haiek administrazio-itzultzaile izateko oposizioak prestatzen hasi nintzenean.
Ohartu nintzen, baita ere, kazetaritzak eta itzulpengintzak badituztela puntu komunak, adibidez, bietan zerbait komunikatzea da xedea. Kazetariek jasotzen duten informazioa moldatzen dute, hedabide-motaren arabera, irakurle edota entzuleei emateko. Itzultzaileek hizkuntza batean dagoen informazioa beste batean eman behar diete irakurle edota entzuleei. Bi ogibideetan funtsezkoak dira ulerkuntza, zuzentasuna eta komunikazioa. Bi ogibideetan, profesionalen zeregin nagusia da komunikazio-zubiak eraikitzea.
E.: Ordutik hona zenbait gauzak dexenteko aldaketa eman dute administrazioko itzulpenaren alorrean: baliabideak eta formazioa, kasu, asko hobetu dira. Zer iruditzen zaizu? Nola nabaritu duzu hori eguneroko jardunean?
I. E.: Aldaketa handia izan da, bai, administrazioko itzulpenaren alorrean, baina ez bakarrik alor horretan, baizik eta oro har. Teknologian eta komunikazioetan izandako aurrerapenek erabat aldarazi dituzte lan egiteko erak. 1980an, Kazetaritza ikasten ari ginela (1982an amaitu nituen ikasketak), fakultatean esan ziguten faxa izango zela hurrengo urteetako punta-puntako komunikazio-teknologian garaituko zen tresna! Orduan ere hasia zen bideoa hedatzen. 1983an, telebistan hasi nintzenean, kriston tramankuluak erabiltzen ziren bideo-grabaketak egiteko. Gero, poliki-poliki, ekipoak arintzen joan ziren, eta irudiak bidaltzeko teknologia ere garatu eta hedatu zen, baina 1987an, ETBren Iruñeko korrespontsalian hasi nintzen urtean, irudiak, oraindik, taxiz bidaltzen genituen Durangora! Eta 1994an, telebista utzi nuenean, idazmakinaz idazten segitzen genuen, eta erabiltzen genituen idazmakinak mekanikoak ziren. Nafarroako Parlamentuan itzultzaile hasi nintzenean, 1995ean, erabili nuen ordenagailu bat lehen aldiz lan egiteko. Eta kriston aurrerapena izan zen ordenagailuz idatzi eta itzuli ahal izatea idazmakinaz egin ordez. Berehala etorri ziren gainerakoak: Internet, posta elektronikoa, on-line hiztegiak eta itzulpen-memoriak, sareko foroak… Horrek guztiak abantailak ekarri dizkigu itzultzaileoi gure zereginetan. Administrazioko itzultzaileoi ere, jakina. Azkarrago itzul dezakegu, eta zorrotzagoak izan gaitezke terminologian eta kontsultetan. Eta horrek, esan gabe doa, kalitate hobeko itzulpenak egitera behartzen gaitu. Eskakizun-mailak gora egin du itzultzaileondako: itzulpen-memoriekin lan egiteak zuzenketa-lan zorrotzagoak egitera behartzen gaitu, eta kontsultak egiten ere denbora gehiago erabiltzen dugu, askotan kontua ez baita besterik gabe itzultzea, baizik eta jakitea itzultzen ari garen hori (izenburu bat, lege baten izena edo pasarte bat… ) jada itzulita dagoen, kasu askotan –legeen kasuan, adibidez– derrigorrezkoa delako jada itzulita dagoena bere horretan ematea. Eta derrigorrezkoa ez den kasuetan, komenigarria izan daiteke, dena delako izen edo esamolde horrek, kasu baterako, egina duelako agian bere bidea, batez ere, Interneten badago.
Aurreramenduen ildotik, euskaraz baliabide piloa dugu egun Interneten eta doan. Baliabide horiek itzultzaileon eskura daude, eta uste dut itzultzaileok asko erabiltzen eta eskertzen ditugula, baina ez dakit noraino iristen diren gainerako euskaldunengana. Ni beti propaganda egiten ari naiz, batez ere Administrazioan lan egiten duten euskaldunen artean, irakasleen artean eta halakoetan. Euskalbar aipatzen diet, eta askok ez dute ezagutzen. Eta halako tresnak baliagarriak dira euskaraz zerbait adierazi nahi duten guztientzat (ez bakarrik itzultzaileontzat). Uste dut hedatze-lana falta dela. Tresnak, berez, asko baitira, eta askotarikoak eta eten gabe jartzen ari dira gure esku. Gaur bertan (ekainaren 19an ari naiz), bi baliabide gehiagoren berri izan dugu: Berriak bere estilo-liburua sarean jarri du, eta Elhuyarrek beste hiztegi-zerbitzu bat (oraindik ezin izan dut aztertu denbora faltagatik). Pena izango litzateke informazioa ez zabaltzeagatik horiek guztiak ez baliatzea!
Batzuetan hasten gara esaten argitaletxe gehiegi direla, edo gehiegi argitaratzen dela… Gehiegi, zertarako? Kulturarako? Ez dut uste: kulturan eta literaturan –hezkuntzan, demokrazian edo askatasunetan bezala–, ez dago gehiegizkorik. Kontzeptu horiek berez dute oparotasuna onuragarri.
E: Deskribatuko zeniguke, oro har, zein den euskararako itzulpenaren egoera Iruñeko Udalean? Erabilera, harrera…
I. E.: Orain hiru itzultzaile gaude Iruñeko Udaleko Itzulpen Zerbitzuan. Lan asko daukagu, Iruñeko Udalean gero eta gauza gehiago eskaintzen direlako euskaraz, nahiz asko falta zaigun, oraindik, den-dena ele bitan egiteko. Itzulpen Zerbitzuan, Udalak agintzen digun guztia itzultzen dugu, gehiena gaztelaniatik euskarara: Udalak antolatzen dituen gauzen foiletoak, webgunerako testuak (gero eta gehiago), herritarren eskura jartzen diren agiriak (eskabideak eta halakoak), herritarrek hala eskatzen dutenean haiei dagozkien ebazpenak (haiei gero jakinarazten zaizkienak) eta erantzunak, deialdiak, hitzarmenak eta halakoak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzekoak diren ediktuak eta bestelako dokumentuak… Herritarrek euskaraz aurkezten dituzten eskabideak eta komunikazioak gaztelaniara itzultzen ditugu, gero Udalak, barnean, gaztelaniaz bideratzen duelako dena. Horrez gain, interprete aritzen gara Udalbatzaren osoko bilkuretan. Lan asko dugu, baina, nire ustez, gehiago eduki beharko genuke, Udalak behar bezala jokatuz gero, dena bi hizkuntzetan emateko. Eta agian beste mota bateko lanak eduki beharko genituzte, adibidez, langile euskaldunei hizkuntza-aholkularitza eta zuzenketa-zerbitzuak emanez. Eta jende gehiago beharko genuke Zerbitzuan (itzultzaile gehiago eta administrari bat edukitzea ere eskertuko genuke). Baina momentuz dena dago izoztuta, orain krisia eskaturu.Udalean gauzak euskaraz jartzea ez da (bakarrik) diru-kontua, lehen abiarazitako gauza asko hiltzen eta galtzen utzi dira. Ni lanean hasi eta handik gutxira Euskararen Ordenantza onetsi zuten. Ordenantzak, mugatua bazen ere (gero are mugatuago egin zuten…), bazeukan ahalmena, eta badu oraindik, euskara toki duinean jartzeko Udalean. Baina borondate politikoa falta da horretarako. Esate baterako, Ordenantza onetsi eta berehala Udalak herritarren eskura jarri beharreko paperak euskaraz eta gaztelaniaz jartzeko proiektu bat abiarazi genuen, aldi berean landuz elebitasuna, hizkuntz argitasuna eta genero-ikuspegia. Lan hartan engaiaturik ginen Euskara Zerbitzua, Itzulpen Zerbitzua eta Emakumearen Zinegotzigoa, eta kanpoko enpresa batekin ere aritu ginen. Lan luzea eta nekeza izan zen, Iruñeko Udala taifa-erreinu baten antzerakoa izan baita beti, eta organoak oso sakabanatuta zituen momentu hartan. Baina lortu genuen: Udalak herritarren eskura jartzen zituen agiri guztiak bildu genituen eta ele bitan eta hizkera soilduagoa eta argiagoan jarri genituen, testuetan genero-ikuspegia ere kontuan hartuta. Baina hauteskundeak iritsi ziren, eta udal-gobernua aldatu zen, eta Yolanda Barcina egin zuten alkate, eta herritarrek ez zuten inoiz ikusi lan haren emaitza: CD batean gelditu zen gordeta, Euskara Zerbitzuari ez baitzioten utzi hura Udalean hedatzen. Borondatea izanez gero, gauzak egiten dira, baina borondaterik gabe…
E: Cénlit argitaletxeko Denonartean zigiluarekin euskaratuak dituzu hainbat lan, eta oker ez banago, gertutik ezagutzen duzu proiektua. Hasteko, azalduko zeniguke zertan datzan, zeintzuk diren bere berezitasunak? Zer ekarpen egiten diote horrelako egitasmoek euskarazko literaturari?
I. E.: Proiektuaren bultzatzaileetako bat, Kike Hualde, laguna dut aspaldidanik. Cénlit argitaletxe txiki bat da, orain dela 30 bat urte baino gehiago sortua, eta aspaldidanik aritu da lanean, batez ere, irakaskuntzari loturiko liburuak eta materialak sortzen gaztelaniaz eta euskaraz. Kike bertako langilea zen. Argitaletxearen jabeak erretiroa hartu eta Kikeri proposatu zion argitaletxea bere gain hartzeko, eta Kikek onartu zuen erronka. Eta ikusi zuen aukera zegoela betidanik zeukan ametsa, gauza gehiago argitaratzea euskaraz, errealitate bihurtzeko. Bilatu zuen laguntza, eta, irakaskuntzari lotutako argitalpenak bazter utzi gabe, euskaraz bestelako gauzak argitaratzeari heldu dio, hasieran itzulpenekin, baina orain jatorrizko gauza batzuk ere argitaratzen ari da.
Nire iritziz, euskarazko literaturarako, eta oro har, euskararako, egitasmoen aniztasuna da onuragarria. Zentzu horretan, pozgarria da ikustea ez dela agortu euskaraz argitaratzeko proiektuak abiarazteko gogoa, eta argitaletxe berriak sortzen ari direla, nahiz eta garaiak, ekonomiaren aldetik, oso onak ez izan. Pozgarria ez da argitaletxe jakin hau, zigilu konkretu hori edo ekimen zehatz hura izatea, baizik eta argitaletxe, zigilo eta ekimen batzuk aritzea –zenbat eta gehiago, hobe– denetariko argitalpenak egiten (literaturazkoak zein bestelakoak). Hori esatean ez naiz ari mintzo ikuspegi komertzial batetik, baizik eta kulturaren ikuspegitik: kulturarako –eta hizkuntzarako– da ona (ekonomia eta merkatua beste haritz bateko ezpalak dira), eta bereizketa hori argi utzi nahi dut, batzuetan kontzeptuak nahasten baititugu, eta hasten gara esaten argitaletxe gehiegi direla, edo gehiegi argitaratzen dela… Gehiegi, zertarako? Kulturarako? Ez dut uste: kulturan eta literaturan –hezkuntzan, demokrazian edo askatasunetan bezala–, ez dago gehiegizkorik. Kontzeptu horiek berez dute oparotasuna onuragarri. Gerta daiteke, jakina, merkatuak ezin xurgatzea argitaratzen den guztia, edo arazoak izatea argitaletxe asko izanik guztiek gutxiago salduko dutelako, baina hori ez da kultura, hori ekonomia da. Kulturarako, eta gurea bezalako kultura txiki baterako askoz interesgarriagoa da ekimen eta eragile asko izatea: argitaletxeak, antzerki-taldeak, hedabideak, musika-lanak eta -etxeak, artista plastikoak, zinema-ekoizpenak…. Ikuspegi murriztaileak, gauza guztietatik ale bat edo bi besterik ez dugula behar proposatzen dutenak, ez zaizkit gustatzen, batez ere, kulturan.
Aniztasun horretan kokatzen dut Denonartean. Halako gauzetan hain inportanteak diren grina eta ilusioa baliatzen ari dira sustatzaileak. Cénlit-Denonartean argitaletxekoek sinetsi egiten dute egiten duten gauzetan. Eta haiekin itzultzen edo idazten dutenek ere bai. Denetarik ari dira argitaratzen, saiakera laburrak, nobelak, poesia…, egile eta idazle askotarikoen eskutik, eta hori beti da interesgarria.
E: Lan horietako bi ekonomiari buruzko saiakera laburrak dira, oihartzun itzela izan dutenak, biak ala biak. Batetik Phillipe Askenazyren Ekonomialari harrituen manifestua eta bestetik, Stephane Hessel zendu berriaren Haserretu zaitezte!. Zer nolako esperientzia izan da horiek itzultzea? Zein da gisako saiakeren rola gure jendartean? Lagungarriak dira alternatibak eraikitzeko orduan?
I. E.: Hesselena itzultzeko proposatu zidatenean berehala onartu nuen. Oso azkar joan zen dena, inguruabarrek behartuta. Argitaletxeak liburua euskaratzeko eskubideak eskuratu zituenerako ari ziren jada liburua gaztelaniara eta katalanera itzultzen. Eta argitaletxe frantsesak –Montpellierreko Indigènek– baldintza jarri zuen hizkuntza diferenteetan batera argitaratzea. Eta hor sartu nintzen buru-belarri, lan hori Udaleko lanpostuak utzitako tarte libreetan egin behar nuelako: arratsaldeetan eta asteburuetan. Frantsesetik egiten nuen lehen itzulpena zen, eta zalantza batzuk izan nituen, eta errespetu handiz begiratu nion jatorrizkoari. Baina, zorionez, itzulpen hura egitean ez neukan inongo zantzurik gerora liburuak izanen zuen arrakastaz, eta alde horretatik libre eta lasai aritu nintzen. Gero, bat-batean, zurrunbiloa etorri zen, lehen argitaraldia agortu eta bigarrena iritsi, eta hirugarren bat ere bai, eta elkarrizketak komunikabideetan eta halako guztiak (niri, itzultzaile gisara, gutxien gustatzen zaizkidanak, baina, finean, egin beharrekoak).
Liburuaren edukia gustuko izan nuen hasiera-hasieratik. Alde batetik, saiakera moduko bat zen, laburra, baina saiakeren tankerakoa, eta gustatzen zaizkit saiakerak. Eta, gainera, Hesselen ideiak erakargarriak egin zitzaizkidan, bat zetozen nik pentsatzen nituen gauza askorekin (ez % 100ean, baina bai portzentaje handi batean): matxinada baketsu baterako proposamena, indarkeriaren eraginkortasunik ezaren ideia eta itxaropenaren beharra… Eta, beraz, gustura aritu nintzen liburua itzultzen. Eta politikoki ere batera iritsi ziren Hesselen liburuaren arrakasta eta Euskal Herrian aro politiko berri baten irekiera.
Bestalde, hala Haserretu zaitezte! liburuan nola Ekonomialari harrituen manifestuan gauza bat gustatu zitzaidan beste guztien gainetik: ideologia neoliberalari egiten diote aurre modu agerikoan.
Ekonomialari harrituen manifestuaren kasuan, denbora gehixeago izan nuen itzultzeko. Eta eskerrak! Ez baitzen izan itzulpen erraza. Ekonomiaren arloko hizkera teknikoarekin egin nuen topo, eta arrisku bat ikusi nuen oso garbi: hitzak itzuli bai baina edukiaren mezua argi ez adieraztearena. Jatorrizkoaz gain, beste hizkuntzetako bertsioak kontsultatu nituen: ingelesez, gaztelaniaz eta italieraz. Iruditu zitzaidan ingelesezko bertsioa kasik jatorrizkoa baino hobe ulertzen zela… Eta izan daiteke, finean ingelesa delako ekonomiaren hizkuntza, eta ingelesez askoz errazagoa da segur aski ekonomiari buruzko kontuei buruz aritzea. Nahi nuen irakurle euskaldunek ongi ulertzea liburuak dioena, eta buelta asko eman nion itzulpenari. Zuzenketek garrantzi handia hartu zuten. Lehenik Fernando Reyri eman nion zuzentzeko, eta kriston lana egin zuen (nahiz eta izenburuan ez nion kasurik egin, eta berak atterrés hori emateko proposatutako izutuak erabili ordez harrituak erabili nuen, irakasle eta itzultzaile frantses batzuekin kontsulta egin ondoren…). Zuzenketa sakon hura egin eta gero, hala ere, ez nengoen pozik itzulpenarekin, eta gauza asko aldatu nituen, batez ere, joskeran –kontzeptuak hobe ulertarazte aldera–, eta bigarren zuzenketa bat egin zidan Patxi de Vicente lankideak (zuzenketa arinagoa, baina zorrotza ere). Eta nik neuk ere, Patxik berea egin bitartean, autozuzenketa bat egin nion testuari, denbora-tarte bat testua tiraderan pausatzen utzi eta gero. Eta azkenik, tira, uste dut ez zela gaizki gelditu itzulpena. Gainera, liburu honetan, Hesselenean ez bezala, denbora eta aukera izan genituen norbaiti sarrera moduko bat idatz zezala eskatzeko. Joxerra Senar Berriako kazetariari esan genion, eta uste dut asmatu genuela, oso hitzaurre argigarria idatzi baitzuen. Ekonomialarien manifestuak badu zerbait profetikotik, eta, 2010ean idatzita izanda, bertan esaten diren gauza asko bete dira gero. Eta batez ere, gerora hedabideetan-eta zabaldu diren kontuak badaude hor azaldurik eta, askotan, salatuta.
Hala Haserretu zaitezte! liburuan nola Ekonomialari harrituen manifestuan gauza bat gustatu zitzaidan beste guztien gainetik: ideologia neoliberalari egiten diote aurre modu agerikoan.
E: Ziurrenik ez dira aurrekoak bezain ezagunak, baina oso interesgarriak iruditu zaizkigu Japoniari lotutako lanak ere, eta, aitor dugu: ez genuen haien berri. Lehenik hel diezaiogun Daniel de Roulet suitzarraren Ez duzu deus ikusi Fukushiman. Liburu berezia da, zer kontatzen du?
I. E.: Txiste bat dirudi, baina esan behar dut: pozten naiz liburu horri buruz galdetu izanaz. Iruditzen zait liburu honetaz gutxi hitz egin dela, non eta hemen, Euskal Herrian, non mugimendu antinuklearra hain tradizio aspaldikoa den eta hain sakon errotua. Jende askok ez daki existitzen denik ere. Eta oso liburu interesgarria da, bere laburrean. Tonu literarioagoa du aurreko biek baino, eta Fukushimako katastrofea hartzen du aitzakia energia nuklearraren arriskuez hitz egiteko. Daniel De Roulet suitzarra arkitektoa da eta energia nuklearraren kontra dago, barrutik ezagutu zuelako zentral nuklearren mundua: halako zentral batean jardun zuen informatikari. Hain zuzen lan horretan ikusitakoak bultzatu zuten talde antinuklearrekin bat egitera. Eta orain idazlea da, energia nuklearraren kontrako idazlea. Oso gustura itzuli nuen liburua, literatur erreferentziak ere ugari direlako liburuan.
De Rouleten saiakera laburra gutun luze bat da Fukushimakoa gertatu eta gutxira Tokion bizi den eta idazlearen laguna den itzultzaile bati, Kayoko emakume gazteari, idatzia. Mendebaldarrok (eta japoniarrak ere dira mendebaldarrak honetan, kontzeptualki bada ere…) bizi ditugun kontraesanak hartzen ditu idazleak ardatz nagusi gisara: kontraesanak zientziari, teknologiari eta ekonomiari dagokienez, espeziaren biziraupena kolokan jartzen ahal dituen baliabide oso arriskugarri batekin, energia nuklearrarekin, fidatu garelako, ezer gertatuko ez delakoan-edo.
Liburu honetan ere baliatu genuen itzulpena hemengo norbaiten hitzekin osatzeko aukera: batetik, Keiko Suzukiri eskatu genion Fukushimakoa gertatu zeneko testigantza pertsonal bat emateko, eta Pello Zubiriak –Argia aldizkarian energia nuklearrekikoak maiz jorratzen dituen kazetariak– egin zuen aitzinsolasa.
E: Kyoichi Katayamaren Maitasunezko oihua, munduaren erdian ere ekarri diguzu, Keiko Suzukirekin elkarlanean. Hasteko, kontatuko zeniguke zerbait autoreari eta eleberriari buruz? Eleberri sozialaren etiketa darama liburuak. Zer gai jorratzen dira?
I.E.: Liburu honekiko ditudan sentipenak gazi-gozoak dira. Oso esperientzia interesgarria izan zen horren itzulpen-lanetan parte hartzea, baina emaitza ez zen izan espero bezain ona: azken uneko presekin arrapaladan ibili ginen (Durango efektu ezaguna…), eta akats ugarirekin atera zen liburua. Ez ginen berehala ohartu, eta damutu ginen horrela argitaratu izanaz. Horregatik orain egiteko dauzkat (uda honetan egingo ahal dut!) liburuaren azterketa sakona eta zuzenketa zorrotza, argitaletxeak zuzenduta berrargitaratu nahi duelako. Okertu ginela prozeduran eta epeen kalkuluan. Erlojuaren kontra aritu ginen itzultzailea (Keiko), ni –zuzentzaile gisara– eta editorea, eten gabe materialak trukatzen posta elektronikoaren bidez, eta azkar-azkar. Eta prozesu horretan akats asko sortu ziren ergatiboekin, adibidez, edo puntuazioarekin (batzuetan, zerbait zuzentzen edo aldatzen hasten garenean ahazten zaigu aldatzea ondokoa edo harekiko komunztadura behar duena…), eta are, zuzenketak egiteko oharrekin ere: zenbait zuzenketa-ohar atzeman genituen testu gisara idatzita! Itsuturik ibili ginen erabat: epeak besterik ez genuen ikusten!
Behin hori esanda, egilea, Kyoichi Katayama, liburu honekin egin zen ezagun Japonian. Ez berehala, baizik eta argitaratu eta hiru urtera edo (geroko liburuekin ez zuen horren arrakasta handia lortu). Japonian ezagun den artista batek (aktore bat edo) telebistan goraipatu omen zuen, eta batzuek diote horrek bultzada eman ziola eleberriari. Bestalde, Keiko Suzukik dioenez, liburua arrakastatsu bilakatu zen momentuan Japonian bazegoen halako giro bat maitasun zuria hobesten zuena nolabait, hau da, maitasunaren alde sentimental eta espiritualenak-edo nabarmentzen zituen maitasun-mota. Alderdi batzuetan anbiguoa da kontakizuna. Irakurle-klub batean eztabaida sutsuak izan ziren: batzuek zioten nabarmena zela protagonista diren bi nerabeek sexu-harremanak izan zituztela; besteek, berriz, ezetz, argi zegoela sexu-harremanik gabeko maitasuna zela… Edonola ere, 80ko hamarkadan gertatzen den maitasun-istorio hau, hein batean Love Story ezagunarekin antza duena, best seller bilakatu zen Japonian, lehen, eta mundu osoan, gero. Produktu piloa egin dute horretatik tiraka, Japonian, eta inguru horretako herrialdeetan oro har: filmak, telebista-sailak, komikiak… Eta mendebaldean ere arrakasta lortu du liburuak, ez beti modu berdintsuan: AEBn Socrates in Love (Socrates maiteminez) izenburuarekin agertu zen; gaztelaniaz, irakurle gazteen artean lortu du oihartzuna; eta Frantzian irakurle helduago askoren onespena eskuratu du. Nago batzuetan itzulpenak berak eraginen zuela horregtan. Itzulpena egiteko, Keikok jatorrizkoa baliatu zuen, baina aztertu genituen ingelesezko itzulpena, frantsesezko eta gaztelaniazkoa. Eta Keikok zioenez, itzulpen frantsesak lizentzia ugari zituen hartuak (herrialde horretako tradizioa ote?), eta horrek, agian, eleberri frantsesa helduagoa bilakatuko zuen nola edo hala.
“Eleberri sozialararena” ez nekien, eta ez dakit zer esan horretaz. Baina nobela honek, maitasunezko istorio bat kontatzeaz gain, baditu gauza batzuk gogoetarako bidea ematen dutenak heriotzari, bizitzari eta maitasunari buruz. Heriotzaren gaia, adibidez, luze eta zabal jorratzen da eleberri honetan. Hemen deigarriagoa izan daiteke hori, nahiko gai tabua baita heriotzarena gurean gaur egun.
Zenbat liburu irakurri ditugu euskaldunok gaztelaniaz, Hegoaldean, edo frantsesez, Iparraldean, itzulpenak zirela jakin gabe?
E: Oro har japoniarra kultura ezezaguna da euskaldunontzat, topiko edo zinemako irudi batzuk salbuetsita. Badirudi azkenaldian hori apurka aldatzen doala. Zer egin behar du itzultzaileak horrelako kasu baten aurrean, alegia, xede-irakurleari arrotza zaion kultura bat ekarri nahi duenean? Zuretzat nolakoa izan zen lana? Pentsatzen dugu Keiko Suzukirekin batera aritzea lagungarria izango zela.
I. E.: Keiko izan zen itzultzailea (nik euskararekin laguntzen nion), eta bera japoniarra izanik eta aldi berean euskal munduan aspaldi murgildua, ni ez nengoen beldur japoniar kulturaren interpretazioari dagokionez. Keikok oso ongi ezagutzen du bere jatorrizko kultura eta hein handi batean bereganatu du gurea. Nire kezka zen, ordea, euskal kultura eta euskara bera eta kultura eta hizkuntza japoniarrak uztargarri egitea, hangoa traizionatu gabe hemengoek ongi ulertu ahal izatea.
Hizkuntzaren aldetik, izan ziren erronka batzuk-batzuk. Perpausen ordenan, adibidez, neurri handi batean bat datoz japonieraz eta euskaraz aditza esaldiaren bukaeran jartzea agintzen duten tradizioak (badago euskararen beste tradizio bat non hori ez baita hain markatua…) Japonieraz aditza bukaeran jartzeko joera hori nahiko muturrekoa da, eta batzuetan aditza aurreratu behar izaten nuen Keikok egindako itzulpenean. Hala ere, ez nuen egin beti, ohartu nintzelako jatorrizkoaren marka izan zitekeela, eta, euskaldun asko ohituta daudenez aditza beti bukaeran ikusten, ez zitzaidan iruditu hain larria aditza perpausaren bukaeran uztea (nahiz nik joera dudan aditza aurreratzeko…).
Bestalde, aditzek japonieraz ez dituzte iragana, oraina eta geroa gurean bezala markatzen. Keikok esan zidanez, denboraren aldetik jokatu gabeak edo dira, eta testuinguruak zehazten du denbora. Askotan galdetu behar izaten nion Keikori orainaz emandakoa jatorrizkoaren estilo marka ote zen edo bere interpretazioa. Eta, egia esan, ez zen beti modu batean eta berean, kasuak berraztertu behar izaten genituen banan-banan benetan jakiteko zer denboratan jarri behar genuen, batzuetan nahasgarria suertatzen zelako. Gaztelaniazko itzulpena, berez, oso orainaren aldekoa da, eta frantsesa, berriz, oso iraganekoa. Euskaraz, saiatu ginen zentzuz jokatzen, baina ez dakit lortu genuen. Berraztertuko dut egin behar dudan zuzenketa horretan…
Hirugarren kontu bat dago itzulpen horretan inportantea: hitanoaren erabilera. Iruditu zitzaigun erabiltzeko modukoa zela, japoniar kulturan gurearen antzeko sistema bat baitute harremanetan hurbiltasun-urruntasun mailak zedarritzeko. Hitanoa, liburuan, japoniar harreman-mailaketaren arabera erabili genuen neurri handi batean. Bi protagonistak, adibidez, une jakin batetik aurrera hasten dira hika beraien artean, ez lehenago. Ikaskide mutilen artean, berriz, hika aritzen dira, eta aitonak bilobari hika egiten dio, eta bilobak aitonari zuka. Senar-emazteen artean, bi modutan jokatzen omen dute japonieraz: edo senarra hika emazteari eta emazteak zuka senarrari edo, bestela, biek zuka elkarri (ezkondu aurretik hika eginda ere). Guk, liburuan, aukera berdinzalea hautatu genuen, eta neskaren gurasoak zuka mintzatzen dira elkarrekin.
E: Luzaroan ibili izan zara liburu iruzkinak egiten. Literatur itzulpenak baloratzeko irizpideak zehazteko lan saioan, esan zenuen zalantzak zenituela itzulpena ageriko egitea onerako ala txarrerako ote den.
I. E.: Onerako edo txarrerako den baino, zer behar den nabarmendu neukan, eta daukat, zalantza. Nik iruzkindutakoak itzulpenak zirena beti, iruzkinak EIZIE itzultzaileen elkarteak euskarara ekarritako lanen zabalkuntza egiteko ekimenaren barruan baitzeuden. Horrenbestez, ene iritziz, egunkarian argitaratzeko egiten nuen hori ez zen literatur edo itzulpen kritika zentzu hertsian, baizik eta obren zabaltze- edo hedatze-lana. Apika eragingo zidan itzultzaile baino lehenago kazetari aritu izanak, baina halako iruzkinetan lehentasun izan dut beti obrari buruz behar beste argibide ematea irakurleei, haiek hautua egin ahal izateko gero. Itzulpenari buruzko oharrak? Batzuetan berez dator zerbait esan beharra, baina beste batzuetan, itzulpena behar bezalakoa bada, egokia, zuzena eta abar, zer esan? Hori guztia suposatzen baitzaio itzulpen bati. Egin daiteke, jakina, itzulpenaren azterketa sakon samarra. Baina hori interesatzen zaie egunkari batean liburu bati buruzko iruzkina irakurtzen duten irakurleei? Noraino? Besterik da blog batean edo beste argitalpen espezializatuagoetan egiten denean, publiko espezializatuago edo interesatuago bati zuzenduta. Bestalde, itzulpena ez bada behar bezalakoa, akats nabarmenak baditu edo egokia ez bada, zerbait esan beharko da horri buruz (eta harira dator Maitasunezko oihuarekin gertatu zena, ni barrikadaren bestaldean nengoela: Karlos del Olmok deitu zidan akatsak atzemanda, azaldu nion zer gertatu zen, eta gero libreki jokatu zuen, iruzkin ene ustez bikain bat eginik, akatsena ere aipatuta, jakina…) edo, besterik gabe, liburua iruzkindu gabe utzi… [Karlos del Olmoren iruzkina hemen irakurgai]. Izan daiteke hirugarren kasu batean egotea, ohikoenean, non kasuan kasuko itzulpenak –edo argitalpenak– akats txiki batzuk dituen, betiere meritua erabat kentzen ez diotenak. Akats txiki horiek, batzuetan despisteak edo, besterik gabe, maketazioan sortutako hutsak, nabarmentzen hasi behar ditugu, agian itzulpen eder baten kaltetan? Zertarako? Ez dakit nola jokatzen duten beste kulturetan kontu honetan, baina batzuetan dirudi euskaldunok badugula joera nabarmen bat geure burua zigortzeko. Esate baterako, gaztelaniaz itzulpenak irakurtzen ditugu, eta askotan itzulpen horiek ez dira erabat zuzenak, eta inork ez du txintik esaten horretaz. Jatorrizkoak izango balira bezala irensten ditugu. Itzultzaile bagara, ohartzen gara liburu baten itzulpena irakurtzean zerbait ongi ez dabilenean (adibidez, frantsesezko “jouer le jeu” esamoldearen ordez “jugar el juego” irakurtzen badugu “seguir la corriente” irakurri beharrean), baina gutxitan topatuko ditugu halakoen aipuak gaztelaniazko hedabideetan. Eta segur aski Maitasunezko oihuaren frantsesezko bertsioaren pasarte jakin bat Interneten goraipatzen zuten irakurleek ez dute inoiz jakingo pasarte hartan hain zuzen pisu handia zuela itzultzailearen interpretazioak…
Irakurleek eskubidea dute irakurtzeko duten hori itzulpena dela, eta horregatik halako iruzkinetan argi uzten da hasiera-hasieratik hainbat datu emanez: jatorrizko izenburua eta itzulpenarena, egilea eta itzultzailea, argitaratze-data eta argitaletxea. Baina, zenbat liburu irakurri ditugu euskaldunok gaztelaniaz, Hegoaldean, edo frantsesez, Iparraldean, itzulpenak zirela jakin gabe? Hau guztia diot gai honetan erlatibismo pitin bat sartzeko, gogoeta egiteko beste ikuspegi batetik, eta kontuan hartzeko itzulitako zein jatorrizko obren irakurleek agian ez dituztela balioesten kritika-egileek, itzultzaileek edota idazleek balioesten dituzten gauza berberak…
Ni beti sentitu izan naiz feminista, feminista nintzen feminismoa bera zer zen jakin baino lehen, beti matxinatu naizelako zenbait errealitateren kontra, adibidez, pertsonak gizon edo emakume izate hutsagatik desberdin tratatzearen kontra.
E: Ez genuke amaitu nahi 2003an argitaratu zenuen saiakerari tarte bat egin gabe. Literatura eta harrikoa: hamaika pauso hitzen urmaeletik bizitzaren harraskara du izenburua. Iradokitzailea, dudarik gabe. Zer asmorekin idatzi zenuen? Zuk planteatutakoari dagokionean sumatu al duzu aldaketarik urteotan? Zein dira gaiaren inguruko zure kezkak/ikuspuntuak, gaur egun?
I. E.: Nik neuk ez nekien orduan zer asmorekin egiten arin nintzen… Orain, berriz, pentsatzen dut zor bat nuela nire buruarekin, eta hori kitatu nahi izan nuela. Saiakera horretan nire grinak eta kezkak jarri nituen agerian, eta esan behar dut oso bat-batean egin nuela. Banituen, jakina, gauza asko buruan bueltaka ibilita, eta bat-batean horiek izkiriatzera jarri nintzen, eta uste dut nahiko era desorekatuan irten zirela, eta agian horregatik oso modu freskoan… Nire grina izan da beti irakurtzea. Hori eta jakin-mina asetzea ere, eta liburutegiak niretzat paradisuak dira. Hori guztia jarri nuen saiakeraren protagonistaren bizkar-zorroan. Eta feminismoa. Ni beti sentitu izan naiz feminista, feminista nintzen feminismoa bera zer zen jakin baino lehen, beti matxinatu naizelako zenbait errealitateren kontra, adibidez, pertsonak gizon edo emakume izate hutsagatik desberdin tratatzearen kontra.
Beraz, grina- eta zaletasun- eta matxino-sentipen horiek guztiak neure erraietatik atera nituen (tentazioa dut esateko jauzi egin zutela paperera nire baitatik…). Baina, jakina, hori gertatzeko, behar da katalizatzaile bat, eta nire kasuan katalizatzailea izan zen Virginia Woolfen A Room of One’s Own liburuaren irakurketa (Norbere gela: euskaratzen ari omen dira azkenik!). Nire burua adoretu nuen, eta hasi nintzen idazten, eta dokumentatzen, finean saiakera bat baitzen, eta senak eta gogoak agintzen zizkidan aldarri eta arrazoiei ahalik eta sostengu sendoena eman nahi nien. Liburu eta argitalpen asko aztertu nituen, Interneten ere, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez… Eta saiakera egin nuen.
Aldaketarik izan den… Batetik, bai. Euskal Herrian ere heldu diogu liburuan aipatzen nuen eta beste hizkuntzetan aspaldi samar hasia zen fenomeno bati: emakume gehiago hasi dira idazten, eta aukera eman zaie argitaratzeko (irakurleen gehiengoa emakume direlako iritziak bultzatuta-edo agian…). Ez dakidana da horrek zenbateraino ekarri duen benetako berdintasuna… Pozten naiz ikusten dudanean idazten duten emakumeen kopurua gora doala, eta argitaratzeko aukera dutela, eta gero eta prestakuntza hobea dutela gainera, eta oso idazle (eta itzultzaile) onak direla, sormen eta ausardia handikoak. Eta gai berriak jorratzen dituztela, ikuspegi ezohikoetatik. Ez dut izenik emango, baina horretan nabarmena da onerako aldaketa. Baina susmoa dut oraindik gizonezkoen eskuetan dagoela lema, gizonak direla erabakiak hartzen dituztenak. Editore emakumerik? Eragina du horrek argitaratzen den gauzetan (edukiak, ikuspegiak…)? Jakin gabe ari naiz, urak pixka bat nahastearren…
E: Besterik?
I. E.: Besterik gabe azpimarratu nahi dut maite ditudala itzultzea eta idaztea, eta uste dudala elkarren arteko jarduera osagarriak direla itzulpengintza eta idazkuntza, eta bietan direla inportanteak ofizioa eta sormena. Nik ikusten ditudan eran, elkarri elikatzen ahal diote bi jardun horiek, eta elkarren aberasgarri izan daitezke. Eta euskararen kasuan behar-beharrezkoak dira biak: idatzi behar da euskaraz, eta gero euskal literatura munduratu behar dugu itzulpenen bidez. Eta euskarara egiten diren itzulpenak ere behar ditugu geure egiteko munduko beste hizkuntzetan idazten diren gauzak.
ekaina 24, 2013 @ Danele