Itzulpena ere post denean

uztaila 27, 2013 @


Os filhos de Pindorama

(Irudia: Os Filhos de Pindorama, Théodore de Bryren grabatua. Brasilen, 1557an)

Berriako Hirudia ataleko hamalaugarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Susan Bassnett eta Harish Trivedi itzulpen teorialariek kontatzen dute XVI. mendean Tupinambà tribuko kideek apaiz katoliko bat irentsi zutela egungo Brasilgo lurretan. Errespetuzko eta miresmenezko keinua izan zen, jakina baita kultura batzuetan etsai gogorrenak eta herrikide jakintsuenak jatea zela hil berriek bizitzan lortutako botere guztia eskuratzeko biderik zuzenena. Ohore bat, alegia. Gertaeraren paradoxa nabarmendu behar da, hala ere: bai Aita Sardinha apaizarentzat bai hark kristautzeko helburu zuen Tupinambà herriarentzat, nolabait, Kristo Salbatzailearen gorputza eta odola irenstean zetzan fedearen adierazpena, batak eukaristiaren bidez sinbolikoki eta besteak literalki gauzatu arren. Handik gutxira hedatu zen kanibal terminoaren adiera, ordura arte Antilletako tribu baten izena baizik ez zen hori giza haragia jateari lotu baitzitzaion.

Itzulpen prozesuaren metaforatzat erabili izan da kanibalismoaren kontakizun hori, eta hala aurkeztu zuen Aiora Jakak UEUko Itzulpenaren teoria eta jarduna: bideak urratzen ikastaroan eskainitako saioan. Irakurtzean ere halako zerbait egiten dugu, zer irentsi aukeratu, ez baikara aski urtez bizitzen liburu txarrekin denbora galtzeko, barrua elikatzeko hainbeste on egonik. Teoria postkolonialistak manipulazioaz mintzo dira, botereaz, mestizajeaz, kolonizatuek beren historia ukatua berridazteko ahalmen eta beharraz, ez esandakoak azaleratzekoaz. Arazoa datza teoriatik praktikara pasatze horretan, batez ere gurea bezalako sistema desorekatuan, non hibridotasuna asimilazio bihur daitekeen. Bada dioenik mendebaldeko hizkuntzetara egindako itzulpenak murriztu beharko liratekeela, testuak ez liratekeela kultur eta hizkuntz sistema zapaltzaileetara itzuli behar, itzultzeak izaera kolonizatzailea betikotzen duelakoan. Hala izanen da beharbada, baina, gertagarria ez izateaz gainera, itzuli ezean, herri kolonizatzaileek eurek jarraituko dute «besteen» historia idazten.

Luzez itzulpena jarduera estetiko/linguistiko soiltzat hartu izan da, arazo ideologikoak aintzat hartu gabe. Alta, testuak bezala, horien itzulpenak sistema kultural eta politiko jakin batean egiten dira. Itzultzaileek erabilitako estrategiek ere testuak sortu zireneko testuingurua salatzen dute. Esaterako, XIX. mendean, itzulpen joera ingeles bat nagusitu zen: arabieraz eta hindieraz idatzitako testuak moztu, xede-hizkuntzaren ideologiaren arabera zuzendu, eta oin-ohar antropologikoz josita kaleratzen zituzten. Gurean, besteak beste, Orixeren kasua dugu; arestian aipatu ikastaroan Ibon Uribarrik azaldu bezala, Tormes’ko itsu-mutila euskaraz ematerakoan, testua euskaldunen ustezko balio etiko eta moraletara egokitu zuen Orixek. Ez hori bakarrik, edizioa elebiduna zenez, jatorrizko testua ere aldatu zuen euskarazko bertsioarekin bat egin zezan; euskal irakurleari zor omen zion errespetua, ez jatorrizkoari. Horrela, bada, testu-jardun zehatzen bidez mendeko posizio batean jartzen ditu itzultzaileak (botere harreman batean ustez gainetik dagoen sistema eta kulturaren parte denak) bai jatorrizko testua bai hori ekoiztu duen kultura.

Itzulpenaren teoria garaikideetan, postkolonialistez gain, diskurtso postmodernoak nagusitzen ari dira. Beste diziplinetan bezala (filosofian eta soziologian kasu), pentsalari batzuek diote artearen alorrean ere modernitatea gainditu gabeko aroa dela, nahiz eta postmodernitatearen moldeez jardun. Zenbait teorialarik bi postmodernitate bereizten dituzte: erreakziokoa eta erresistentziakoa. Lehenak modernitatea gaitzetsi egiten du; bigarrenak, berriz, modernitatea deseraiki nahi du, kultur kodeak zalantzan jarri. Errepresentazio ereduen deseraikitzea eta berregitea gailenduko litzateke bigarrenean, beraz. Adibidez, erresistentziakoan kokatu zituen Maialen Arnedok Eider Rodriguezen ipuinak, duela zenbait hilabete aurkeztu lanean. Gaitzesteko nahiz deseraikitzeko, modernitatea dugu abiapuntu eta, beraz, erreferentzia; finean, beste aroak aurrekoarekin apurtuz eraiki diren bezala.

Post egoera batean bizi gara, aurrekoarekin ezin mozturik, ezin askaturik, kolonizatuen subordinazio egoeran, nolabait. Aroz aldatu garela-eta aurrizki bat baino ez dugu, oraingoa bereizgarritzeko. Interferentziak eta horien iturria identifikatzean datza, ordea, mendeko egoera hori iraultzeko lehen urratsa, kolonizatuon ez-esanak idazten hasi ahal izateko.