Garazi Arrula Ruiz eta Danele Sarriugarte Mochales
(Oharra: azkenaldian gure kronikek bere ohiko gatza eta piperra galdu dutela jakinarazi digutenez neurri drastikoak hartu behar izan ditugu oraingo honetan; izan ere, elearazitiko oporrak hartu aurretik idatziko dugun azkenetarikoa da eta ez genuke nahi gure fansak zapuzterik).
Eako Poesia eta Intsektuak herri-jaialdi literarioan ederto pasa ostean (conga-pogo modalitatearen estreinaldia galdu arren) udako (guretzat) azken ikastaro ofizialari ekiteko ordua iritsi zen aurreko astelehenean, hilak 22an. Isabel Etxeberria irakasle eta itzultzaileak zuzendu eta EIZIEk hauspotu du “Azkenaldian euskarara itzulitako literatura: bideak, joerak eta esperientziak” ikastaroa, UPV-EHUren udako eskaintzaren baitan. Miramar jauregi beti dotorean genuen hitzordua, Donostiako badiaren parean, dantzaldi ana-kareninar baterako hain aproposa zen gure aretoko gortina trinkoek hura ederresten utzi ez baziguten ere. Bestalde, aipagarria da jauregiko sarreran doan eskainitako egunkarien artean ez zegoela euskarazko bat bera ere, eta nahiko negatiboki azpimarragarria iritzi genion denok datu horri, UPV Euskal Herriko unibertsitatea delako (ala?).
Zertzeladak alde batera utzita, Etxeberriak egitarau oparoa eta interesgarria osatu zuen hiru egunetarako. Lehenengo egunean hiru hitzaldi eta mahai-inguru bat izan genituen, Literatura Unibertsalaren (LU) bueltan, eta itzulpenak irakurtzeari buruz, hurrenez hurren. Segidan guztia xeheago, baina ez xeheegi, oraingoan bai ibiliko gara labur, kontuan hartu behar baita eguraldi ona ari duela eta udako irakurketan Pynchon eta gisakoekin dihardugula.
Ekarpenak
Bego Montoriok izan zuen goizeko lehenengo saioa abiatzeko ardura, eta LU bildumak ekarri dizkigun askotariko ekarpenez jardun zuen. Bildumaren hiru aroak aipatu zituen, eta bildumaren sustapenean hasieratik egon diren hiru erakundeak ere hartu zituen hizpide: batetik, nola ez, EIZIE, bestetik Eusko Jaurlaritza (horrek finantzatzen ditu liburuak) eta azkenik Euskal Editoreen Elkartea (izan ere, EIZIEren asmoa ez da sekula izan bestelako argitaletxeekiko lehia desleiala egitea, eta, hala, editoreek parte hartzea garrantzizkoa izan da hasieratik). Halaber, bilduma hutsuneak betetzeko sortu zen, eta haren ezaugarri nagusi izan dira diru publikoz egindako sorta bat dela, irabazi asmorik gabeko erakunde batek kudeatzen duela, eta, oroz gain, itzulpenen kalitatea mimatzen duela (itzultzaileei baldintza duinak eta epe errealak eskainiz, zuzentzailearen figurari garrantzia emanez etab.).
Gainera, Montoriok azpimarratu zuenez, itzulgaien esleipena lehiaketa bitartez egiten da, anonimoki aurkezten dira itzulitako laginak, eta horrek lehiaketaren gardentasuna eta parte-hartzaileen aukera berdintasuna bermatzen du. Horren ondorioz, LUk ateak zabaldu dizkie hainbat itzultzaile hasiberriri, literatur itzulpengintzaren mundu zertxobait zailean. Itzultzaileen generoaz ere esan zituen bi hitz: nabarmen altuagoa da gizonezko itzultzaileen kopurua (azken urteotan apaldu bada ere), eta aintzat hartzekoak lirateke hainbat faktore datu horien arrazoi posibleak argitzeko.
LU bildumak hainbat ekarpen egin dizkigu, bai maila sozialean, bai itzulpenari bai euskarari berari ere. Aspektu soziologikoan, Montorioren esanetan, LUk eragina izan du baita LUko liburu bat sekula irakurriko ez dutenengan ere, erakusten baitu euskarak ere badituela ezinbesteko izenburu horiek bere apalategian (asko falta direla ados, baina duela 20 urte baino gutxiago direla ezin uka). Bildumako aleak bai irakurriko dituztenen artean, zer esanik ez, panorama zabaldu die, eta jada ez dute beti erdaretara jo behar izaten beren apeta literarioak asetzeko. Itzultzaileei dagokionez, jada aipatu ditugu zenbait onura: baldintza ekonomiko eta tenporal duinak, ikusgaitasuna, itzulgaien aniztasuna…
Azkenik, LUk etorkizunera begira dituen erronken bueltan aritu ginen, eta, oraindik orain, erronka nagusia irakurleengana iristea da. Bildumak aurrerapauso asko eman baditu ere, irakurle-multzo oso minoritario batengana besterik ez da iristen, eta zabalkundean eta hedapenean lan egiteko gogotsu dago itzultzaileen elkartea. Esan gabe doa guk ere asmo horrekin bat egiten dugula eta ahal dugun neurrian saiatuko garela laguntzen.
Kanona
Manu Lopez Gaseni itzul- eta ikertzailea aspalditik dabil kanonaren eta itzulpenaren harreraren inguruko gaiekin kezkatuta. Haur eta Gazte Literaturari (HGL) buruzko saiakera aipagarriak idatzi ditu, besteak beste. Saioaren izenburuak berak adierazten duen moduan (“Euskaratutako literaturaren kanon baterako aldez aurreko arauak”) Gideon Toury itzulpen teorialariak deskribatutako aldez aurreko arauak (ingelesez preliminary norms izendatuak) baliatu zituen Lopez Gasenik LU sortzen ari den kanonaz mintzatzeko. Hasteko, aldez aurreko arauekikoak aletu zituen ikertzaile horiek LU bilduman izan duten eragina ere azalduz. Ondoren, LUk gaur egun arte osatu duen kanon ereduari erreparatu zion.
Toury teorialari ezaguna da gurean, israeldarra, polisistemen teoriaren baitan kokatu ditu bere ikerketa-lerroak. Aldez aurreko arauei dagokionez, horiek definitzeko itzulpenari buruzko hainbat galderari erantzun behar zaio: nolako itzulgaiak aukeratu den (why, zergatik), ea jatorrizkotik itzuli den ala zubi-hizkuntzak erabili diren, ea itzultzailearen izena agertzen den eta non, zer datu agertzen diren kreditu-orrialdeetan eta ea norentzat itzultzen den. Galdera horien erantzunei erreparatuta ikus daiteke itzulpenak egokitasunerantz (sorburu hizkuntzari lotuagoa) ala onargarritasunerantz (xede hizkuntzari lotuago) lerratzen diren.
Lopez Gasenik faktore horien azterketa xehea egin du LUko bildumak abiapuntutzat hartuz, eta hainbat ondorio interesgarri atera ditu. LUk osatu nahi duen kanona oro har Mendebaldekoa da. Lopez Gasenik aipatu duenez, hainbat kanon-mota daude: Mendebaldekoa (Harold Bloomek sustatutakoa), cultural studies-ek aldarrikatzen duen kanon aniztasuna, kanon filologikoa… LUren kanonean XIX. eta XX. mendeetako obrak dira nagusi (nabarmen), baina poesia gutxi dago, eta hizkuntzen arteko desoreka gertatzen da. Halaber, XX. mendeko 2. erdialdeko autore asko falta dira. Azkenik, sistema periferiko batzuetako obrak tartekatzen dira (katalana, galegoa… euskara bezalako hizkuntza gutxituetakoak, alegia), eta cultural studies-ek bultzatzen dituen irizpideak ere hartu dira kontuan (batez ere azken aroan): emakume autoreen obrak, autore afrikarren obrak… Lopez Gaseniren hitzetan, eta nahiko hitz polemikoak izan daitezke, aipatutako azken horien obrak begirunez itzultzen/baloratzen dira, alegia, talde horiek jasan duten zapalkuntzaren ordainetan, nolabait, eta ez obren berezko ezaugarri edo kalitateagatik.
Azken batean, euskal sistemako eragileek (zerrenda-egileek, itzultzaileek, lehiaketarako batzordekideek…) baldintzatu egin, dute LU bilduma, eta, esan daiteke LUk ez duela kanon bakar batekiko koherentziarik gordetzen; aitzitik, Lopez Gaseniren ustez hainbat kanon-ereduren nahas-mahasa da.
Hitzaurreak
LU bildumako liburuei egiten zaizkien hitzaurreak izan zituen solaserako ardatz Miren Ibarluzea itzultzaile eta ikerlariak. Azkenaldian itzulpena inguratzen duten aspektuak izan ditu aztergai, besteak beste, LU bildumaren harrera jorratu du (iazko UEUko ikastaroan azaldu zizkigun hainbat kontu). LUko liburuek hitzaurrea izan ohi dute, eta paratestuen azterketa eginez gero nabarmentzeko ezaugarria da hori. Azpimarragarria da, halaber, hitzaurregilea eta itzultzailea pertsona bera izatea.
31 eskutik blogean Angel Errok idatzitako artikulu bat baliatu zuen Ibarluzeak gaia berotzen hasteko. Honako hauek irakur daitezke Erroren postean:
Liburuaren itzultzaile soila izanik, jendaurrean egilearen tokia hartu eta ia haren izenean hitz egin dut, ez bainaiz mugatu itzulpenaren gorabeherak, aski interes gabeak, iruzkintzera.
Eta itzultzaileek ez dute zertan itzuli duten lanean adituak izan. Hori, itzulitakoa lan klasikoa denean, apalategirik harroena ere konkortzeko beste bibliografia eragin duena, nabarmenagoa izaten da. Urtetan galdetu diot neure buruari Literatura Unibertsala saileko liburuei zergatik ez dien obra bakoitzean aditu batek idazten.
Sail horren eredutzat nahiko nukeen Cátedra argitaletxeko Letras Universales sailean itzultzailea eta sarreragilea maiz bereizten dituzte.
Iruzkinetan, Iñigo Roquek adierazi zuen berak ere partekatzen duela hitzaurreen inguruko kezka hori, baina, uste duela zenbaitetan bertan esandakoak interesgarriak izan daitezkeela irakurlearentzat, Calderónen kasuan adibidez (izan ere, kasu hori kritikatzen du Errok bere artikuluan). Eztabaidak Twitterren jarraitu zuen, eta Beñat Sarasolak esan zuen LUren ahulguneetako bat direla, hain zuzen ere, hitzaurreak. Sarasolaren ustez arazoa ez da itzultzaileek idaztea hitzaurreak, ezpada irizpide-batasunik ez izatea.
Ibarluzeak 152 hitzaurreko corpusa aztertu du, eta ezaugarri hauei erreparatu die: forma, luzera, izenburua eta edukia (obra/egileari buruzkoak, esker ematea, antologien irizpideak, bibliografia, iturriak, itzulpenari buruzkoak etab.). Hitzaurre gehien-gehienen egileak liburuaren beraren egileak izan dira eta ez dute copyrightik, 5 kasutan izan ezik. Ikerlariak bi ondorio nagusi atera ditu: batetik, LU bildumako hitzaurreak askotarikoak dira, eta itzultzaileek irizpiderik gabe jokatzen dute. Bestetik, hitzaurre horiek, oro har, funtzio entziklopedikoa dute, eta itzulpenaz oso modu orokorrean dihardute.
Amaitzeko, eztabaidarako hainbat gai ekarri nahi izan zituen hizlariak: zer funtzio duen bildumak, hitzaurrea vs. hitzatzea, nork idatzi behar duen hitzaurrea, irizpideak… Hainbat entzulek beharrezkotzat jo zuten hitzaurrea, irakurleari gerturatzeko saio gisa. Gainera, eragin positiboa dute itzultzailearen ikusgaitasunean.
Euskaratutako literaturaren harreraz zenbait gogoeta
Arratsaldean Mikel Ayerbe, Xabier Olarra eta Iban Zaldua izan genituen mahaiaren bueltan, Isabel Etxeberriak berak gidatutako solasaldian. Literatura itzulia irakurleen ikuspuntutik lantzeko gonbita egin zien Isabelek, eta hiru ardatzetan banatu zuen gaia: zenbat itzultzen den, zer itzultzen den eta nola itzultzen den. Isabelek berak aipatu zuenez, gaur egun argitaratzen denaren %30 itzulpenari dagokio, kopuru aski handia inguruko erdarekin alderatzen badugu. AEBn, esaterako, %2,9 baizik ez da itzulpena, Espainian eta Italian %25 eta Frantzian %9,9. Hala ere, kopuru absolutuak balio du, eta gurean hori ez da oso handia, beraz, %30 hori neurrian ulertu behar da. Gainera, ehuneko horri oin-oharra jarri behar zaiola gogorarazi zigun Ayerbek, horren %70 haur eta gazte literaturari baitagokio. Bat etorri ziren genero eta autore batzuen absentzia dela hutsunerik handiena, kopurutik harago. Iban Zaldua Gasteizko irakurle klubeko gidari ikuspuntutik mintzatu zen, Xabier Olarra Igelako editore den aldetik eta Mikel Ayerbe kritikariaren jardunetik. Hirurak dira, baina, irakurle porrokatuak, eta ikuspuntu hori ere nahitaez egon zen presente.
Itzulpenen harrera, irakurleen premiak, itzulitako generoen desoreka, mid cult eta best seller literatura, euskarazko irakurketa sistematikoen ezintasuna, betiereko diglosia, helduaroan euskaraz irakurtzen jarraitzeko ezintasuna, kritikaren bilakaera… eta beste hamaika gai izan zituzten hizpide. Mahai-inguruan izan zen Gorka Bereziartua, eta bere blogean idatzi zuen saioaren laburpena; beraz, ez gara hemen hasiko hark ongi laburbildutakoak errepikatzen. Bihar gehiago!
Idazle elebidunen pagotxa | 31 eskutik
2013-07-30
[…] haietako gogoeta izpiren bat behintzat ekarri nahi dugu hona. Informazio xeheagoa lortu nahi duenak elearazi blogaren eskutik lortu ahal izango du. Eskerrik asko, berriro ere, Danele, Garazi eta […]