Tim Burtonen hastapenetako altxortxo batekin gatoz oraingoan, Vincent izeneko 1982ko film laburrarekin, hain zuzen. Filmeko protagonista 7 urteko mutiko bat da, Edgar Allan Poeren literatura eta Vincent Price aktorea gustuko dituena. Lanaren oinarria Burtonek berak idatzitako poematxo bat da. Hona film laburra azpidatziekin eta poemaren itzulpena, noiz edo noiz Vincenten moduan sentitu diren guztientzat.
Eskerrik beroenak Arrate Landaluze Barrutiari azalpen tekniko ezinbestekoengatik.
[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=pz-vrp2-yqs&context=C4397cbdADvjVQa1PpcFMTkqlmAmWEU4a6lL4j3Y5TxB29UpTIu5w=]
Vincent Malloyk zazpi urte ditu
Adeitsua beti, agintzen zaion oro betetzen du
Duen adinerako jatorra eta atsegina da
baina Vincent Price bezalakoa nahi du izan
Ez zaio axola arreba, zakur eta katuekin bizitzea
baina nahiago luke etxea saguzarrekin partekatzea
Bertan berak sortutako izuez pentsatuko luke, bai,
bakarrik eta nahigabeturik, korridore ilunetan alderrai
Vincent abegitsua da izeba bisitan datorkionean
baina argizaritan itota irudikatzen du, bere argizari museoan
Esperimentuetarako darabilen zakurra, Abercrombie,
espero du egunen batean bihurtuko duela zonbi
Horrela, zonbi-zakurrarekin batera joate aldera
biktima bila Londoneko laino sakonera
Vincentek ez du soilik krimen makabroez pentsatzen
Gustura egoten da, baita ere, margotzen eta irakurtzen
Bere adinekoek umeen liburuak leitu arren
Vincentek Edgar Allan Poe du maiteen
Gau batez, ipuin ile-lazgarri bat irakurri bitartean
pasarte batek bisaia zurbildu zion bat-batean
Albiste izugarriak ezin zituen onartu:
ez zuten bada bere emazte ederra bizirik lurperatu!
Hilobia zabaldu zuen ziurtatzeko benetan zegoela hilik
baina ez zekien hilobia amaren lorategia zenik
Amak zigorturik bidali zuen logelara
Vincentek jakinik baztertu zutela zoritxarraren dorrera
Bertan bizitza osoa igarotzera kondenatuta,
emaztearen potreta lagun bakartzat hartuta
Bere hobian bakarrik eta erotuta zetzala
ama logelara sartu zen leherketa bat bezala
Esan zuen: “Irten eta jolastu, hala nahi baduzu
eguzkia zeruan, egun ederra duzu”
Vincent berba egiten saiatu zen, baina, muzin egin zioten hitzek
Ahituta laga zuten bakardadean emandako urteek
Beraz, papera atera zuen eta lumaz idatzi
“Etxe honek sorginduta nauka eta ezingo dut sekula utzi”
Amak esan zuen: “Ez zaude sorginduta, hilzorian ere ez
jolas horiek guztiak zure buruan daude zinez
ez zara Vincent Price, Vincent Malloy baizik
ez zaude erotuta edo oinazez, mutikotxo bat zara soilik
Zazpi urteko nire semea izanik
kanpora irten eta ondo pasa dezazun nahi dut nik”
Haserrea agortuta, amak pasabidetik egin zuen alde
Vincent poliki atzerantz joan zen, horman bermatu arte
Gelak puzteari ekin zion, dardarka eta kraska-kraska
Vincenten erotasun lazgarria gailurrera heldu da
Abercrombie ikusi zuen, bere esklabo zonbia
eta entzun zuen hobiaren barrunbeetatik emaztearen garrasia
Hilkutxatik hizketan eskaera makabroak zituen egiten
horma zartatuetatik eskeleto eskuek Vincent zutela oratzen
Ametsen mundutik bizitzara herrestatutako laborriak
izuzko intziri bilakatu zituen hasierako algarak!
Aterantz jo zuen zoramenari egin nahian ihes
baina lurrera erori zen, motel, bizitasunik ez
Ahots leunaz, astiro-astiro esan zituen haren ahoak
Edgar Allan Poeren “Belea” poemako lerroak:
“eta nire arima altxatuko al da
lurrean igerian datzan
itzal horretatik?
Inoiz ez gehiago…”
Mr. Bombastic
2012-04-16
Terminologia gotiko-makabroa benetan lortua, Elgoibarko euskerak bere aberastasunarekin harritzen nau. Segi horrela, Blog-a ere oso konpetentea ( itzulpena eskuduna?).Gabezi bakarra agian itxura soila, ilustrazioren bat falta agian?¿
Frankenweenie noizko?
danelesarriugarte
2012-04-17
Mila esker zure ekarpenengatik, Bombastic.
“Competente” eskuduna da bai (google translator erabili duzu?) baina soilik kasu batzuetan, adibidez “las autoridades competentes” itzuli nahi denean. Nire ustez, zuk adierazi nahi duzun esanahia helarazteko trebeak garela, edo gai garela, edo lan txukuna egiten ari garela esan beharko zenuke.
Bestalde, irudiaren kontuak buruhauste ugari sortu dizkigu, ez pentsa, baina marrazten ez gara batere iaioak. Dena den, norbaitek proposamen bisualen bat badu gustura jasoko dugu. Agian zuk lagundu gaitzakezu, ezagutzen al duzu Bilbon ilustrazioa ikasten duen norbait? Tamalez, musutruk egin beharko luke lan, baina, publizitate apur bat behintzat emango genioke.
Frankenweenie luzeegia eta berriegia da, Burton bakean lagako dugu tarte batez.
Ondo izan eta hurren arte.
ibai
2012-04-17
Lan txukuna eta eskuduna, hori da. Ilustradorerik ezagutzen dut bai, baina gizarajo hoiek musutruk gauza gutxi egiten dute, gainera, publizitatea eskaniz gero handikeriak menderatuta beraien izena azalean ikustearekin ez dira konformatzen, itzultzaileak baino harroputzagoak dira.
danelesarriugarte
2012-04-17
Bon, gizarajo horietakoren batek iritziz aldatzen badu, mesedez jar dadila gurekin harremanetan: elearazi@hotmail.com.
Bestalde, modu anonimoan emandako lanak ere onartuko ditugu. Balizko artista beldur bada ego puztuegiak sortu ditzakeen iskanbilena, bidali diezaigula bere obra eta hala desio badu, giltzapean gordeko diogu izena. Olerkiren bat edo itzuliko diogu, gure esker onaren adierazgarri.
Zain gaude, beraz. Ondo izan.
ArrateLandaluze
2012-08-03
Danele!! aspaldi ikusi nuen bideoa ondo geratu zela, baina hemetik bueltatxo bat ematen ikusi dut aipatu nauzula!! eskerrik asko eta “a pleasure”… Ondo segi eta animo!
danelesarriugarte
2012-08-16
Ez horregatik! Zure azalpen teknikoek ordutik argitaratutako bideo guztietarako balio izan digute, beraz egin genezakeen gutxienekoa eskerrak ematea zen. Ondo segi eta hurren arte!
Mikel
2012-08-20
Bikaina eta ederra. Zorionak lanarengatik.
danelesarriugarte
2012-08-22
Mila esker Mikel, eta nahi duzun arte!