Badira autoreak sekula iritsiko ez zaizkigunak. Badakigunak sekula iritsiko ez zaizkigula. Ez gurera, ez beste edozein hizkuntzatara. Etxean geratuko dira, bigarren eskuko azoketako liburuen artean galdurik, hamaika izenetako bat izanen dira antologiatan. Edizio batzuk izan arren, beti desagertzeko hurbil. Haiek ere badakite hori. Gaurkoan autore batzuen desagertzea apur bat atzeratzea erabaki dugu. Bigarren eskuko azoka batetik aspaldi askatu, milaka kilometro hegan egin, irakurzale bati oparitu eta apal batean luzez egon eta gero, Álbum de poetisas cubanas antologia (Letras cubanas: 1997 [2002]) ikusgarri egin nahi izan dugu.
Hamasei kubatar poeta[1] agertzen zaizkigu bilduma honetan, eta hautaketa eta sarrera Mirta Yáñezek egin du. Gaztelaniazko generoak argi uzten duenez, guztiak dira emakumeak. Sarreran Kubako literaturan emakumeek izan duten historia kontatzen zaigu, 1860. urtetik gaur egunera. Hitzaurre aberatsa eta osoa da; garaiaren arabera Kubako poesiaren gai nagusiak azaltzen dizkigu, eragile sozial eta politikoak, emakumezko idazleek izandako babesa eta mespretxua.
Hamasei ahotsetatik bost hautatu ditugu, poema bana. Keinu bat poetisa kubatarrei.
DESORDENATZEN NAIZ, MAITE, DESORDENATZEN
Carilda Oliver Labra
Desordenatzen naiz, maite, desordenatzen
zure ahora noanean, berandutua,
eta ia ziorik gabe, arrazoia ukatua,
bularraren puntaz zaitut ukitzen.
Bularraren puntaz zaitut ukitzen
eta nire bakardadeaz, babesgabetua;
agian egon gabe maitemindua
desordenatzen naiz, maite, desordenatzen.
Eta nire zoria, fruta errespetatua
zure eskuan sutan da lizun eta aztoratua
promesa txar batek duen bezala pozoitzen;
nahi zaitut musukatu belaunikatua,
baina zure ahora noanean, berandutua,
desordenatzen naiz, maite, desordenatzen.
HORRELAKOAK GINEN
Georgina Herrera
Bai txiroak ginela gu etxean.
Hainbeste,
non ez baikenuen sekula erretratuentzako izan.
Keinuak eta familia-gertaerak
solasaldietan ziren betikotu.
DESILUSIOA RUBÉN DARÍORENTZAT
Nancy Morejón
«Pauma zuri bat pasatzen da»
Rubén Darío
Nire albotik pauma bat pasatzen bada,
haren figura zaintzen duzula pentsatuko dut,
haren hankak, zangoen kraska,
haren ustezko ibilera larria,
lepo luzea;
baina bada oraingoan pasatzen ez den beste pauma bat ere,
pauma guztiz modernoa,
ile zimeleko poeta aztoratzen duena,
ozeanoko kresalak jandako jantziduna;
baina bada beste pauma bat eta ez da zurea
pauma hori nik urratzen dut nire alegiazko etxeko patioan,
lepoa bihurritzen diot ia penaz,
Eta urdin-urdin irizten diot, zeruaren urdina bezainbat.
OFIZIO TRISTEA
Marilyn Bobes
Poetak, zioten.
Epelak izanen dira
eta faltsuak
eta txikiak.
Nahiz eta izaki arinak,
ez dira urrun iritsiko inperfektuak direlako.
Baina baten batek hitza jotzen badu
astoak txirula nola,
aldarrikatu dezagun oso gizona da emakume hori
eta ez
oso emakumea dela gizaki hori.
(Ez itzaletan sortutako emakume bat
non mirabe edo jaun izanen garen.)
Eta gero pentsa dezagun nola isilarazi.
OLIOA
Odette Alonso
Oihaleko neskatxak begiratu dit
bere pintzeletik birsortzen naiz jakin gabe
bi orban oihalaren gainean
tinta beltza.
Pintzela nire hatza da haren bizkarrean marraztua
haren hatza nire sudurrean
laztana garondoan.
Oihala ohe hau da
eta hiri osoa
konfiantzarik gabe zabaltzen den bihotza
beltza eta zuria oihalean
neskatxa hori eta biok.
[1] Hauek dira idazle guztiak: Dulce María Loynaz, Serafina Núñez, Carilda Oliver Labra, Fina García-Marruz, Rafaela Chacón Nardi, Cleva Solís, Georgina Herrera, Nancy Morejón, Lina de Feria, Mirta Yáñez, Reina María Rodríguez, Marilyn Bobes, Caridad Atencio, Odette Alonso, Damaris Calderón eta María Elena Hernández Caballero.
Bego Montorio Uribarren
2013-10-02
Mila esker horien lanak gurera ekartzeagatik!
15. Genero-ariketak, feminismoaren subjektuak | Obabako Testiguak
2013-10-18
[…] eta Jon Benitoren hitzak sartuta. Elearazi atariko Garazi Arrulak hil honetan plazaratu dituzten Kubako ahotsen berri eman digu, eta ITU bandakoek lapurtu digute azken ordu laurdena, ohi […]