Guillermo Gómez-Peña: Bihotzerre apur bat

apirila 2, 2012 @


GuillermoGomezPena2

Amorrua emankorki  eta eraginkorki bideratzeaz mintzatu gara duela gutxi, haserrea  indar bilakatzeaz. Ziadahren ostean, beste adibide bat ekarri nahi izan dugu: Guillermo Gómez-Peña, frustrazioa eta bihotzerrea umore tantotan bustitzen eta  jalapeño minekin laguntzen dituena. Performance labur parea eta aldarrikapen poetiko bat euskaratu ditugu, ahoa bete bilis esnatzen garen astelehen tetriko horiei aurre egiteko aproposak. On egin!

Oharra: Aldarrikapen poetikoan letra etzanaz agertzen diren gaztelaniazko hitz eta esaldi guztiak jatorrizko ingelesezkoan ere gaztelaniaz daude.


NORTASUNA BERRESKURATZEKO BEREHALAKO-ERRITUA:

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=5hDzq-2qT1A]


ONGI ETORRI HIRUGARREN MUNDURA:

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=7SmLrk_KVCY&feature=relmfu]

 

 

DESOBEDIENTZIA POETIKOAREN ALDARRIKAPENA

1.Nazionalismo paranoikoaren burmuinei:

Nik diot, guk diogu:

“Gu”, beste jendea

Gu, migratzaileak, erbesteratuak, nomadak eta bizkar-bustiak

borondatezko deserriratze prozesuan etengabe gaudenak

Gu, hiltzear dauden nazio-estatuen umezurtz iragankorrak

La otra America; l’autre Europe

Gu, “Mendebaldeko zibilizazioaren”

kanpoko muga eta arrakaletako hiritarrak

Gu, ez dugunak ez gobernurik,

ez ikurrinik, ezta nazio-ereserkirik ere

Gu, Barbaro berriak

Gu, jario konstantean

Patagoniatik Alaskara

Juarezetik Ramallahra

Todos somos mojados

Gu, zazpigarren belaunaldia, laugarren mundua, hirugarren herrialdea

Gu, milioika

zuen iruzurrezko estatistika eta inkestei aurre eginez

Gu, oraindik ere ihardesten, oraindik ere artea sortzen

2. Hor goian daudenei, gizateriarentzat erabaki arriskutsuak hartzen

Nik diot, guk diogu:

Gu, etxerik gabeak, aurpegi gabeko vatos aquellos

Amerikako metropoli handian

Mexiko txikia, Kanbodia txikia, purgatorio txikia

Gu, Gringotegiko Zisjordania eta Gazako zerrenda

Gu, langabetuak, azpi-langileak, hain pinche gogor lan egiten dugunak

zuek hainbeste lan egin behar ez izateko

Gu, zergak ordaintzen ditugunak

zuen zuzendariak eta armadak oporretan Hegoaldera joateko

Gu, zuen lorategi eta hondartzetatik kaleratutakoak

Gu, hatz-aztarnak hartuak, espetxeratuak, zaintzapean

Gu, zuen sistemaren barruan, zuen gupidatik kanpo

Gu, zuen osasun- edo auto-asurantzarik gabe,

banku-kontu eta kreditu-txartelik gabe

Gu, beldurrez kakaztuta lurraren mailan,

baina soilik lurraren mailan

otso gosetien multzoa bezala

supermerkatu huts baten hondakinak aztertzen

Gu, oraindik ere… elkarrekin

3. Beldur eta intolerantziaren jaunei

Nik diot, guk diogu:

Gu, lokatz-jendea, suge-jendea, galipot-jendea

Gu, milurtekoetako izotz mehean oinez doazen bohemioak

Gure gorputzak zulatuta, tatuatuta, martirizatuta, orbanduta

Gure azala hieroglifoz eta garrezko galderaz estalita

Gu, zaborra arte bilakatzen dugun sorginak

Gu, Bitxikeria modernoen eta munstro sakratuen museo biziduna

Gu, vatos cromados y chucas neo-barrocas

Gu, drag-queen menderakaitzak, puta transzendentalak,

maitasunaren eta baldintza hobeen zain gaudenak, itzaletan

Gu, 50etik gorako mutil eta neska gaiztoak

Gu, bestetasunaren irrikaz

Gu, todos somos putos

Gu, bazterreko dokumentalen “aztergaiak”

Gu, Hollywooden hondakinak

kapitalismo aurreratuaren

bidelapur koipetsuak eta iheslari bedeinkatuak

Gu, pistolarik gabe, bibliarik gabe

Gu, poliziari edo armadari sekula errezatzen ez diogunak

Gu, gotzain edo arte-komisarioen eskuei sekula muin egiten ez diogunak

Gu, faboreak eta kutunak trukatzen eta aldatzen ditugunak

Gu, oraindik ere komunitatearengan sinesten dugunak,

beste komunitate batengan,

komunitate askozaz arraroago eta zabalago batengan

Gu, gaixotasun, erotasun eta desadostasunaren komunitatea

aingeru potxor-bero eta deabru samurren komunitatea

Gu, whisky eskoziarra, mezcal-a eta listu odoltsua

Gu, hauskor eta lotsabako, betirako suminduta, baina beti bihozbera

zuen desioa itxuratzen dugu gure zerbitzuak alokatzen dituzuen bitartean

benetako eztabaida atzeratzeko

Zain gaude, oraindik zain gaude zuek lotara noiz joango

guk parrandan jarraitu ahal izateko

4. Zentsuraren jaunei

Nik diot, guk diogu:

Gu, oraino obeditu nahi ez dugun artistak eta intelektualak

Gu, sinbolo eta metafora arrarotuekin ihardesten dugunak

Gu, burmuin saldo kritikoa

esandako hitza profética, sintética

Gu, bi moja erraldoien sasiko seme-alabak:

“Heterodoxia” e “Iconoclastia”

Gu, hainbat mintzaeratan otoi egin eta esperantoz rapa egiten dugun hiri-fraideak

Gu, maskarak, penachoak eta ileordeak janzten ditugunak oihukatzeko:

“ezin duzue nire artea ezabatu!”

Gu, garaien erritmoaren aurka dantzatzen dugunak

Gu, bat-batean izozten garenak!

Zutik barruko arropekin

taulatuaren erdi-erdian

gure bularretan hitzok zizelkaturik:

“Performance-artista: odola janariaren truke”

“Artista obsesiboa: bizia ideia baten truke”

Gu, burmuin saldo kritikoa

fuga inminente de cerebros y hormonas

esandako hitza, profética sintética

Gu, oraindik ere ihardesten… ihardesten… ihardesten…

5. Gure beldur direnei, gu beraien beldur garen bezainbeste:

Nik diot, guk diogu:

Gu, albistegietan izenik ez beste ezertxo ere ez dugunak

Gu, ediziotik kanporatuak, pixel bidez desitxuratuak, zentsuratuak, gerorako utziak

Gu, bideoaren markotik at,

Gu, sasi-egunkarien aztergaiak par excellence

Gu, “The Best of Cops” telesaileko nahigabeko aktoreak

aparkalekuetan ilehori mitikoei etengabe zelatan

Gu, nortasun okerrak zure ordenagailuko memorian

Gu, gizon marroi eta beltz generikoak, zuen deskribapen taxonomiko

ororekin bat datozenak

Gu, gorpu beltz eta marroi biluziak gorputegian,

gizateriaren museoko gorputz taxidermiatuak

Gu, bazterketa etnikoaren eta heriotza-zigorraren jomuga nagusiak

Gu, lehenengo jaurtiketa eta kanpoan gaude

Gu, kontzientziaren presoak epaiketarik gabe

Gu, durbanteak, burkak, sombreroak, zapiak eta larruzko prakak jantzita

Guk inguratzen dugu zure neoizko arkitektura

Nazio-segurtasun ministerioari deitzen diozun bitartean

Bai, bata bestearen beldur gara, era berean

6. Kulturabakarraren akziodunei:

Nik diot, guk diogu:

Gu, doinu arrotza eta mihi morea dugun amerikarrak

Gu,  ele anitzetako hizlariak, hizkuntzalariak, cunilinguslariak

Gu, los otros del más allá

Del otro lado de la línea y el puente

Gu, lengua poluta et disoluta

Mugako misterioa, historia zabalagoa; rapa eginez

Gu, sasi-itzulitako señorita, betirako sasi-ahoskatuak

Gu, itzulpengintzan galdu eta aurkituak

nire hitzen geruzen artean galdu eta aurkituak

Gu, arraza-arteko maitaleak

arraza-arteko maitaleen seme-alabak, ad infinitum

Gu, amerikarrak, terminoaren zentzu zabalenean

(beste Amerika ugarietatik)

Patagoniatik Alaskara

Sao Paolotik New Yorkera

Gu, eskuz esku

zuretzat ulertezinak diren

ehunka hizkuntza eder mintzatzen dituzten

hastapenetako amerikarrekin

Gu, eskuz esku lekuz kanpo dauden dozenaka milioiekin,

latino, arabiar, beltz eta asiarrekin,

etxetik hain urrun bizi direnekin

Gu, immigrazio-bulegoaren eta krimen antolatuaren artean harrapatuta

Gu denak aho batez mintzatzen gara, beraz, zuk izateari lagatzen diozu

une batez bakarrik bada ere

hizkuntzaren gortinaren atzean

Ni naiz, GU, zu jauna, no ser

Nosotros seremos

Nosotros, zutik gaude

elkarturik ez

Gu, matriotak ez patriotak

eta ihardesten dugunean

mutu gelditzen zarete, pendejos

“Arrotz” izendatzen duzuen jendea

lur honetako hastapeneko biztanleak dira

7.Gudaren nagusi eta apologistei:

Nik diot, guk diogu:

Gu, berriz ere, matriotak ez patriotak

Gu, matxinoak, ez zuek bezalako mertzenarioak

Gu, “estremista” deituak, soilik zuekin bat ez etortzeagatik

Gu, kristauen izuaren eta musulmanen amorruaren

arteko suan harrapatuak

Gu, gehiengo pentsalari bat, aldebakarreko tentelkeriaren aurka

erasoaldi prebentiboen eta eiakulazio goiztiarraren aurka

Guk zuen arma-salmentak eta petrolio-hitzarmenak errefusatzen ditugu

Gu zuen alerta laranjez eta abantaila zuriez mesfidatzen gara

Gu zuen “Patriot Act”-en kontra gaude, patrióticamente hablando:

inoiz egon den zaintza-sistema zabalena

egundaino eraikitako presondegi handiena

Gu, zeinon iritziak ez dauden sekula zure goizeko egunkariko

lehenengo orrialdean

Gu, Fox News-en sekula inkestatzen ez dituztenak

telebistako jakitun horiekin sekula eztabaidatzerik ez dugunak

Guk ez genizuen botoa eman

ez gaude zuen guden alde

ez dugu zuen jainko bortitzetan sinesten

ez ditugu zuen immigrazio legeak errespetatzen

Beldurrez baina irmo, zutik gaude

Gure gorputz eta gogoetatik

zuek erabat, ERABAT, alde egitea eskatzen dugu, ipso facto

Eta gure hizkuntzetan mintzatzen garenean, desagertu egiten zarete

8.Amaiera:

Gu, poesia txaaarra, arte txaaarra!

Gu, tekno-piratak, Region 4

Gu, Enron konjuratzen duten xamanak

los brujos Microsoft-en aurka

poetas solitarios contra Wal-Mart

Gu, McDonaldsen arkupeetako derbixeak

muturreko pailazoak polizia globalari aurre egiten

nerabe etorkinak dirudunen autoak kiskaltzen

Gu, los indignados desterrados

El Movimiento Sin Tierra

Paracaidistas en Wall Street

Beste %99a

Gu, iraganaren mamuak

etorkizuneko gudariekin eskuz esku

zibil errugabe guztiekin eskuz esku

Gu, nosotros, zentzuzkoak izaten jarraitzeko zoratuta

ideia berriak lortzeko, hitzez hitz, hiltzen

probabilitate guztien kontra antzezten

krater baten ertzean dantza egiten

Gu, Inperioaren amaieraren ikusle eta biktima prestuak

Gu, Mendebaldeko munduaren  disfuntzionaltasunen barne-eztanda

historiaren azken kapitulua… colapso total!

 

Tabula rasa; 2. harraldia

Gu, marrazten,

berehalako etorkizuna marrazten

Zu eta ni handik ibili ahal izateko

historiaren akats erraldoietan erori gabe

Zu eta ni

ahoz batera ibiltzen

Zu eta ni

nazio-estatu ñimiño txiki-txiki bat

Zu eta ni

ordubeteko utopia

“Zu eta ni” izenekoa

taulatuan bakarrik

elkarrekin borrokan

Munduko Bankua, Munduko merkataritza antolakundea eta G8-aren aurka borrokan

abangoardiako desio eta Patriot Act-aren aurka borrokan

Tú y yo juntitos, bien abrazados,

txortan suavecito

bakartze eta bakartzekeriaren aurka borrokan…

eta artea da gure gudu-zelaia,

¿Qué otra?

Eta erortzen bagara,

erabateko ezezagun batek airean harrapatuko gaitu.