(Thomas Pynchon, The Simpsons telesail estatubatuarreko atal batean)
Kontuan hartuta, batetik, idazleek idazletzari buruz emandako aholkuak bolo-bolo ibili direla azkenaldian sare eta paperetan, gehienbat Irati Jimenezek Txalaparta etxearen eskutik apailatu berri duen Aiztoa eta arkatza liburuaren harira; eta, bestetik, J. D. Salinger autore estatubatuar ezkutaketazalearen bizitzari buruzko dokumentala estreinatu dutela aurten, pentsatu dut azkenean sintonian jarri zaizkidala planetak eta une aproposagorik ez dudala topatuko aspaldidanik buruan nuen post hau argitara emateko, artikulu bakarrean uztartuz literatura egiteko aholkuak eta gizon idazle estatubatuar zuri eta iheskorren gaia. Bai lagunok, Thomas Pynchon ekarri nahi izan dut oholtzara, autore-kategoria horretako nire maiteño nagusietako bat (betikoaren inizialak ez ditut aipatu ere egingo), Pynchonek ere eskaini baitzizkien idazle-asmodun irakurleei zenbait abisu eta ohar, eta oso modu berezian egin ere.
Helburua ez da Jimenezen proposamena osatzea, mundakarrak berak aitortu baitu bilduma oso angloa atera zaiola, eta kasu honetan nire honek ez bailuke aniztasunaren aldetik interes handirik izango. Aitzitik, bestelakoak dira nire arrazoiak.
Baina has nadin hasiera gisa identifika daitekeen zerbaitetatik. 1984an Thomas Pynchonek Slow Learner izeneko liburu bat kaleratu zuen, askoren harridura eta pozerako, bertan batzen baitzituen gaztaroan idatzitako bost narrazio, ordura arte aldizkari eta antologiatan baino aurki ez zitezkeenak. Eta, are hobeago, bertan bilduta zegoen baita ere autoreak edizio horretarako propio osatutako hitzaurrea, non, ohikoa duen ironiaz eta bere burua serioegi ez hartzeko gaitasun handiz, bost narrazioak banan-banan aletzen baititu. Izan ere:
Nahiz eta istorio hauek sarritan handiusteak, mozoloak eta buruarinak bilakatzen diren, bihotzez espero dut erabilgarriak izango direla oraindik ere, akats eta guzti, hastapenetako fikzioan ohikoak diren arazoak islatzeko eta idazle gazteagoei zenbait praktika okerri buruzko abisua emateko, seguru asko nahiago izango baitute horiei izkin egitea.
Aurkitu nuenean benetan bitxia iruditu zitzaidan Slow Learner hau, berriz diot, aurpegirik ia ezagutzen ez zaion tipo bat, elkarrizketei ihes egiten diena metro-sarrerako GKO-bazkide-ehiztariei nola, bere literaturaren trapu zikinak publikoki haizatzen, ospea eta izen ona eman zizkion Gravity’s Rainbow eleberri mandoa argitaratu baino hamaika (literalki) urte beranduago. Besterik gabe, hitzaurreko pasarte baliagarrienak ekarri dizkizuegu euskarara, liburuko narrazioen arabera antolatuta haria aiseago jarrai dezazuen.
Slow learner
[The Small Rain]
The Small Rain izan zen argitaratu nuen lehenengo narrazioa. (…) Nire idazketa-estilotik gustatzen ez zaidan gehiena istorio honetan dago jada, enbrioi forman eta baita maila garatuagoetan ere. Hasteko, ez nintzen konturatu pertsonaia nagusiaren arazoa nahikoa erreala eta interesgarria zela bere kabuz istorio bat sortzeko. Dirudienez, beharrezkoa iruditu zitzaidan arazo hari aparteko geruza bat gehitzea, euriaren iruditeriaz eta The Waste Land-i eta A Farewell to Arms-i buruzko erreferentziez josia. “Bilaka ezazu literario” zen nire lema nagusia, nik neuk neure kasa asmatu nuen aholku txar bat, eta gero leial izan nintzaion.
Lotsagarria da, halaber, ipuineko elkarrizketa gehienak hondatzen dituen Belarri Txar kasua, bereziki aipagarria amaiera aldean. Garai hartan, leun esanda, tokiko hizkeren ezagutza oinarrizkoa nuen. (…) Tabernako eszenako arazoa ez da soilik Louisianako neska bat ipintzen dudala Tidewater hiztunek darabiltzaten diptongotan hizketan, baizik eta, are okerragoa dena, hizkera hori argumentuaren erdigune bilakatzen dudala, Levine pertsonaiarengan eragina baitu, eta, ondorioz, baita narrazioko gertakizunetan ere. Nire akatsa da, hortaz, nire belarria harro erakutsi nahi izatea, belarria izan baino lehen ere.
(…) Fikzioaren “seriotasuna”z dihardugunean, azken batean, heriotzarekiko jarreraz dihardugu, esaterako, nola ekiten duten pertsonaiek heriotza agertzen zaienean, edo nola egiten dioten aurre berehalako arrisku bat ez denean. Guztiok dakigu hori, baina afera oso gutxitan aipatzen da idazle gazteekin aritzean, ziurrenik gehienok sentitzen dugulako alferrikako ahalegin bat dela aprendiz-adinean dagoen norbaiti aholku hori ematea. (…) The Small Rain-eko pertsonaiek modu aurre-helduetan heltzen diote heriotzari. Ebaditu egiten dira: berandura arte lo egiten dute, eufemismoak bilatzen dituzte. Heriotza aipatu aipatzen dutenean, txisteak egiten saiatzen dira. Eta are okerragoa dena: sexuarekin nahasten dute. (…)
[Low-lands]
(…) Aintzat hartzeko gaia da, halaber, zer erraz lortu zuten nire nerabezaroko zenbait balorek nire istorioetan barneratzea eta berez nahiko jatorrak ziren pertsonaiak hondatzea. Horixe da, hain zuzen ere, Low-lands ipuineko Dennis Flangen kasua. Hein batean, Low-lands hau gehiago da pertsonaia baten zirriborroa benetako istorio bat baino. Gure Dennis zaharra ez da gehiegi “hazten” istorioak aurrera egin ahala. Estatikoa da, bere fantasiak enabarazugarriki bizi bilakatzen dira, eta hori da gertatzen den guztia, gutxi gorabehera. Fokatze distiratsu bat agian, baina arazoentzako konponbiderik ez, eta mugimendu edo bizitza gehiegirik ere ez.
Gaur egun gauza jakina da, batez ere emakumeentzat, gizon estatubatuar asko, adin ertaina duten horiek ere, trajez doazenak eta lanpostu bat dutenak, barru-barruan mutikoak besterik ez direla, ezinezkoa badirudi ere. Flange mota horretako pertsonaia da, nahiz eta istorioa idatzi nuenean oso tipo gustagarria iruditzen zitzaidan. Flangek aita izan nahi du (ez dakigu oso garbi zergatik), baina ez dago prest benetako bizitza bat aurrera eramateko emakume heldu batekin. Soluzioa Nerissa da, ume baten tamaina eta jokabidea duen emakumea. (…) Erraza izango litzateke esatea Dennisen arazoa nire arazoa zela, hari zamatu niola nirea zen buruhaustea.
[Entropy]
Idazle hasiberriei beti ohartarazten zaie prozedura-akats jakin bati buruz, eta Entropy narrazioa akats horren adibide ona da; izan ere, ezin duzu abiapuntu gisa hartu gai soil bat, edo sinbolo bat edo bestelako elementu bateratzaile abstraktu bat eta ondoren pertsonaiak eta gertaerak behartu elementu abstraktu horretara molda daitezen. Low-lands istorioaren kasuan, (…) gutxienez pertsonaietatik beretatik abiatu nintzen, kontu teoriko guztiak beranduago sartu nituen, proiektuari itxura kultoa emateko besterik ez.
(…) soilik esango dut ikaragarri atsekabetzen nauela ikusteak zenbat aihen agertzen diren istorio hauetan. Uste dut T. S. Elioti hartu niola hitza. Ez dut ezertxo ere aihenen aurka, baina hitz horren gehiegizko erabilerak erakusten digu zer gerta daitekeen denbora eta energia ia dena hitzetan bakarrik xahutzen duzunean. Aholku hori sarritan eman izan da, modu askoz erakargarriagotan, baina kontua da nik garai hartan prozedura oker hau baliatzen nuela, sinestezina dirudien arren: Thesaurus hiztegia zabaltzen nuen eta jarraian apuntatu egiten nituen hainbat hitz, coolak ziruditelako, edo ni neu coola nintzelako ideia iradokitzen zutelako, eta ondoren ez nuela egiaztatzen hitz horiek zer esanahi zuten. Ergela dirudi, ergela delako.
Aholku hori bera aplika dakioke informazioari ere. Idazle guztiei esaten zaie idatz dezatela dakitenari buruz. Gutako askoren kasuan arazoa da gure bizitzaren hastapenetan dena dakigula uste izaten dugula, edo, modu erabilgarriagoan adieraztearren, ez garela oraindik jabetu gure ezjakintasunaren tamainaz eta egituraz. Ezjakintasuna ez da soilik pertsona baten mapa mentalean dagoen hutsune bat. Ezjakintasunak kurbak eta barne-koherentzia ditu, eta nik dakidanagatik, baita funtzionamendu-arauak ere. Hortaz, dakigunari buruz idaztearen kontuarekin amaitzeko, esango dut gure ezjakintasuna ezagutzen hasi behar dugula, haren ondorioz istorio on bat izorra baitezakegu.
[Under the Rose]
Gai liluragarria, baiki, lapurreta literarioarena. Zigor-kodean bezala, hainbat maila daude. Plagio hutsetik hasi eta eratortzera arte doaz maila horiek, baina denak dira prozedura okerrak. Baldin eta zuk bestela pentsatzen baduzu eta iruditzen bazaizu ez dagoela jatorrizkorik eta idazle orok “hartzen” dituela gauzak hainbat “iturri”tatik, hor legoke oraindik ere kreditua ematearen edo iturriak aipatzearen afera. 1959an idatzitako Under the Rose narraziora arte ez nintzen gai izan, zeharka bazen ere, gisako aitortzarik egiteko. Izan ere, Karl Baedeker gidaliburu-egilearen eponimoa aipatu nuen, hark 1899an Egiptoren inguruan egindako liburua izan bainuen iturburu nagusi Under the Rose osatzerakoan.
[The Secret Integration]
Low-lands bezala, istorio hau ere nire jaioterrikoa da, hain zuzen ere, nire haurtzaroko paisaia eta bizipenetan zuzenean oinarritzen saiatu naizen istorio bakarretako bat. Modu okerrean pentsatu nuen Long Island lurmutur erraldoi eta ezaugarri gabeko bat zela, historiarik ez zuena, bertatik ihes egiteko moduko toki bat baina zeinarekiko ez nuen loturarik sentitzen. Interesgarria da bi istorioetan berbera egin nuela, alegia, niretzat espazio huts bat zenari topografia konplikatuagoak inposatu nizkiola. Tokia apur bat exotikoagoa egiteko era bat zela pentsatuko nuen, akaso.
(…) Dagoeneko ez dakit zergatik baliatu nuen gisako transferentzia-estrategia bat. The Small Rain idatzi nuen antzinako denboretatik zetorkidan joera hori, nire esperientzia pertsonala ingurugiroz aldatzekoa. Hein batean egonezin ez-adeitsu bat sentitzen nuen garai hartan “autobiografikoegia” neritzon fikzioarekiko. Nolabait, nozio bitxi bat otua zitzaidan, alegia, norberaren bizitza pertsonalak ez zuela inongo zerikusirik fikzioarekin, guztiok jakina bada ere, justu horren kontrakoa dela egia. Are gehiago, frogak nire inguruan zeuden, nonahi, baina kasurik ez egitea erabaki nuen. Bai garai hartan bai orain gustatzen zaidan eta hunkitzen nauen fikzioa, argitaratutakoa zein argitaratu gabea, horixe bera baita, argigarriki eta ukaezinki autentikoa dena, guztiok benetan bizi dugun bizitzako maila sakon eta komunagoetatik erauzitakoa, beti prezio bat ordainduz, noski. Gorroto dut pentsatzea ez nuela horixe ulertu, modu inkonpletoan bada ere. Agian prezioa altuegia zen. Edonola ere, ni bai tipo mozoloa, nahiago izan nituen apaingarriak.
(…) Hezkuntza, Henry Adamsek beti dioen bezala, ez da sekula amaitzen.
abendua 2, 2013 @ Danele