(Irudian: Yoko Ono)
Grapefruit: A Book of Instructions and Drawings by Yoko Ono (Arabisagarra: jarraibide- eta marrazki-liburu bat Yoko Onoren eskutik).
Mitozale makurrenek hemen aipatuko ez ditugun beste arrazoi batzuengatik oroitzen (eta gaitzesten) badute ere, ororen gainetik Yoko Ono (Tokio, 1933) artista da, ausarta eta haustailea. Arte kontzeptuala, musika eta zinemagintza landu ditu batez ere, eta guk gaur dakarguna, inon sailkatzekotan, lehenengo kategoria horren barruan sartuko genuke. Hain zuzen ere, hainbat diziplinatako artelanak sortzeko jarraibide-liburu bat da arabisagar hauxe. 1964an argitaratu zuen estreina Wunternaum Pressek Tokion, eta 500 ale baino ez zituzten atera. Sei urte beranduago edizio osoago bat apailatu zuten Simon&Schuster etxe estatubatuarrekoek, Onok denbora-tarte horretan sortutako marrazki eta testuak gehituz. Jarraibideak 9 atal nagusitan banatuta daude, alegia, jorratzen dituen diziplinako atal bana dago. Halaber, badaude bestelako eranskinak ere tartekatuta, hala nola gutunak, eta hainbat pieza antzeztean gertatutako gorabeherak. Atal bakoitzetik kuttunenak hautatu, itzuli eta hona ekarri ditugu nahastuta.
Bilboko Guggenheimek Onoren obrari eskainiko dion atzera begirakorako beroketa modura irakur daiteke post hau.
Baliteke post honek Yoko Onoren obra artistikoa aldarrikatu nahi izatea; agian postaren autoreak pentsatzen baitu bestelako txutxu-mutxuen zamak estali duela luzez.
(Irudian: Liburuaren azala, Simon&Scusterren edizio)
1) MUSIKA
BARRE PIEZA
Barre egin astebetez.
(1961eko negua)
EZTUL PIEZA
Eztulka egin urtebetez.
(1961eko negua)
AHOTS PIEZA SOPRANOENTZAT
Garrasi egin
- haizearen kontra
- paretaren kontra
- zeruaren kontra
(1961eko udazkena)
KONTZERTU PIEZA
Gortina altxatzean ezkutatu eta itxaron jende guztiak alde egin eta zu bakarrik utzi arte.
Irten eta jolastu.
(1963ko udazkena)
ELUR PIEZA
Pentsatu elurra ari duela.
Pentsatu elurra ari duela toki orotan denbora guztian.
Pertsona batekin hitz egiten duzunean pentsatu elurra ari duela zuen bion artean eta baita beste pertsonaren gainean ere.
Utzi mintzatzeari iruditzen zaizunean beste pertsona elurrez estalita dagoela.
(1963ko uda)
GELA ARAZTAILE PIEZA – gogo konplexua edo eskizofrenia izateaz kexu den pertsona batentzat
Eraiki gela bat non ez duzun ezer egiten, soilik zutik egon eta harri bat garraiatu harik eta jasanezin bilakatzen den arte. Laster konturatuko zara zure pentsamenduak hain modu sakonean araztu direla ezen harriaren pisuaz besterik ez duzun pentsatzen.
(1968ko negua)
2) MARGOLANAK
ZERUAK IKUSTEKO MARGOLANA
Egin bi zulo mihise batean.
Eskegi mihisea zerua ikus dezakezun tokiren batean.
(Aldatu mihisearen kokalekua. Probatu aurrealdeko leihoa eta baita atzealdekoa ere, egiaztatzeko ea zeruak diferenteak diren).
(1961eko uda)
ITZAL PIEZA
Elkartu zuen itzalak harik eta bakar bat bilakatzen diren arte.
(1963)
ARGAZKIETAN EDO KOPIETAN BAKARRIK EXISTITZEKO MARGOLANA
Jendeak kopia ditzala edo argazkiak atera diezazkiela zure margolanei.
Suntsitu originalak.
(1964ko udaberria)
ODOL PIEZA
Erabili zeure odola margo gisa.
Margotu konortea galdu arte (a)
Margotu hil arte (b)
(1960ko udaberria)
DENBORA MARGOLANA
Sortu margolan bat zeinean kolorea ikusi ahal izango den soilik argi mota jakin baten pean, eguneko tarte jakin batean.
Izan dadila tarte labur-laburra.
(1961eko uda)
ZEURE BURUAN ERAIKITZEKO MARGOLANA
Behatu hiru margolan arreta handiz.
Nahas itzazu ondo zeure buruan.
(1962ko udaberria)
3) GERTAERAK
MASKARA PIEZA I
Egin ezazu zure aurpegia baino handiago den maskara bat.
Garbitu maskara egunero.
Goizetan garbitu maskara zeure aurpegia beharrean.
Norbaitek musu bat eman nahi dizunean, musuka dezala maskara.
(1961eko negua)
MASKARA PIEZA II
Egin ezazu zure aurpegia baino txikiagoa den maskara bat.
Zure ardoa edan dezala maskarak.
(1962ko uda)
ELKARRIZKETA PIEZA (edo makulu pieza)
Bendekin estali zure gorputzeko edozein zati.
Jendeak bendari buruz galdetuz gero, asmatu istorio bat eta kontatu.
Jendeak ez badizu bendari buruz galdetzen, haien arreta eskatu eta kontatu.
Jendeak kontua ahazten badu, gogorarazi eta segi kontatzen.
Bendari buruz baino ez hitz egin.
(1962ko negua)
GARBIGAILU PIEZA
Etxera gonbidatutako lagunak entretenitzeko, erakutsi iezaiezu egun horretan garbigailura bota duzun guztia eta azaldu arropa bakoitzaren istorioa. Nola eta noiz zikindu zen, eta zergatik, etab.
(1963ko uda)
ISPILU PIEZA
Ispilu bat eskuratu beharrean, eskuratu pertsona bat.
Begiratu haren begietara.
Erabili hainbat pertsona.
Zaharrak, gazteak, lodiak, txikiak etab.
(1964ko udaberria)
4) POESIA
ZENBAKI PIEZA I
Zenbatu liburu bateko hitz guztiak, hitz horiek irakurri beharrean.
ZENBAKI PIEZA II
Ordezkatu liburuko izenak zenbakiekin, eta irakurri.
Ordezkatu liburuko adjektiboak zenbakiekin, eta irakurri.
Ordezkatu liburuko hitz guztiak zenbakiekin, eta irakurri.
(1961eko negua)
DOLAR PIEZA
Aukeratu dolar-kopuru bat.
Irudikatu kopuru horrekin eros ditzakezun gauza guztiak. (a)
Irudikatu kopuru horrekin eros ezin ditzakezun gauza guztiak. (b)
Idatzi itzazu paper batean.
(1963ko udaberria)
SILABA PIEZA
Erabaki ezazu silaba jakin bat sekula gehiago ez erabiltzea.
Grabatu erabaki horren ondorioz gertatutakoak.
(1964ko udaberria)
UKIPEN-POEMA JENDE TALDE BATENTZAT
Elkar ukitu.
1963ko negua
5) OBJEKTUA
ERREBALUATZE PIEZA II
Erabili munduko artelan guztiak altzari edo etxeko tresna modura.
Adib.: Erabili eskulturak, esaterako Henry Moore-enak, pixoihalak eskegitzeko, edo, bestela aulki gisa, edo apalategi, mahai edo ohe gisa. Erabili Moneten edo Picassoren margolanak gortina astunak bailiran, edo besaulki-estalkiak, etab.
Erabili munduko arma guztiak dekoraziorako objektu edo osagarri modura. Adib.: erabili kanoiak eta borrokalariak lorategi-eskulturak egiteko, balak eta belarritakoak, etab.
(1968ko negua)
TELESKOPIO PIEZA
Egin eskultura bat mendiaren gailurrean jartzeko eta jendeak teleskopioaren laguntzaz ikus dezan.
(1964ko udaberria)
BILKETA PIEZA I
Aukeratu gai bat.
Idatzi bost milioi orri (espazio bakarra) gaiari buruz.
(1963ko udaberria)
HIRU TXIMINIARENTZAKO PIEZA
Eraiki hiru tximinia.
Eraiki itzazu modu batean zeinean urruneko puntu batetik begiratuta tximinia bakarra dagoela emango duen, beste puntu batetik bi tximinia daudela emango duen eta beste puntu batetik hiru tximinia daudela emango duen.
Argazkiak atera hiru irudi horiei.
Etxeak, tenpluak etab. eraiki ditzakezu, tximinien ordez.
(1964ko udaberria)
6) FILMAK
FILM-GIDOIA 3
Eskatu ikusleei pantailako iruditik atsegin ez duten zatia mozteko.
Guraizeak banatu.
– YOKO ONOREN SEI FILM GIDOI lanetik, Tokio, 1964ko ekaina
FILM-GIDOIA 5
Eskatu ikusleei hauek egiteko:
1) Ez begiratzeko Rock Hudsoni, baizik eta soilik Doris Dayri.
2) Ez begiratzeko objektu biribilei, baizik eta bakarrik lauki formadunei eta angeludunei. Objektu biribil bati begiratuz gero, beha ezazu arretaz lauki formakoa eta angeluduna bilakatu arte.
3) Ez begiratzeko urdinari, baizik eta soilik gorriari. Urdina agertzen bada itxi begiak edo egin zerbait urdina ez ikusteko, baina, edozelan ere ikusten baduzu sinetsarazi zeure buruari ez duzula ikusi edo zigortu zeure burua.
– YOKO ONOREN SEI FILM GIDOI lanetik, Tokio, 1964ko ekaina
7) DANTZA
AIRE-HIZKETA
Tristea da airea izatea konpartitzen dugun gauza bakarra.
Berdin du bata bestearengana zenbat gerturatzen garen, beti dago airea gure artean.
Polita da, halaber, airea konpartitzea.
Berdin du bata bestearengandik zer urrun gauden, aireak lotzen gaitu.
(Lisson galeriarako liburuxka, 1967)
OHOLTZA GAINEAN EGITEKO DANTZA PIEZA
Dantzatu erabateko iluntasunean.
Publikokoei eskatu piztu dezatela pospolo bat, baldin eta ikusi nahi badute.
Pertsona bakoitzak pospolo bana baino ezingo du piztu.
(1961eko udazkena)
8 ARKITEKTURA PIEZA, arkitekto mamu bati eskainiak
1965eko udaberria
Eraiki etxe bat
(muino batean)
garrasi egiten duena
haizeak jotzean
Zabaldu hainbat leiho, garrasi diferenteak entzuteko eta aire-esperientzia diferenteak sortzeko geletan.
(8 ARKITEKTURA PIEZA, ARKITEKTO MAMU BATI ESKAINIAK lanetik, 1965eko udaberria)
ATE PIEZA
Eraiki ate ñimiño bat sartzeko eta irteteko, hartara sartzen zaren bakoitzean makurtu eta estutu egin beharko zara… horrela, zure tamainaz jabetuko zara, eta baita sartzearen eta irtetearen garrantziaz ere.
(1964ko udaberria)
9) FILMEEI BURUZ
4. FILMARI BURUZ (gure garaiko 365 sainduren ipurdiak filmatzea)
(…)
Zinemagintzako nire helburu gorena da film bat egitea zeinak munduko gizaki ororen irribarrearen irudi bat erakusten duen. Bistan denez, ezin naiz mundu osoan zehar ibili argazkiak nik neuk egiten. Laguntza behar dut, adibidez, munduko posta-bulegokoen laguntza. Helburua aise lortuko genuke, baldin eta pertsona guztiek euren buruen eta euren familien erretratu bat eramango balute herriko posta-bulegora, edo erretratu bat egingo balute gertuen duten argazkilaritza-estudioan.
Bistan denez, film honek etengabeko eguneraketa beharko luke. Ziurrenik inork ez luke nahiko film osoa eserialdi bakarrean ikusi, beraz, liburutegi batean-edo gorde dezakegu, eta, orduan, herri jakin bateko jendearen irribarreak ikusi nahi badituzu liburutegira jo eta filmeko atal zehatz hori topa dezakezu. Halaber, telebista-kateren batekin akordio bat lor dezakegu, hartara, munduko toki jakin bateko aurpegiak ikusi nahi dituzun bakoitzean botoi bat sakatu eta bertan izango dituzu. Horrela, Johnsonek ikusi nahi badu zer motatako jendea akabatu zuen Vietnamen egun hartan, katea aldatu besterik ez du egin behar. Film honen aurretik egunkarietako zenbaki baten zati bat baino ez zinen, baina honen ostean aurpegi irribarretsu bat bilakatu zara.
(…)
Yoko Ono
Londres, 1967
urtarrila 13, 2014 @ Danele