Autoreak plazara: Chus Pato

otsaila 3, 2014 @


pato

(Irudia: Shearsman Books argitaletxearen webgunetik)

Neure buruari galdetuz estatuaren barruan aliantzak eta ereduak eta lagunak bilatzeko orduan Hegoaldekook ez ote dugun gehiegi begiratzen ekialdekoengana mendebaldean ere izan ditzakegun adiskideez ahaztuta; eta kontuan hartuz, amaren guraso gaztelakoak lan bila hona etorri ostean neba-arreba guztiak ez zirela hemen gelditu, lehengusuek sustraiak landatu dituztela ozeanoaren ertz hartan ere, pentsatu dugu badela ordua Galiziari gurean tokia egiteko. Bertako autore aski sonatu bat ekarri dizuegu beraz, Chus Pato (Ourense, 1955). Lanbidez bigarren hezkuntzako irakaslea, poeta eta aktibista pasioz, aurpegi ezaguna da Galiziako jardun kultural zein politikoan.  Hainbat liburu ditu argitaratuak, eta 2008ko Hordas de escriturarekin (Xerais) heldu zitzaizkion bi sari aipagarri: Galiziako Kritikaren Saria eta Losada Diéguez saria (bi bider jaso du azken errekonozimendu hori). Ingelesera eta gaztelaniara itzuli dituzte bere lanak, eta, zer diren kasualitateak, ingeleserako itzulpen denak Erín  Mourek egin dizkio, hain zuzen ere, aurreko postean Brossardekin lanean ikusi genuen itzultzaile berberak. Pen Clubeko kidea da Pato, eta arlo politikoari dagokionez, Frente Popular Galega alderdi sozialista independentistako zerrendaburu izan da behin baino gehiagotan.

Bada euskaraz zer irakurria Patoren lanari buruz. Helena González UBko irakasleak artikulu bat idatzi zuen 452ºF literatura aldizkarirako, emakumea eta nazioa hartuta ardatz. Hemen duzue irakurgai.

Bost poema itzuli ditugu, lehena Charenton liburukoa (Xerais, 2004), bigarrena, hirugarrena eta laugarrena m-Talákoak (Xerais, 2000) eta, azkena, aldiz, Carne de Leviatanekoa (Xerais, 2013). On egin!

***

- eta zuk idazten duzuna zerbaiten erakusgarria al da?

- ez du ezer erakusten, sortu baino ez du egiten

- esanahi bila dabil?

- ez du ezer esan nahi, funtzionatu baino ez du egiten

………………………

 - hizkuntza metafisiko bat al da?

- ez, hizkuntza transzendental bat da

- ideologikoa?

- ez, materiazkoa

- edipikoa?

- ez, eskizofrenikoa

- irudikatua?

- ez, ez da irudikatutako hizkuntza bat, hizkuntza ez-figuratibo bat da

- sinbolikoa?

- ez, benetakoa da

- egiturazkoa?

- ez, makinazkoa

- haginetakoa, taldekoia?

- ez, molekulena, mikropsikikoa eta mikrologikoa

- adierazkorra?

- emankorra

***

EZ BAITA SOILIK HIZKUNTZA MEHATXUPEAN DAGOENA

BAIZIK ETA BAITA GEURE HIZKUNTZA-GAITASUNA ERE, hitz egiten dugun hizkuntza

hitz egiten dugula

 

HIZKUNTZA EKOIZPENA DA, hizkuntzak ekoizten du, ekoizten du KOMUNIKAZIOA

EKOIZTEN DU PENTSAMENDUA, EKOIZTEN DU POESIA-GAITASUNA

ekoizten du irabazia eta etekina, EKOIZTEN GAITU GIZAKI gisa

ekoizten gaitu ZORIONTASUN gisa

 

Hizkuntza EKOIZPENA da, horregatik saiatzen da KAPITALA hizkuntza

PRIBATIZATZEN, gu HITZIK GABE uzten

_____________________________

HIZKUNTZAK, edozein HIZKUNTZA EZ-KAPITALEK, desegitera jotzen du,

kontsumitzen den zerbait bilakatzera jotzen du. Dagoeneko hiztunok

EKOIZTEN ez dugun zerbait, baizik eta KAPITALAK, gu pribatizatzeko ahaleginean,

GURETZAT EKOIZTEN DUEN ZERBAIT

_____________________________

KAPITALEAN, Hizkuntzaren sortzaileak, hiztunak, bilakatzen dira

KONTSUMITZAILE; Hizkuntza, edozein Hizkuntza, kontsumo-produktu

bilakatzen da Kapitalean, beste edozein MERKANTZIA bezalakoa

_____________________________

HIZKUNTZA-MORRONTZA LINGUISTIKOA

KAPITAL-KILLER

HILTZAILE

                                                                                  (Paco Sampedrorekin)

***

Neure bihotzak erritmo bizia du, izarren antzera, hobe izango litzateke arduratzea

geranioez, estralurtarrez

- sartu

uki itzazu, tapizez estaltzen dute gela, uteroak-Paulisipo, urrezkoak, ardi-ilea bezalakoak

hemen mintzaldiak entzungo dituzu, batez ere espezie biologikoko eta ez hain biologikoko emeen erreprodukzio-gaitasunari buruz, ereduzkoa

beste hainbat modutan, baita estatuaz ere

- argi dago? argi gelditu behar duelako, alegia: gure zain ez dagoela

EZEIN AMA-LUR. Ezta GURE-hildakoen zain ere,

gutako inork ezingo dela sekula disolbatu ezein

AMA-lurretan. ETERRA. Salbu eta gutako batzuk (atzerakariak)

METAFORA GISA

BETIRAKO

NEKAZARI

 

biderik tristeena aukeratzen duzu

paisaia berde bat: glacée

horrela amaitzen dira udazkenak

 

sarerik gabe egiten dugulako jauzi, horregatik joaten gara “amildegi-eskoletara”

Atsegina izan behar dut

irribarre eginarazten didaten ekintzak bilatu

Horrela bizirauten dugu:

zuk eta biok, neure estralurtar maiteena

umetokitik kanpo

Hartz-zuri handiek bezala, Groenlandiako izotz pusken gainean 

***

zer haizek jotzen du zure lorategian? zein da zure gauetako behar sutsua? zer dakizu? kondenatuta zaude? erortzen ari zara? espantuak zurbilduta distira egiten dute izarrek? badakizu zerbait Sortzaileaz? badakizu zer desio duen? ondo zaude? zer bular amatiarren pean? zer nahi duzu nitaz? hosto guztiekin eta udako pozarekin dantza egiten duzu? zer egiten duzu hiri honetan? nire bizitza desio duzu, nire gazela-bizitza, nire antilope-bizitza? hileta-kanta bat abesten dute izarrek? zure alde? haizeek jotzen dute hildakoen aspaldiko hirietan? argia kentzen diote zure bizitzari? begiak argiak dituzu, arrugiumak bezalakoak? tristurak ostatu hartu zuen zure etxean? akidurak higatu zintuen, zuriz? arnastuko duzu nire arima, edango duzu betierekoa? haserre  zaude zeru guztiekin? murmurikatzen duzu basoan eta zilarrezko lorategian? nire bufoi gogokoena da? eguzkia bezain basatia da? musukatuko dituzu nire igotako erraiaren kolpeak, nire jasa? zeruari begiratu zenion? Maite zaitut. Maite zaitut. ni aukeratzen nauzu? hauek dira zure arimaren koloreak? zugan pentsatu behar dut? gauak hazi egin ziren zeure buruan? badakizu nora goazen? isiltasunak, isiltasunak amesten du zure ahotsarekin? elkar ikusiko dugu berriro? zure begia ezkutatzen duzu nigandik? negar egiteko irrikaz daude zure begiak? zer lurrinek mozkortzen zaitu? nire bihotza hegaldakatuko da zure iturrien inguruan? nire bihotza makillatuko duzu? lainoen kolore gorriaz margotuko dituzu ezpainak? nitaz akordatu zara? gure ametsak mundura eroriko dira?

 

Gure igoera

Perfektua.

 

                                                                                                                                                      (Else Lasker-Sülerekin)

                                                                                                                     (Cecilia Dreymulerrentzat)

***

Buru-argitasuna

 Ulertzen dut bizitza dela bizi dugun horixe: zure nire gure bizitza hau

ulertzen dut poema bat pobrea dela bizitzarekin alderatzen bada

ulertzen dut geldialdi bat dela

une batez bere buruarengandik banatzen duena bizitza

neurtzen duena eta alde on eta txarrak aztertzen

zentzumenak desegiten ditu

desegoki

erpin gorpuzdun bat

Ulertzen dut intelektorako sarrera dela

Horrela ulertzen dut

poemak adierazten duela melodia eta zentzuaren arteko konexio eza

Ulertzen dut poema bat azken lerroekin bakarrik idazten dela

Hizkuntza hondogabetzen du

bizitza hondogabetzen du