Alina Orlova

martxoa 13, 2014 @


alina-orlova-2013

Lituaniako Visagine hirian sortu zen Alina Orlova poeta eta musikaria (sortzez Alina Orlovskaya), 1988an. Lituanieraz, errusieraz eta ingelesez konposatzen eta kantatzen du, adituek diotenez indie folk estiloan. Oso gazte hasi zen abestiak konposatzen, ahotsa eta pianoa soilik. Jaioterriko zazpi eskoletako bost errusieraz baziren ere, jatorri poloniar-errusiarreko gurasoek (lituanieraz jakin ez arren) seme-alabak lituanierazko batera bidali zituzten, bi hizkuntzak beregana zitzaten. Eskolan, Orlovak pianoa eta artea ere ikasi zituen. Konposatutako abestiak interneten jartzen hasi zen, eta hogei urte bete aurretik ere zaleak zituen; kontzertu txikitara gonbidatzen hasi ziren, tabernetara eta jai xumeetara. Gero musikari batzuekin taldetxo txiki bat sortu zuen, eta bi album kaleratu ditu orain baino lehen: Laukinis šuo dingo (2008) eta Mutabor (2010).

Tamalez, ez dakigu lituanieraz, eta ingelesezko eta frantsesezko itzulpenak izan ditugu zubi-testu.

 

[youtube=http://youtu.be/EitfHNoI5a0]

EURIA ARI ZUEN (LIJO)

Zaldiak zure begien sakonean bazkan,

baina beti zeru estaliaren azpian.

Badakizkizu hitzak, urrun egiten dute ihes

orok dirudi Lego joko bat.

 

Zeren zu jaio zinen egunean

Euria ari zuen, euria, euria.

Zu jaio zinen egunean,

Euria ari zuen, euria, euria.

 

Armiarma Lego piezak

Komuneko paretetan,

zakur itsu

eta pinu enborren piezak.

Badakizkizu hitzak,

barrua urratzen dizute.

 

Goazen mozkortzera,

ardo zuria dut etxean.

Zeren zu jaio zinen egunean

Euria ari zuen, euria, euria.

 

Zu jaio zinen egunean,

Euria ari zuen, euria, euria.