Mercedes Sosa eta Violeta Parra

martxoa 10, 2014 @


homenaje

Violeta del Carmen Parra Sandoval (1917-1967) San Fabián de Alicon sortu zen, Txilen, Santiago hegoaldean. Aita musika irakaslea zuen, eta ama laboraria. Txileko musikari handienetakoa izateaz gainera, eskultore, brodatzaile eta pintorea ere bazen. Ekintzaile politikoa ere bai, abesti batzuen letrari erreparatuz gero. Parra sendia oihartzun handikoa da, baina gaur egun, Violetarekin batera, haren neba Nicanor Parra olerkaria izanen da ezagunetakoa. Txilen eta Hego amerika osoan eragin itzela izan zuen Violeta Parrak, eta Euskal Herrira ere iritsi zen haren oihartzuna. Eta ez eragina bakarrik, Oskorri talde mitikoak Violetaren martxa konposatu zuen kantari txiletarraren omenez. Hainbat bertsio, apailatze eta bilduma egin dituzte nazioarteko kantariek haren letrekin. Mercedes Sosa da horietako bat, disko oso bat atera baitzuen, irudian duzuenez.

Haydée Mercedes Sosa Tucumango probintzian sortu zen, Argentinan, 1935ean. Argentinar folklorea dute bere abestiek oinarrian, baina bestelako estiloetan ere aritu zen, tangoan kasurako. Latinoamerikan ez ezik, Europan ere arrakasta handia lortu zuen; izan ere, mugimendu komunistatik hurbil ibili zen, eta diktadura garaian erbestera joan behar izan zuen, Parisera lehenik eta Madrilera gero. Chagasen gaixotasunak jota hil zen 2009an, jaioterrian oso ohikoa zena.

Gracias a la vida abesti ospetsua 1966an egin zuen Violeta Parrak, hain zuzen, bere buruaz beste egin baino urtebete lehenago. Txileko abestirik garrantzitsuena da, eta batzuek ereserkitzat ere hartzen dute. Batzuentzat bizitzaren aldeko aldarria bada ere, eta letrari erreparatuta hala dirudi, beste batzuentzat, kantariaren heriotzaren aurreikuspena da, agur kantu bat, doinu melankoniatsua eta monotonoa baitu. Nolanahi ere, Mercedes Sosak emandako kontzertu gehienetan kantatu izan du.

Errima asonante bera du abesti osoak, baina guk, itzultzerakoan, ahapaldika saiatu gara gordetzen errima. Halaber, Violeta Parrak idatzitako abestiaren ahapaldi bat falta zaio bideo honetan kantatuari, baina azpian jatorrizkoaren itzulpen osoa jarri dugu. Bilatu dugu, baina ez dugu gitarraren izenik aurkitu, ezta kalitate hobea duen bideorik ere. Hala ere, aukera polita iruditu zaigu bi kantari handi hauek bakarrean ekartzeko. On egin, beraz!

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=l47oOKLvEQA]

ESKERRAK BIZITZARI

Eskerrak bizitzari, hainbeste eman dit

begi bi eman dizkit, horiek zabaltzean

bikain bereizten dut zuria eta beltza artean

eta hondo izartsua zeru urrunean

eta jendetzan gizona, nik dudana maitea.

 

Eskerrak bizitzari, hainbeste eman dit.

Entzumena eman dit, bere ahal osoan

gau eta egun aditzen kilker eta kanarioak;

mailuak, turbinak, zaunkak, euri-orroak

eta nire maitatuaren ahots gozoak.

 

Eskerrak bizitzari, hainbeste eman dit.

Soinua eman dit eta abezedarioa

horrekin pentsatutako hitzak eta esandakoak

ama lagun neba, eta argiaren abaroan

ikusten dut maite dudan horren arima nora doan.

 

Eskerrak bizitzari, hainbeste eman dit.

Eman dit nire oin nekatuen ibilia

horiekin zeharkatu nituen putzuak eta hiriak

hondartzak, desertuak, ibarrak eta mendiak

eta zure etxea, kalea eta lorategia.

Eskerrak bizitzari, hainbeste eman dit.

 

Eman zidan gainezka egiten duen bihotza

ikustean giza garunaren aitortza,

ikustean gaiztoarengandik urrun zintzoa,

ikustean zure begi argien hondoa.

Eskerrak bizitzari, hainbeste eman dit.

 

Irria eman dit eta eman dit lantua,

horrela bereizten dut zoriona eta dolua

bi horiek dute osatzen nire kantua

eta kantua bera zuen kantua

eta guztien kantua da neure kantua.

 

Eskerrak bizitzari
Eskerrak bizitzari
Eskerrak bizitzari
Eskerrak bizitzari.

violetaVioleta Parra