Iruñeko Euskaldunon Biltokian bilduta binomio horren bueltan hausnartzera jarri gintuzten Irati Jimenezek eta Inma Erreak joan den zapatuan, Literatura Eskolako saioan, harrikoa ulertuz noski emakumeari historikoki eta gaur egun ere egokitu zaizkion ordaindu gabeko etxeko lanen ikur paradigmatiko gisa. Emakumeak eta literatura daude, beraz, izenburuaren azpiko sakonean. Kasualitateek eta egutegiak horrela nahi izan dutela-eta, aste berean eskegi ditugu hemen, bi emakumek bi urtez hauspotzen daramagun blog honetan, Maria Colera Virginia Woolfen gelaren euskaratzaileari egindako elkarrizketa eta kronika hau berau. Eta zer diren kasualitateak.
Hauxe zioen Colerak Woolfen lanak zirkulu feministetatik kanpo izandako harreraz:
Gertatzen zaiguna da zerbaitek feminista etiketa baldin badauka, interpelatuak sentitu beharko liratekeenak txistua jotzen ikusten ditudala. Agian gure interpelazio-moldeak aldatu beharko ditugu eta oldarkorragoak egin edo ez dakit. Harrituta nauka nola gure interpelazioek, eta hau, argi eta garbi, interpelazio bat da, feminismoaren interpelazio bat, beti paretaren kontra jotzen duten.
Eta zer diren kasualitateak, neuk ere ikusten baititut txistua jotzen interpelatuak sentitu beharko liratekeenetako asko, tartean gizonak franko eta nabarmen, nabarmen jaisten baita Literatura Eskolako saioetara etortzen diren gizonen kopurua saioaren gaia emakume idazle bat denean, edo feminismoarekin zerikusia duen zerbait. Argi dago zerk jarraitzen duen, oraindik ere, partikularra izaten eta zerk unibertsala. Eta askok emango diezadakete argudio sendoak, erabat justifikagarriak logikoki totalki zuritzeko orduko hartan edo beste oraingo honetan hurbildu ez izana, zera beste haren izena aipatu ez izana, zera beste hauxe bera mahai-ingururako ekarri ez izana, eta onar ditzaket argudio horiek, eta eman ditzaket ontzat, eta ez dut zertan pentsatu gezurretan ari direnik, ez bainaiz histeriko horietako bat, eta ez dira kontzienteki gezurretan ari, eta bai, zer diren kasualitateak, baina hain justu kontu hauen guztien kasualitatea ez da kasualitatea.
Gaurkoan labur beraz, kontundenteagoa delakoan, eta, badaezpada, inork aipa ez diezadan kronikaren luzeraren pantailaren argiaren begien osasunaren argudio erabat justifikagarria.
Bi zatitan banatu zuten saioa Jimenezek eta Erreak, bizkaitarrak jardun zuen lehenik eta nafarrak ondoren. Jimenezek plazaratu nahi izan zuen kexa bat, emakumea eta literatura elkartzen direnean sortzen duten ikusezintasunaz. «Lan hori hartuko dugu, gaur, ikus gaitzazue esatearena. Ez ikusgarri, espektakulu izateko. Eta ez ezinikusiak pizteko». Abiapuntua garbia zuen, bere esperientzia propioa eta horren inguruan berak egindako gogoeta. Izan ere, Jimenez epaitua sentitu izan da eta ez idazle den aldetik, bere idatz-jardun hutsagatik ezpada emakume den aldetik. Ezagun da Jimenezek artikuluak idatzi dituela hainbat hedabidetan gai hauen inguruan, besteak beste Berriako Hirudia atalean Orgasmus belaunaldiaz eta Garako iritzi-atalean euskal literaturako emakume-gainpopulazioaz.
Jimenezek berak aitortu zigun oso inuxente sartu zela euskal literaturan, ez zuela inolako sexismorik ikusten. Bat, bi, Manchester (Elkar, 2006) liburuari egindako kritika batzuek arrakalatu zuten hasierako irudi ez-problematiko hori; izan ere, kritika horietako bik zalantzan jarri zuten Jimenez homosexual baten ahotsean sartu izana. Anekdota modura geratu ziren horiek, baina hurrengo urteetan kazetariek egin zizkioten zenbait galdera kezkagarriak iruditu zitzaizkion: zer duzue komunean idazten duzuen emakumeak? Zer ezaugarri du emakumeen belaunaldi berri honek?
Ditxosozko belaunaldia
Horrez gain, 2006-2008 tarte horretan Uxue Alberdi, Garazi Goia, Katixa Agirre eta Irati Elorrieta idazleek ere euren lehen liburuak kaleratu zituzten eta Denak dira 1975-1985 bitartean jaiotako emakumeak. 2009ko martxoan iritsi zen eztabaida eta erreakzio-kate nahiko luze bati bide eman zion artikulu nagusietako bat, hain justu, Iban Zalduak Volgako Batelarietan eskegitako hamasei aholkuen zerrenda. Aholkuetako bat hau da: «uka ezazu, aldez edo moldez, Erasmus belaunaldikoa zarenik, edo Erasmus literatura praktikatzen duzunik», Jimenezen esanetan, sorgin gurpil bat ere badena. Erasmus etiketa zabaldu egin zen, estereotipatutzat eta arintzat jotzen zuten askok; horri buelta emateko Agirrek eta berak artikulu bana idatzi zuten, eta Txalaparta argitaletxeak plazaratutako Orgasmus bilduma ere horri erantzuteko gogoz jaio zen. Emakumeek sortutako ipuinak biltzen dira, eta autoreen artean bada emakume izenarekin sinatutako gizonik ere. «Nolabait, trabestismo ariketa bat izan zen». Proiektu hartan parte hartu zuten egileei elkarrizketa egin zieten Hitzen Uberan atarian, inork gehiago jakin nahi badu. “Dena emakumea euskal literaturan” zuen izena Jimenezek Garan ateratako artikuluak, eta zeresan handia eman zuen. Autoreak esan zuen gizonezkoek artikuluari egin zizkioten iruzkin guztietatik bereziki gustatu zitzaiola Arkaitz Goikoetxea itzultzailearen jarrera: «emakume saldo batek deseroso sentitzen direla edo minduta daudela esaten badute ez ote da egokiago entzutea edo arrazoi izan dezaketen hausnartzea haserre erantzutea baino?».
Jon Kortazarrek 2007an Katixa Agirreren Sua falta zaigu ipuin-bildumaz esandakoak ere irakurgai interesgarria dira. Hasierako zatia batez ere:
Iaz liburu aipaturik izan bazen (Euskadi sariaz aparte, noski!) aipatuenen artean Elkar argitaletxeko Irati Jimenezen Bat,bi, hiru, Manchester izan zen. Lan horrekin bere burua eman zuen ezagutzera aita ere idazle duen egile gazteak. Aurton argitaletxe berberak, literatura formula balitz bezala, antzeko joerak indartu ditu: emakumea, lehen liburua, Euskal Herritik kanpoko espazioa… Patroi horren barnean agertzen zen Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan eta orain Katixa Agirrerena ere bide horretatik doa.
Film ezagun haren izenburua parodiatuz: “Editoreak emakume idazlea bilatzen du” garaian gaudela esango ahal izango genuke. Nire liburu-denda maitean ere hirurak bata bestearen ondoan agertzen ziren, nire inpresioa hutsala ez dela seinale!
Kuriosoena da, baina, sarrera esanguratsu horren ostean Kortazarri liburua ez omen zitzaiola txarra iruditu: “Katixa Agirrek Sua falta zaigu bere ipuin liburuan oso ipuin potenteak idatzi ditu”.
Geurrila azterketa
Jimenezek ariketa egin du; Guerrilla Girlsek museoetan egindakoa eredu, gurera ekarriz, Geurrila izena jarri dio, eta armiarma atarian begiratu du emakume kopurua, kritikariena, Euskadi Saria irabazi dutenen kopurua, prentsa-zuzendariena… eta horietan guztietan gizonak dira nagusi: %75 baino gehiago dira. Argitaletxeetako helduentzako literaturaren editoreak eta prentsa zuzendarien kasuan, %100. (Ariketa horrek gogora ekarri digu Maialen Berasategik Kulturpekarian idatzitako artikulu jakingarri bat). Zorionez, poliki bada ere, egoera aldatzen ari da; Jimenezek Armiarma atariaren klasiko digitalen zerrendan ere begiratu zuen. Hor 250 liburu bildu dituzte, denak euskal idazleenak, haien artxiboetatik. Hiru emakume daude: Julene Azpeitia (Amandriaren altzoan), Errose Bustintza (Euskalerriko ipuñak), eta Katalina Eleizegi (Garbiñe). Egoera Euskal Herrikoa bakarrik ez dela ere azpimarratu zuen, eta Espainiako estatuan gertatzen dena ikusarazteko edo, El País-eko erreportaje oso interesgarri bat ekarri zuen.
Azkenik, Jimenezek 20 idazle ingururi galdetu die ea inoiz deseroso sentitu diren emakume izateagatik (idazletzaren esparruan, esan nahi baita), eta komentario kuriosoak bildu ditu, kasu, idazleetako bati behin esan omen ziotena: «nabari da ama izan zarela, zure idazketa samurtu egin da». Autore askok esan dute gizonak direla prestigioa banatzen dutenak, eta jarrera horien aurrean emakumeek erantzun egiten badute, edo biktimak dira edo oldarkorrak. Ez dago ihesbiderik, ezta zirrikiturik ere. Horrez gain, sarri sentitu dute euren hautuak etengabe justifikatzeko beharra, gizonek sekula egin behar ez bezala.
Tripetatik sentitutako feminismoa
Atsedenaldiaren ondoren Errearen txanda izan zen. Itzultzaileak esan zigun berak hainbat testu hartuko zituela abiapuntu eta garbi utzi zigun bera gazte-gaztetik izan dela feminista, 15 urte inguru zituenetik, baina tripetatik sentitutako feminista izan dela, berezkoa, testu feministak irakurtzen hasi aurretik ere, ezinezkoa egiten zitzaiolako gure mundu-antolamendu hauxe logikoki ulertzea.
Erreak, lehenik, hiru autore aski ezagunen hitzak baliatu zituen zenbait ideia azaltzeko. Batetik, Anjel Lertxundik M8aren harira idatzitako zutabetik abiatuta “genero” hitzak euskararako itzultzaileen komunitatean duela 10 urte inguru sortutako iskanbila aipatu zigun. Hainbatek esan omen zuten ez zegoela gisako hitz bat euskarari ekartzeko beharrik, sexu hitza bageneukalako. Ezagun da, genero-teoriei egin zaizkiekeen kritikak kritika, genero eta sexu kontzeptuek gauza diferenteak adierazteko balio dutela. Terminologia aberasteak normalean ez du erreboltarik sortzen; aitzitik, beti azpimarratzen dugu kontzeptu finkatu eta albait zehatzen garrantzia. Nolatan, bada, hainbeste maina kontzeptu jakin horren harira? Bistan da, hori ere ez zen kasualitatea izan.
Generoaren gaiarekin jarraituz, baina oraingoan hizkuntzalaritzaren alorrekora pasata, kuriosoa da nola askotan esaten dugu euskara generorik gabeko hizkuntza dela, izenek genero-markarik ez dutelako, eta nola uste dugun horrek libratzen gaituela jatorri latindarreko hizkuntzetan agerikoagotzat jotzen dugun matxismotik. Errearen ustez, baina, ez gaude salbu. Egia bada ere euskarak ez dituela bere auzokideen arazo berberak, ezein hizkuntza ez da “berez” matxista, erabilerak egiten du, eta euskara-hiztunok ere ezartzen diogu generoa gure hizkuntzari.
Jarraian, Woolfek Gela bat norberarena saiakeran esandako zenbait gauza izan zituen hizpide. Woolfek dio mundua ikaragarri anitza dela, eta bi sexu bakarrik izatea dagoeneko murritza iruditzen zaiola; hortaz, dei egiten du emakumeek ez dezaten gizonak kopiatuz idatzi, bi sexu izatea mugatua bada, bakarra izatea are eskasagoa delako. Edonola ere, Woolfek gogo androginoa ere defendatzen zuen, emakumeek ez dute idatzi behar gure (bere) gizartean emakume izateak pizten dizun haserretik, dagoeneko aipatu dugun amorru hori ahaztuta, sumindura horretatik at idazten saiatu behar dute.
Azkenik, Fernando Pessoaren poema bat aitzakia modura hartuta, osotasunaren ideia hartu zuen Erreak ahotan, hain zuzen ere, izaki osoak izatearen garrantzia, zerbait izateko osagarririk behar ez dutenak. Horren harira adibide ezagun bat ekarri zigun, gaztelaniaz maiz erabiltzen dena: zeure laranja erdia topatzearen kontu hori. Erreak ez du zalantzarik egiten: bera ez da inoren erdia, ez du behar osatuko duen laranja puskarik. Ez genuen horren inguruan askoz gehiago sakondu, baina gaiak zuzenean garamatza pasio-maitasunaren eta bikote-harremanen planteamendura. Bikotekidea zeure buruaren parte gisa (eta parte handi gisa eta patuak emandako parte gisa, alajaina) ikustea bainoago ez ote den osasuntsuagoa bikotekidea zeuk hautatutako bidelaguntzat hartzea.
Testuak aztergai
Klixeen betikotzeaz ere jardun zitzaigun Errea. Bere ustez, idazleen lana da topikoetatik, toki komun sarritan axaleko horietatik ihes egitea, eta, aitzitik, sakonago barneratzea gauzetan, sentimenduetan, generoa eta mundu-ikuskera nagusia etengabe eraikitzen diharduten irudietan. Horri lotuta, akordarazi zigun literatura errealitatearen eskutik doan arren, errealitateko egoera batzuk beste batzuk baino askoz maizago erabiltzen dituela, eta gonbita luzatu zigun horren balizko arrazoiez hausnartzeko. Ondoren, kontu horien guztien bueltan apur bat gehiago ikertzeko ariketa interesgarria proposatu zigun. Egungo Testuen Korpusean bi hitz bilatu zituen, takoi eta pixoihal. Takoi 410 aldiz azaltzen zen korpusean, horietatik 236 adibide literatura testuetakoak ziren, eta galbahea apur bat gehiago finduta, 200 eta piko horietako asko eta asko emakumeen takoi altu eta sexiei zegozkien. Pixoihal, aldiz, 182 bide baino ez da agertzen corpusean, eta agerraldi horietako 50 baino ez dira literatur testuetakoak. Zer ondorio atera dezakegu? Batetik, argi eta garbi, pixoihalak jende mordo baten egunerokoan barra-barra erabilitako objektuak izan arren ez direla literatura egiteko lehengai emankorregia, takoi garai eta sexiak ez bezala. Bestetik, emakumeen erakargarritasuna, oraindik ere, kanon estetiko nagusi eta topikoaren arabera eraikitzen dutela askok; takoi garaidun emakumea da grina sexuala pizten duena.
Amaitzeko, Erreak azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela idazteko aske izatea, eta askatasun hori zabaltzen eta lantzen joateko bidea, hain justu, bide bat dela, prozesu bat, kontzientzia hartzeko eta ohartzeko prozesu bat. Gure mundu- eta gizarte-antolamenduak ikuskera nagusi eta bakar bat hobesten duela konturatu, eta hori nola sendotzen eta betikotzen den aintzat hartu, eta hori jakinda idatzi, eta ahal dela, guztiok askeagoa izan gaitezen, horren kontra idatzi ere.
Maialen Arnedo
2014-03-21
Dudarik gabe, euskaldunok gara euskara “matxista” egiten dugunak. Inkontzienteki, egunerokotasunean geure hizkuntzari eta geure buruari jaurtiriko harriak geroz eta gehiago direnaren ustea daukat azkenaldian, aldatuko ote da…
Artikuluari dagokionean, eskerrik asko partekatzearren, ideia benetan azpimarragarriak jasotzeko aukera ematen du eta.